Irlandako Armada Errepublikarra (1917-1922)

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau 1919-1921 bitarteko jatorrizko Irlandako Armada Errepublikarra edo IRA Zaharrari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Irlandako Armada Errepublikarra».
IRA erakunde armatua eta Seán Hogan buruzagiaren Tipperaryko 3. Brigada Mugikorreko kideak.

Irlandako Armada Errepublikarra edo IRA Zaharra (ingelesez Irish Republican Army eta irlanderaz Óglaigh na hÉireann) 1917-1922 bitartean Anglo-Irlandar Gerran zehar Britainiar Inperioaren aurka borrokatu zen irlandar erakunde armatua izan zen. Sarritan eta gaur egun, jatorrizko IRA erakunde armatu honen ondorengoak eta izen berbera daramatzaten erakunde armatuetatik ezberdintzeko asmoz Old IRA (IRA Zaharra) deitu ohi zaio. Ondorengo erakunde armatu guzti hauek euren buruak jatorrizko IRA honen ondorengoak direla aldarrikatu ohi dute.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorrizko IRA erakunde hau, erakunde iraultzaile militar independentista bat izan zen, bertan eskuin nahiz ezker pentsakerako jendea zegoen, denei irlandar nazionalismoak eta bereziki irlandar errepublikanismoak elkartzen zituelarik. Erakunde hau aurretik 1913ko azaroaren 25ean sortu zen Irlandar Boluntarioak erakundearen ondorengo zuzena izan zen. 1916an Irlandar Boluntarioak erakundeko kideak Pazko matxinadan parte hartu eta Irlandako Errepublikaren Aldarrikapena burutu zuten. Britainiarrek matxinada hartako buruzagi garrantzitsu guztiak fusilatu zituzten, salbuespen bakarra herrialdetasun estatubatuarra zuen Éamon de Valera izan zelarik. Matxinada hartan parte hartu zuen gainontzeko jende guztia Erresuma Batuko espetxeetara eta bereziki Galesko Frongocheko barneratze esparrura preso sartu zituzten, hura IRA erakundearen jaiolekua izan zen, bai eta ordurarte itzalpean egon zen Michael Collins buruzagiaren gailentzea ere.

Handik hilabete batzuetara Pazko matxinadan parte hartu zuen jende gehiena aske utzi eta Irlanda borrokari berrekiteko asmoz itzuli zen. Jada, IRa erakundea sortua zen, Michael Collins bere ezkutuko buruzagi eta antolatzaile nagusia izan zelarik, nahiz eta ofizialki Sinn Fein alderdiko legez kanpoko Dáil Éireann legebiltzarreko Ogasun Ministroa besterik ez izan.

Buruzagiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1917ko urriaren 27an Sinn Féin alderdiak Irladar Boluntarioak erakundea berrantolatzeko burututako biltzar batean (gerora IRAren biltzarra deitua) IRA erakundea sortu eta preso ohien arttean bere lehenbiziko buruzagiak hautatu ziren: Michael Collins (Antolakuntza Zuzendaria); Diarmuid Lynch (Harreman Zuzendaria), Michael Staines (Zuzendariordea), Rory O'Connor (Ingeniaritza Zuzendaria), Seán McGarry idazkari orokor posturako bozkatu zuten, aldiz Cathal Brugha sutsuari Zuzendaritzako eserleku bat eman zitzaion, baina bere benetako kargu ez ofiziala Pertsonal Zuzendaria izan zen. Aipatzekoa da garai honetan Michael Collins eta Cathal Brugha buruzagien arteko elkar ezinikusi edo lehia hasi zela, gerora Irlandako Gerra Zibilean Anglo-Irlandar Itunaren inguruko bien arteko desadostasunaren ondorioz oraindik gehiago nabarmenduko zena.

IRAko kidea zen Dan Breenen aurkako atxiloketa agindua.

IRA Zaharreko kide ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenbiziko ekintza armatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1919ko urtarrilaren 21an Sinn Féin alderdiak legez kanpoko Dáil Éireann ezarri, Irlandaren independentzia eta Britainiar Inperioari gerra aldarrikatu zion. Egun horretan bertan, IRAren lehenbiziko ekintza armatua nahiz Anglo-Irlandar Gerra piztu zuen gertakaria Tipperary hiriaren kanpoaldean dagoen Soloheadbeg herrian jazo zen: bertan albiste harren berri jaso eta euren kaxara ekin zuten Seán Treacy, Dan Breen, Seán Hogan, Séamus Robinson, Tadhg Crowe, Paddy McCormack, Paddy O'Dwyer, Michael Ryan eta Seán O'Meara IRA kideek Royal Irish Constabulary poliziako James McDonnell eta Patrick O’Connell kideak tirokatu eta erail zituzten (gerora jakin zenez, ekintza hura IRAko zuzendaritza jakinaren gainean egon gabe eta euren buruz burutu zuten). Seán Treacy britainiar agenteekin 1920. urtean izandako tiroketa batean zehar hil zen, aldiz Dan Breen 1969. urterarte bizitu eta bere azken urteetan Fianna Fáil alderdiko politikaria ere izan zen.

Ekintza modua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai honetako IRAren ekintza modua gerrilla gerra burutzea zen: Irlanda osoan kide gutxi batzuz osatutako talde mugikorretan ekin ohi zuen (ingelesez Flyng Column), hauek edonon eta edonoiz britainiar gudarosteko nahiz Royal Irish Constabulary poliziaren aurkako patruilen segadak nahiz polizia koartelen aurkako eraso azkarrak burutu ohi zituzten, burutu bezain laister atzeraka erretiratu eta ezkutatu egiten ziren. Gerrilla ekintza hauek IRA erakundearentzat oso egokiak ziren, britainiar patrullak armaz oso ongi hornitutako gudari profesionalez osatuak baitzeuden, aldiz IRAko talde mugikorrak sarritan errebolber nahiz errifle zaharrez hornitutako jende arrunt, baserritar nahiz hiritarrez osaturik zeuden (horiek egoki hornitzeko asmoz, maiz Ameriketako Estatu Batuko irlandar emigranteen komunitateari diru eta laguntza ekonomikoa eskatu beharrean egon ziren).

Cork Mendebaldeko talde mugikorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IRAren talde mugikor ospetsuena Tom Barry buruzagitzat zuen Cork Mendebaldeko Talde Mugikorra izan zen (West Cork Flying Column), Mendebaldeko Cork konderria irlandar errepublikanismoa nahiz independentismoaren gotorleku nagusienetakoa baitzen, bai eta Dublin hiriburutik urruti nahiz britainiar militarren kontrolatzea zail zuten eremu basatia baitzen.

Amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IRA Zaharraren amaiera Anglo-Irlandar Gerraren amaiera, Anglo-Irlandar Itunaren sinadura eta Irlandako Estatu Askearen ezartzearekin batera etorri zen. Une hartan, IRAko kideen gehiengoa Irlandako Estatu Askeko gudaroste berrira edo Garda Síochána poliziako kide bilakatu edota bizitza zibilera eta gerra aurreko euren lanbide eta zereginetara itzuli ziren. Baina IRAren zati bat, Anglo-Irlandar Ituna eta Irlandaren banaketa inolaz ere onartu ez zutenek, IRAn jarraitu, beste kide-ohiei Irlandar Errepublikarekiko traidore deitu eta Irlandako Estatu Askeari gerra aldarrikatu zioten. Gertakari honek IRA Zaharrari amaiera eman eta Irlandako Gerra Zibilari hasiera eman zion. Gerra honetan bai alde batetik zein bestetik IRAko buruzagiak edo kideak izandako ugari hil ziren, esate batetarako, Michel Collins eta Cathal Brugha bera.

Ondorengoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zinema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zineman jatorrizko IRA edo IRA Zaharrari nolabaiteko kutsu erromantiko, xalo, idealista edo goxoago bat eman zaio, horren adibide nagusiena The Informer edo The Quiet Man filmak dira. Aldiz, ondoren IRA izenez agertutako edo bere ondorengoak diren erakundeak irudi odoltsu eta ankerragoaz zinemaratuak izan dira.

Bestalde, 1996ko Neil Jordan irlandar zinema zuzendariaren Michael Collins filmak IRA Zaharra erakunde armatua eta britainiarren aurka nahiz bere barneko bi alderdien artean jazotako borroka latzen ikuspegi askoz ere errealista eta idealizatu gabegoa erakusten du. Bertan, adibidez, IRA erakundearen Twelve Apostles talde bereziaren ekintza odoltsu eta gupidagabeak agertzen dira.

2006an Ken Loach britainiar zinema zuzendariaren The Wind That Shakes the Barley ere Cork konderrian jardun zuen IRA Zaharrareko talde baten ekintza eta egunerokoak zinemaratu zituen, Canneseko Zinemaldian filma onenaren Urrezko Palma saria irabazi zuelarik.

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Irlandako Armada Errepublikarra (1917-1922)