Guillermo Torrijos

Wikipedia, Entziklopedia askea
Guillermo Torrijos Goyarzu» orritik birbideratua)
Jump to navigation Jump to search
Guillermo Torrijos
Bizitza
Jaiotza Bilbo1876ko irailaren 28a
Herrialdea  Bizkaia, Euskal Herria
Heriotza Paris1942ko abuztuaren 29a (65 urte)
Jarduerak
Jarduerak politikaria
Kidetza Unión General de Trabajadores
Euskadiko Ezkerraren Gazteak
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Espainiako Langile Alderdi Sozialista

Guillermo Torrijos Goyarzu (Bilbo, Bizkaia, 1876ko irailaren 28a - Paris, Frantzia, 1942ko abuztuaren 29a) militante sozialista bat izan zen.[1] Bilbon jaio zen eta lehen urteak bertan egin zituen arren, aitaren zurgindegian laguntzen, 1901ean Donostiara aldatu zen. Bere bizitza politikoaren zati handiena bertan egin zuen; besteak beste, Donostiako lehen talde sozialistaren eraketan parte hartu zuen. Espainiako Bigarren Errepublikak gerra galdu ostean, Frantziara ihes egin zuen, gaixorik. Pariseko erietxe batean hil zen, 1942ko abuztuaren 29an[2].

Lehen urratsak politikan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostiara heldu zenean, 1901ean, zurgindegi bat sortu zuen, Gros auzoan, aitaren lanbideari jarraituz. Eibarko Alfa lantegian sortzen ziren makinetarako altzariak egiten zituen, batez ere. Langileen lan baldintzak askoz hobeak ziren bere lantegiko 50 bat langileentzat, bai ordutegiaren aldetik, bai lansariaren aldetik[3]. Donostiako Gazteria Sozialistaren eta Portaleta kaleko lehen herriaren etxearen sorreran parte hartu zuen aktiboki. Alderdi sozialistaren barruan lerro posibilista bat sortzen saiatu zen, Indalecio Prietorekin, Tomas Meaberekin eta beste buruzagi sozialista batzuekin batera, Facundo Perezagua liderraren aurka.

Mundu gerra, erbestea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Mundu Gerrak eragin indartsu bat izan zuen Donostian. Europako herrialde askotatik iritsitako errefuxiatuez gain (gehienak maila ekonomiko handikoak), 1917ko maiatzean gertakari lazgarri bat gertatu zen: Donostiako lau itsasontzi arrantzan ari zirenak hondoratu zituen urpekari aleman batek[4]; lau gizon hil ziren itsasoan. Berehala, alemanen aurkako elkarte bat (Liga Antigermanófila) sortu zen hirian, batik bat errepublikanoek eta sozialistek bultzatua; Torrijos izan zen ekintzaileetako bat.

Abuztuan, Errestaurazio garaiko gatazka politiko handienetako bat gertatu zen Donostian: 1917ko greba iraultzailea. Abuztuaren 13an hasi zen, Aste Nagusia hasi behar zuen egun berean. Aurreko urteetan Gipuzkoan greba luzeak izan ziren, besteak beste Tolosako papergintza lantegiak geldirik izan zituen 1916ko azarotik 1917ko maiatza bitarte[5]. Severiano Martínez Anido[6] gobernari militarrak gerra egoera aldarrikatu eta herriaren etxea itxi zuen. Gatazkak hiru egunez soilik iraun zuen arren, ondorio tamalgarriak ekarriko zituen langile grebalarientzat eta, oro har, hiriko langileentzat. Langile alderdiek jazarpen gogorra jasango dute: Donostiako Udalean zegoen zinegotzi sozialista bakarra, Castor Torre Romero[7], atxilotua izan zen, eta Guillermo Torrijosek ihes egin behar izan zuen Frantziara, bere bizitza arriskuan ikusi baitzuen[8].

Lan politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erbestetik itzulita, jarduera politiko etengabea izan zuen alderdi sozialistaren barruan, baita UGT sindikatuan ere. Bietako biltzar nagusietan ordezkari izan zen, betiere Donostiako, Eibarko eta Gipuzkoako beste herri anitzetako ordezkarien izenean. Donostiako Udaleko zinegotzi izateko hautagai izan zen 1918an lehenengoz, baina ez zen hautatua izan. Urte berean, atxilotu egin zuten, La Voz del Trabajo[9] aldizkari sozialistan argitaratutako artikulu batengatik. 1920an lortu zuen, lehenengo aldiz, zinegotzi hautatua izatea Donostian.

Errepublika eta gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Torrijosek lan handia egin zuen 1930eko mugimendu errepublikazalea indartzeko. Berriro zinegotzi hautatua izan zen Donostian 1931ko apirilaren 12ko hauteskundeetan. Udalean, lehen alkateorde kargua zuelarik, biziki saiatu zen Sustapen Batzordearen buru, ikastetxe publikoak eraikitzen eta hobetzen, eta haurrentzako udalekuak antolatzen. Horretarako, Alfontso XIII.renak izandako lur sailak baliatu zituen, Errepublikako gobernuak udalaren esku jarri baitzituen[10].

Euskal autonomia estatutuaren zirriborroa idazteko ardura hartu zuen batzordeko kide izendatu zuten 1931ko abenduaren 15ean, Euskal Herriko alkateen bilkuran. Erakundeetako lan politikoarekin batera, ordea, Torrijosek ez zion inoiz utzi ekintzaile politiko izateari. Gipuzkoako Batzorde Iraultzaileko[11] kide izateagatik eta 1934ko urriko iraultza saioan buru izateagatik heriotza zigorra ezarri zioten, lehenik, eta gero, ordez, 20 urteko espetxe zigorra; Duesoko kartzelan eduki zuten, 1936ko otsaileko hauteskundeetan Frente Popularrak garaipena lortu zuen arte. Donostiara itzuli zen egunean, harrera jendetsua egin zioten.

Francoren matxinadaren eraginez piztutako gerra garaian, Gipuzkoako Ogasun Batzordeko buru izan zen, eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkari militarra Eibarren.

Donostiaz gain, Bilbo erori zenean matxinatuen esku 1937ko ekainaren 19an, Torrijos Bartzelonara joan zen. Ordurako gaixoturik zegoen, tuberkulosiak jota. Indalecio Prietoren etxean bizi izan zen, haren zaintzapean, baina osasuna pixka bat berreskuratu zuen orduko, trintxeratan laguntzera ihes egin zuen. Prietok 1938ko apirilean aurkitu zuenean, euskal erietxera eraman zuten[12], Frantziako kontsulatuak Eusko Jaurlaritzari utzitako etxe batean ezarria zegoena. Osasun egoerak txarrera egin zuela ikusirik, handik Núriako sendategira joatea onartu zuen, baina eguna iritsi aurretik, berriro ihes egin zuen sendagileen zaintzatik, trintxerak lantzen ari ziren adiskideei laguntzera.

Guillermo Torrijos batailoia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eusko Gudarostearen barruan, Izquierda Republicana alderdiaren ekimenez Azaña-Gipuzkoa 20. batailoia sortu zen, Donostia matxinatuen erasotik babesteko lehen borrokaldietan. Errepublikanoez gain, Gipuzkoako UGTko multzo bat bildu zen, Sakanatik ihes egindako nafar boluntarioekin batera. 1937ko otsailaren 5ean, iragartzen da batailoia sozialisten milizien barrura sartzen zela. Adostasunik ez zegoenez Izquierda Republicanako alderdikideekin, batzar bat egin zuen Durangon; borrokalari gehienek erabaki zuten milizia sozialistetara sartzea, Guillermo Torrijos izenaz. Horrela, Guillermo Torrijos batailoia izan zen UGTren 14., eta Eusko Gudarostearen 67[13].

Erbestea eta heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errepublikaren aldeko indarrek gerra galdu zutenean, Parisera erbesteratu zen, beste sozialista askorekin batera. Han, lanean jarraitu zuen alderdia eratzen, burkide erbesteratuei eta hildakoen familiei laguntzen, eta, alemanek Frantzia okupatu zutenean 1940ko ekainaren 22an, haiei aurre egiten.

Gabezia ikaragarriekin bizi izan zen Parisen, tuberkulosiak osasuna guztiz hondaturik, baina inoiz lan politikoa utzi gabe. Beste sozialista batzuekin batera, Gilberto Bosques Saldívar[14] mexikar diplomatikoari esker, Marseillatik itsasontzi bat hartu eta Mexikora joateko asmoa bazuen ere, osasun egoera larriak eragotzi zion. Agustin Alberro Pikabea[15] donostiar politikari nazionalistaren laguntzaz, Pariseko sendategi batera eraman zuten. Bertan hil zen, 1942ko abuztuaren 29an.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Auñamendi Eusko Entziklopedia, Guillermo Torrijos Goyarzu, http://www.euskomedia.org/aunamendi/135608 .
  2. (Gaztelaniaz)  Huerta, Antonio (PDF), El Socialista Español, http://www.cervantesvirtual.com/obra/ano-i-num-4-19-de-septiembre-de-1946/08f67b4b-0eca-4b30-8d4a-fe525072e6e9.pdf. Noiz kontsultatua: 2016-08-08 .
  3. (Gaztelaniaz)  «Gullermo Torrijos Goyarzu», Fundación Pablo Iglesias, http://www.fpabloiglesias.es/archivo-y-biblioteca/diccionario-biografico/biografias/5362_torrijos-goyarzu-guillermo. Noiz kontsultatua: 2016-08-06 .
  4. (Gaztelaniaz)  «Primera Guerra Mundial en Euskal Herria», Auñamendi Eusko Entziklopedia, http://www.euskomedia.org/aunamendi/104038/107110. Noiz kontsultatua: 2016-08-09 .
  5. (Gaztelaniaz)  Federico de Zavala, Juan Garmendia Larrañaga (PDF), Monografía histórica de la villa de Tolosa, http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/jgl/41001058.pdf. Noiz kontsultatua: 2016-08-09 .
  6. (Gaztelaniaz)  Muñoz Bolaños, Roberto, Severiano Martínez Anido (1862-1937) Militar y represor, http://anatomiadelahistoria.com/2014/01/severiano-martinez-anido-1862-1937-militar-y-represor/. Noiz kontsultatua: 2016-08-09 .
  7. (Gaztelaniaz)  «Castor Torre Romero», Fundación Pablo Iglesias, http://www.fpabloiglesias.es/archivo-y-biblioteca/diccionario-biografico/biografias/5220_torre-romero-castor. Noiz kontsultatua: 2016-08-09 .
  8. (Gaztelaniaz)  Barruso Barés, Pedro, San Sebastián en los siglos XIX y XX, http://www.ingeba.org/liburua/donostia/46contem/46contem.htm. Noiz kontsultatua: 2016-08-09 .
  9. (Gaztelaniaz)  Checa Godoy, Antonio (1989), Prensa y partidos políticos durante la II República, Acta Salmanticensia, 88. orrialdea, ISBN 9788474815214 .
  10. (Gaztelaniaz)  Arozamena Ayala, Ainhoa, «Guillermo Torrijos Goyarzu», Auñamendi Eusko Entziklopedia, http://www.euskomedia.org/aunamendi/135608. Noiz kontsultatua: 2016-08-09 .
  11. (Gaztelaniaz)  Barruso Barés, Pedro, Gipuzkoa 1936. Verano y revolución, http://www.gipuzkoa1936.com/verano-e.php. Noiz kontsultatua: 2016-08-09 .
  12. (Katalanez)  «Euskadi i Catalunya: memòria compartida», Museu d'Historia de Catalunya, http://www.mhcat.cat/content/view/full/1784. Noiz kontsultatua: 2016-08-09 .
  13. (Gaztelaniaz)  TRAYECTORIA BATALLÓN Nº 20 AZAÑA (Gipuzkoa)/ Nº 67 Torrijos, https://errepublikaplaza.wordpress.com/2016/11/15/trayectoria-batallon-no-20-azana-gipuzkoa-no-67-torrijos/. Noiz kontsultatua: 2017-02-11 .
  14. (Ingelesez)  Tenembaum, Baruch, «A Mexican savior», The International Raoul Wallenberg Foundation, http://www.raoulwallenberg.net/saviors/diplomats/bosques/mexican-savior/. Noiz kontsultatua: 2016-09-08 .
  15.   «Agustín Alberro Picavea», Auñamendi Eusko Entziklopedia, http://www.euskomedia.org/aunamendi/24273. Noiz kontsultatua: 2016-08-09 .