Kittiläko geografia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pallas-Yllästunturi Parke Nazionala.

Kittiläko geografia Kittilä Lappi eskualde finlandiarrean dagoen eta Zirkulu Polar Artikotik 100-200 bat km iparraldera dagoen udalerriaren geografia da. Mugakideak, Enontekiö eta Inari iparraldean, Kolari eta Muonio mendebaldean, hegoaldeko Rovaniemi eta ekialdeko Sodankylä udalerriak dira. Nahiz eta udalerria oso laua den, muino gehien dauden Finlandiako eremuetako bat da. Tunturien Lappi izeneko barrutian dago eta 8.263,08 km²-ko azalera dauka; Lappiko eta Finlandiako laugarren udalerri zabalena da. Klima mota desberdinek baldintzatuta, hazten diren landare-motak anitzak dira. Taiga edo baso boreala da nagusi eta zuhaizti ohikoenak, haltzadiak, izeidiak, makaldiak, pinudiak, sahastiak eta urkidiak dira; 500 metro goitiko ingurunetan ordea, Finlandiako zuhaitzik gabeko tundra eremu bakanak daude. Elurrak udalerriko lurra estaltzen du urritik maiatzera eta aipatzekoak dira landare-espezie desberdinak aurki daitezkeen inguru zingiratsu eta paduratsuak, herrialde osoko ospetsuenak.

Udalerria Zirkulu Polar Artikoaren gainean dagoenez, gauerdiko eguzki, gau zuri eta gau polar fenomenoak urtero izaten dira. Lehenengo bietan, eguzkia edo eguzkiaren argitasuna udalerriko zeruaren jabe izaten da maiatzaren 27tik uztailaren 18ra; gau polarraren garaia aldiz, iluntasuna nagusitzen den garaia hain zuzen, abenduaren 21ean eta 22an izaten da. Udalerriko klima nagusia subartikoa da eta, ondorioz, tenperatura leunak izaten dira udan, baina neguak hotzak eta luzeak izaten dira; Finlandian inoiz neurtu den tenperatura baxuena, Kittiläko Pokka herrixkan neurtu zen 1999. urteko urtarrilean, -51,5 °C. Hala ere, hau, muturreko tenperatura baino ez zen izan, neguko eta udako tenperatura ohikoak -15 °C eta 14 °C ingurukoak baitira, hurrenez hurren. 500 metro goitiko muinoetan berriz, klima polarra nagusitzen da. Samitarrek antzinean, eta gaur egun oraindik egiten dituzten egutegietan, Lappiko klima ulertzeko lagungarri ziren zortzi urtaro bereizten zituzten: udaberri-negua, udaberria, aitzinuda, uda, aitzinudazkena, udazkena, aitzinegua eta negu iluna. Aurora Borealak bestalde, oso ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan; irailetik martxora, lau gautatik hirutan ematen den fenomenoa da, urrian eta martxoan bereziki [1][2].

 
2012ko Kittiläko klima datuak[3]
Kittilä
Klima azpiartikoa Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Guztira
Maximoa ºC -3 -1 6 9 21 21 24 24 16 9 3 -1 10,6
Batez besteko maximoa ºC -8,8 -11,7 -0,3 2 9,2 13,6 17,1 16,8 10 2 -1,6 -10,8 3,1
Batez bestekoa ºC -11,4 -15,7 -4,5 -1,8 5,4 10,2 13,3 11,8 6,4 -0,2 -4,5 -14,2 -0,4
Batez besteko minimoa ºC -14,8 -20,5 -9,9 -7,7 0,6 5,9 8,6 4,7 2 -3,4 -8,6 -18,2 -5,1
Minimoa ºC -26 -38 -20 -20 -5 0 2 -2 -3 -18 -26 -30 -15,5
Prezipitazio-egunak 31 19 18 20 22 19 21 12 24 22 25 30 263

Nahiz eta udalerri laua izan, Finlandiako muino gehien dauden udalerrietako bat da; besteak beste, aipatzekoak dira 1943an Junkers Ju 52 hegazkin alemaniarrak istripulekutzat izan zuen Aakenus muinoa, 504 metroko Kätkä, Kumpu, 613 m dituen eta udalerriko sabaia den Lainio, eta eski-azpiegitura ospetsuenak dauden Levi muinoak. Aipatzekoa da Agnico-Eagle enpresa kanadarrak, 2008. urte bukaeran, Kiistala eta Pokka herrixken artean dagoen Europa osoko urre-meatze handiena ireki zuela. Bertan, meategia 13 urtetan irekirik mantenduko duten 150.000 ontza urre aurkitzea espero dute. Udalerriaren jarduera ekonomikoa berpizteko balio izan duen urre-meatzearen inguruan, gutxi gorabehera 500 bat langile dabiltza [4].

Kumputunturiko basoa.

Aintzira gutxi daude Kittilän eta ur-eremua bere azalera guztiaren %2a baino ez da, 168,19 km²; ur-azalera txikiena duen herrialdeko udalerrietako bat da. Aintzira ezagun eta nagusienak Kelontekemäjärvi eta Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalean dagoen Pallasjärvi dira. Ibai ospetsuenak Aakenusjoki, Kitinen, Loukinen eta Enontekiötik Rovaniemi hiribururaino doan Ounasjoki ibaiak dira. Ur-eremu honetan, urtero milaka arrantzale erakartzen dituzten arrainak bizi dira, hala nola, amuarrain marroiak, izokinak eta laponiako amuarrainak [5].

Faunari dagokienez, animalia artiko batzuk eta uda partean iristen diren hegaztiez gain, ez dago animalia mota ugari klima hotza dela-eta. Uda partean iritsi eta zingiretako intsektuei esker bizirautea lortzen duten hegazti-motek osatzen dute talde ugariena; hala nola, aliota txikiak, arrano beltz eta belatz txikia bezalako harrapariak, bernagorriak, luma dotoreko borrokalariak, elur-berdantzak, hontz gabiraiak, ipar-gailupak, ipar-kaskabeltzak, istingor arruntak, kaskabeltz arruntak, kuliska pikartak, kurlinta bekaindunak, laponiako berdantzak, larre-buztanikarak, marikoi isats-luzeak, mendebal-txori mokomeheak, mendi-eskinosoak, mendi-txontak, mirotz zuriak, mokokerrak, negu-txirtak, negu-txontak, papourdinak, siberiar eskinosoak, txirri hankalaburrak, txirritxo handiak, txoka gorritzak, urre-txirri arruntak, zapelatz galtzadunak, zingira-hontzak eta zozo paparzuriak. Gainera, hamazazpi ur-hegazti espezie desberdin aurkitu daitezke aintziretan, haien artean, ahate gorriztak, ahatebeltzak, ahatebeltz hegalzuriak, beltxarga oihulariak, murgilari handiak, zerra txikiak, eta antzara hankagorriztak, hankahoriak, muturzuriak eta nanoak. Elur-berdantzak, elur-hontzak, eper zuriak, eskandinaviako lagopodoak, kaskabeltz handiak, laponiako kaskabeltzak, okil hiruatzak, txirri lepokodunak eta zapelatz galtzadunak aldiz, bertako negu latzetan bizirautea lortu duten hegazti bakarrak dira [6].

Ugaztunen taldea berriz, altzeek, amerikar bisoiek, azeri gorri eta zuriek, erbinude arrunt eta zuriek, jatun ospetsuek, hartz arreek, igarabek edo urtxakurrek, ipar-katamotzek, lemingek, otsoek, satitsu txikiek, ur-ipurtatsek, ur-satitsu hankazuriek eta elur-orein basati eta etxekotuek (baso elur-oreinak) osatzen dute batik bat. Hauek, udalerriko lau eremu babestuetan gerizatuak daude, Lemmenjoki eta Pallas-Yllästunturi parke nazionaletan, eta Hammastunturi eta Pulju eremu basatietan.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]