Edukira joan

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Koordenatuak: 43°10′37″N 2°18′23″W / 43.17694°N 2.30639°W / 43.17694; -2.30639
Wikipedia, Entziklopedia askea

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea
Goiburua: Hirurak Bat

Irurac bat goiburuaren irudia da elkartearen ikurretako bat. 1765ean diseinatu zuen Manuel Salvador Carmonak.

Insausti jauregia, Elkartearen egoitza.
Sorrera1765
Egoitza nagusiaInsausti jauregia
43°10′37″N 2°18′23″W / 43.17694°N 2.30639°W / 43.17694; -2.30639
Herria Azkoitia (Gipuzkoa)
Herrialdea Euskal Herria
ZuzendariaJoxe Mari Urkia Etxabe
Webgune ofiziala

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea (gaztelaniaz: Real Sociedad Bascongada de Amigos del País) Ilustrazio garaian sortu zen zientzia eta kultura erakunde bat da. Izan ere, hasiera hartatik elkartearen helburua izan da «hainbat gai, arte, diziplina, zientzia, jarduera literario, sozial eta giza jarduera lantzea eta sustatzea». Xabier Munibe Peñafloridako kondeak eta Azkoitiko zalduntxoek sortu zuten elkartea.

Gaur egun, diziplina guztiak espezializatu egin dira eta jakintza orokorraren helburua ezinezko bihurtu da, baina Elkarteak azken urteetan garai berriei egokitzeari ekin dio eta urtero argitalpen interesgarriak kaleratzen ditu. Egoitza nagusia Azkoitiko Insausti jauregian dute.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzordeek osatzen dute, azken urteotan sortutako Mexikoko Ordezkaritzarekin batera.

1765. urtean Gipuzkoan sortu eta Euskal Herri osora zabaldu zen Argien Mendeko elkartea. Elkartea jaio zen unean krisi larrian zegoen Euskal Herriko ekonomia egitura, Indietako merkataritzak jo zuen beheraldiarengatik, eta mendebaldeko Europa guztira zabalduak ziren jadanik iraultza burgesa gauzatuko zuten ideia berriak.

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea Frantzisko Xabier Munibe Idiakez Peñafloridako kondeak Gipuzkoako Batzar Nagusietan 1763-1764 urteetan aurkeztu zituen proiektuen arabera egituratu zen eta, hasieran, Gipuzkoako aitoren seme eta burges batzuek bultzatu zuten (Peñafloridako kondeak, Joaquin Maria Egia Narrosko markesak eta Manuel Ignacio Altunak, bereziki). 1766. urtean onartu ziren elkartearen estatutuak, Karlos III.a Espainiakoaren onespenaz.

Zeregin hauek jarri ziren helburu nagusi gisa, garai hartako ideologia ilustratuari jarraikiz: euskal herrialdeetan arteak, zientziak eta arte ederrak zabaltzea; ezjakintasuna, nagikeria eta alferkeria ezabatu eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herrialdeen arteko batasuna eta elkarkidetza sustatzea; hain zuzen ere, elkarteak plazaratu zuen lehenengoz Hirurak Bat (garaiko idazkeran, Irurac Bat) goiburua eta ikurra. Ekonomia krisiarentzat irtenbide azkar modernoak bideratu nahi izan zituen hasieratik Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, eta ezinbesteko iritzi zion horretarako maila guztietako ekoizpen teknikak berritzeari.

Euskal Herrian ordura arte bazter xamar egona zen teknologiari zegokionez ikerketa saio berezia eskatzen zuen modernotasun hark eta, horrenbestean, Europari begira jarri ziren elkarteko kideak irtenbide bila. Nekazaritza eraberritzeko asmoek finantza (finantza mailan ez zen proiektu bateratu sendorik bideratu; oro har, nork bere ahalen arabera finantzatu ziren proiektuak) eta egitura (nekazaritza sail txikien tradizioa hautsi ezina) mailako oztopo larriekin egin zuten topo eta industriari begira jardun zuten bereziki elkarteko arduradunek (burdinolak eraberritzea, ikatzarria erabiltzea, burdina lantzeko teknika berriak asmatzea).

Europako jakintza-leku nagusietara jo zuten Euskalerriaren adiskideek kimika, mineralogia eta burdingintza prozesuak aztertu eta ikastera, eta arlo horietan lortu zituzten ilustratu euskaldunek zientzia emaitza nagusiak (Elhuyar anaiek wolframa aurkitu zuten, Ignacio Zabalok altzairua lantzeko metodoak hobetu zituen, bertako laborategietan urtu zen lehenbizikoz platinoa eta hobekuntza nabariak abiarazi ziren burdinoletan (hauspo mota berriak). Ekonomia mailan ez zuten eragin zuzenik izan aurrerakuntza guzti horiek. Bai, ordea, hezkuntza mailan.

Espainiako estatuko mugimendu ilustratu garrantzitsuena gorpuztu zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta Bergarako Errege Mintegira bildu ziren garai hartako zientzietako eta jakintzako aditu asko.

Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen ereduari hasieran ez zion inork jarraitu. Bultzada 1774tik aurrera gertatu zen, Espainiako Carlos III.aren Ondasun ministroa izan zen Pedro Rodríguez de Campomanesen Discurso sobre el fomento de la industria popular[oh 1] argitaratu zuenetik, liburu horretan elkarte ekonomikoak sortzeko lana diseinatzen baitzuen. Hitzaldiaren 30.000 ale eta elkarte ekonomikoan sortzeko aholkatzen zuen gutun bat zabaldu ziren korrejidore-etxeetan, udaletan, kantzelaritzetan, auzitegietan, apezpikutegietan, etab.

Campomanesen iradokizunek harrera ona izan zuten, eta berehala iritsi ziren Gaztelako Kontseilura elkarte ekonomikoak sortzeko eskabideak, erresuma guztiko hiri eta hiribilduetatik. 1775etik 1808ra 97 sortu ziren guztira.

Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen eragina txikiagoa izan zen, oro har, hizkuntza eta literatura arloetan, eta geografia zabalkundeari dagokionez, eragin handia izan zuen bere garaian Nafarroa Garaian (Tuterako Sociedad Económica Tudelana de Amigos del País 1778), eta apalagoa Ipar Euskal Herrian. Konbentzio Gerrak (1794) neurri handi batean indargabetu zuen elkartea; eta, egun, euskal kulturako alor askotan ari den zientzia eta kultura elkarte bat da.

Kide ospetsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Herri-industria sustatzeari buruzko hitzaldia

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]