Robert Jenkinson (Liverpoolgo II. kondea)
Robert Jenkinson, Liverpoolgo II. kondea (Londres, 1770eko ekainaren 7a - Kingston upon Thames, 1828ko abenduaren 4a) britainiar politikari Torya izan zen. Erresuma Batuko lehen ministroa izan zen 1812tik 1827ra.
Oxforden ikasi zuen eta gazte sartu zen politikan. 1801ean Henry Addingtonen gobernuko Kanpo Arazoetako estatu idazkari izendatu zuten. 1809an Spencer Percevalen gobernuko Gerra eta Koloniak estatu idazkari izendatu zuten.
Lehen ministroaren postua onartu zuen 1812an Perceval hil ondoren. Bere agintaldian Napoleonen porrota eta Vienako Kongresua gertatu ziren. Baita 1812ko angloamerikar gerra ere. 1815ean Zerealen legeak onartu zituen, izaera protekzionistakoak. Peterlooko sarraskiaren ondoren, 1819an, ordena mantentzeko neurri errepresiboak ezarri zituen. Merkatarien, ondasun-ekoizleen eta jabeen interesen alde egin zuen. Katolikoen emantzipazioaren kontu polemikoan konpromiso bat bilatu zuen. Ekonomiaren hobekuntzak, azkenean, bere posizio politikoa indartu zuen. 1827an erretiratu zen, bere osasun txarragatik.