Maria Teresa I.a Austriakoa
Maria Teresa I.a Austriakoa, izen osoa Maria Theresia Walburga Amalia Christina von Österreich, (Viena, 1717ko maiatzaren 13a - Viena, 1780ko azaroaren 29a) Austriako artxidukesa (1740-1780), Hungariako eta Bohemiako erregina, Milango dukesa eta Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperatriz ezkontidea izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Maria Teresa, Karlos VI.a enperadorearen eta Elisabet Kristina Brunswick-Wolfenbüttelgoaren alaba zaharrena, 1717ko maiatzaren 13an jaio zen. Bere anai bakarra, Leopoldo, lehentxeago hila zen. 1713an erregeak Berrespen Pragmatikoa ezarri zuen. Lege honek Habsburgotarren jabegoak zatiezinak zirela eta, gizonezko ondorengorik ezean, tronurako oinordekoa enperadorearen alaba izango zela agintzen zuen[1]. 1736an Frantzisko Eztebe Lorrenakoarekin ezkondu zen.
Karlos VI.a 1740an hil zen, estatuaren armada eta finantzak oso egoera txarrean utzirik. Berrespen Pragmatikoaren arabera Maria Teresak aitaren herrialde eta erresuma guztiak jarauntsi beharko bazituen ere, berehala Ondorengotza gerra (1740-1748) piztu zen. 1740 abenduan Federiko II.a Prusiakoak Silesia, eskualderik aberatsena, inbaditu zuen. Maria Teresak hungariarren baldintzarik gabeko babesa jaso zuen eta, 1741eko ekainean, Pressburgen erregina koroatua izan zen. Baina 1742an, Prusia, Saxonia, Frantzia, Sardinia eta Espainiaren sostengua zuen Karlos Alberto, Bavariako Printze Hauteslea, Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadore (Karlos VII.a) hautatua izan zen. Gerran Maria Teresak bere jabego gehienak atxikitzea lortu zuen, Silesia izan ezik, eta 1745ean, Karlos VII.a hil ondoren, Frantzisko senarra aukerarazi zuen enperadore (Frantzisko I.a)[2].
1756an, oraingo honetan Errusia eta Frantziarekin elkarturik, Prusiaren aurkako beste gerra batean sartu zen, Zazpi Urteko Gerra (1756-1763), baina ezin izan zuen Silesia berreskuratu. Handik aurrera bere kanpo politika bakezalea izan zen. Poloniako lehenbiziko zatiketan (1772), gogoz kontra bazen ere, parte hartu eta Galitzia jaso zuen. Bavariako Ondorengotzaren gatazkan (1778-1779) gerra saihestu zuen.
1765ean senarra hil zitzaion. Josef semea enperadore (Josef II.a) hautatua izan zen baina Maria Teresak agintean jarraitu zuen.
Barne politikan finantzak onbideratzen saiatu zen, nobleei zergak ordainaraziz, eta armada handitu eta modernizatu zuen. Moravia eta Bohemia administratiboki Austriarekin bateratu zituen, baina ez Hungaria. 6 eta 12 urte arteko derrigorrezko hezkuntza ezarri eta zientziak eta arteak sustatu zituen. Elizaren eragin politikoa mugatu zuen[3]. 1766 eta 1775ean Bohemian jopuen matxinadak gertatu ondoren, joputasuna zorrozki mugatzen zuten dekretuak eman zituen. Hungarian, ordea, aristokraziaren botere handia zela eta, zailago gertatu zitzaion.
1780ko azaroaren 29an hil zen eta Vienako Kripta Inperialean ehortzi zuten. Hamasei seme-alaba izan zituen, tartean Josef II.a eta Leopoldo II.a enperadoreak eta Marie Antoinette, Frantziako azken erregina absolutista.
Irudi galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Genealogia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fikzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Maria Teresa I.a Austriakoa |
Marie-Thérèse d'Autriche telefilma[Betiko hautsitako esteka] ARTE kateak eskainia eta 2020/04/07tik au 2020/07/06ra bitartean webgunean eskuragarri jarria.
- 1717ko jaiotzak
- 1780ko heriotzak
- Germaniako Erromatar Inperio Santua
- Hungariako errege-erreginak
- Bohemiako errege-erreginak
- Vienarrak
- Austriako artxidukeak
- Milango dukesak
- Parmako dukeak
- Toskanako Dukesa Handiak
- Luxenburgoko dukesak
- Hainauteko kondesak
- Tescheneko dukesak
- Austriako printzesak
- Austriako katolikoak
- Enperadoreen alabak
- Italiako monarken amak