Varsoviako Ituna

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Logo The Warsaw Pact.jpg

Adiskidetasun, Lankidetza eta Elkar Laguntzaren Ituna, edo Varsoviako Ituna, 1955ean Ekialdeko Europako herrialdeek sinatutako Kooperazio militar ituna zen. Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak diseinatuta, bere helburu nagusia 1949an osatutako Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea kontra egitea zen, batez ere, Alemaniako Errepublika Federala 1954ko Parisko Akordioei esker bere armada berrantolatu ahal zuenean.

Esparrua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

NATOren kideak (urdinez) eta Varsoviako Itunekoak (gorriz) 1983an

Varsoviako Itunaren esparrua Ekialdeko Europako estatu sozialistak ziren, Jugoslavia izan ezik (itzal handia izan arren). Hau da, Albania, Bulgaria, Txekoslobakia, Hungaria, Polonia, Alemaniako Errepublika Demokratikoa, Errumania eta Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna. 1962 arte, Txina behatzaile gisa egon zen. 1955ko maiatzaren 14an Varsovian sinatu zuten eta Nikita Khrustxev SESBeko Alderdi Komunistaren Lehen Idazkaria bere lehenengo presidentea izan zen.

Ekialdeko Blokeko estatuek tratatua sinatu aurretik Sobietar Batasunarekin harreman militar estua mantentzen zuten. Haren armadak askatasunaren aldeko ekina egin zuen Bigarren Mundu Gerran zehar, estatubatuar eta britainiar indarrek, Jaltako Batzarrean adostutakoari jarraituz, Mendebaldeko Alemanian, mendebaldeko Austrian, Belgikan, Italian, Frantzian eta Grezian egin zuten era berean.

SESBk blokean zuen eragin sakona, desafio gisa hartu zuten beste aliatuek, komunismoa mehatxu larria baitzen garaiko Europako errejimen politiko eta ekonomikoarentzat. Bi orbita arteko polarizazioak Gerra Hotzean amaitu zuen: AEBk, betiko isolatze militarra utzi eta Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea sustatu zuen eta, gerra piztu ez bazen ere, arazoa garrantzitsua izan zen 45 urtez, 1991n ezerezean geratu arte.

Kideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Varsoviako Itunaren Kideen mapa.

Antolaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Varsoviako Ituneko kideek, Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak erabilitako tankerako baldintzetan, elkarlana adostu zuten bakea mantentzeko xedean, erakundearen berehalako ekina balizko eraso baten aurrean (3. artikulua), elkarrenganako babesa kideetako batek erasoa jasango balu (4. artukulua) eta Estatu Nagusi baten ezarpena eginahal nazionalak koordinatzeko (5. artikulua).

Guztira hamaika artikuluz osatuta, Itunak ez zion kideen gobernuko erregimenari zuzeneko aipamenik egiten -Estatu guztientzat irekia zela adierazten zuen, beraien onarpenean gainontzeko izenpetzaile guztien adostasuna egotearen baldintza bakarra ezarriz (9. artikulua)- eta 20 urte berriztagarrien iraunaldia ezartzen zuen, baita estatu kide bakoitzarentzat hori baliogabetzeko askatasuna ere. Lau aletan sinatua izan zen, errusieraz, alemanez, txekieraz eta polonieraz.

Urtero biltzen zen estatu kideetako gobernuburuez osatutako Batzorde Politikoa urteko politika eta helburuak zehazteko xedean eta, negoziazio gehienetan, defentsa ministroak, indar armatuen buruzagiak eta Estatu Nagusiko kideak bertaratzen ziren. Batzorde politikoaz gain, Vartsoviako Itunak bazuen Aholkularitza Militarreko Batzordea, Batzorde tekniko eta ikerlaria, Defentsa Idazkarien Kontseilua eta Estatu Nagusi bat ere baziren. Iván Stepánovich Kónev izan zen bere lehenengo komandante-burua.

Potentzia militarrak 6.200.000 soldadu, 65.000 tanke, 2.000 ontzi eta 15.000 borroka hegazkin zituen eskuratzeko moduan eta baita estatu kideek instalatuta zituzten misil nuklearrak ere. Bake garaian, berriz, herrialdetik kanpo destinaturiko indarrak bakarrik egon ohi ziren bere pean.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Varsoviako Ituna Bigarren Mundu Gerra ondoren sortu zen, mendebaldeko eta ekialdeko blokeen arteko lehiaren ondorio. Bere mugek Rooseveltek, Churchillek eta Stalinek 1943 eta 1945. urteetan izandako goi-bileratan adostutako lerroekin egiten zuten bat. Alemaniar eta austriar lurrekin zalantzarik bazegoen, lehena bananduz eta bigarrenetik indarrak erretiratuz konpondu zuten arazoa.

Asian ere bazegoen lehia eta, SESBn erabateko gustua ez bazen bete ere, nolabaiteko konponbidea izan zen Txinako Herri Errepublikaren aldarrikapena (Txina behatzaile izan zen 1968an SESBekin hautsi zuen arte) eta AEBk Japonian eginiko okupazioa. Hala ere, baldintzak ez ziren behar hainbat argi jarri eta berehala piztu ziren arazoak.

Estatubatuarren antzera, sobietar estrategiaren helburu nagusia bere eraginpean zegoen lurraldea ziurtatzea zen horrek aurkariarekin gatazka irekiak sortu gabe eta horregatik ekintza militarrak maila apalean mantendu zituzten muga barnean ere.

1948an, Tito mariskalaren Jugoslavia eta Moskuren arteko harremanak zailtzen joan ziren eta Txina eta Sobietar Batasunaren artean tirabira diplomatikoak larritu egin ziren Koreako Gerrarekin. Egia esan, bi potentzien atzerriko politikak krisi ekonomikoei probetxu ateratzeko ahaleginetan murgilduta zeuden. AEBk Marshall Plana garatu eta NATO sortu zuten eta Ekialdeko Blokeen estatuetan mugimendu komunistek demokrazia parlamentarioak eraiki nahi zituzten

Gobernu estalinistak ez zituen Jaltako akordioek ezarritako mugak errebisatu nahi; AEBk arma kopuru ikaragarria zuten eta gerran hasi eta gaur egun arte jarraitu du Europa eta Asiako base militarretan gordetzen. SESBk ezin zion hari aurre egin eta karrera armamentistikoari ekin zion, teknologia militarrean gero eta inbertsio handiagoak eginez, baina ez gizonetan. Finlandia berak -Alderdi Komunista zen gobernuaren muina- Armada Gorria Porkkalako base militarretik irtetea eskatu zuen eta baita lortu ere.

Finlandiako egoera politikoari eta Titok Jugoslavian zuen lidergo gogorrari esker, estatu hauek ez ziren Itunean sartu, baina beste herrialde batzuetan, egoera ez zen erraza izan. Hungarian, alderdi komunistaren barnean ezegonkortasuna zabaldu zen; ikasleek sobietarrek Poznańen eragindako kalteengatik egin zuten protesta eta József Dudás ultranazionalistaren altxamendua Itunaren indarrez zapalduak izan ziren.

Varsoviako Ituna SESBek Europako ekialdeko estatuak kontrolatu ahal izateko tresna besterik ez zela esan ohi da. Zenbait kasutan, horrela izan zen eta Ituna utzi nahi zuen herrialdea militarki zapaldua izan zen. Hungariako 1956ko Iraultza izan zen horietako bat: urte horretako urrian, Armada Gorria Hungarian sartu eta bi astetan altxamendu antikomunista zapaldu zuen berehala.

Varsoviako Ituneko indarrak bere kideetako batzuen aurka ere joan ziren; esate baterako, 1968an Pragako Udaberrian; Txekoslovakia inbaditu zuten gobernua egiten ari zen erreformak bertan behera uzteko xedean, SESBn iritziz, sozialismoarekin bukatzeko baitziren. Brézhnev Doktrina deiturikoak, SESBn atzerriko politika militarra ezartzen zuen eta horrela zioen:

« Sozialismoaren aurkako indarrak daudenean eta herrialde sozialista baten garapena kapitalismorantz aldatzen saiatzen direnean, herrialde horren arazo bilakatzeaz gain herrialde sozialista guztiei eragiten dieten arazo ere bihurtzen da[1]  »

Albaniak 1961ean utzi zuen aliantza, txinatarrak eta sobietarrak banandu zirenean, lehenengoei eman baitzien babesa.

NATO eta Varsoviako Itunaren artean ez zen arma bidezko enfrentamendurik izan, baina Gerra Hotzak 35 urtez iraun zuen. 1988ko abenduan, une horretan SESBko buruzagi zen Mikhail Gorbatxovek Sinatra Doktrina iragarri zuen, Brézhnev Doktrina alboan utziz eta Ekialdeko Europa osatzen zuten herrialdeei nahi zutena egiten utziz.

Itunaren amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sinatra Doktrinak 1989az geroztik Ekialdeko Europa astindu zuten aldaketen azkartzea ekarri zuen. Ekialdeko gobernu berriak aurrekoak baino gutxiago ziren Varsoviako Itunaren aldeko eta, 1991ko urtarrilean, Txekoslovakia, Hungaria eta Poloniak urte horretako uztailaren 1ean erretiratuko zirela adierazi zuten. Otsailean Bulgaria erretiratu zenean, Ituna bertan behera geratu zen. SESBek onartu eta Pragan ofizializatu zen 1991ko uztailaren 1ean.

1999ko martxoaren 12an, Txekiar Errepublika, Hungaria eta Poloniak, Varsoviako Ituneko kide zaharrek, Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearekin bat egin zuten. Bulgaria, Estonia, Letonia, Lituania, Errumania, Eslovakia eta Esloveniak 2004ko martxoan egin zuten gauza bera eta Albaniak, berriz, 2009ko apirilean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo Loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]



Commons-logo.svg
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak:
Varsoviako Ituna