Ipurtats

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Wikipedia:Taxotaula bat irakurtzeko eraTaxotaula bat irakurtzeko era
Ipurtatsa
Status iucn3.1 LC eu.svg

Iraute egoera: Arrisku Txikia
Ipurtatsa
Ipurtatsa


Sailkapen zientifikoa
Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata
Klasea: Mammalia
Ordena: Carnivora
Familia: Mustelidae
Generoa: Mustela
Espeziea: M. putorius
Izen binomiala
'Mustela putorius'
Linnaeus, 1758
Mustela putorius distribution.svg

Ipurtatsa (Mustela putorius) ugaztun haragijalea da, Mustelidae familiakoa. Gauez ibili ohi den animalia hau Europa osoan hedatuta dago.[1] Antzina etxekotu zuten, gizakientzat untxiak ehizatu zitzan, eta halaxe sortu zen hudo (Mustela putorius furo) azpiespeziea.

Ipurtatsa Euskal Herri osoan zehar zabalduta dago, hala ere, datuen arabera, bere populazioen tamaina txikia dela dirudi. Horrela, EAE eta Nafarroako katalogoetan "interes bereziko" espezie gisa sailkatuta dago. Espezie honek aurkezten dituen mehatxu nagusiak, harrapaketak eta bere habitataren eraldaketa dira. Halaber, espezieak nozitu duen parasitosi gaixotasunak ere eragin kaltegarria izan du bere populazioengan.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina ertaineko ugaztuna da. 44zm-ko luzera du eta 18zm-ko isatsa. Itxura luzanga du, hanka sendo eta laburrekin.

Gorputzeko ilajea arre iluna da, nahiz eta bizkarraldean argitu egiten den azpiko ile horixkak (biloa) erdikusten direlako. Mutur zein begi inguruetan dituen orban zuriek, aurpegian mozorro zuri bereizgarri bat daraman itxura ematen diote. Halaber, belarrietan orban zuri bana aurkezten du.

Espezie honek dimorfismo sexual arina aurkezten du, tamaina eta pisuari dagokionez batik bat (Pisua: arrak 800-1300g; emeak %60-90 gutxiago).

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie hau ia Europa osoan zehar hedatzen da, iparraldean (Eskandinavia) eta Mediterraneoko zonalde batzuetan izan ezik. Britainia Handian ere oso arraroa da.

Iberiar penintsulan eta Euskal Herrian banaketa orokorra du.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipurtatsak altuera handiko eremuak saihesten dituen arren habitat oso desberdinetan bizitzeko gaitasuna du.

Orokorrean, urek igarotzen dituzten inguruneak gogoko ditu: ibai, laku eta eremu hezeak. Hala ere, habitat oso desberdinetan aurki daiteke: baso hosto erorkorrak, pinudiak, sastrakadiak, soro landuak...

Gordelekuak, gehienetan, lurrazpian kokatzen dira eta beraiengandik edo beste animalia batzuengandik zulatu eta atonduak egon daitezke. Dena dela, zuhaitzen sustraietan, kobazulo natural edo landaredi artean ere kokatu ditzakete beren gordelekuak.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elikadurari dagokionez, haragijalea da eta denetatik jaten du. Urtaroa eta tokiaren arabera elikaduran aldaketa handiak jasaten dituen arren, bi harrapakin nagusi nabarmentzen dira bere dietan: mikrougaztunak eta anfibioak. Ipurtatsaren dieta beste mustelidoenarekiko zertxobait desberdina da, ehizatzen duen anfibio kopurua bereziki altua delako. Gainera, noiz edo noiz gordelekuetan anfibioak multzoka metatuta agertzen dira, elikagai biltegi gisa. Garezurraren behealdean kosk eginez, harrapakin hauek denbora luzez paralizatu eta bizirik mantentzen dituzte.

Iberiar Penintsulako zenbait eremutan untxiez elikatzen dira eta harrapakin hau oso ugaria den tokietan bere dietaren oinarri bilakatu da.

Ugalketa eta ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugalketa udaberrian gertatzen da, martxoa eta maiatza bitartean. Espezie honek ez du ernalketa atzeratua aurkezten, hortaz, 42 eguneko haurdunaldiaren ondoren, maiatza edo ekainean erditzeak gertatzen dira. Bataz beste, 4-9 kume erditzen dituzte. Kumeak 3 edo 4 urterekin independizatu egiten dira.

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animalia bakartia da eta Mustela generoko espezieen artean gautarrena. Hala eta guztiz ere, noizbehinka egunez begiztatu daiteke.

Bi sexuak banatuta bizi dira ugalketa garaian izan ezik. Sexu berekoen artean lurraldekoitasun zorrotza mantentzen da. Aurkako sexukoekin, aldiz, lurraldearen zati bat partekatzeko gai dira.

Babestutako lurraldeak ez du ibaien luzera jarraitzen (bisoienak ez bezala), hots, ez dira eremu linealak, bidimentsionalak baizik. Lurraldearen tamaina oso aldakorra da, 1-11km2 bitartekoa eta orokorrean arrena handiagoa izan ohi da.

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipurtatsaren harrapari nagusiak otsoa (Canis lupus) eta katamotza (lynx) dira. Azeri gorria (Vulpes vulpes), hontz handia (Bubo bubo) eta txakur zein katu basatiak ere espeziea hau ehizatzeko gai dira.

Antzeko espezieak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Europar bisoia eta amerikar bisoiarekin nahastu daiteke. Baina ipurtatsak, bisoiek ez bezala, zuri koloreko mozorro antzeko bat du aurpegian. Bisoiek, aldiz, muturrean soilik aurkezten dute orban zuria: amerikarrak beheko ezpainaldean eta europarrak goiko eta behekoan.
  • Lepahoria eta lepazuriarekin ere nahas daiteke, baina hauek paparrean orban hori eta zuri bat daukate hurrenez hurren.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IUCN katalogoaren arabera espezie honen egoera mundu mailan ez da kezkagarria.

Euskal Herrian, ipurtatsaren populazioak oso barreiatuak daude baina dentsitateak ez dira handiegiak. Ondorioz, EAE eta Nafarroako katalogoek "Interes Bereziko" espezie gisa sailkatzen dute.

Mustelido hau mehatxatzen duten faktoreak hainbat dira. Hasteko tranpa-jartzaileek egin izan dituzten harrapaketak, espezieak jasaten duen parasitosi gaixotasuna eta, batez ere, bere habitataren galera eta eraldaketa.

Ipurtatsa babesteko, ibaiak eta ibai-ertzeak babestea beharrezkoa da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Ipurtats
Wikispezieetan informazioa gehiago aurki dezakezu: Mustela putorius