Otxokiko parkea
Otxokiko parkea | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Donostia |
Koordenatuak | 43°18′36″N 1°57′05″W / 43.3099°N 1.9514°W |
Otxokiko parkea Gipuzkoako Donostia hiriburuko Intxaurrondo auzoan dagoen parke bat da. Parke honek haurrentzako jolastokia eta gimnasia egiteko lekuak ditu. Bertan, garai bateko zapalgailua nabarmentzen da, antzinako garaien lekuko. Alboan bidegorri bat du. Erdialdean zelai txiki bat du, baita paseoan ibiltzeko bidexkak ere. 46.852 metro karratu ditu.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ordura arte lehenagoko Altzako baserri-gunea zenak 1968an inguruko planifikazio urbanoaren arabera aldaketa handiak jaso zuen eta inguruko 19 baserri bota zuten. Otxoki zen baserri haietako baten izena.
« | Patxi Lazkano, bertso biltzen hasi berria nintzen hartan ezagutu nuen, 1959 urtean. Otxoki parkea bere jaiotetxean ezagutu ere. Otxoki baserri hori Ametzagaina mendiaren babesean zegoen, Donostitik Altzara zihoan mendi-bidearen bazterrean. Baina orain urte batzuk bota egin zuten, beste hemeretzi baserrirekin batera. | » |
Beste baserri hauek ere eraitsi zituzten: Arruex (Ondarralde bere egiazko izena paperetan); Arjel-etxeberri, bi bizitza; Arjel-aundi; Arjel-txiki; Xiustegi; Zarategi, bi bizitza; Lizardi; Basatxiki, bi bizitza; Sagastieder; Baratzategi; Tuniz; Tuniz-berri; Igola; Xibili-txiki ta Xibili-aundi.
Egoera hartako samina adierazteko hamabi bertso sortu zituen Otxoki baserrian bizi zen Patxi Lazkano "Otxoki" baserritar eta bertsolariak, Haietako lau dira hauek:
- Otxoki nere jaiotetxeari, 1968[1]
- Ni naiz Otxoki deitzen nautena,
- hola zen gure etxea,
- neronen bistan egokitu zen
- teilatuak lur jotzea;
- hura ikusita nire barruak
- pasatu zuen trantzea,
- nire bihotzak dadukan penik
- ezta posible kentzea.
- Gu bezalaxe famili asko
- dirade errukarriak,
- baserritikan bota gaituzte
- ta kalera etorriak;
- batzuk dirade amona zaharrak,
- beste batzuk elbarriak,
- hoientzat ere iritsi dira
- munduko egun gorriak.
- Jaiotzetikan oituak geunden
- baserri zabal batean,
- kanpo-lanean jarraitu dugu
- joan diren zenbait urtean;
- egun batetik bestera danok
- sartu gaituzte lurpean,
- orain kalian bizi beharra
- lau paretaren tartean.
- Han utzi ditut aran-arbolak,
- utzi ditut gereziak,
- Han utzi ditut piko ta udare,
- sagar gez eta gaziak;
- nere bihotzan zain bana dute
- han dauden arbol guziak,
- nere barrena samindutzen du
- horrela galtzen utziak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Lazkano, Patxi; Zavala, Antonio. (1983). Tiro tartean bertsotan. Euskaltzaindia, Auspoa liburutegia 168, 140-143 or..
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]