Haltz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Haltz
Alnus serrulata (Tag Alder)
Gerba arrak eskuman,
gerba eme helduak ezkerrean
Johnsonville, Hego Carolina
Irudi gehiago
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaFagales
FamiliaBetulaceae
SubfamiliaBetuloideae
Generoa Alnus
Espezieak
20-30 espezie inguru, ikus testua.
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakalder (en) Itzuli

Haltza urkien familiakoa (Betulaceae familiakoa) den landare angiospermoa da, Alnus generoaren izen arrunta. Genero honek 30 espezie inguru ditu munduan zehar, Ipar hemisferioko alde epeletan, borealetan eta subartikoetan hedatuak[1] daudenak eta, Amerikan, Andeetatik hegoalderantz Txileraino ere ailegatzen direnak. Zuhaitz eta zuhaixka monoikoak dira, gehienak tamainuz txikiak izanik.

Gehien ezagutzen den espeziea haltz arrunta edo beltza da (A. glutinosa), Europar jatorrikoa eta ia beste alde guztietan sartuta dagoena. Espezie handiena haltz gorria da (A. rubra), Ipar Amerikako mendebaldeko itsasaldean 35 m-raino hazten dena. Haltz arrunta eta haltz italiarra (A. cordata) biak 30 m-raino heltzen dira. Aldiz, oso hedatuta dagoen haltz orlegia (A. viridis) gutxitan da 5 m-ko zuhaixka bat baino handiagoa.

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alnus, Philip Miller-ek deskribatutako Plantae erreinuaren genero bat da. Spermatophyta dibisiokoa. Dibisio honetan, lur lehorreko landare baskular hazidunak sartzen dira. Angiospermoak dira: euren hazia fruituaren barruan babestuta garatzen dute. Fagales ordenekoa eta Betulaceae familikoa.[2]

Deskripzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Generoa zuhaitz eta zuhaixkek osatzen dute. Azala leuna izaten dute orokorrean, nahiz eta batzuetan enborra ezkatatsua agertzen den zaharragoak diren zuhaitzetan. Alnus generoko landareak, lehen aipatu bezala, landare monoikoak dira, hau da, landare-ale bakoitzak lore ar eta emeak garatzen ditu.

Hostoak erorkorrak dira (iraunkorrak edo ia iraunkorrak espezie gutxi batzuetan), txandakatuak, bakunak, zerratuak eta bihotz-formakoak, berehala erortzen diren estipulez hornituak.

Loreak gerbetan biltzen dira. Gerba arrak luzangak dira eta loreak hiruko taldeetan agertzen dira braktea bakoitzaren galtzarbean; perianto sinpledunak dira. Gerba emeak laburrak dira, eta galtzarbe bakoitzeko bi lore biluzi garatzen dituzte. Loreak askotan hostoak irten baino lehenago garatzen dituzte, polinizazioa errazteko. Gehien bat haizeak polinizatzen ditu, baina, gutxiagotan bada ere, batzuetan erleek ere burutzen dute prozesu hau.

Infruteszentzia oboide edo elipsoidalak sortzen dituzte, estrobiliformeak, braktea lignifikatuekin, 5-lobulatuak edo trunkatuak.[3]

Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Generoa hiru azpigenerotan banatzen da:

Alnus azpigeneroa. Zuhaitzak. Gerba ar eta emeak udazkenean sortuak, ia negu osoan itxita egon eta neguaren amaieran edo udaberriaren hasieran polinizatzen direnak. 15-25 espezie inguru, haien artean:

Clethropsis azpigeneroa. Zuhaitzak edo zuhaixkak. Gerba ar eta emeak udazkenean sortuak eta orduan hedatuak eta polinizatuak. Hiru espezie:

Alnobetula azpigeneroa. Zuhaixkak. Gerba ar eta emeak udaberri berantiarrean sortuak (hostoak agertu eta gero) eta orduan hedatuak eta polinizatuak. Espezie batetik laura:

  • A. viridis - haltz orlegia. Widespread:
  • *A. viridis azpiesp. viridis. Eurasia.
  • *A. viridis azpiesp. maximowiczii (A. maximowiczii). Japonia.
  • *A. viridis azpiesp. crispa (A. crispa). Ipar Amerikako iparra.
  • *A. viridis azpiesp. sinuata (A. sinuata, Sitka-ko haltza). Ipar Amerikako sartaldea, Siberiako ipar-sortalde urruna.

Euskal Herriko espezieak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alnus glutinosa (L.) Gaertn[3][4][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haltz arrunta edo beltza bezala ezagutzen den zuhaitz-espezie kaduzifolioa da. Orokorrean 25m-ak ez dituena garaitzen. Gaztea denean, kono itxurako adaburua izaten du, zuhaitza zahartzean borobiltzen dena. Honen enborra leuna eta grisaxka (edo marroi-grisaxka) da zuhaitz gazteetan, zuhaitza zahartzen den heinean iluntzen eta ezkatatzen dena.

Alnus glutinosa-ren hostoak eta gerba eme heldugabeak

Haren kimuak baita hosto gazteak ere lirdingatsuak dira. Adar ilegabeak ditu orokorrean eta bere hostoak 4-10(14) cm-takoak izaten dira, sinpleak, txandakatuak, peziolodunak, oboideak, birritan serratuak eta 5-8 nerbio-pareekin, hostoaren goikalde leunarekin eta batzuetan iletsuak azpikaldean.

Gerba arrak 37-75mm-tako luzerakoak eta 2-6mm diametrokoak ditu. Infruteszentziak 10-15 mm luze eta 7-12 mm diametrokoak dira, pedunkulatuak, gazteak direnean berdeak eta beltzak helduak direnean. Zuhaitz honen loraldia oso goiz ematen da, neguan.  

Espezie hau eskualde hezeetan hazten da, eta Europan oso hedatuta dago. Orokorrean ibai eta erreken ertzetan aurki dezakegu, edota oso heze diren lurzoruetan. Gainera, lurzoru silizeoan hobeto hazten da kareharrizkoan baino.

Haltza normalean makalekin (Populus sp.), sahatsekin (Salix sp.), lizarrekin (Fraxinus sp.) eta urkiekin (Betula sp.) aurkitzen da. Espezie nagusia denean, haltzadiak deritze zuhaitz hauen basoei. Adibidez Euskal Herrian, Gatikan, Butroi ibaian zehar eta bere ibaiadarretan aurki dezakegu.[5]

Zuhaitz honen enborrak taninoetan aberatsak dira, eta urteetan zehar eztarriko minerako zuhaitz honen enbor zatiekin egindako infusioak erabiliak izan dira. Gainera, taninoak beherakoak kentzeko erabili ahal dira, idorgarriak baitira.

Alnus cordata (Loisel.)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alnus cordata-ren hostoak, eta lore ar eta emeak

Haltz italiar bezala ezagututako zuhaitz-espeziea da. Honen ezaugarrien artean, hauek dira aipagarrienak[3]: 10-15 m-ko zuhaitza, kolore hauskaradun eta leun edo garatxodun azalarekin. Haren kimuak baita hosto gazteak ere lirdingatsuak dira eta 3,5-10cm-tako hosto berde argiak dituzte. Azken hauek kordiformeak eta serrulatuak dira 6-8 nerbio-pareekin.

Infruteszentziak, hasieran berde ilunak direnak, udazkenean heldu egiten dira kolore marroixka hartuz. Negurako, bertan garatu diren hazi hegadunak atera eta sakabanatu egiten dira.

Euskal Herriko beste espezieekin konparatuta, leku lehorragoetan hedatzeko ahalmena du[6]. Gainera lurzoru azidoak oso ondo jasaten ditu, eta baita ere apur batez alkalinoak direnetan hazi daiteke. Hau batez ere eremu mediterraneoetan ematen da, baita Pirinioetan Aragoiko aldean ere.

Alnus incana (L.) Moench[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haltz grisa bizitza nahiko laburreko (gutxi gorabehera 60 urte) 20m-ko altuera maximoa duen zuhaitz ertaina da, kono-formakoa eta nahiko zabala da, azal gris eta leunduna. Orokorrean, haltz arrunta (Alnus glutinosa) baino txikiagoak dira. Enborra zuzena da eta adar nagusiak bihurgunetsuak dira.[7]

Alnus incana-ren hostoak eta gerba emeak

Hosto erorkorrekoa da, eta hostoak horzdunak eta sinpleak edo txandakatuak izan daitezte; batzuetan lobulatuak (gingildunak). Hostoaren goikaldea berde ilun matea da eta azpikaldea gris kolorekoa eta nahiko leuna, ileekin.

Loreak desberdinak dira arra edo emea izatearen arabera, hala ere denak antolatzen dira gerbetan: arrek kolore gorrixka dute eta zintzilik geratzen dira, emeak aldiz zurrunak dira eta tente mantentzen dira. Loraldia neguaren bukaeratik maiatzera arte ematen da. Fruitua kono-formakoa eta zurezkoa da, estrobiliformea.

Bere habitat egokiena ibaiertzetan edo hezetasun handiko guneetan izaten da, baina beste hainbat tokitan hazteko gai izaten da. Beste haltzek baino hobeto jasaten ditu tenperatura oso baxuak, izan ere permafrost zonaldeetan bizi daiteke. Oso azkar hazten da eta hainbat lurzoru motatan hazten da, beraz oso erabilia da birlandaketa guneetan eta biomasa eratzeko.[8]

Ekologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haltzek nitrogenoa lurrean finkatzen duen Frankiella alni aktinobakteriarekin sinbiosia sortzen dute, zuhaitzen sustraietan noduluak eratzen. Nitrogeno atmosferikoa finkatzearen prozesu hau, batez ere argipean izaten da eraginkorragoa, fotosintesia gertatzen delako.[9] Bakterio hauek atmosferako nitrogenoa lurzoruan disolbatu ahal den nitratora bihurtzen dute, lurraren emankortasuna handituz (landareak mantenugai gisa erabiliko baitute lurzoruko nitrogenoa). Honi dela-eta, haltzak haien inguruan hazten diren beste landareentzat onuragarriak dira. Gainera, haltzetatik jausitako hostoetatik humus aberatsa sortzen da.


Sustraiko noduluak. Barruan bakterioak aurkituko dira, anaerobiosian, nitrogenoaren finkapena burutu ahal izateko.


Horrez gain, haltz batzuek Paxillus involutus onddoarekin sinbiosi ektomikorrizikoa eratzen dute, mizelio bakarra eratuz, honek sustraien azalera emendatzen eta patogeno batzuen aurkako babesa ematen dielarik.[10]

Euren gerbak polen-sorburu oso emankorra dira. Ezti-erleek eta Lepidoptera (tximeletak) familiako espezie batzuk hau erabiltzen dute beharrezkoa duten polenaren zati handia lortzeko. Gainera, baso hezeetan bizi direnez (ibaiertzetan orokorrean), itzal handia sortzen dute, ingurunea hoztuz eta baita arrainen biziraupena emendatuz.[5]

Erabilerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haltzak hainbat eratan erabilgarriak izan daitezke gizakiarentzat eta naturaren mantenuarentzat, bai generoko espezie guztiek duten ezaugarriei esker, bai espezie bakoitzaren adierazgarriei esker.

Birlandaketetan oso erabiliak izaten dira, oso zuhaitz sendoak direlako eta, gainera, arin hazten direlako erretako gune eta meategien antzeko toki azido eta kaltetuetan. Esaterako, haltz italiarra oso erabilia da toki lehor eta ez emankorretan. Gainera, lehen aipatu bezala, lurzoruak aberasten dituzte nitrogenoaren finkapenari esker. Biomasa lortzeko ere erabili ahal dira.

Batzuetan bonsaiak egiteko ere erabiltzen dira haltzak, baita gitarra elektrikoen atal nagusia egiteko lehengai bezala erabiltzen da askotan.

Euren zura ezin hobea da egur-ikatza egiteko, gaur egun sukaldaritzan batez ere erabiltzen dena (adibidez, ohikoa da haien zura arrain eta okela keztatua prestatzeko erabiltzea, nahiz eta askotan haritz eta Ipar Amerikako intxaurrenaz ordezkatzen bada ere).

Lehen bolbora ekoizteko edo metal arinak galdatzeko erabiltzen zen.

Medikuntzan eta farmazian garrantzi handia hartu izan du Alnus generoak. Urteetan zehar zuhaitz hauen propietateak zirela-eta, Koreako eta Txinako medikuntza tradizionalean erabiliak izan ziren hainbat espezie, beherakoak, disenteria, sukarra eta hanturazko gaitzak sendatzeko. Orain, ikusi izan da landare hauek onuragarriak diren hainbat konposatu ekoizten dituztela, haien artean diarilheptanoideak, polifenolak, flabonoideak, terpenoideak eta esteroideak. Aktibitate antioxidatzaileak, minbiziaren aurkakoak, antiinflamatorioak, antimikrobianoak eta antibiralak... dituzten konposatuak.[11]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Kubitzki, Klaus, ed. (1993). Flowering Plants · Dicotyledons.  doi:10.1007/978-3-662-02899-5. (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  2. «Classification | USDA PLANTS» plants.usda.gov (Noiz kontsultatua: 2019-03-10).
  3. a b c «Flora Iberica. Plantas vasculares de la Península Ibérica e Islas Baleares» www.floraiberica.es (Noiz kontsultatua: 2019-03-12).
  4. «Ayuntamiento de Gatika - Aliso común (Alnus glutinosa)» www.gatika.net (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  5. a b (Ingelesez) «Árboles Ibéricos - Alnus glutinosa» www.arbolesibericos.es (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  6. «Página Web de la AEFA» editaefa.com (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
  7. [http://www.zonaverde.net/alnusincana.htm «Caracter�sticas y aplicaciones de las plantas»] www.zonaverde.net (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  8. Estreguil, Christine; de Rigo, Daniele; Caudullo, Giovanni. (2014-02). «A proposal for an integrated modelling framework to characterise habitat pattern» Environmental Modelling & Software 52: 176–191.  doi:10.1016/j.envsoft.2013.10.011. ISSN 1364-8152. (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  9. WHEELER, C. T.. (1969-07). «THE DIURNAL FLUCTUATION IN NITROGEN FIXATION IN THE NODULES OF ALNUS GLUTINOSA AND MYRICA GALE» New Phytologist 68 (3): 675–682.  doi:10.1111/j.1469-8137.1969.tb06471.x. ISSN 0028-646X. (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  10. ARNEBRANT, KRISTINA; EK, HANS; FINLAY, ROGER D.; SODERSTROM, BENGT. (1993-06). «Nitrogen translocation between Alnus glutinosa (L.) Gaertn. seedlings inoculated with Frankia sp. and Pinus contorta Doug, ex Loud seedlings connected by a common ectomycorrhizal mycelium» New Phytologist 124 (2): 231–242.  doi:10.1111/j.1469-8137.1993.tb03812.x. ISSN 0028-646X. (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  11. Ren, Xueyang; He, Ting; Chang, Yanli; Zhao, Yicheng; Chen, Xiaoyi; Bai, Shaojuan; Wang, Le; Shen, Meng et al.. (2017-08-21). «The Genus Alnus, A Comprehensive Outline of Its Chemical Constituents and Biological Activities» Molecules : A Journal of Synthetic Chemistry and Natural Product Chemistry 22 (8)  doi:10.3390/molecules22081383. ISSN 1420-3049. PMID 28825681. PMC PMCPMC6152317. (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]