Gustáv Husák
¹
Gustáv Husák (ˈɡustau̯ ˈɦusaːk ahoskatua; Bratislava, Hungariako Erresuma, 1913ko urtarrilaren 10a - ibidem, Eslovakia, 1991ko azaroaren 18a) politikari eslovakiarra izan zen. 1933an Txekoslovakiako Alderdi Komunistako kide egin zen eta Bigarren Mundu Gerran alemanen aurkako eslovakiarren erresistentzian parte hartu zuen. Gerra ondoren Alderdi Komunistaren Presidiumeko kide izan zen, purga politikoaren ondorioz espetxeratu zuten arte (1951-1960); 1963an berriro onartu zuten alderdian. Ministro Kontseiluaren idazkariorde egin zuten 1968an, eta Pragako Udaberria deitu zaionaren oinarri izan ziren erreforma liberalak egiten lagundu zuen; alabaina, Varsoviako Ituneko armada urte bereko abuztuan indarrez sartu zenean, jarreraz aldatu zen eta sobietarren jarrera gogorraren alde jarri zen. 1969an Alexander Dubčeken ordezkari izendatu zuten Txekoslovakiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusiaren karguan, eta 1975ean Errepublikako lehendakari izendatua izan zen. Husákek 1987ko abenduan utzi zuen alderdiaren buruzagitza baina estatuko buru izaten jarraitu zuen 1989ko abendura arte; orduan, bere dimisioarekin batera, etorri zen erregimen komunistaren gainbehera.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.