Edukira joan

Pello Joxe Aranburu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pello Joxe Aranburu
Bizitza
JaiotzaAlkiza, 1936 (87/88 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Jarduerak
Jarduerakapaiza, idazlea eta irakaslea

Pello Joxe Aranburu Ugartemendia (Alkiza, 1936) apaiz, idazle, kultur sustatzaile eta irakaslea. Euskararen irakaskuntzan eta bere jaioterriko historiaren dibulgazioan lan handiak egin ditu[1].

Alkizako Aldapa bailarako Urruzola baserrian jaio zen 8 senideko familia batean. Bere aita, Mateo Aranburu Alkizako lehen alkate frankista zena, Pello Joxek hamaika urte zituela hil zen. Amak orduan seminariora bultzatu zuen. Aretxabaletara joan zen, bertan bere izeba batek Anjel Garmendia apaiz alkizarraren zerbitzura zegoelako, gaztelania eta gramatika ikastera seminarioan sartu ahal izateko.

Lehen urtean sarrera-froga ez zuen gainditu. Donostiara joan zen orduan Mirakontxan Monja-etxe batera. Bigarrengoan azterketa gainditu zuen.

Saturrarango seminarioan hasi zituen apaiz-ikasketak. Bertan irakasle apaiz euskaltzale eta abertzale batzuk baziren: Emiliano Iturraran, Andoni Basterretxea, Anton Garro eta Juan Beristain. Euskal kulturan gerora itzala izan duten hainbat ikaskide zaharrago izan zituen, besteen artean: Joan Mari Lekuona, Joxe Mari Aranalde, Joanito Dorrontsoro eta Hiazinto Fernandorena Setien. Lau urte egin zituen bertan seminarioa itxi eta Donostiakora eraman zuten arte.

1960an apaiztu zen baina Donostiako gotzainak Jaime Font Andreuk ez zion destinori eman harik eta 1961an Ezkio-Itsasoko Alegi auzoko apaiz izendatu zuen. Bertan Herri Gaztedi eta Baserri Gaztediko mugimenduan murgildu zen erabat. Mugimendu hartako aldarrikapenek eraman zuten 1966ko urriaren 11an Ormaiztegiko LETAG (Lasa eta Garmendia) lantegian lanean hastera. Egun berean Hiazinto Fernandorena Setien AMPOn hasi zen eta Karlos Lamikiz Beasaingo tailer txiki batean. Hiru apaizek urratsa elkarrekin adostu eta planifikatu zuten.

1960ko hamarkadaren bukaeran fabrikako lanaz gain euskarazko eskolak emateari ekin zion gau-eskoletan. 1972an Lazkaora joan zen bizitzera Hiazinto Pernandorena Setienekin batera. Beasainen ari zen orduan fabrikan lanean. Franco hil ondoren fabrika utzi eta erabat lotu zitzaion euskara irakasteari. Goierriko Euskal Eskolako, Gerriko elkarteko[2] eta Maizpide euskaltegiko sortzaileetako bat izan zen. Maizpiden irakasle moduan jardun zuen erretiroa hartu arte. Euskaltegiko zuzendari ere izan zen.

1980an Imanol Berriatuak Israelera hebreera irakasteko bertako sistema ezagutzera antolatutako bidaiako kideetako bat izan zen.

2001ean Oilategitik[3] aldizkariaren bultzatzaile izan zen Alkizan eta 2002z gero aldizkaria publikatzen duen Alkizako Oilategitik Kultur Elkartearen presidentea da.

Egun Zizurkilen bizi da.

Bere obra gehiena azterketa historiko-etnografikoaren alorrekoa da. 20 bat liburu publikatu ditu bakarrik edo beste autore batzuekin elkarlanean. Horretaz gain Fontes Linguae Vasconum, Uztaro, Zutabe, Oilategitik eta beste aldizkari batzuetan argitaratu izan ditu artikuluak.

Liburu-zerrenda

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biblioteca Nacional de España delakoaren datuak baliatu dira nagusiki zerrenda osatzeko[4].

  • 1982.: Euskal aditza alfabetatzeko, elkarlanean
  • 1993: Juan Inazio Iztueta Etxeberria (1767-1845), elkarlanean
  • 1994: Klaudio Otaegi (1836-1890), elkarlanean
  • 1994: Jose Ignazio Gerriko Enatarriaga (1740-1824), elkarlanean
  • 1995. Juan Bautista Agirre Elola, (1742-1823), gizon eta apaiz eredugarria
  • 1998: Jose Felix Amundarain Muxika (1755-1825), elkarlanean
  • 1998: Alkizako kristautasunaren bilakaera eta 1851-1867 urteetako matrikula parrokiala
  • 1999: Joxe Otxoa Arin (1672-1743) gipuzkera literarioaren aintzindari
  • 2001:Alkiza auzo eta hiribilduaren azterketa historikoa (1348-1950)
  • 2003: Ataungo ogibide historikoen edo artzaintza, nekazaritza, basogintza, burdinola, errota, eraikuntza eta zerbitzuen kulturazko eragin nagusia bertako Etnosaren historian, XIV-XX mendeetan
  • 2003: Lazkaoko bi jauregietako 21 belaunaldiren apunte historikoak, 1335-1919
  • 2006: Norteko Trenbidearen eraikuntza, ebaluaketa eta ondorioak Gipuzkoan, Luis Mari Intzarekin elkarlanean
  • 2007:Beasainek bere bilakaera garraiobide eta industriari zor, 1840-1940, Luis Mari Intzarekin elkarlanean
  • 2010: Larraul, historia baten hasiera Larraulgo San Esteban parrokia, baserriak, I (i) beltz burdinola eta Txuringadi errotaren eraikuntzen bilakaera XVI-XVIII mendeetan
  • 2011: Kirru, 1938-2001: lagun zaharra
  • 2011: Gorka Kruzeta Olañeta, Alkizan, 1995-2008 urteetan
  • 2012: Antonio Sorarrain Amunarriz, 1928-2011, biografia eta obra
  • 2102: Frankismoaren aztarnak arakatzen : Amasa-Villabonako frankistek idatzita utzi ziguten liburua (koordinatzailea)
  • 2013: Ernioko Kablearen saiakera: sustraiak, historia eta oroitzapenak
  • 2015: Jaxinto, ikastolen lemazain

Ahotsak proiektuaren baitan Miren Artetxek[5] Pello Joxeren ahozko jarduna grabatu zuen 2010ean Alkizako euskararen lekulotasun moduan. Guzitra 236 minutu grabatu zituen 19 pasartetan banaturik daudenak[6].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]