HMS Terror (1813)

Wikipedia, Entziklopedia askea
HMS Terror (1813)
Fabrikazioa
FabrikatzaileaRobert Davy
Ekoizpen-lekuaTopsham (en) Itzuli
Historia
Voyage of the H.M.S. Erebus & Terror
Franklinen espedizio galdua
Eskaera 1812ko martxoaren 30a
Gila jartzea 1812ko iraila
Uretaratzea 1813ko ekainaren 19a, 1813ko ekainaren 29a
Esleipena 1813ko uztailaren 31
Ship abandonment 1848ko apirilaren 22a
Berraurkikuntza 2016ko irailaren 12a
KudeatzaileaRoyal Navy
Gatazka1812ko angloamerikar gerra
Ezaugarriak
Dimentsioak6,86 (zingoa) × 8,2 (erruna) × 31 (luzera) m
Erruna8,2 m
Zingoa6,86 m
Tona-brutoak325
Propulsatzaileabela
Lurrun-makina
Potentzia30 Zp
ArmamentuaMortero (1)
Mortero (1)

HMS Terror gerraontzi bat zen, bonba-ontzi erakoa, Britainia Handiko Itsas Armadak 1813an eraikia. Parte hartu zuen Ingalaterra eta AEBen arteko gerran 1812 eta 1815 artekoa, Baltimoreko guduan eta Forth McHenry gotorlekuko bonbardaketan adibidez. Bi hamarkada geroago egokitu egin zuten esplorazio-ontzi moduan, poloetan zerbitzatzeko. Halatan, 18361837 urte artean parte hartu zuen George Back-en Artikorako espedizioan, 1839 to 1843 artean Ross espedizioan, eta 1845ean Sir John Franklin-en ahalegin ustelean Ipar-mendebaldeko pasaia zeharkatzeko, eta bertan desagertu zen, HMS Erebus ontziarekin eta espedizioko eskifaia osoarekin batera, 129 gizon.

Antartikako Terror mendia ontzi honen omenez izendatua izan zen.

2016ko irailaren 12an Arctic Research Foundation / Artikoa Ikertzeko Fundazioak iragarri zuen HMS Terror ontziaren hondakinak aurkitu zituztela Terror badiako uretan hondoratuta, Gilen Erregearen uharteko hego-mendebaleko kostaldean, Nunavut-en. Ontzia zegoen 92 km hegora abandonatu zuten lekutik, eta 50 bat km-ra 2014an HMS Erebus aurkitu zuten tokitik.

Hasierak gerraontzi moduan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

HMS Terror Vesuvius motako bonba-ontzia zen, gainaldea zurkaizturekin tiro egiterakoan morteroen bulkadari eusteko, eta bi urtean eraiki zen Davy ontzioletan, Topsham herrian, Devonen, Itsas Armadaren aginduz. Gainaldea 21 m. luze zen; pisua, berriz, 325 tona. Armamentoari dagokionez, bi mortero handi zituen, eta hamar kanoi. 1813ko ekainean itsasoratu zen.

Terror izenarekin bataiatu zuten (Izua), garai hartan Itsas Armadak horrelako izenak jartzen zizkien-eta bere gerra-ontziei (Erebus, Terror, Fury, Fantome…), izua eragiteko etsaien arten.[1] Lehen zerbitzua Ipar Ameriketan egin zuen, AEBen kontrako gerran, non Britainia Handiko Itsas Armadaren ontziek blokeatu egiten zituzten AEBen Atlantiko portuak.[2] John Sheridan komandantearen agindupean, 1814ko abuztuaren 9tik 12ra, Terror ontziak parte hartu zuen Stonington herriko bonbardaketan, Conneticut-en. Urte hartako irailean Baltimoreko guduan parte hartu zuen, baita Fort McHenry gotorlekuaren bonbardaketan. 1815eko urtarrilean, Sheridanen agindupean, Terror gerraontziak Fort Peter gotorlekuaren bonbardaketan hartu zuen parte, eta S. Marys herriaren kontrako erasoan, Georgian.[3]

Gerra ondoren, Terror zereginik barik izan zuten 1828ko martxoa arte, non bidali baitzen Mediterraneora, baina baztertu egin zuten gerra-zerbitzutik, Lisboan jasotako kalteak konpontzera eraman zutenean.[4]

Hasierak poloetako esplorazio-ontzi moduan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdialdean-1830s, Terror zen refitted gisa polar esplorazio - ontzia. Bere diseinu gisa bonba bat ontzia ekarri zuen ohiz indartsu esparru aurre egiteko recoil bere heavy mortero; beraz, ezin izan zuen jasan presioa polar itsas izotza, baita.

Back espedizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sir George Back almirantearen pintura honek erakusten du HMS Terror ainguratuta izozmendi baten ondoan, katedral itxurakoa, Baffin uhartearen inguruko uretan.

1836an George Back kapitainari eman zioten Terror ontziaren agintea, joan zedin Artikora, Hudson badiara. Espedizioa sartzekoa zen Repulse badian, eta handik taldeak bidaliko ziren, egiaztatzeko Boothia penintsula egiazki ote zen penintsula bat. Ordea, Terror izotzak blokeatuta geratu zen Southampton uhartearen ondoan, eta ez zen iritsi Repulse badiara. Hamar hilabete egin zituen izotzak harrapatuta. 1837ko udaberrian, izozmendi bat jo eta kaltetuta geratu zen. Ia hondoratu egin zen Atlantikoan zetorrela etxera bidean, eta horrela zegoen irailaren 21ean Back kapitainak Irlandako kostan hondartza bat aurkitu zuenean, bertan ontzia sartzeko.

Ross espedizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Erebus" eta "Terror" Zeelanda Berrian, 1841eko abuztuan, John Wilson Carmichael-ek pintatua.

Terror konpondu egin zuten, eta 1839an James Clark Ross esploratzailearen agindupean jarri zuten, Erebus ontziarekin batera, Antartikara joan zedin. Espedizio hartan Francis Crozier-ek agindu zuen Terror ontzia, Ross-en bigarren moduan. Espedizioa hiru urtez luzatu zen, 1840tik 1843ra, eta aldi hartan Erebus eta Terror bikoak hiru bidaia egin zituzten Antartikara, Ross itsasoa birritan zeharkatuta, eta Weddell itsasoan zehar nabigatuta, Falklan uharteen hegoekialdean. Mount Terror sumendi itzalia, adibidez, berau Ross uhartean, ontziaren omenez izendatu zuten.

Franklin espedizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Franklinen espedizio galdua»
Terror ontziak zeraman baxeraren erakusgarri bat, erakusten dituena ontziaren izena eta King George erregearen inizialak.

Abiatu aurretik Franklin espedizioan, birmoldatu egin zituzten bai Erebus eta baita Terror ere. Lurrun-makina bana ezarri zitzaien, aurretik lokomotora gisa ibilitakoak Londresko eta Croydongo Tren sarean. Lurrun-makinek aukera ematen zieten ontziei 7,4 km/h egiteko beren kasa. Haiek elikatzeko, ontziek 12 egunerako ikatza zeramaten.[5] Britainia Handiko Itsas Armadako lehen ontziak izan ziren lurrun-makinak eta burdinez babestutako helizeak zeuzkatenak. Indartu egin zituzten, halaber, bien brankak burdinazko xaflekin, izotzari hobeto aurre egiteko. Hornikuntza dezente zeramaten: bi tona tabako, 8.000 pote kontserba eta 7.560 litro likor. Terror ontziaren liburutegiak, bestalde, 1.200 liburu zeuzkan. Ontziek, gainera, barne-berogailu sistema bat zeukaten, lurrun bidezkoa.

Sir John Franklin Erebus ontzian joango zen, eta berea izango zen espedizio osoaren ardura; Terror ontzia, berriz, Francis Crozier kapitainak aginduko zuen. Espedizioak magnetismoa aztertu behar zuen Kanadako Artikoan, eta saiatu behar zen zeharkatzen Ipar-mendebaldeko pasaia, zeinaren zati batzuk mapatan zeuden marraztuta, baina sekula inork osorik nabigatu gabea zen. Franklin espedizioa hiru urte irautekoa zen.

Espedizioa 1845eko maiatzaren 19an abiatu zen Greenhithe-tik, Kent, eta europarrek 1845eko abuztuan ikusi zuten azken aldiz, Baffin badian barneratzen. Franklinen espedizioa galdu izanak ikaragarrizko ahalegina eragin zuen hura bilatzeko, eta gaur egun hura jotzen da inoizko erreskate-operazio multzorik garestiena. Lehen arrastoak espedizioaren patuaz 1848 eta 1866 urteen artean iritsi ziren: ontzi biak izotzak harrapatuta geratu ondoren, bertako marinel eta ofizialek abandonatu egin zituen, baina denak hil ziren, goseak eta gaixotasunak jota, Fort Resolution gotorlekurantz zihoazela, Hudson’s Bay konpainiaren gune batera, 970 km. hegoaldera. Geroagoko espedizioek, 1980. hamarraldira arte, tartean espediziokide zenbaiti egindako autopsiak barne, erakutsi zuten kontserba-potoak berunak eta botulismoak jota zeudela. Inuiten ahozko komunikazioek ere adierazi zuten espediziokide zenbaitek kanibalismora jo zutela bizirik irauteko, geroagoko ebidentzia forentseak baieztatutako zerbait.[6]

Ontziaren hondakinak aurkitu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

HMS Terror aurkitu zuten Gillen Erregearen (King William Island) uhartearen hegoaldeko kostaldean, nabarmenduta.

2008ko abuztuaren 15ean Parks Canada erakundeak, berau Kanadako Gobernuaren agentzia bat, iragarri zuen sei asteko bilatze-kanpaina bat, 75.000 dolar kanadarreko kostoarekin, Sir Wilfrid Laurier izotz-hauslea erabilita, ontzi biak aurkitu eta Kanadako Artikoaren zati handien gaineko soberania-erreklamazioa indartze aldera. Beste ahalegin batzuk egin ziren 2010, 2011 eta 2012 urteetan, baina denek porrot egin zuten.

2014ko irailaren 8an iragarri zen bezperan urpean aurkitu zirela Franklinen ontzietako baten hondakinak, erabilita urpeko ibilgailu bat, urrutitik gidatutakoa. 2014ko urriaren 1ean, Stephen Harper Kanadako lehen ministroak iragarri zuen hondakinak Erebus ontziarenak zirela.[7]

2016ko irailaren 12an iragarri zen HMS Terror ontziaren hondakinak aurkitu zituztela Terror badiako uretan hondoratuta, Gilen Erregearen uharteko hego-mendebaleko kostaldean. Ontziaren hondakinak izendatu ziren Kanadako Gune Historiko Nazional.

Sammy Kogvik, berau ehiztari inuita eta Canadian Rangers erakundeko kidea, zeinak bat egin zuen Artikoa Ikertzeko Fundazioarekin Martin Bergmann ontzian, Kogvik-ek gogoratu zuen zelan urte batzuk lehenago, ehizara zihoala lagun batekin, Terror badiaren inguruetan ikusi zuen masta handi bat izotzetik irteten. Informazio hori zela-eta, espedizioaren arduradunek aldatu egin zuten ontziaren noranzkoa, eta Terror badiarantz abiatu ziren, eta hantxe aurkitu zituzten ontzi handi baten hondakinak. Louie Kamookak historialari inuitak gogorarazi zuen ordura arte mendebaleko esploratzaile gehienek, Parks Canada barne, ez zietela kasurik egin bertakoek kontatutako istorioei, zeinen arabera ontzi handi bat zetzan Terror badiaren uretan.

Ontziaren hondakinak egoera oso onean zeuden. Ihes hodi bat, zeina irteten baitzen ontziaren gainaldetik, ezinbestekoa izan zen ontzia identifikatzeko. Hodia zegoen Terror ontziko lurrun-makinaren kebidea jarri zen toki berean. Ontzia zegoen 100 km. inguru hegoalderago ordura arte historialariek uste zuten lekutik.

Hondakinen kokapenak, eta aingura erabili zeneko frogak, iradokitzen du ontzia berriro erabili zela hasieran abandonatua izan ondoren, eta, seguruenik Francis Crozier kapitainaren aginduei jarraiki, saiatu zirela ontzia etxera edo beste norabait bideratzen.

2017ko urriaren 23an Britainia Handiko Defentsa ministroak, Sir Michael Fallon, iragarri zuen gobernu britainiarrak emango zizkiela Kanadari HMS Erebus eta HMS Terror ontziak, beretzat gordeta objektu batzuk eta urre apur bat, eta ager litezkeen gorpuzkinak herriratzeko eskubidea.

Legatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Man Proposes, God disposes (Gizona dabil, Jainkoak darabil). Edwin Henry Landseer-en margolana (1864) inspiratu zen Terror eta Erebus ontzien patuan, Franklinen espediziokoak.

Artean, aisialdian eta hedabideetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

HMS Terror asko erabili da, sarri HMS Erebus ontziarekin batera, fikziozko lanetan, zeinetan ardatza Franklinen espedizio galdua baita, hala nola:

  • Terror eta Erebus (1965) bertso-irratsaio bat da CBC Irratiarena, Gwendolyn MacEwen poeta kanadarrak egina, eta ondoren Afterworlds bilduman argitaratua (1987)
  • Mordecai Richler idazlearen nobela Solomon Gursky Was Here / Solomon Gursky hemen izan zen (1989), non Ephraim Gursky bizirik irteten baita espediziotik eta bizi da inuiten artean, zeini erakutsi baitie judaismoa eta yiddish hizkuntza.
  • Terror eta Erebus (lantua Franklinen alde) (1997) oratorio bat da, baritono eta ganberarako, Henry Kucharzyk kanadar musikagileak egina, MacEwen-en bertso-dramatik egokitua.
  • Terror eta Erebus agertzen dira, halaber, Dan Simmons idazlearen The Terror nobelan (2007), espedizioaren kontakizun fikzionatua.
  • Clive Cussler-en nobelak, Arctic Drift (2008), Erebus eta Terror erabiltzen ditu tramaren parte moduan.
  • 2013ko uztailean miniaturagile anonimo bat hasi zen HMS Terror ontzia berreraikitzen 1:48 eskalan, eta blog batean (buildingterror.blogspot.com) prozesua dokumentatzen. 2017ko ekainean iragarri zen HMS Terror ontziaren modeloa erakutsiko zela HMS Erebus ontziaren modeloarekin batera, “Death in the Ice” (Heriotza izotzean) erakusketan, Greenwich-eko Itsas Museoan (2017ko uztaila - 2018ko ekaina). 2017ko abenduan Twitter kontu bat sortu zen Building Terror izenarekin.
  • Terror eta Erebus ganbera-opera bat da sei kantari eta perkusio-lauko batentzat, Cecilia Livingston musikagile kanadarrak egina, eta 2019an estreinatuko dena.
  • 2018ko The Terror (telesaila), The Terror eleberria eta Sir John Flanklinen espedizio galduan oinarritua.

Toponimian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Mount Terror, Ross uhartean kokatua , Antartika ondoan, Ross kapitainak izendatu zuen ontziaren omenez, eta Mount Erebus mendi garaiagoaren ondoan dago.
  • Erebus eta Terror golkoa, Antartikan dago, Ross espedizioarekin 1842-43 urteetan egindako espedizioa gogoan.
  • Terror badia Gillen Erregearen Uhartean dago, eta 1910ean izendatu zen, bertan izen bereko ontziaren hondakinak aurkitu baino dezente aurretik.
  • Terror Rupes, amildegi bat da, Merkurion.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. 1955-, Hutchinson, Gillian,. Sir John Franklin's Erebus and Terror expedition : lost and found. ISBN 1472948696. PMC 968290387. (Noiz kontsultatua: 2019-01-10).
  2. (Ingelesez) politis. (2016-09-13). «Five interesting facts about the HMS Terror» Canadian Geographic (Noiz kontsultatua: 2019-01-10).
  3. James, William. (1902). The naval history of Great Britain, from the declaration of war by France in 1793, to the accession of George IV : A new ed., with additions and notes, bringing the work down to 1827. London : Macmillan (Noiz kontsultatua: 2019-01-10).
  4. (Ingelesez) Paine, Lincoln P.. (2000). Ships of Discovery and Exploration. Houghton Mifflin Harcourt ISBN 9780395984154. (Noiz kontsultatua: 2019-01-10).
  5. Piotrowska, M.; Stepień, P. P.; Bartnik, E.; Zakrzewska, E.. (1976-1). «Basic and neutral amino acid transport in Aspergillus nidulans» Journal of General Microbiology 92 (1): 89–96.  doi:10.1099/00221287-92-1-89. ISSN 0022-1287. PMID 1466. (Noiz kontsultatua: 2019-01-10).
  6. (Ingelesez) Watson, Paul. (2016-09-12). «Ship found in Arctic 168 years after doomed Northwest Passage attempt» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2019-01-10).
  7. (Ingelesez) Oct 01, CBC News · Posted:; October 2, 2014 2:09 PM ET | Last Updated:; 2014. «Franklin expedition ship found in Arctic ID'd as HMS Erebus | CBC News» CBC (Noiz kontsultatua: 2019-01-10).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]