Ligur

Wikipedia(e)tik
Liguriar» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Ligurak[1] (antzinako grezieraz: Λιγυες, latinez: Ligures < *Liguses) Europako herri protohistoriko bat izan ziren. Gaur egungo Frantziako hego-ekialdean eta Italiako ipar-mendebaldean bizi ziren. Ziur asko Mendebaldeko Mediterraneoko talde kultural neolitikoan sustraitua, oraindik ez dago argi herri aurreindoeuropar bat ala zelten eta latindarren aurretik iritsitako migrazio bateko herri indoeuroparra ziren. Toponimian eta arkeologian euren hizkuntzaren ustezko aztarnak geratzen dira.

Gaur egun ere izen bera erabiltzen da Liguriako eskualdearen herritarrak izendatzeko.

Etnonimoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plutarkoren arabera, euren buruari Ambrōnes deitzen zioten, "uretako herria" esan nahiko zuena (Europa iparraldeko beste herri bat bezala). Ligur hitza ziur asko greziar jatorrikoa da. XX. mendeko historialariren batzuk izen horretan Anatoliako herri baten izenaren transposizioa estimatu dute. Nino Lambogliak, *liga izango litzatekeen erro indigena baten existentziaren hipotesia proposatu du, bere esanahia padura edo uharka izango litzatekeelarik. Camille Jullianek, Pascal Arnaudek eta Dominique Garciak hitza grezierazko lygies hitzetik datorrela iradoki dute, "oso altua, toki esekia" esan nahiko lukeena. Hipotesi honen arabera, beraz, ligur hitzak "goragokoa" esan nahiko luke.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Regio IX Liguria, Augustoren agintaldian.

Ligurak bizi ziren lurraldeak nekazaritza eta nabigazioa K. a. VI. milurtekoa eta K. a. V. milurtekoa bitartean Mendebaldeko Mediterraneoan hedatu zen Zeramika Kardialaren kulturaren bidez ezagutu zituen. Ligurak herri aurreindoeuropartzat hartuz gero, K. a. IV. milurtekoan euren arbasoek Chassey-Cortaillod-La Lagozza multzo kultural aberatsean parte hartu zuten, denbora batez Frantziako hegoekialdea, Suitza mendebaldea eta Italia iparraldea kulturalki elkartu zituena, jarraian talde txikiagotan banatzeko. K. a. XIII. mendeko indoeuropar inbasioek euren lurraldearen zati bat konkistatu zuten, ligurak azpialpetar eskualdean isolatuz (egungo Proventza eta Ligurian). Beranduago erromatartuak izan ziren.

K. a. VIII. mende inguruan jaio zen Hesiodok idatzitako Katalogoak laneko testu baten zatiak, Estrabonek aipatua, ligurak herri barbaroen hiru talde handien artean aipatzen ditu, etiopiar eta eszitekin batera.

Testu honen interpretaziorik ohikoenaren arabera, ligurek, garai hartan, greziarrek ezagutzen zuten munduaren mendebaldeko zatia kontrolatzen zuten. Zati hau baliozkotzat hartu dute H. A. de Jubainvillek, Camille Jullianek, edo, berrikiago, baita G. Barruolek, G. Colonnak edo F. M. Gambarik ere. Hala ere, gaur egun sarri faltsutzat jotzen da, liguriarren ordez libiarrak aipatzen dituen K. a. III. mendeko papiro egiptoar bat aurkitu bait da. Papiroak agian transkripzio akats bat duela uste da.

Rufo Festo Avienok, ziur asko marsellar jatorrikoa eta K. a. VI. mendean dataturik dagoen antzinako bidaia kontakizun baten latinerako bere itzulpenean, ligurak antzina Ipar Itsasoraino hedatu zirela dio, zeltek Alpeetaraino kanporatu edo asimilatuak izan ziren arte. Avienok, gainera, ligur eta iberiarren arteko muga Agde herrian jartzen du.

Esteban Bizantziokoak Hekateo Miletokoaren Europa liburutik aipatzen dituen zatien arabera K. a. VI. mendearen amaieran Marsella hiri ligur bezala eta elisiarrak tribu ligur bat bezala aurkezten zituen.

Sasi-Eszilaxen Bidaia lanak, K. a. VI. mendearen amaiera eta K. a. IV. mendea bitartean idatzia izan zena, honako azalpenak ematen ditu:

« III. Ligurak eta iberiarrak. Iberiarren ondoren, ligurak eta iberiarrak bizi dira nahastuak Rodanoraino. Ampuriesetik Rodanorainoko nabigazioa bi egun eta gau batekoa zen.

IV. Ligurak. Rodanotik haratuago ligurak jarraituz Antioneraino. Eskualde honetan dago Massalia hiri erromatarra bere portuarekin.

 »

Sasi-Scymnosek, K. a. IV. mendeko iturrietan oinarritua, Liguria Emporion eta tirreniarrak bizi ziren lurraldearen arteko kostaldeko eskualde bat bezala deskribatzen du. Zeltak Mendebaldeko herririk handiena zirela ere aipatzen du.

Aristotelesek (K. a. IV. mendea) Rodano ibaiaren lurpeko ibilgua Bellegarde-sur-Valserine herrian kokatzen du, Ligurian. Herodotoren arabera, liguren Mendebaldeko Mediterraneoa kontrolatzen zuten.

Egile latindarrek Frantzia eta Italiako Alpeetan topatu zituzten, baita Apeninoen ipar-mendebaldean ere. Lurralde askoz handiago bat ere hartu zutela diote: Italian (Piamonte, Toskana, Unbria eta Lazio) mendebalderantz Languedoc eta baita agian Iberiar penintsula ere.

Erromatar Errepublika oso modu gatazkatsuan hasi zen liguriarrekin harremanetan Lehen Gerra Punikoaren eta Galia Zisalpinan ezarri ondoren. Luzio Anneo Floro historialari erromatarrak hala deskribatzen ditu erromatarrek borrokatzen zuten herria liguriarren gerran zehar (K. a. 239-K. a. 173)

« Ligurak, Alpeen barrenean akuartelatuak, Var eta Magra ibaien artean, eta sastraken artean ezkutatuak, aurkitzen garaitzen baino zailagoak ziren. Gudu zelaitik euren erretretek ematen zieten segurtasunarekin eta ihes egiterakoan zuten lastertasunarekin, arraza nekaezin eta abil hau, gerlaria baino gehiago bidelapurra zen. Azkenik, Quinto Fulvio Flakok euren gordelekuak sute handiekin inguratu zituen; Luzio Bebio Divitek lautadara jeitsiarazi zituen eta Postumiok erabat armagabetu zituen, soilik lurra ereiteko balio zuten burdinazko tresnekin utziz. Luzio Anneo Floro, Erromatar Historiaren Bilketa  »

Tito Liviok K. a. 189an ligurek Hispanian errenditu zen Luzio Bebioren legioaren aurka garaipen militar bat lortu zutela dio.

Salustiok eta Plutarkok Iugurtaren Gerran zehar (K. a. 112-K. a. 105) eta Zinbriar Gerran zehar (K. a. 104-K. a. 101) ligurek erromatar armadaren tropa laguntzaile bezala zerbitzatu zutela diote. Azken gatazka honetan zehar paper garrantzitsu bat izan zuten Aquae Sextiaeko Guduan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ligur Aldatu lotura Wikidatan