Oharra:Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.
Lapurdiko deportazioa (1794). Konbentzioaren herri ordezkariek hainbat herritako biztanle ugariren deportazioa agindu zuten bizilekutik 20 legoatara gutxienez, Landetara, eta urrunago.
Frantziako iraultza eta gero 1793ko Konbentzioaren Gerrara joan behar izan zuten euskaldun asko. Beste askok desertatu zuten edo Landetara deportatuak izan ziren. Desertoreen baserri eta etxe asko konfiskatuak izan ziren. Gerrak aldaketa sakon eta bortitzak eragin zituen Euskal Herrian, izua zabalduz eta 1790an hasitako errealitate instituzionalaren aldaketa finkatuz: berretsi egin zuen ordu arteko foru sistemaren amaiera Ipar Euskal Herrian.
1795ean gerra bukatutakoan, gudu-zelaian, deportazio eremuetan edo exilioan egon zirenek etxerako bidea hartu zuten. Herrira arribatzean, haietarik ainitzek, beren etxe eta lurrak okupatuak, kixkaliak edo barreatuak atzeman dituzte.[2][6]
Lurbintto aldean (Ezpeleta, Itsasu, Larresoro edo Kanbo inguruak) soldadu ohi zonbait, gerlak eman zien esperientziaz (eta armez) horniturik, deportatu eta erbesteratu ohi batzuekin elkartu ziren, eta mendeku gosez zegoen talde antolatu bat osatu zuten. Talde horren istorioa kontatzen du komikiak.[2][6]
Bi urtez, Lapurdi ekialde horretan zenbaitetan konfiskatutako etxeen jabe berriak mehatxatzen zituzten gerra aurreko jabeei etxea itzultzeko, beste batzuetan kabalak ebatsi, belarrak ere... denbora behar zen gerrako zauriak ongi ixteko.[2][6]
Deportaziora, erbestera edo gerlara igorri zituztenak jazarri zituzten, haien etxeetan ebatsiz eta egitate bortitzak burutuz. Lurbintto deritzon eremuan zuten beren gordelekua...[2] Azkenean harrapatuak izan ziren eta Frantziako epaileen aitzinera eramanak.[6]
Ipar Euskal Herriko historian kokatutako “western” bat dela esan daiteke.[1]
Adurrek, Bertsolari aldizkariko kolaboratzaile izan zen garaian, behin Xabier Kaltzakortaren artikulu batean Lurbinttoko Ohoinak izenburuko bertso batzuekin topo egin zuen. Artikuluan Kaltzakortak aztertzen zituen urkaberako bidean edo kartzelan zaudenen bertsoak.[7][8]
Hortik sortu zituen Adurrek Lurbinttoko ohoinen artikulua, Bertsolari aldizkariko komikien atalean bertso horiek ilustratu zituen.[9][7] Artikuluan Kaltzakortak erraten zuen ez zekiela istorio asmatua ote zen eta ez zekiela kokatzen testuinguru historikoan.Orduan hasi zen Adurren ikerketa. Adurrek Lurbintto toponomotik hasi zen hariari tiraka eta euskara aldetik, Lapurdi barnekaldean kokatu ahal izan zuen. Azkenean atzeman zuen Itsasuko Lurbintto eremu hori. Eta bai, han gertatu ziren garaian ezagunak izan ziren bertsoak, baina geroztik ahaztuak izan ziren ekintza batzuk.[1]
Azantza zahar pilotaria, Piarres Sohrondo. Bere senide batzuk Frantziako Iraultzarenla Terreur garaian erailak izan ziren. Bere arerio nagusia zen Perkainen aurka Tolosan jokatu zuen,[11] Espainiako erregeak sorturiko "nafar tertzioetan" aritu zen eta kapitain gradura heldu zela dirudi. Epaiketa haietatik ihes egitea lortu zuen eta Kanboko Azantza etxean hil omen zen.[2]
Azantza gazte pilotaria, Peio Sohrondo. Euskal Herri osoan plazarik plaza pilotan eta laxoan, batez ere, ibili ondotik Kanbora sartu zen.
Perkain pilotaria, Xan Inda. Euskal pilotaren historian ezagun izan den pilotaririk ospetsuenetakoa eta historian aipatu lehenengoetarikoa da.
Jean Pierre Mendiri. Frantsestadaren garaian, euskalduna izanik, Napoleon BonapartekIruñeko Polizia Militarraren buru izendatu zuen 1810retik 1812ra. Bertan burutu zituen ankerkeriak direla kausa, "Mendiri badator!" oihukatuz izuarazten dituzte iruindarrek beren haurrak orduz geroztik.
Beñat Agerre. Lurbinttoko ohoinen epaiketa bukatu aitzin hil zen 1797ko martxoaren 28an Kanboko "Agerrenia" etxean. Gaur egun "Hôtel Bellevue" izenaz ezaguna.
Garaxtegi. Deportazioaren gauzatzean arduratu zen ofizialik krudelenetako bat izan zen. Horren adierazgarri, 1813an Senpereko Oihako zubian (egun desagertua) ingeles soldaduek hil zutenean, haren gorpuak egun anitz eman zituen lekuan berean nehork lur eman nahi ez ziolako.
Piarres Iritziti. Euskara-itzultzailea Paueko epaitegian. Lan-karga handia izan zuen euskaldunen epaiketaten . Geroxeago ere, 1828an, Pierre Topet Etxahun koblakari famatuaren kontrako epaiketan ere itzultzaile lanetan aritu zen.