Maravillas Lamberto
| Maravillas Lamberto | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotzako izen-deiturak | Maravillas Lamberto Yoldi |
| Jaiotza | Larraga, 1922ko ekainaren 28a |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Larraga, 1936ko abuztuaren 15a (14 urte) |
| Heriotza modua | : Exekuzio estrajudiziala bala zauria |
| Hiltzailea | falangista |
| Familia | |
| Aita | Vicente Lamberto |
| Haurrideak | ikusi
|
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | gaztelania |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | gerra-krimenaren biktima |
| Zerbitzu militarra | |
| Parte hartutako gatazkak | Espainiako Gerra Zibila |
Maravillas Lamberto Ioldi (Larraga, Nafarroa Garaia, 1922ko ekainaren 28a – 1936ko abuztuaren 15a) Espainiako gerra zibilean faxista kolpistek Nafarroan eraildako nerabeetako bat izan zen. Herriko militante sozialista zen Vicente Lamberto aitarekin batera atxilotu zuten, Espainiako gerra zibilaren hasieran.
Guardia Zibila haren bila etxean azaldu zenean, Maravillas alabak aitarekin joan nahi izan zuen eta, Maravillas behin eta berriz bortxatu ondoren, falangistek aitarekin batera erail zuten, hamalau urte zituela.[1] Haren gorpua biluzik txakurrei eman zieten, eta gorpuzkiak erre zituzten. 1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpearen ondoren Espainian izan zen basakeriaren eta errepresioaren adibide bihurtu da.[2]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Maravillas Lamberto, Vicente Lamberto Martínez UGTko nekazari militantearen eta Paulina Ioldiren hiru alaben arteko zaharrena, 1922ko ekainaren 28an jaio zen, Nafarroa Garaiko Larraga herrian.
Erailketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1936ko uztailaren 18an, Espainiako faxistek Bigarren Errepublikako gobernuaren aurkako estatu-kolpea egin zuten. Nafarroa Garaia izan zen konspirazioa sortu zen lurralde nagusietako bat, bai esparru militarrean, bai zibilean. Militarren aldetik, Emilio Mola jenerala Iruñeko gobernadore militarra izan zen, eta Infanteriako 12. Brigadako agintaria zen. Alde zibilean, Elkarte Tradizionalista eta Errekete Karlistaren presentzia izan zen gehiengoa. Nafarroa Garaia lehen unetik egon zen matxinatuen menpe, eta herrialde horretan ez zen gerra ekintzarik izan; baina ezkertiarren aurkako errepresioa gogorra izan zen.[3]
1936ko abuztuaren 15eko goizeko hiruretan, Artaxoako postuko Guardia Zibileko bikote batek, bi zibil lagun zituela —Falangeko Julio Redín Sanz kidea, eta «Larragako txurro-saltzailearen semea» deituraz ezaguna zen erreketea—, Lamberto familiaren etxeko atea jo zuen, Vicente Lamberto Martinez (Maravillas Lambertoren aita) eramateko. Helburua zen kontzeju etxera eramatea eta galdeketa egitea, ustez haren militantzia politikoagatik. Aurrez, Larragatik kanporatzeko mehatxua egina zioten. Maravillas, 14 urtekoa, lotan zegoen 10 urteko bere ahizpa Pilarren gela berean. Etxeko beste gela batean Josefina ahizpa, 7 urtekoa, eta Vicenteren emaztea, Paulina Ioldi, zeuden. Ahizpa Pilarrek gogoratuko zuenez, aita udaletxera galdetzera eramaten zutela esan zietenean, Maravillasek haiekin batera joatea eskatu zuen, eta horrela egin zuten.[4][5]
Vicente herriko udaletxearen azpian zegoen kalabozoan itxi zuten. Maravillas, berriz, idazkaritzaren goiko geletara igo zuten, eta han behin eta berriz bortxatu zuten, zeraman arropa guztia urratuta. Bortxatzaileen artean Larragako udal idazkaria zegoela diote. Goizeko bostak aldera, Vicente eta Maravillas kamioian eraman zituzten Ibirikura (Larragatik 40 kilometrora), eta Etxarri Aranatzen gelditu zuten ibilgailua. Han berriro bortxatu zuten Maravillas, oraingoan aitaren aurrean, eta biak hil zituzten. Neskatoaren gorpu biluzia txakurretara bota zuten. Maravillasen hiltzaileek euren ekintzen erakustaldi publikoa egin zuten, eta ez zuten inolako zigorrik jaso. Arras zaila izan da aztarnak aurkitzea. Maravillasen gorpua elementuen eraginpean egon zen denbora luzez, deskonposizio egoeran sartu zen, eta ezinezkoa izan zen lurperatzea. Gainera, Ibiriku herriko biztanleek gasolinaz erretzea erabaki zuten, txakurrek eta beste animalia batzuek usteltzen ari zen gorpua jaten jarrai ez zezaten.
Familian izan zuen eragina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Handik gutxira, Guardia Zibilak berriro erregistratu zuen Maravillasen familiaren etxea. Nahi zuen guztia konfiskatu zuten, eta Paulina Ioldi ama atxilotu. Maravillasen amak militar baten etxean zerbitzari lanetan aritu behar izan zuen orduan, eta bi ahizpak Maravillas bortxatu zuenetako baten familiarekin bizitzera behartu zituzten. Lamberto Ioldi familiaren ondasunak herriko bizilagun batzuen artean banatu zituzten: esate baterako, behorra Larragako okindegirako izan zen, Vicentek dirua zor ziola argudiatuta.
Lamberto Ioldi familia betiko markatu zuten gertaera horiek. Josefina, bost urte geroago, moja-komentu batean sartu zen. Familia ezkertiar errepresaliatu batetik zetorrela eta, Karatxiko komentu batera bidali zuten. Han, Pakistanen, debekatuta zuen gainerako mojekin tratua izatea, eta ezin izan zuen beste hizkuntzarik ikasi, bertakoekin komunikatzerik izan ez zezan. Franco diktadorea hil ondoren, Madrila itzuli zen, eta hor eraildako aitaren eta ahizparen memoria berreskuratzeko interesa piztu zitzaion. Komentuko ama nagusiak, «zerbait egingo zutela» uste zuenez, Josefinari komentutik ateratzea debekatu zion. 1992an, komentuan 46 urtez izan ondoren, erlijio bokazioa galdu zuen; komentua utzita Iruñera joan zen.[6]
Josefina izan zen Nafarroako Fusilatu, Eraildako eta Desagertuen Senitartekoen Elkartearen (AFFNA-36) sortzaileetako bat. Ahizparen eta aitaren hilketen kasua Buenos Airesko (Argentina) epaitegi batera eraman zuen; beraz, 2014. urtean Frankismoko krimenen aurkako Argentinako kereilan sartu zen.[1] 2022ko ekainaren 7an Iruñean hil zen Josefina, bizirik zirauen Maravillasen ahizpa bakarra, Maravillasi XXI. mendean egin zaizkion hainbat omenalditan parte hartu eta gero.[7]
XXI. mendeko omenaldiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Larragako agintari politikoek behin eta berriz uko egin zioten biktima honi omenaldirik egiteari, bai eta Gerra Zibilean herrian hildako 45 biktimei ere. Udalak kale bat Maravillasi eskaintzeko eskaerari uko egin zion 2008ko irailean, aurka bozkatu baitzuten UPN alderdiaren hurbileko zinegotzi independenteek eta Nafarroako Alderdi Sozialistak.[8]
Hala ere, Ahaztuak 1936-1977 kolektiboak deitutako ekitaldi batean, 2008ko urriaren 26an, ehunka lagunek parte hartu zuten biktima horiei guztiei omenaldia egin zien. Auzolan Elkartearen fatxadan, Maravillas Lamberto neskatoari eta gainerako fusilatuei eskainitako plaka bat jarri zen.[9] Azkenik, 2012ko apirilaren 28an, Maravillas Lamberto jaio zen etxean, kale horren zati bati izena ematen dion plaka jarri zuten.

2007an Fermin Balentzia nafar kantautoreak, frankismoaren biktimei eskainitako beste abesti batzuen artean, neska honi eskainitako Maravillas kanta publikatu zuen.[10][11]
2008an, Xabier Montoia gasteiztar musikari eta idazlearen Golgota eleberria argitaratu zen; hor kontatuta ageri dira gertaera horiek.[12]
2009an, Berri Txarrak taldeak Maravillas kanta eskaini zion, Payola diskoan.[13] Aretxabaletako Nhil taldeak abesti horren beste bertsio bat plazaratu zuen 2020an, Aztarnak albumean.[14] Eta Berri Txarrak taldeak zuzeneko bertsio bat grabatu zuen Madrilen, Maravillas zuzenean (Madril, 2019.11.09) izeneko diskoan.[15]
2017ko abenduaren 2an, Iruñeko Alde Zaharreko gaztetxea irekitzeko ekitaldi ofizialean, jakitera eman zen gunearen izen berria Maravillas izango zela, Maravillas Lambertoren omenez. Ekitaldian Maravillasen ahizpa Josefinak parte hartu zuen, eta ahizparen izena ematea eskertu; esan zuen memoria historikoa beharrezko tresna dela, iraganeko krimenak ez ahazteko.[16]
2018ko otsailaren 10ean, Joseba Asiron alkatearen aginduz, Iruñeko Udalak Maravillasen izenean plaza bat inauguratu zuen, Lezkairu auzo modernoan. Plaza berri horrek 13.000 metro koadro ditu, Gazteluko plazaren antzera, berdegune eta kulunkariekin. Inaugurazio ekitaldian Josefina izan zen, eta udal agintariek ere parte hartu zuten.[17]
2019ko urtarrilean, Gaztetxea husteko Nafarroako Gobernuaren ahaleginean, okupatzaileek Maravillasi omenaldia egin zioten, eta haren ahizpa Josefina bertaratu zen, eskerrak emateko.
2020an LEIZEAK rock taldeak abesti bat eskaini zion Maravillasi, letran Maravillas gaztetxeari erreferentzia eginez, baita Maravillas Lambertori ere.[18] Urte berean estreinatu zen "Florecica" dokumentala, non Josefina Lambertok faxismoak bortxatu eta erail zuen bere ahizpa Maravillas gogoratzen zuen.[19]
Liburua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2024an, Xabier Susperregi idazleak (Errenteria, Gipuzkoa, 1971) Maravillas Lambertori buruzko liburua argitaratu zuen, Maravillas Lamberto izenburuarekin. Larragan egin zuen aurkezpena, 2024ko apirilaren 26ean.[20]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Gaztelaniaz) Albin, Danilo. (2018). «Maravillas Lamberto, la niña violada y asesinada por falangistas, jamás será olvidada en Pamplona» www.publico.es (kontsulta data: 2023-08-17).
- ↑ Hamaika Telebista. (2019-05-06). 1936an Larragak garesti ordaindu zuen lurra banatzeko egindako ahalegina. (kontsulta data: 2025-06-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) Pozo, Jesús Martínez Ruiz del. (2020-09-21). «Maravillas Lamberto - una niña violada y asesinada en la Guerra Civil» Khronos Historia (kontsulta data: 2023-08-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) Moreno, Gorka. (2012). «Maravillas, violada y asesinada junto a su padre en 1936, tendrá su propia calle en Larraga. (1ª PARTE)» EL INFORMADOR (Web Archive gunean jasoa, orijinala ezabatua dago).
- ↑ (Gaztelaniaz) Moreno, Gorka. (2012). «Josefina Lamberto Yoldi, hermana de Maravillas, muerte, dolor y marginación en vida desde 1936 (2ª PARTE)» EL INFORMADOR (Web Archive gunean jasoa, orijinala ezabatua dago).
- ↑ (Gaztelaniaz) Egaña, Iñaki. (2007). «Karachi - Memoria» web.archive.org (http://www.euskaldunak.info)+(kontsulta data: 2023-08-18).
- ↑ (Gaztelaniaz) .
- ↑ (Gaztelaniaz) Gerindabai. (2008-09-27). «Gerinda Bai: EL AYUNTAMIENTO DE LARRAGA NIEGA UNA CALLE A MARAVILLAS LAMBERTO» Gerinda Bai (kontsulta data: 2023-08-18).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Larraga recordó a los olvidados del 36» Diario de Noticias Navarra 2011-12-18 (kontsulta data: 2023-08-18).
- ↑ (Gaztelaniaz) Balentzia, Fermin. Maravillas. (kontsulta data: 2023-08-18).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Maravillas (Fermin Balentzia)» Memoria Histórica y Educación 2017-01-25 (kontsulta data: 2023-08-18).
- ↑ Montoia, Xabier. (2008). Golgota. ELKAR ISBN 978-84-9783-635-7. (kontsulta data: 2023-08-18).
- ↑ BERRI TXARRAK - Maravillas (Official video). (kontsulta data: 2023-08-18).
- ↑ Nhil. (2020). «Aztarnak» www.badok.eus (kontsulta data: 2023-10-24).
- ↑ Berri Txarrak. (2020). «Maravillas zuzenean (Madril, 2019.11.09)» www.badok.eus (kontsulta data: 2023-10-24).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Inaugurado el Gaztetxe de Alde Zaharra que pasará a llamarse Maravillas» Ahotsa Info 2017-12-02 (kontsulta data: 2017-12-03).
- ↑ «Iruñean dago Maravillas Lamberto» Berria 2018-02-10 (kontsulta data: 2018-02-10).
- ↑ MARAVILLAS - LEIZEAK (Bideoklipa). (kontsulta data: 2023-08-18).
- ↑ (Gaztelaniaz) FLORECICA ESTRENO. ENS VEIEM DEMÀ PRODUCCIONS 2020-09-19 (kontsulta data: 2023-08-18).
- ↑ (Gaztelaniaz) Iriso, Endika. (2024-04-24). «Un libro en memoria de la 'florecica de Larraga'» Diario de Noticias de Navarra (kontsulta data: 2024-05-07).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) «Maravillas Lamberto ya tiene plaza en Iruñea», Naiz, 2018-02-10.
- (Gaztelaniaz) Maravillas Lamberto, 82 años de ausencia. naiz.eus
- (Gaztelaniaz) Josefina Lamberto: “Recuerdo a mi madre pidiendo limosna” elsaltodiario.com
- (Gaztelaniaz) Emotivo recuerdo a Maravillas Lamberto a los 82 años de su asesinato YouTuben
- (Gaztelaniaz) Inauguración de la Plaza Maravillas Lamberto YouTuben
- (Gaztelaniaz) Canción dedicada a Maravillas YouTuben