Pazko-opil

Pazko-opila ogi edo opil berezi bat da, amabitxiak edo aitabitxiak Pazkoz besoetakoari oparitzen diona. Eskualdearen arabera, itxura ugari ditu, nahiz eta gehienetan hiruki itxurakoa eta barnean arrautza oso bat ala gehiago eduki.
Izenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Askotariko izenak ditu:
- mokotsa (eta horren aldaera, morkotsa) Durangaldean[1] eta Aramaion[2]
- karapaixoa (eta horren aldaerak karapaixue[2], garapaioa zein garipaua[3]) Debagoienean[1]
- pazkopila, Bermeo eta Busturian
- morrokotea Arratian, morrodua Izpuran, morrokua Donoztirin[4]
- adar-opila, Beran
- aitatxi-opila edo amatxi-opila, Bortziri eta Baztanen
- arrautz-opila Zerainen eta arranzopila (ranzopila) Arabako Lautadan[1].
- San Marko opila Gipuzkoa ekialdean, Oarsoaldea eta Bidasoa-Txingudin[5]
Opila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baserriko ogiaren ore bera eramaten du baina barnean arrautzak eta txorizoak sartzen zaizkio. Ogiak hiruki itxura izaten du, Hirutasuna oroitaraziz[6]. Labean sartzen da ondoren eta bertan arrautza egosten da eta txorizoa egiten. Txorizo eta arrautza kopurua alda daiteke[7].
Azken urteotan era berriak ere egiten hasi dira, arrautzen ordez sagarra erabiliz, adibidez. Haurrentzako litxarreriazko karapaixo gozoak ere egiten dira, brioxa-opilarekin eta txokolatezko arrautzekin. San Marko opil bezala prestatzen denean bizkotxo orea izaten du eta mota ezberdinetako arrautza koloretsu eta lumekin apaintzen da.
-
Karapaixo bat, hiru punta eta arrautzaduna
-
Karapaixo bat, hiru punta eta arrautzaduna
-
Gozogilea San Marko opilak prestatzen
Ohitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Durangaldean mokotsa edo morkotsa esaten zaio eta Pazkoan oparitzen da. Horren ezaugarri bereziena opilaren erdian eramaten duen arrautza egosia da.
Debagoienan (Gipuzkoako mendebaldean) eta Aramaion (Araba) karapaixo edo garipaua izenarekin ezagutzen da eta Garizuma garaian izaten da. Arrautza egosiaz gain, txorizoak ere edikitzen ditu barnean. Amabitxi edo aitabitxiak urtero oparitzen dio besoetakoari, ezkontzen den arte[8].
Gipuzkoako ekialdean, Errenteria, Pasaia, Lezo, Oiartzun, Hondarribia eta Irunen bereziki oso errotua dagoen ohitura da, San Marko jaiarekin lotu dena eta horregatik San Marko opil deitzen zaio bertan. Opil gozoak izaten dira, etxean prestatuak edo gozotegietan erosiak, amabitxiek besoetakoei oparitzeko.[9][10]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c Zergatik oparitzen dira pazko-opilak?. Diario Vasco egunkaria 24-3-2016.
- ↑ a b «Garizumako ohitura zaharra - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2025-04-27).
- ↑ Kaixo, karapaixo![Betiko hautsitako esteka] artikulua Berrian.
- ↑ Arana Murillo, Anuntxi. (01.06.16). Jaietako eskeen erredundantziaren zentzua. Eusko Ikaskuntza, 232 or..
- ↑ «San - OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2025-04-27).
- ↑ Antxon Agirre Sorondo. (2010 / 03-26 / 04 - 09). Aste Santuko jakiak Euskal Herrian. .
- ↑ «Karapaixoa egiten Urkimendi baserriko Joseba Aranarekin, Arrasateko Bedoña auzoan» Debagoiena Zuzenean 2014-04-02 (Noiz kontsultatua: 2018-02-25).
- ↑ Karapaixo, Garipaua, Mokotza.. 2010-04-02 (Noiz kontsultatua: 2018-02-25).
- ↑ Alaine, Aranburu(e)ko. (2025-04-25). «Opila forma duen elkar zaintza» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2025-04-27).
- ↑ «San Markos opila bere izen eta guzti, amaidinak prestatuta - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2025-04-27).