Lehen mundu mapak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lehen Mundu mapak» orritik birbideratua)

Lehen mundu mapak gizakiak Lurraren geografia bere osotasunean deskribatzeko asmoz sortu zituen lehen mapak dira. Ezagunak diren lehen mundu mapak antzinaro klasikoan izan ziren eginak. Izan ere, lurraren izaera esferikoa suposatuz eginiko mapak garai helenistikoan azaltzen dira lehen aldiz, aurretik egindako guztiak lur lauaren paradigman osatuak izan zirelarik. Greziar geografiaren aurrerapenek Erromatar garaian gailendu ziren, Klaudio Ptolomeoren mundu maparekin (k.o. II mendea), zeinak nagusi izaten jarraitu zuen Erdi Aroan zehar.

Ptolomeoren ondoren, Lurraren tamainaren gutxi gorabeherako ezagutzak kartografoen jakintzaren hedadura zenbatesteko balio izan zuen. Gainera, oraindik esploratuak izan ez ziren planetaren zenbait zatiren existentzia ondorioztatu zuten, terra incognita. XV. eta XVIII. mendeen artean kokaturiko Esplorazioaren Aroan mundu mapen zehaztasuna gero eta handiagoa zen. Azkenik, Antartika, Australia eta Afrika barnealdeko esplorazioak XIX. eta XX. mendean burutu zituzten mendebaldeko kartografoek.  

Antzinaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Babiloniar Imago Mundi (k.a. VI mendea)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Babiloniar Imago Mundia

Imago Mundi gisa ezaguna den mapa babiloniarra kristo aurreko VI. mendean kokatu ohi da. Echard Ungerrek berreraikitako mapak honakoa irudikatzen du: Babilonia Eufratesen, lur azalera zirkular batez inguratua, bertan Assiria, Urartu eta hainbat hiri agertzen direlarik, “erreka mikatzak” (ozeanoak), triangelu eta izar formez adierazita dauden zortzi eskualde periferikorekin batera.

Ageri den testuak zazpi bereko distantzia aipatzen du eskualde horien artean. Horietariko bosten deskribapenak soilik iraun du[1]. Hirugarrenean, “hegodun txoriak ez du bere hegaldia amaitzen”; laugarrenean, ipar ekialdean, “argia eguzki-sarrera baino indartsuagoa da”; bosgarrenean, iparraldean, “ez da ezer ikusten” eta “eguzkia ezin da ikusi”; seigarrenean “zezen adardunak etorri berriak erasotzen ditu”; zazpigarrenean, ekialdean “egunsentia dator”.

Anaximandroren mapa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anaximandrori (k.a. 610-546) egozten zaio lehenetariko mundu mapa sortu izana[2]. Horrek, forma zirkularra du, eta Egeo itsasoaren inguruan biltzen ditu lurralde ezagunak. Inguru osoan zehar ozeanoa dago.

Erastotenesen maparen berreraikuntza

Eratostenesen mapa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eratostenesek (k.a. 276 - 194) mundu mapa hobetu bat marraztu zuen, Alexandro Handiaren eta bere ondorengoen kanpainetako informazioa gehituz. Asia handitu zuen, kontinentearen benetako tamainiaren ulerkera berriaren erakusle. Erastotenes izan zen irudikapen kartografikoetan paraleloak eta meridianoak txertatu zituen lehen mapagilea, munduaren izaera esferikoaren ulerkera zuela argi geratzen delarik.

Posidonioren mapa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apameiako Posidonio erromatar munduan zehar eta haratago bidaiatu zuen filosofo greziar estoiko bat izan zen[3], jakintza arlo desberdin asko garatu zituena. Bere “ozeanoa eta inguruko eremuen inguruan” lana geografia orokorraren inguruko azalpen bat da; bertan, indar guztien elkar eragina azaltzen du, gizakion bizitzara ere hedatzen dena. Kanope izarraren kokapenean oinarrituz Lurraren zirkunferentzia neurtu zuen: 240000 stadioko neurria (39.000 km)[4] egiazko neurrira aski gerturatzen delarik (40,074km).

Ponponioren maparen 1898ko berreraikuntza

Ponponio Melaren mapa (k.a 43)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pomponio berezia da antzinaroko beste geografoekiko, lurra bost zatitan banatuta adierazi baitzuen, soilik horietako bi izanik habitagarri, eta antiktonoen (antipodetako biztanleak) existenzia baieztatu zuelako. Asia, Europa eta Afrika arteko banaketa eta mugetan Eratostenesengana jotzen du; antzinaro klasikoko geografo ia guztiek bezala Kaspiar itsasoa iparraldeko ozeanoaren sarreratzat du, hegoaldean Persiarrarekin (pertsiar golkoa) eta Arabiarrarekin (itsaso gorria) bat egiten duelarik.

Ptolomeo (k.o. 140) [5][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Geografia (Ptolomeo)»
Nicolaus Germanuren 1467ko mapa latinoa, Ptolomeoren bigarren proiekzioan oinarritua, mendebaldean ezagutu zen lehena.

Geografia edo Munduko Atlasa (jatorrizko antzinako grezieraz: Γεωγραφικὴ ὑφήγησις) II. mendean Klaudio Ptolomeo greziar geografoaren idazlana da, II. mendeko geografia jakintza guztia azaltzen duena. Zortzi liburutan banatutako hiru zatiz osatua dago.

Lehenbiziko liburuko aurreneko zatian, hitzaurre edo sarrera modukoan, kartografia lanak eta proiekzioak burutzeko metodologia ezartzen da. Zazpigarren liburuko bigarren zatian, ekumene edo mundu ezaguneko 5000 bat lekuren katalogatzea burutzen da. Latitudeak nahiko zehatzak diren bitartean, longitudeetan Ptolomeok akatsak egin zituen, kalkuluak gauzatzeko unean Lurraren benetako neurriak erabili beharrean, garai hartako ustezko neurri askoz ere txikiagoak erabili baitzituen; hots, benetako neurrietatik hurbilago zeuden eta bere maisu Eratostenesen datuetan oinarritu beharrean, Posidonio eta Marino Tirokoaren kalkuluetan oinarritu zen. Azken liburuaren amaierako zatian mundu ezaguneko 27 mapa gehitu zituen.

Peutingerren taula [6][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Peutingerren taula»

Peutingerren taula (latinez: Tabula Peutingeriana) Erromatar Inperioaren errepide sarea adierazten duen eskuizkribu bat da. Viena hirian dagoen Austriako Liburutegi Nazionalan ikusgai dago. Jatorrizko mapa IV. mendetik aurrera marraztu zen, 328an sortutako Konstantinopla hiria agertzen baita, baina gaur egungoak haren kopiak besterik ez dira. Europaz gain, Iparraldeko Afrika eta Asiaren zati bat (India) agertzen dira. Izena XV-XVI. mendeko Konrad Peutinger alemaniar diplomatikariari zor dio.

Peutingerren taula, Iberiako mendebaldetik hasi eta Indiako ekialdera arte.

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liebanako Beatoren maparen kopia
Al-Idrisiren Tabula Rogeriana-ren alderantzikatzea (1154)

Liebanako Beatoren mapamundia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liebanako Beato (730-798) espainiar monje eta teologoa izan zen. 776an argitaratua izan zen Apokalipsiari Iruzkina idatzi izanagatik da ezaguna gaur egun. Iruzkin horretan mapamundi bat ere ageri zen. Eskuizkribu originalak eta mapak iraun ez duten arren, maparen kopia batzuk gelditu ziren eskuizkribu batzuetan. Mapa Ptolomeoren mundu ikuspegian dago oinarritua, baina ez du soilik izaera geografikoa. Izan ere, Apostolu bakoitzak egindako misio lana grafikoki kokatzea zen helburua.

Al-Idrisiren Tabula Rogeriana, 1154[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Al-Idrisi geografo arabiarraren mapak merkatari eta esploratzaile arabiarrek afrika eta indiar ozeanoaren inguruan bildutako jakintzak erantsi zituen. Horrela, ordura arteko mapa zehatzenetarikoa bilakatu zen. Aipagarria da Ipar Poloa maparen behekaldean ageri dela.

Vinlandiaren Mapa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hereford mapamundia (1300)
Kangnido Mapa (1402)

Vinlandiaren mapa XII. mendeko mapa original baten XV. mendeko kopia bat da, ziurrenik. Honakoan datza bere garrantzia: Afrika, Asia eta Europa erakusteaz gain, Vinlandia deituriko lur eremu bat ageri da, Ozeano Atrantikoan. Lur horretara XI. mendean iritsi zela adierazten du gainera; batzuen arabera esploratzaile bikingoek Cristobal Colonek baino lehenago Mundu Berria deskubritu zutela frogatzen duelarik. Hala ere, maparen egiazkotasuna oraindik eztabaidatua da.  

Hereforden mapamundia, 1300[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hereforden mapamundia T-a O-an motako mapa bat da, 1300. urte ingurukoa. Lafford edo Holdinghameko Richard deituriko geografoak sinatua dago. 158x133 zentimentroko pergamino orri bakar batean dago marraztua, tinta beltzez dago egina, kolore gorria, urre kolorea, urdina, edota berdea gehitu zizkiolarik ura adierazteko.

Kangnido Mapa, 1402[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kangnido mapa («herrialde eta hirien mapa historikoa») Korean burutu zuten material Txinatarrekin Gim Sa-hyeong (김사형:金士衡), Li Mu (이무:李茂) eta Li Hoi-k (이회), 1402 urtean. Mundu Zaharra deskribatzen du osotasunean: mendebaldean Europa eta Afrikatik, ekialdean Japoniara arte, erdialdean Txina handiegi bat agertzen delarik. Europearren lehen esplorazio bidaiak eta Zheng He almirante txinatarrararen bidai ezagunak baino lehen egin zuten; ezagutza geografiko sakonaren eta esplorazio kanpainia aurretikoen adierazle.

De Virgaren mapamundia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ptolomeoren lehen proiekzioan oinarrituriko Biancoren Mapamundia

De Virgaren mapamundia Albertino de Virgak egin zuen 1411 eta 1415 urteen artean. Veneziarra 1409an egindako mediterraneoaren mapa bat egin izanagatik ere da ezaguna. Bere mapamundia zirkularra da, pergamino zati bakar batean (69,9x44cm) marraztua. Mapaz gain egutegi bat eta bi taula ageri diren hedapen bat du.

Biancoren Mapamundia, 1436[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Borgia mapa

Andrea Biancoren 1436ko atlasa hamar pergamino orriz dago osatua, 29x39 zentrimetoko neurria du, eta XVIII. mendean izan zen kuadernatua. Lehen orrian Marteloioren Erregelaren deskribapena ageri da norabidea kalkulatzeko, zirkulua eta karratuarekin, bi taula eta beste bi diagramarekin. Hurrengo zortzi orriek zenbait itsas-eskutitzez daude osatuak. Bederatzigarrenean ageri da mapamundia, 25 zentrimetoko zirkuferentzia duena. Azken orrian Ptolomeoren lehen proiekzioan oinarrituriko mapamundi bat dago. Uste baten arabera, Biancoren mapak Floridako kostaldea fidelki irudikatzen duten lehenak dira  (Florida Antillia izendaturiko irla handi bateko penintsula gisa ageri da).

Borgia mundu mapa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Borgia mapa metalezko plater batean izan zen grabatua XV. mende hasieran, apaingarri gisa.

1492tik aurrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan de la Cosaren mapa 1500[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Juan de la Cosaren mapa»
Juan de la Cosaren mapa, iparraldea goikaldean. (1500)

Juan de la Cosaren mapa pergaminoan izan zen margotua, eta 93x183 zentimetroko neurria du. Inskripzio baten arabera Juan de la Cosa itsasgizon kantabriarrak egin zuen 1500 urtean, Kadizeko Santa Maria portuan. Ageri diren apainduren aberastasunak kontuan edukita ondoriozta daiteke Errege Katolikoen gorteko kide boteretsu baten enkarguz izan zela egina. Gaur egun Madrileko Itsas Museoan ikusi daiteke.

Cantinoren Planisferioa (1502)

Cantinoren Planisferioa, 1502[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cantinoren planisferio edo mapamundia, portugaldarren aurkikuntzak irudikatzen dituen maparik zaharrena da. Alberto Cantinorengandik jasotzen du izena, Ferrarako dukearen agente zena. Mapa aipagarria da Brasileko kostaldeko zati bat ageri delako, Pedri Alvares Cabralek ustekabean aurkitu zuena, eta Gonçalo Cohelok eta Americo Vespuciok esploratuko zutena ondoren, irla bat zela uste zelarik[7].

Piri Reisen maparen zatia (1513)

Piri Reisen mapa, 1513[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Piri Reis almirante eta kartografo otomanoak egin zuen mapa ezagun honetan mundu premodernoa ageri da. Europa mendebaldeko eta Iparraldeko kostaldeak zehaztasun handiz azaltzen dira; Brasileko kostaldea ere ezagugarri ageri da; atlantikoko zenbait irla ageri dira, azore irlak, kanariar irlak eta Antilla irla mitikoa barne. Gainera, aipagarria da lur masa austral bat irudikatzen duela, Antartidaren existentziaren kontzientzia zahar baten ebidentziatzat ulertua izan dena.

Mercatorren mapa, 1569[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mercatorren Nova et Aucta Orbis Terrae Descriptio (1569)

Mercatorrek lurrazal esferikoa irudikatu nahi zuen gainazal zilindriko batean, zeinak zabaltzean lurraren mapa lau bat osatzen duen. Lehen mapa honek 202x124 zentimetroko neurria du eta Flandesen izan zen inprimatua.

Nicolaes Visscherren mapa, 1658[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nicolaes Visscherren Orbis Terrarum Nova et Accuratissima Tabula izeneko mapa hemisferio bikoitzeko grabatua da, 1658an Amsterdamen egina. Hego eta ipar poloetako proiekzio txikiagoak ere ageri dira. Ertz osoa eszena mitologikoz dago apaindua eskina bakoitzean, bertan Zeus, Neptuno, Persefone eta Demeter ageri direlarik. Marrazki hauek Nicolaes Berchemek egin zituen, eta herbereetako mapa apainduen aurrekari dira[8].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Irving, Finel. (1995). A join to the map of the world: A notable discover.. , 26–27. or..
  2. «Time Chart of Ancient Cartography» www.henry-davis.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  3. (Ingelesez) «Poseidonius | Greek philosopher» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  4. (Ingelesez) Brown, Lloyd Arnold. (1979-01-01). The Story of Maps. Courier Corporation ISBN 978-0-486-23873-9. (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  5. Geografia (Ptolomeo). 2019-12-13 (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  6. Peutingerren taula. 2019-12-14 (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  7. «Carta a El Rei D. Manuel (ortografia original) - Wikisource» pt.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  8. (Ingelesez) «VISSCHER, Nicolaes (1618-1679). Orbis Terrarum Nova et Accuratissima Tabula. Amsterdam: 1658.» www.christies.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).

Kanpo Estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nicolaes Visscherren Orbis Terrarum Nova et Accuratisima Tabula, (1569)