Lankide:Txikillana/Veneziako merkataria (filma)

Wikipedia, Entziklopedia askea


Veneziako Merkataria Shakespeareren izen bereko antzezlanean oinarritutako lehen film luzea da (aurretik egindakoak telebistarako bideo ekoizpenak ziren). Eskatutako maileguari erantzun ezin dion merkatariaren istorioaren baitan, Veneziako kristauen eta Ghetto auzoan baztertutako juduen arteko harreman gatazkatsua islatzen da.[1]


Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Bassanio, Veneziako gazte noblea baina ondasunik gabekoa, Belmonteko alaba Portia eder eta aberatsa konkistatu nahi du. Bere aurrean jaun handi gisa agertzeko 3,000 dukat behar ditu, eta Bassaniok bere lagun Antoniorengana jotzen du, merkatari aberatsa baita. Antonio ados dago, baina esku-dirurik ez du: bere ontziak eta merkantziak itsasoan daude, Tripoli, India, Mexiko eta Ingalaterra artean bidaian. Beraz Bassaniori Ghettoko judu batengana jotzea gomendatzen dio. Shylock izenekoa, harengandik mailegua eskuratzeko, Antonio bermatzaile gisa aurkezten delarik.

Halere, Antonio antisemita ezaguna da, eta aurretik Shylockekin liskarrak izan ditu. Hori dela eta, hasieran Shylockek ez du mailegua eman nahi. Azkenean tratu bat onartzen du: Bassaniori dirua utziko dio, baldintza bakarrarekin: ez badu zehaztutako datan itzultzen, Shylock-ek Antoniori libra bat haragi kenduko dio. Bassaniok ez du nahi Antoniok baldintza arriskutsu hori onartzea; baina honek baietz dio. Dirua eskutan, Bassanio Belmontera doa bere lagun Grazianorekin.

Bitartean, Belmonten, Portiaren esku-eske etorri diren gizonak daude. Bere aitaren testamentuari jarraituz, Portiarekin ezkondu nahi dutenek hiru kutxaren artean aukeratu behar dute: urrezkoa, zilarrezkoa eta berunezkoa. Kutxa egokia aukeratzen duenak, Portia irabaziko du. Marokoko printzeak urrezko kaxa aukeratzen du, bere leloa interpretatuz: "Aukeratzen nauenak gizon askok nahi dutena irabaziko du". Bigarren hautagaiak, Aragoiko Printzeak, zilarrezko kaxa aukeratuko du: "Aukeratzen nauenak merezi duena hartuko du" esaten duelako. Biek huts egiten dute, berunezko kutxa xumea eta bere leloa baztertu dutelako: "Aukeratzen nauenak dena arriskatu behar du". Azken hau aukeratzen du Bassaniok, Portia irabaziz.

Baina Antonioren itsasontziak itsasoan galdu dira, eta merkatariak ezin du fidantza itzuli. Honek, eta Shylock duen mendeku goseak (alabak kristau batekin ihes egin baitio) Antonio Veneziako Duxaren epaimahaiaren aurrera eramaten dute; bihotz ondotik libra bat haragi kenduz hil nahi du, kontratua betearaziz. Belmonten, Bassanio zoriontsuak honen berri ematen duen gutun mingarria jasotzen du; ezkondu eta gero, Portiak diru asko ematen dio Bassaniori eta Veneziara bidaltzen du hura salba dezan. Bitartean, Portia isilpean Paduara doa, bere lehengusu Belario abokatuaren aholkua jasotzera.

Veneziako Duxaren epaitegian, Bassaniok maileguaren zenbatekoa hiru aldiz eskaintzen du Antonio libratzearren; baina Shylockek uko egiten du: bere haragi libra baino ez du nahi. Duxak Antonio salbatu nahi du, baina ezin du kontratua bertan behera utzi eta Paduako Belario abokatuaren laguntza eskatzen du; honek Balthazar izeneko "lege-doktore" gazte bat bidaltzen du bere ordez: Portia da, mozorrotuta. Balthazar/Portiak behin eta berriz errukia eskatzen dio Shylocki, baina honek ez du amore ematen. Aukera guztiak agortuta, labanarekin Antonioren haragia kentzen doan unean, Portiak zehaztapen bat egiten du: kontratuak aukera ematen dio Shylock-i Antonio-ren haragia hartzeko, baina justu libra bat; ez gehiago, ez gutxiago. Gainera, ezin du odolik isuri; Antoniok odol tanta bakarra galduko balu, Shylockek bere lur eta ondasun guztiak galduko lituzke. Etsia harturik, Shylockek haragi libra utzita Bassanioren dirua hartu nahi du. Baina Portiak ez du onartzen: horretarako aukera galdu duela esanez. Gainera, Veneziako lege batek gogor zigortzen ditu bere hiritar bati bizia kentzen saiatu diren arrotzak, bere ondasun guztiak kenduz (erdia estatuarentzat, eta erdia kaltetutako hiritarrarentzat) eta bere bizia Duxaren erabakiaren menpe utziz. Duxak Shylocken bizitza barkatzen du, eta Antoniok bere zatia Shylocken alabarentzat eta haren senar kristauarentzat gordetzea erabakitzen du; baina Shylock kristau bihurtzearen baldintzarekin.

Bassaniok ez du bere emazte mozorrotua ezagutu, eta ustezko abokatuari Shylockek hartu ez duen diru guztia eskaintzen dio. Hasieran ezetz dio, baina insistitzen duenez, Antoniori bere eskularruak eskatzen dizkio, eta Bassaniori emazteak emaniko eraztuna. Antoniok eskularruak gustura ematen dizkio, baina Bassaniok ez dio eraztuna eman nahi, emazteari betirako gordetzea agindua baitio; baina Antoniok asko insistitu eta gero, ematen dio. Belmonten bueltan, eraztun-emate honen kontura sesioa dute, Portiak gertatutakoaren egia kontatzea erabakitzen duen arte.

Filma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fitxa teknikoa:

  • Zuzendaria: Michael Radford.
  • Ekoizlea: Edwige Fenech, Michael Cowan.
  • Gidoia: William Shakespeare, Michael Radford.
  • Musika: Jocelyn Pook.
  • Argazkia: Benoît Delhomme.
  • Muntaia: Lucia Zucchetti.
  • Eskenografia: Bruno Rubeo.
  • Jantziak: Sammy Sheldon.
  • Antzezleak: Al Pacino, Jeremy Irons, Joseph Fiennes, Lynn Collins, Zuleikha Robinson, Kris Marshall, Charlie Cox.

Erresuma Batua , Italia eta Luxenburgo arteko koprodukzioa da. Filmak balorazio positiboak jaso zituen.[2] Kritikari gehienek Michael Radforden eta Al Pacinoren lana goraipatu zuten, baita Veneziako kaleen itxura iluna eta errealista ere.[3]

Pelikula honek gatazka egoera baten konponketan gerta daitezkeen ñabardura, errebuelta eta ustekabeak erakusten ditu. Euskal gatazkarekin lotura xelebrea du gainera: Espainiako Gobernuak eta ETAk 2005ean izandako elkarrizketetan, pelikula honek Jesus Egigurenen interesa piztu baitzuen; eta Genevan lau-bost bider jarraian ikusi zuen, etakideekin mantentzen ari zen negoziaziora begira.[4]

Shakespeareren antzezlana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zine egokitzapen honek Shakespeareren testua jarraitzen duen arren, hainbat pasarte falta dira.[5]

William Shakespearek 1600ean argitaratu zuen The Merchant of Venice, eta bere obra nagusienetakotzat hartzen da.[6] Berez komedia moduan klasifikatu ohi bada ere, antzezlana ezagunagoa da bere pasarte dramatikoengatik. Monologo batzuk oso famatuak dira:

  • "Hath not a jew eyes?" esanez Shylockek hasten duena, juduek jasaten duten zapalkuntza eta bazterkeria salatuz.
  • "The quality of mercy", Portia/Balthazarrek azken epaiketan, Shylock bigundu nahian dabilela, gupidaren bertuteak goraipatuz egiten duena.

Antzezlanak lehenago ezagunak ziren zenbait elementu erabiltzen ditu: lagun baten bermatzaile gisa aterata, bere burua heriotza arriskuan jartzen duen pertsonaren ipuina ezaguna zen XVI mendeko Ingalaterran.[7] Bestalde, Portiaren eskua lortzeko kutxen artean aukeratu behar dutenen istorioa, merkatariak ordaindu behar duen "libera bat haragia", haren salbamendua abokatuz mozorrotutako emaztearen eskutik, eta eraztunaren eskaria, denak Giovanni Fiorentinoren Il Pecorone izeneko istorioan agertzen dira, XIII mendekoa, baina 1558an argitaratua.[6] Epaiketaren zenbait elementu Alexandre Sylvaneren The Orator idazlanean ere agertzen dira, 1596an argitaratua.[7] Azkenik, hiru kutxen istorioa Gesta Romanorum XIII mendeko ipuin bilduman ere aurki daiteke.[8]

Izenburuak Antonio merkatariari egiten dio erreferentzia; ez pertsonai nagusiari (diru mailegua eman duen Shylock judua). Azken hau baita pertsonaia nabarmenena, mendeetan zehar zeresan handia eman duena, eta aktore ospetsuenek antzeztu dutena. Esaten denez, Shylock da Shakespeareren lehen heroi tragiko handia.[9] XIX mende hasierara arte Shylock karikatura higuingarri bezala antzeztu ohi zen - Europan juduekiko nagusi zen sentimendua islatuz-, baina ordutik aurrera Shakespeareren idazlanean dagoen anbiguitatea gehiago landu zen; horretara, pertsonai gaiztoa izateari utzi gabe, bere jarreraren arrazoiak ere nabarmentzen hasi ziren.[6]

Bassanio eta Antonioren arteko harremanak, berriz, zeresan handia eman du, pasarte batzuetan erakusten duten homosexualitate adierazpenengatik.[10][11]

The Merchant of Venice euskarara itzulita dago, Bedita Larrakoetxearen eskutik,[12] Shakespeareren obra osoarekin batera.[13]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «William Shakespeare's Merchant of Venice» web.archive.org 2010-12-06 (Noiz kontsultatua: 2019-02-21).
  2. (Ingelesez) William Shakespeare's The Merchant of Venice (2004). (Noiz kontsultatua: 2019-02-22).
  3. (Ingelesez) «Analyzing Radford's 2004 Merchant of Venice Court Scene» The Gemsbok 2015-11-05 (Noiz kontsultatua: 2019-02-22).
  4. (Ingelesez) Berria.eus. «Ibilbide baten epilogoa» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-02-22).
  5. «Merchant of Venice: Entire Play» shakespeare.mit.edu (Noiz kontsultatua: 2019-02-22).
  6. a b c (Ingelesez) Bloom, Harold; Bloom, Sterling Professor of the Humanities Harold. (2009). William Shakespeare: Comedies. Infobase Publishing ISBN 9781604136319. (Noiz kontsultatua: 2019-02-21).
  7. a b Kenneth., Muir,. Shakespeare's sources : comedies and tragedies. ISBN 9781315018232. PMC 868972492. (Noiz kontsultatua: 2019-02-21).
  8. 1564-1616., Shakespeare, William,. (2010). The merchant of Venice. Arden Shakespeare ISBN 9781903436806. PMC 703849473. (Noiz kontsultatua: 2019-02-21).
  9. (Ingelesez) «Analyzing Radford's 2004 Merchant of Venice Court Scene» The Gemsbok 2015-11-05 (Noiz kontsultatua: 2019-02-21).
  10. William Shakespeare's The merchant of Venice. (New ed. argitaraldia) Bloom's Literary Criticism 2010 ISBN 9781604138856. PMC 460053628. (Noiz kontsultatua: 2019-02-21).
  11. Reuters. Was the Merchant of Venice gay?. .
  12. Larrakoetxea, Bedita. «Komediak-B; William Shakespeare» https://euskerazaintza.org/.
  13. «Bedita Larrakoetxea eta Shakespeare» 31 eskutik 2015-02-16 (Noiz kontsultatua: 2019-02-22).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

[[Kategoria:Juduei eta judaismoari buruzko filmak]] [[Kategoria:Ingelesezko filmak]] [[Kategoria:Italiako filmak]] [[Kategoria:Erresuma Batuko filmak]] [[Kategoria:2004ko filmak]] [[Kategoria:Pages with unreviewed translations]]