John Benjamin Toshack
John Benjamin Toshack | |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
![]() | |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Bizitza | |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Jaiotza | Cardiff, 1949ko martxoaren 22a (76 urte) | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Herrialdea | ![]() | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Hezkuntza | |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Hizkuntzak | ingelesa | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Jarduerak | |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Jarduerak | futbolaria eta futbol entrenatzailea | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
| |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Posizio edo espezialitatea | aurrelaria | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Altuera | 185 zentimetro | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Jasotako sariak | |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
![]() ![]() |
John Benjamin Toshack (Cardiff, Gales, 1949ko martxoaren 22a) futbol jokalari eta entrenatzailea da. Geurean oso ezaguna da Real Sociedadekin izandako harremanagatik, izan ere talde txuriurdina gehien zuzendu duten entrenatzaileen artean bigarrena da. Hori gutxi balitz 1987ko Errege Kopa irabazi zuen Realarekin.
Jokalari zela Liverpool taldearen urrezko aroa bizi izan zuen. Kevin Keegan alboan zuela bi Europako Kopa eta bi UEFA Kopa irabazi zituen, baita Ingalaterrako 3 Liga ere. Entrenatzaile lanetan Realaz gain Real Madrilen ere izan zen eta Espainiako hainbat titulu eskuratu zituen. Azken urteetan talde ugari entrenatu ditu, aipagarriena Marokoko Wydad Casablanca. Galesko selekzioa urte luzetan entrenatu zuen eta 2006an Euskadiko Selekzioaren aurkako parida jokatu zuen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]John Benjamin Toshack Cardiffen jaio zen 1949an. Aita eskoziarra zuen eta Royal Air Force-k hara bidali zuen aroytz lanetarako. Ama galestarra zuen[1].
Gazte zela errugbi eta kriket jokalaria izan zen. Errugbian etorkizuna zuen baina sorbaldako lesio baten erruz utzi egin behar izan zuen[2]. Horregatik hasi zen futbolean jokatzen.
Kirol ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurrelari bikaina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hastapenak Cardiffen
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiriko Cardiff Boys gazte mailako taldean aurrelari postuan hasi zen jokatzen. 1963an ligako partida guztietan sartu zuen gola eta gol errekorra hautsi zuen. 15 urtez azpiko Galesko selekzioan jokatzeko deitu zioten. 1966an Cardiff City taldeak fitxatu zuen eta Cardiffekin partidu ofizial bat jokatzen zuen gazteena izan zen[3]. Aurreneko denboraldi hartan 6 gol sartu zituen[3].
Liverpoolekin txapeldun
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ingalaterrako Ligako hainbat taldek eraman nahi izan zuten baina Toshackek lau denboraldi egin zituen Cardiffen, harik eta 1970ko azaroak Liverpool handiak fitxatu zuen arte[4]. 1970ko azaroaren 14an egin zuen debuta Anfield zelaian 0-0 amaitu zen partida batean[5]. Aurreneko denboraldian 7 gol sartu zituen. Hurrengo denboraldian Kevin Keegan aurrelari mitikoa iritsi zen eta bikote ederra osatu zuten, Toshack baloiak zentratzen eta Keegan errematatzen[6]. Liverpool taldearen urrezkoa aroa izan zen: Ingalaterrako 3 Liga eta Community Shield kopa bat, Europako Kopa birritan (1977, 1978) eta UEFA Kopa ere beste bi alditan irabazi baitzituen. Ingalaterrako taldean Toshackek egin zituen 8 denboralditan 96 gol sartu, baina ibilbide arrakastatsua izan bazuen ere lesio ugari jasan zituen[7]. Liverpoolen zaleek 100 jokalari hirtorikoen zerrenda osatu zuten eta Toshack 34. postuan kokatu zuten[8].
Galesko selekzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Galesko selekzioarekin 40 partida jokatu zituen eta 13 gol sartu zituen[9]. 1969ko martxoaren 26an egin zuen debuta Mendebaldeko Alemaniaren aurka 1-1 amaitu zen partida batean[10], eta aurreneko gola Ekialdeko Alemaniari sartu zion hilabete beranduago[11].
Entrenatzaile lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1978an Galesera itzuli zen eta azken bost denboraldiak Swansea City taldean egin zituen. Entrenatzailea eta jokalaria izan zen aldi berean[12]. Swansea City taldean izandako esperientziak animatuta entrenatzaile ibilbidearekin aurrera jarraitzea erabaki zuen. Aurreneko lana Sporting de Lisboa talde portugaldarrean izan zuen, 1984-85 denboraldian. Ligako bigarren postua eskuratu zuen taldeak[13].
Reala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1985ean Realak fitxatu zuen John Benjamin Toshack[14]. Aurrez Atotxan izana zen, 1975ean jokalari gisa. Liverpool 1-3 nagusitu zitzaion orduan Realari. Partidu hartan debut aipagarri bat izan zen gainera, Arkonada atezainarena hain zuzen ere[15]. Ligak irabazi ondorengo urteetan maila apalagoan ibilia zen Reala eta John Toshacken etorrerak hainbat aldaketa ekarri zituen entrenatzeko teknikatan, bai eta jokalarietan ere, Liga irabazi zuten hainbat jokalariren lekua hartuko zuten gazteak atera baitzituen, Bakero, Begiristain, Lopez Rekarte, "Lutxo" Iturrino, Loren eta enparauak[16]. Aurreneko partidan ordea Arkonada lesionatu egin zen eta urte guztian jokatu gabe izan zen[17]. 1987an iritsi zen Realarentzako titulu berria, Espainiako Errege Kopa hain zuzen ere[18]. Hurrengo denboraldian bigarren egin zuen Ligan eta Kopan berriz ere finala jokatu zuen. Bartzelona izan zen aurkaria. Talde kataluniarra Liga kaskarra egitetik zetorren (6.a izan zen) eta reala zen faborito argia baina Bartzelona 1-0 nagusitu zitzaien donostiarrei[19]. Laugarren denboraldia oso berezia izan zen Realena, izan ere aurreneko jokalari atzerritarra bitxatu baitzuen taldeak, John Aldridge[20]. 11. postu apala baino ez zuen lortu ordea.
Real Madril
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Entrenatzaile bezala ordea sona handia hartu zuen eta 1989an Real Madril taldeak fitxatu zuen. Hiru Liga jarraian irabaziak zituen talde merengeak Leo Beenhakker herbeheretarrak zuzenduta, baina Europako Koparik ez zuen lortu eta horri bueklta emateko fitxatu zuten Toshack[21]. "La quinta del Buitre" ezizena zuen belaunaldiaren azken urteak ziren[22]. Aurreneko denboraldian Liga eta Superkopa irabazi zituen madrildarrekin, eta Real Madrilek 107 gol sartu zituen Liga hartan, hori lortzen zuen bigarren aldia zen[23]. Europako Kopan ordea berriz ere kale egin zuen, bigarren kanporaketan Milanek garaitu baitzituen[21]. Hurrengo denboraldia ordea gaizki hasi zuen eta 11. jardunaldian kanporatua izan zen.
Reala berriz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1990. urtean Realera itzuli zen manager gisa[24] baina 1991ean entrenatzaile kargua hartu zuen berriro eta bosgarren postua eskuratu zuen. Bigarren aldi honetan lau denboraldi egin zituen Realean 1994 arte[25].
Hurrengo urteetan taldez talde
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hurrengo urteetan taldez talde ibili zen, eta tartean berriz ere Real Madril[26] eta Real Sociedad[27] taldeak entrenatu zituen. 2002an amaitu zuen hirugarren aldia Realean eta ordurako talde txuriurdina partida gehienetan zuzendu zuten entrenatzaileen artean bigarrena zen, 386 partida hain zuzen ere. Benito Diaz izan zen Realari partida gehien zuzendu zizkiona, Toshackek baino hiru gehiago besterik ez (389). Toshackek zuzenduta Realak 158 partida irabazi zituen, 99 berdindu eta 129 galdu[14].
Ordutik aurrera talde ugari zuzendu ditu, gehienak futbol aldetik potentzial txikia duten herrialdeetan, Azerbaijan, Maroko, Iran...
Marokon berriz ere txapeldun
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aipatzekoa da Marokoko Wydad Casablancataldean eegindako lana. Talde hartan 2. entrenatzaile postuan Roberto Lopez Ufarte izan zuen, Toshacken agindutara 1987an Errege Kopa irabazi zuena[28]. Hiru denboraldi egin zituen Toshackek Casablancan eta Marokoko liga irabazi zuen 2015ean[29]. 2017 arteko kontratua bazuen ere Afrikako Txapeldunen Ligako partidan Zamalek talde egipziarrak kanporatu ondoren 2016an kargugabetua izan zen[30]. 2017an taldea Afrikako txapelduna izan zen, Toshack gabe ordea[31]. 2019an Wydad taldera itzuli zen, ez entrenatzaile lanetan, kirol zuzendari gisa baizik[32].
Galesko selekzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Galesko selekzioaren entrenatzailea ere izan zen urte luzetan. 1994. urtean egin zuen aurreneko saiakera baina ondoren 2004-2010 artean aritu zen. 2006an Euskal selekzioaren aurka jokatu zuen San Mamesen. Galestarrek 0-1 irabazi zuten[33]. Mazedoniako selekzioarena ere entrenatu zuen denboraldi batez[34].
Taldeak eta tituluak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jokalari gisa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Taldea | Urteak | Tituluak | |
---|---|---|---|
Klubak | ![]() |
1963-1966 | |
![]() |
1966-1970 | Galesko Kopa (4) | |
![]() |
1970-1978 | Europako Kopa (2) UEFA Kopa (2) Ingalaterrako Liga (3) Community Shield (1) | |
![]() |
1978-1983 | Galesko Kopa (3) | |
Selekzioak | ![]() |
1968-1969 | |
![]() |
1969-1980 |
Entrenatzaile lanetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Taldea | Urteak | Tituluak |
---|---|---|
![]() |
1978-1984 | Galesko Kopa (3) |
![]() |
1984-1985 | |
![]() |
1985-1989 | Errege Kopa (1) |
![]() |
1989-1990 | Espainiako Liga (1) Espainiako Superkopa (1) |
![]() |
1991-1994 | |
![]() |
1994 | |
![]() |
1995-1997 | |
![]() |
1997-1999 | Turkiako Kopa (1) |
![]() |
1999 | |
![]() |
2000-2001 | |
![]() |
2001-2002 | |
![]() |
2002-2003 | |
![]() |
2004 | |
![]() |
2004-2010 | |
![]() (gaur egun "Ipar Mazedonia") |
2011-2012 | |
![]() |
2013 | Azerbaijango Superkopa (1) |
![]() |
2014-2016 | Marokoko Liga (1) |
![]() |
2018 |
Hedabideetako lana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Azken aldian hainbat kate britainiarretako futbol saiotan komentarista lanak egiten ditu. Bere esanek sarritan hautsak harrotzen dituzte[17][39]. Euskal hedabideetan ere argitaratu izan ditu iritzi artikuluak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) WalesOnline. (2004-04-07). «Bluebird legend's dad dies» WalesOnline (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ Phil Stead. (2013). Red Dragons – The Story of Welsh Football. Y Lolfa ISBN 978-1784612368..
- ↑ a b Shepherd, Richard. (2002). The Definitive: Cardiff City F.C.. Nottingham: SoccerData Publications, 65-70 or. ISBN 1-899-46817-X..
- ↑ (Ingelesez) Tucker, Steve. (2015-05-19). «Cardiff City files: Boardroom revelations uncovered for first time» WalesOnline (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ «Matchdetails from Liverpool - Coventry City played on Saturday 14 November 1970 - LFChistory - Stats galore for Liverpool FC!» www.lfchistory.net (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ «Homepage» Liverpool FC (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ (Ingelesez) The big interview: John Toshack. ISSN 0140-0460. (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ (Ingelesez) Worrall, Frank. (2014-09-04). Luis Suarez - The Biography of the World's Most Controversial Footballer. John Blake Publishing ISBN 978-1-78418-194-9. (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ «Wales - Record International Players» www.rsssf.com (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ «West Germany v Wales, 26 March 1969» 11v11.com (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ «East Germany v Wales, 16 April 1969» 11v11.com (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ «Football: to Rivaldo Twenty-five remarkable years in management for John Toshack; JOHN TOSHACK has another reason to celebrate St David's Day... today marks the 25th anniversary of his first match as manager of Swansea City. Mario Risoli takes up the story.(Sport) | Article from Western Mail (Cardiff, Wales) | HighBeam Research» web.archive.org 2009-05-23 (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ (Ingelesez) «John Toshack factfile» the Guardian 2004-11-12 (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ a b «John Benjamin Toshack (Real Sociedad)» atotxa.org (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) Millán, Juan Rodríguez. «Se cumplen 42 años del debut de Arconada» columnacero.com (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) «John Toshack se embarca en su enésima aventura» Mundo Deportivo 2018-06-11 (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Toshack: 'Ramos tiene el récord de tarjetas, ¡y las que no le sacan!'» Mundo Deportivo 2017-05-12 (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ REAL SOCIEDAD CAMPEÓN COPA DEL REY 1986-87 / Tanda penaltis TVE. (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) ¿Qué ocurrió en la final de Copa de 1988 entre la Real y el Barça. 2020-12-21 (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ (Ingelesez) BBC. «John Aldridge» www.bbc.co.uk (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ a b Rancoma. (2019-07-26). «Historias del Real Madrid: EL REAL MADRID DE TOSHACK» Historias del Real Madrid (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) «La Quinta del Buitre (1981-1990) | Real Madrid CF» Real Madrid C.F. - Web Oficial (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ (Ingelesez) «Football: Rob Smyth on Real Madrid's record-breaking 107-goal 1989-90 season» the Guardian 2009-05-12 (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) País, El. (1990-11-30). «Toshack firma por cinco años como 'manager' de la Real Sociedad» El País ISSN 1134-6582. (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) País, El. (1994-11-23). «La Real Sociedad destituye a su entrenador Toshack» El País ISSN 1134-6582. (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ «Toshack regresa al Real Madrid ocho años después» www.elmundo.es (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) Rodrigálvarez, Eduardo. (2001-01-02). «La Real se acoge al 'espíritu Toshack'» El País ISSN 1134-6582. (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) Andrés Guzmán. (2014-07-19). «Dos mitos realistas se vuelven a juntar en Marruecos» elgoldigital (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ (Frantsesez) Rédaction. (2015-07-04). «WAC Casablanca : Toshack prolonge jusqu’en 2017» Afrik-Foot (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) Afp. (2016-09-17). «John Toshack, destituido del Wydad Casablanca» diariovasco.com (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) AS, Diario. (2017-12-04). «El Wydad vuelve a reinar en África 25 años después» AS.com (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Toshack vuelve al Wydad Casablanca, ahora como nuevo director deportivo» Real Sociedad 2019-07-19 (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ «Euskadi - País de Gales (21/05/2006) - EUSKAL SELEKZIOA» sites.google.com (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ (Ingelesez) «Toshack named FYR Macedonia boss» BBC Sport (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ a b (Ingelesez) Abbandonato, Paul. (2008-03-01). «Toshack’s amazing 30 years as a boss» WalesOnline (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ (Frantsesez) «John Toshack Entraîneur de l'ASSE - ASSE Stats tous sur l'AS Saint-Étienne» www.asse-stats.com (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ (Italieraz) «Toshack indossò una tuta rossa del Catania. Entrò in campo per primo» Il Nobile Calcio 2021-03-28 (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ (Ingelesez) «Toshack factfile» Sky Sports (kontsulta data: 2021-04-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) Aragón, El Periódico de. «Toshack reaparece en Palma» El Periódico de Aragón (kontsulta data: 2021-04-01).
Kanpo loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]![]() |
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: John Benjamin Toshack ![]() |
- John Benjamin Toshacken profila ikusgai (Ingelesez)