Foruen amaiera Ipar Euskal Herrian

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Foruen amaiera Ipar Euskal Herrian bertako erakunde publiko eta lege sistemaren bukaera izan zen Frantziako Iraultzaren aldian (1790-1795). Euskal autogobernua frantses tropak Euskal Herrira heldu zirenean desegin zen eraginkorki, Konbentzioaren Gerran kokatuta, herritarren kontrako izua zabalduz Lapurdin.

Polverelek Nafarroaren subiranotasunaren alde Parisen defendatutako agiria (1789)

Ondorioz, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko ordu arteko gobernu eta jurisdikzio organoak beharturik ezabatu ziren; euskal departamentu bat eratzeko legezko euskal ordezkariek egin ahaleginak ahalegin, Pirinio Beheretako departamendua eratu zen trukean (legez, 1790ean), Frantziako departamendu sistema berrian kokatuta, egun arte iraun duena. Hego Euskal Herrian, foruak Lehen Karlistalditik Bigarren Karlistaldi osteko aldira galdu ziren.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1620tik aurrera pixkanaka murriztuta bazen ere, Frantziako koroaren peko euskal herritarrek estatus erdi-autonomo bati eutsi zioten, erresuma horretan zuten bazter kokapenari eta Hego Euskal Herriarekin zituzten harreman eta loturei esker, hor ere antzeko autogobernu sistema baitzuten. Hala ere, hiru gobernu eta lege jurisdikzio zituzten, eta horietako ordezkariak baziren ere Bordeleko Parlamentuko kideak Gaskoinian (Lapurdi) eta Paueko Nafarroako Parlamentukoak (Nafarroan Beherea, Zuberoa).

Lapurdi zen Ipar Euskal Herriko probintzia dinamikoena, autonomia oso handiaz zerga sisteman XVIII. mende erdialdera, baina aldi berean arrantza okerrera zihoan, Amerikara irekitzen saiatutako merkataritza bideek huts egin zuten, eta ez zen sortzen merkataritza erakartzeko balio erantsiko produkturik. Lapurdiko erakunde legegilea Biltzarra zen, erakunde demokratikoa, eta oso parte-hartzailea orduko estandarretarako. Nobleziaren pisua bertan zinez txikia zen.

Nafarroa Behereak Frantziako Erresumaz aparte iraun zuen Pirinioen magalean, ekonomikoki bortuetako merkataritza bideak baliatuz, adibidez, Iruñea-Baiona bidea. Zuberoako oinarrizko lege agiria Kostüma zen, baina haren biltzar legegileko (estatua edo zinbideta) eskumen garrantzitsuenak 1733an erauziak izan ziren.[oh 1] Nafarroako Estatuek antzeko patua izan zuten Paueko agintariekin izandako auzien ondoren botere legegileak zorrozki murriztu zitzaizkienean, 1748an errege dekretu bidez. Frantziako koroaren eta euskaldunen arteko harremanak gero eta zailagoak ziren: koroa gero eta eskumen gehiago biltzen ari zen, eta zerga ekarpen gero eta handiagoa eskatzen zuen.

Foruak kendu Frantziako Iraultzan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dominique J. Garat, Lapurdiren azken ordezkaria eta goi-funtzionario Parisen

1789an, Frantziako koroaren peko estatuetako ordezkariak Versaillesera bildu ziren Estatu Orokorretara Louis XVI.a erregeak deituta. Beraz, euskal ordezkariak bertaratu ziren, sei lurralde bakoitzeko. 1790ko urtarrilean, Frantziako Nazio Biltzar eratu berriak hutsetik hasitako diseinu administratibo bat erabaki zuen eta, hartara, euskal autogobernua desegin zuen.[oh 2] Proposamen ideologiko berriak bertan behera utzi zituen ohiturazko herri lotura guztiak administrazioan, eta Pirinio Apaletako departamendu berriak unitate administratibo bakarrean uztartu zituen Biarno eta euskal lurraldeak. Lurralde unitate horretan, baina, euskaldunak gutxiengoa ziren.

Euskaldunek, Garat anaia ilustratuak buru zituztela (Dominique Joseph and Dominique Zaharra), ezin sinetsiz entzun zuten departamendu proposamena, eta aurka egin zioten frantses biltzarrean emandako hitzaldi sutsuetan. Uhart and Escuret-Laborde Zuberoko ordezkariak, halaber, haren kontra mintzatu ziren, eta foruak defendatu zituzten. Ondorioz, gaitzespen oihuak entzun behar izan zituzten, eta ganberatik alde egin zuten.[1] Euskal ordezkariek, Biarnorekin zituzten hizkuntz eta kultura desberdintasunak aipatuz, proposamen bat egin zuten hiru euskal lurraldeak departamendu batean elkartuko zituen diseinu administratibo alternatibo bat eratzeko.[2] Garai honetan guztian, euskara zen eguneroko hizkuntza hiru lurraldeotan, gehiengo elebakarraz eta euskal-gaskoi elebidunen zati txiki batez osatuak, eta euskal ordezkariek euskaldunen hizkuntz errealitate desberdina nabarmendu zuten 1790eko Frantziako Nazio Batzarrean.[oh 3]

Frantziako departamendu sistema sortzeko dekretuari Pirinio Apalak departamenduaren sorrera jarraitu zion 1790eko otsailean. Lapurdiko Biltzarrak sumindurik hartu zuen frantses erabakiaren berri eta, are, Garat anaiak kargugabetu zituen, azkenean Frantziako departamendu sistema berriaren alde bozkatzearren. Aldi berean, lurralde erakunde txikiagoak berritxuratu ziren, adibidez, Uztaritze eta Baiona uztartuz, 1780ko hamarkadan banandu berriak zirenean, Biltzarrak hala galdeginik. Frantses erabakiak berehala ekarri zituen arazoak.[oh 4]

1791n, konstituzioa onartu zen Frantzian, 1790n bozkatutako antolamendu administratiboa berretsi zuena.[3] Dominique Garat Zaharrak uko egin zion konstituzio horren aleak banatzeari, adieraziz euskarazko bertsiorik ez zutela.[1] Nafarroaren ordezkariek (Frantxistegi, Polverel) erabaki zuten ez zutela bozketan parte hartuko, Luis XVI.a erregeak bere burua "Frantsesen Errege" izendatu baitzuen (1791ko irailaren 4a), ohiturazko "Frantziako eta Nafarroako Errege"ren ordez, argudiatuz haiek Frantziako zati ez zirela, eta lurralde erakunde aparte bat sortzeko aukera iradoki zuten. Frantzia erresuma zen artean eta, beraz, erregimen politikoak lehengo horretan jarraitzen zuen. Haatik, politikako kontuak pixkanaka aldatzetik iraultza kutsua hartzera pasa ziren. 1792ko irailean, Frantziako Lehen Errepublika aldarrikatu zen, eta jakobinoak zein Nazio Konbentzioa igo ziren agintera. Luze gabe, Luis XVI.a Frantziako erregea atxilotu eta exekutatu zuten 1793ko urtarrilean, eta nazioarteko aliantza bat eratu zen Frantzia iraultzaileari kontra egiteko.

Konbentzioaren Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Konbentzioaren Gerra Euskal Herrian»
Konbentzioaren Gerrako guduak eta gertaerak Euskal Herriko Pirinioetan

Konbentzioaren Gerrak berretsi egin zuen erregimen berria geratzeko etorria zela, Ipar Euskal Herriko lurraldeak kontrol militarraren pean geratu zirenean, Mendebaldeko Pirinioetako Armada heltzearekin batera. Luis XVI.a 1793ko urtarrilean exekutatu zuten arte, tentsioa gora egiten joan zen, elizjendeari Frantziako Konstituzioa zin egitea exijitu zitzaionean. Euskal apaiz gehienek uko egin zioten eta, trukean, apaiz 'konstituzionalak' ezartzeko agindua eman zen.

1793 hasieran Konbentzioaren Gerra piztu zenean, euskal herritarrei frantses armadara joateko deia egin zitzaien. Haatik, oso gutxik erantzun zuten, eta euskaldunak Frantziako Errepublikaren aurkakotzat jo ziren. Euskaldunak beldurtzeko, Errepublikaren tokiko ordezkariek izua zabaltzea aztertu zuten, eta horretarako egokiera ikusi zuten Sara eta Ainhoako hamarnaka gaztek beren postuak utzi eta Bera aldera ihes egin zutenean.

Errepublikako agintariek, Jean-Baptiste Cavaignac eta Jacques Pinet buru zituztela, Lapurdin hegoaldean errepresio zabala ezartzea erabaki zuten. Euskara debekatua izan zen bizitza publikoan, adieraziz "fanatismoa euskaraz mintzatzen" zela.[4] 1794ko udaberrian, milaka herritar etxetik kanpora behartu, adinaren eta sexuaren arabera taldekatu, eta ilara luze batean bultzatu zituzten haien etxetik gutxienez 40 kilometrora, Donibane Lohizunetik pasa ondoren eta gehienak Capbreton ingurura.[oh 5] Ehunka hil ziren,[oh 6] eta haien jabetzak erre edo bahituak izan ziren.

Hilabete batzuen buruan, deportatu askok itzultzea erdietsi zuten Konbentzio Nazional Jakobinoak porrot egin zuenean, baina ordurako beren jabetzak frantses 'abertzaleen' eskuetan zeuden.[5] Epaiketa bat egin zen erantzukizunak argitzeko Berolisko Konbentzioan, baina ez zen goi-arduradunik erruduntzat jo. Herritarrak asaldatu egin ziren Lapurdi hegoaldean mendeku gosez eta gauzak bere onera etor zitezen. Adibidez, talde batek Uztaritzeko Mondutegi jauna hil zuen, talde deportazioa babestu zuelakoan. Erregimen berriaren biktima eta disidente asko erbestera joan ziren.[6]

Euskaldunak foruak galdu ondoren[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehendabiziko Frantses Errepublikako garai gogorrena joan zen arren, errepresioak ondorio kaltegarri eta ahantzezinak utzi zituen euskal gogo kolektiboan.[oh 7] Hura izan zen frantses egituraketa nazional berrian euskaldunak desagerrarazteko lehen ahalegina. Modernitatea frantses nazio-estatuari loturik zegoelako ideiak baztertu egin zituen euskaldunak kultur eta politikako identitate berezi bat edukitzetik.[5]

Hurrengo hamarkadetan, euskaldunek kopuru handitan alde egin zuten Frantziako armadatik, bazterketa eta tratu txarren salaketen artean.[oh 8] Hala ere, Dominique Joseph Garatek, 1800 inguruan Bonaparteren arduradunetako bat zela, Frantziaren esaneko euskal printzerri bat sortzeko aukera proposatu zion. Proposamen horren zati batzuk Hego Euskal Herrian 1810etik aurrera ezartzen hasi ziren arren,[7] Bonaparteren konponbidean Aragoi eta Kataluniako lurraldeak ere sartu ziren, Ebroz iparraldeko eremua, eta Bonapartek ez zuen kontuan hartu plan hori Ipar Euskal Herrirako.

"Frantses euskaldunek ez dituzte Frantziako ohiturak hartu, ezta haien mintzaira ere, eta espainiar euskaldunek ere ez dituzte espainiar ohiturak edo mintzaira hartu. Biek ere euskaldun izaten jarraitu dute (...) Espainiar euskaldunek eta frantses euskaldunek pentsatzen dute guztiak nobleziako kide direla, eta ideia hori beren ohitura eta legeetan mamitu dute. Benetan hori txundigarria da, zazpi probintzietako gizabanako guztiak baitatoz bat pentsaera horretan."
Dominique Joseph Garat, Napoleon Bonaparterentzako txostena, 1803[8]

1804an, Napoleonen Kode Zibila agindu zen, eta horrek oinordetzari eta jabetzari buruzko ohiturazko ikuspegia hautsi zuen, familiaren baserrien zatiketa ekarriz eta herri lurren erabilera murriztuz (estatuak zerga batzuk eskatzen zituen), beste emigrazio olde bat bultzatuz.[9] Lege eta instituzioetako gertaera horiekin batera, askotariko espedizio militarrek exijentziak, errekrutatzeak eta bahimenduak ezarri zizkieten herritarrei, adibidez, Iberiar Penintsulako Gerran.[10]

Mende erdi geroago, Pirinio Apaletako prefetak deitoratu egin zuen bere mendeko lurraldean 80.000 biztanle gutxiago zeudela zergapetzearen eta zerbitzu militarraren ondorioz; Fermin Lasala donostiarrak komentario hori nabarmendu zuen Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko berezitasun instituzionala defendatzeko, euskal lurralde horietako foruak bertan behera geratu (1876) baino justu aurretik.[11] Ipar Euskal Herriko euskaldun gehienek Frantziako Errepublikaren ideiaren kontra agertzen jarraitu zuten mende batetik gora, Erregimen Zaharra eta bertako instituzioak berrezartzeko esperantzaz.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Hirugarren estatua nabarmen mugatua izan zen eta, harrezkero, nobleziaren eta elizaren eskuetan geratu ziren erabaki garrantzitsuak.
  2. Lapurdik protesta egin zuen, adieraziz beraiek bazutela 'konstituzioa'. Ikus Auñamendi Entziklopedia. Lapurdi, Edad Contemporanea
  3. Bolinaga, 61-66. or. Konparatu 1866. urteko datuekin: orduan, biztanleriaren % 95ek euskara zerabilten hizkuntza nagusi gisa, artean frantsesteko politikak bete-betean indarrean sartu gabe zeudela; ikus Watson, 87. or. Une horretan, Biarritz, Baiona eta Bidaxune gaskoi hiztunak ziren gehienean.
  4. Udal barruti berriak talka egiten zuen Uztaritzeko herritarren iritziarekin eta bi udalerrien hizkuntzarekin. Lehendabiziko bilkura bat ia bertan behera geratu zen, baiones ordezkari gehienak ez baitziren gai euskaraz mintzatzeko; ikus Auñamendi Entziklopedia. Lapurdi, Edad Contemporanea.
  5. Askotariko zenbaketak egin dira, 3,000 pertsonatik hasi eta 10,000ra.
  6. Egindako kalkuluak ehunka batzuetatik 1,600era doaz.
  7. Watsonek dioenez, Ilustrazioak eta haren errealitateari buruzko ikuspegi dikotomikoa ta baztertzailea izan zen Frantses Errepublika berriko filosofia berriaren oinarria; ikus Watson, 58. or.
  8. Auzi hori Dominique Joseph Garatek komentatu zuen Napoleon Bonaparterekin.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Bolinaga, I. 2012, 32-33. or.
  2. Bolinaga, I. 2012, 61-66. or.
  3. Bolinaga, I. 2012, 62-66. or.
  4. Bolinaga, I. 2012, 87. or.
  5. a b Watson, C. 2003, 58. or.
  6. Watson, C. 2003, 130. or.
  7. Bolinaga, I. 2012, 201-211. or.
  8. Espartza, Jose Mari. 2012, 52. or.
  9. Douglass 2005, orr. 133-134.
  10. Douglass 2005, or. 130.
  11. Mina 1990, orr. 307-308.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

 

  • Mina, María Cruz (1990) «Historia y Política: Las Vicisitudes de una Ley» 150 Años del Convenio de Bergara y la Ley del 25 -X - 1939 (Eusko Legebiltzarra/Parlamento Vasco) ISBN 84-87122-14-0 .

 

  • Watson, Cameron (2003) Modern Basque History: Eighteenth Century to the Present University of Nevada, Center for Basque Studies ISBN 1-877802-16-6 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]