Gladys del Estal

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Gladys del Estal
Gladys del Estal.jpg
Bizitza
Izen osoa Gladys del Estal Ferreño
Jaiotza Caracas1956
Herrialdea Gipuzkoa
Heriotza Tutera1979ko ekainaren 3a (22/23 urte)
Lanbidea
Lanbidea Programatzailea, informatikaria eta aktibista
Lantokia(k) Donostia

Gladys del Estal Ferreño (Venezuela, 1956 - Tutera, Nafarroa Garaia, 1979ko ekainaren 3a) donostiar ekintzaile ekologista bat izan zen, Guardia Zibilaren kide batek tiroz erail zuena Tuteran egiten ari zen protesta antinuklear bat erriprimitzean. Mugimendu antinuklearraren sinboloa da Euskal Herrian.[1]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2013an Gladysen hilketaren 34. urteurrena oroitarazteko ekitaldiaren afixa.
Gladysen oroimenezko Gladys del Estal pasabidea, Urumearen ertzeko pasealekutik Kristinaenea parkera iristeko oinezkoentzat jarritako sarbidea.

Gladys del Estalen gurasoak —Enrike del Estal Añorga eta Eugeni Ferreño— euskal herritarrak ziren. Enrique del Estal eusko gudaria izan zen Espainiako Gerra Zibilean; Errepublikaren aurka matxinatutako indar faxistei aurre egin zien, Meabe Batailoiko kide zen-eta. Gerraondoan, Venezuelako Caracas hirian errefuxiatu ziren. Gladys 1956. urtean jaio zen, eta artean lau urteko zelarik, Euskal Herrira itzuli zen familia osoa. Hasiera batean, Donostiako Egia auzoko Aldakonean bizi izan ziren, baina geroago Atotxako dorreko etxebizitza batera aldatu ziren. Gladysek Presentación de María ikastetxean egin zituen lehenengo ikasketak, eta administrazioa ikasi zuen Nazaret Zentroan. Donostiako Informatika Fakultatean 1973an hasi zen, eta 1978an bukatu zuen informatikako lizentziatura.[2] Ondoren, kimika eta biologia ikasteari ekin zion, eta aldi berean programatzaile informatikoa zen Donostiako Askatasunaren etorbideko boutique batean kontabilitatea eramanez.

Gizarte-ekintzaile oso aktiboa zen. Donostia hiriko Egia auzoko Kolektibo Ekologista taldeko kidea zen, baita Talde Antinuklearrekoa eta etxegintza-espekulazioaren aurka aritzen zen Hirigintza eta Ingurumen Batzordekoa ere. Auzoko kultura-bizitzan parte hartzen zuen, eskolak ematen eta haur-taldeak dinamizatzen. Hala nola, Maria Reina ikastetxean klaseak eman zituen gau-eskolan graduatu gabeko langile jende helduentzat, langile haiek Lehen Mailako Ikasketa-Titulua lor zezaten. Eta Maria Reina ikastetxe horretantxe haur talde bat ere dinamizatu zuen naturarekiko ezagutza errespetatu eta bultzatzeko asmoz. Beti bizikletaz ibiltzen zen, eta bere aita eta beste ekintzaile batzuekin Lemoizera joateko bizikleta-martxa bat antolatu zuen, Euskal Kosta Ez Nuklearra aldarrikatzeko. Auzoko beste gazte batzuekin batera, larunbatetan informazio-mahaiak ere antolatzen zituzten kaleetan; liburuxkak, pegatinak eta kartelak egin ahal izateko dirua biltzen zuten horrelakoetan. Atotxako dorreko bere gelako leihoan eguzki antinuklear handi bat jarri zuen, Atotxako futbol-zelai zaharretik eta Donostiako hainbat tokitatik ikusten zen. Kartel horrek XXI. mendeko hasieraraino iraun zuen, eta ehunka mila pertsonak ikusten zuten telebistako futbol-partidetan.[1]

Gaitasun berezia zuen analisirako eta idazteko. 1970eko hamarkadan Espainiako estatu osoan zentral nuklearrezko sare bat martxan jarri nahi zenean, Gladysek bere denbora librean txostenak idazten zituen, zentral nuklearren abantailak eta arriskuak adierazteko, eta material horiek debate publikoetan argumentu ofizialei aurre egin ahal izateko. Garai hartan Iberduero enpresak (gaur eguneko Iberdrolaren aurrekaria) zentral nuklearrak eraiki nahi zituen Lemoizen, Deban, Jaizkibelen eta Arguedasen.[1]

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1979ko ekainaren 3an, Energia Nuklearraren Aurkako Nazioarteko Egunean, José Martínez Salas guardia zibilak Gladys bertatik bertara tiro eginda erail zuen, Nafarroa Garaiko Tutera hirian.[3][4] Bardeetako tiro eremuaren aurka, energia nuklearraren aurka eta Lemoizko zentral nuklearraren eraikuntza geldiaraztearren eginiko ekitaldi batean parte hartzen ari zen Gladys. Lekukoek diotenez, José Martínez Salasek «tía buena» (euskaraz, neska katxarroa) esan zion Gladysi, Gladysek «hijo de puta» (euskaraz, putakume) ihardetsi eta orduan Martínez Salasek bere armaren kulatarekin jo zuen; Gladys lurrera erori zen, eta, altxatzen ari zela, Martínez Salasek tiro egin zion buruan. Tiroa garondotik sartu eta sudurretik atera zitzaion. Gladys ospitalera eraman zuten, larri zaurituta, eta laster hil zen.[4]

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko gizarteak hainbat egunez herri mobilizazio handiak eginez erantzun zuen, horien artean Hego Euskal Herrian deitutako greba orokor bat, ezker abertzaleko alderdiek, Espainiako Alderdi Komunista eta PSOEk deituta.[5] Donostian egindako manifestazioan, orduko Donostiako alkatea zen Jesus Maria Alkain egon zen manifestazioaren buruan.[6]

Gladys erail zuen guardia zibila, José Martínez Salas, 1981eko abenduaren 14an epaitu zuten Iruñean; epaia izan zen Martínez Salasek «arduragabekeriaz» jokatu zuela, eta hemezortzi hilabeteko espetxealdira kondenatu zuten. Espetxealdi hori ez zuen osorik bete,[4] eta zigor arin horrek protesta mobilizazioak eragin zituen berriro. 1992 urtean Martínez Salas guardia zibilak Espainiako meritu militarraren domina jaso zuen.[7]

Euskal herritarren alaba eta Euskal Herrian hezi eta hazia zen arren, Gladys «venezuelar» gisa agertu zuten Espainiako hedabideetan.[8] Hedabide horiek «ezin zurituzkoa zuritzen» saiatu ziren, eta venezuelar jatorri hori baliatu nahi izan zuten atzerritik protesta horretan parte hartzera berariaz etorritako aktibista bat zela pentsarazteko.[6] Pedro J. Ramírezek «ETA konglomeratua» delako bati leporatu zizkion Tuterako gertaerak.[9]

Oroimena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, Gladys del Estal Euskal Herriko mugimendu antinuklearraren sinbolo da.[6]

Egiako hainbat herritar taldek Kristinaenea parkeari Gladysenea izena jartzeko eskakizuna egin zuten urtetan, baina Donostiako Udaletik beti ezezko erantzuna jaso zuten. Ezezko horren aurrean, sektore horien aldetik izena zabaldu zuten euren kabuz eta parkeko sarreran izena aldatu ere egin zen. Horren ondorioz, urtetan zehar herritar askoren artean Gladysenea deitu izan zaio parkeari. Azkenean, Donostiako Udalak Kristinaenean oinezkoentzat eraikitako sarbide garai bati Gladys del Estal pasabidea izena jarri zion 2009. urtean. Parkeko gainaldean, gainera, Gladysen omenezko hilarri bat dago. Urtero, Gladysen heriotzaren urteurrenean, oroitzapen ekitaldi bat burutzen da hilarriaren aurrean Eguzki elkartearen eskutik. 2009 urtean, ekitaldi horren baitan mugimendu antinuklearrari buruzko erakusketa fotografiko bat ere antolatu zen Egian eta Donostiako Alde Zaharrean Gladysen heriotzaren 30. urteurrenean. Tuteran ere, tiroz zauritu zuten lekuan, monolito bat dago haren omenez.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c   de Vicente de Viana, Joseba Gurutz (2009), Kristina Enea-Gladys Parkea. Historia, flora, fauna., HARITZALDE naturzaleen elkartea, 34-39. orrialdeak, ISBN 978-84-613-2455-2 .
  2.   Gladys-ek informatikako lizentziatura zuen, http://www.ehu.eus/ehusfera/e-makumeak/2016/06/07/gladys-ek-informatikako-lizentziatura-zuen/. Noiz kontsultatua: 2016-06-07 .
  3. (Gaztelaniaz) Ainhoa AROZAMENA AYALA: «Central nuclear de Lemóniz: muerte de Gladys del Estal», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  4. a b c (Gaztelaniaz) «30 años del asesinato de Gladys», Diario de Noticias de Navarra, 2009ko ekainaren 7a.
  5. (Gaztelaniaz) «Gladys del Estal. Tienen, por eso no lloran, de plomo las calaveras», www.pintxogorria.net, 2010-06-04.
  6. a b c (Gaztelaniaz) Manex ALTUNA: «30 años sin Gladys, símbolo antinuclear», Gara, 2009-06-06.
  7. (Gaztelaniaz) ¿Son iguales todas las víctimas?, gara.naiz.info, 2011-10-30.
  8. (Gaztelaniaz) Fermín GOÑI: «Eduardo Ameijide: "Respeto todas las peticiones, pero no pienso dimitir"», El País, 1979-06-06.
  9. (Gaztelaniaz) Pedro J. RAMÍREZ: «Las cien caras de ETA», ABC, 1979-06-10.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gladys del Estal Aldatu lotura Wikidatan