Marga Andurain

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Marga Andurain
Bizitza
Jaiotza Baiona1893ko maiatzaren 29a
Herrialdea  Lapurdi, Euskal Herria
Heriotza Tanger1948ko azaroaren 5a (55 urte)
Lanbidea
Lanbidea abenturazalea

Marguerite Clérisse —ezagunagoa Marga Andurain (frantsesez: Marga d'Andurain) izen-deiturez— (Baiona, Lapurdi, 1893ko maiatzaren 29a - Tanger inguruko itsasoa, Ozeano Atlantikoa, 1948ko azaroaren 5a) emakume espioia eta abenturazalea izan zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marguerite Clérisse Baionan sortu zen 1893. Aita Baionako Epaitegi Nagusiko Maxime Clérisse epailea zen, eta ama Marie Hiriart, Baionako notario eta sendagile ospetsuen familia bateko alaba. Ttipi-ttipitik liskarretan eta kalapitetan sarturik ibili zen, eta horregatik eskualdeko eskola erlijioso guztietatik kanporatu zuten. Hori dela eta, Hondarribiko ursulinen eskolara bidali zuten. Antza, han bukatu zituen ikasketak.

Ez zen neska polita, baina bai liraina eta nortasun handikoa. Gizonak bereganatzeko dohain berezia omen zuen. Hamazazpi urte zituela, bera baino hamabi urte zaharragoa zen Piarres Andurain lehengusuarekin ezkondu zen. Anduraindarrak jatorriz baxenafarrak ziren, Donazaharrekoak, eta bertan zituzten zenbait ondasun. Berehalaxe, senar-emazte berriak Argentina aldera abiatu ziren negozioak egitera. Panpan erosi zuten ganadu-ustiapenerako etxaldea. Negozioa ez zen ondo atera eta bi urte beranduago, dirua xahutu ondoren, Baionara itzuli ziren.

1925ean, aita hiltzean, zegokion herentzia zatia jaso eta Euskal Herria utzirik, Egiptora joan zen. Kairon edertasun-areto bat zabaldu zuen. Jakes semeak dioenez, Margak Ingalaterrako Inteligentzia Zerbitzurako ezkutuko lana egiten zuen, eta horretara joan zen Kairora. Semearen ustetan, Mary Stuart edertasun-aretoa haren egiazko jardueraren estalkia besterik ez zen. Aretoari esker, Marga lasai ederrean mugitzen zen ofizial britainiarren emazteen artean.

1920ko hamarkadako Kairo hartan Anduraingo konde-kondesak arrunt ezagunak ziren hiriko giza eta kultur ekitaldi guztietan. Edertasun-aretoak arrakasta ikaragarri handia erdietsi zuen eta bertara joaten ziren ofizial britainiarrekin ezkonduriko andre egiptoarrak, goi mailako damak eta baita Egiptoko errege familiako kide zenbait. Fuad I.a erregearen emaztea, Nazli Sabri sultana, eta Fauwzia, Pertsiako lehen emazte zena, beraien artean zirelarik.

Halako batean, Brault baroiak, harekin eta Haifan, inteligentzi zerbitzuburu zen W.F. Sinclair maiorrarekin, Palestinara joatera gonbidatu zuen, eta bi aldiz pentsatu gabe, harantz abiatu zen aipaturiko lagun horiekin batera. Bidaia horretan, Palestina, Lur Santua eta Siria bisitatu zituen, Sinclair maiorrarekin batera. Badirudi, denboralditxo batez, Sinclairrek eta Margak harreman estuak eduki zituztela. Ekialde Hurbileko frantses agintariek Marga Andurain ingeles etsaiaren aldeko zelataritzat hartu zuten. Sinclairren eskutik, Palmirara iritsi zenean, Margak huraxe zela bere ametsetako bizitokia pentsatu zuen. Kairora itzultzean, edertasun-aretoa saldu eta senarrarekin batera Palmirarantz itzuli zen. Garai hartan, Palmira hagitz herrixka txikia zen, eta bertan gotorturik bazen frantses garnizio bat. 1930ean, Margak herrian zen hotel bakarra erosi zuen, Zenobia erregina mitikoaren izenaz birbataiatu eta euskal altzari ederrez hornitu ondoren, berriro zabaldu zuen.

Hiru urte berantago, sekulako abentura otu zitzaion. Mekara joan nahi zuen. Horrela eginez gero, Mekan sartzen zen lehen emazteki mendebaldarra izanen zen. Abentura berria ongi burutzeko senarraz dibortziatu eta Palmirako Soleiman el Dekmari gameluzain beduinoarekin ezkondu egin zen. Ezkontza faltsu hori egin ahal izateko, musulman bihurtu zen. Handik zenbait astetara Meka alderantz abiatu zen. Itsaso Gorriko Jidda portuan lehorreratzean, mendebaldarra zela ikusirik, gobernadorearen haremean sartu zuten, Mekan zegoen senar beduinoa bila etorri bitartean.

Badirudi Soleiman ez zegoela prest Margarekin egindako komenentziazko esposatze hura errespetatzeko, eta horregatik ez omen zuen deus egiten baionarra haremetik ateratzeko. Ustekabean, esku mertzenario ordaindu batek Soleiman hil zuen, eta Jiddako agintariek Margari leporatu zioten beduinoaren hilketaren ardura. Hori dela eta, hiriko presondegiko ziega ilunetan espetxeratu zuten. Kontsul frantsesaren esku-sartzeak harrikaturik hiltzetik libratu zuen, baina ezin izan zuen deus egin kanpora bidal ez zezaten. Piarres senarra eta Jakes semea Palmirako hotelaren jarduera kudeatzen gelditu ziren.

Parisen, urtebeteko erbestealdia igaro ondoren, senarra eta semea berriro ikusi ahal izan zituen, eta senarraren eskariz Piarresekin esposatu zen berriz ere. Handik gutxira, esku ezkutu batek Piarres Andurain erail zuen hotelaren inguruetan, eta berriz ere, Marga susmopean gelditu zen. Susmo txar horietatik ihes egin nahian, 1937an Siria utzi zuen betiko. Senarraren heriotza bortitzaz gain, Margaren maitale izandako hiruzpalau gizonen hilketa ere egozten zizkioten. Dena den, inoiz ezin izan zuten deus frogatu baionarraren kontra.

Bigarren Mundu Gerrak Marga eta Jakes semea naziek okupatutako Parisen hartu zituen bete-betean. Margak bere txaleta ofizial alemaniarrentzako luxuzko prostituzio-etxe bilakatu zuen, eta opio trafikatzaile gisa aritu zen. Jakes semeak, bitartean, erresistentzian jardun zuen. Alemaniarrek gerra galdu behar zutela ikusirik, Paris utzi eta Aljerrera joan zen. Han zegoela, harremanak finkatu zituen De Gaulleren aldekoekin, eta horri esker, gerra bukatu zelarik, Frantziara itzuli ahal izan zen eta Kosta Urdinean bizitzen jarri. Zenbait hilabete geroago, bere iloba gaztea zen Raymond Clérisse erailik azaldu zen, eta horren hilketa Margari leporatu zioten, herentzia bat zela eta, harekin liskarretan baitzebilen. Aipatu hilketa zela eta, marga kartzelan sartu zuten berriz ere, baina bere aurkako probarik ez zenez gero, handik gutxira kanporatu behar izan zuten.

Bizibidea ateratzea ez zitzaion batere erraza, eta urrearen kontrabandoari ekin zion. Horretan ari zela, Tangerren, 1948an, bere belaontzian esku ezezagun batek hil eta, itsasora jaurtikiz, desagerrarazi zuen betiko.

Denetik esan da emakume honetaz, eta hari buruz hitz egitean Euskal Herriko Mata Hari, Palmirako erregina, Basamortuko kondesa, Lawrence Arabiakoaren maitalea, hogei hilketako kondesa eta halako goitizenak ezarri izan dizkiote. Berak bere burua definitzeko bi hitz erabiltzen zituen soilik: euskal herritarra eta abenturazalea. Historian ageri diren euskal herritar emakume abenturazale gutxietako bat da, Katalina Erauso moja alferezarekin batera.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]