George Hamilton-Gordon (Aberdeengo IV. dukea)
George Hamilton-Gordon, Aberdeengo IV. dukea (Edinburgo, 1784ko urtarrilaren 28a - Londres, 1860ko abenduaren 14a) britainiar politikaria izan zen. Erresuma Batuko lehen ministroa izan zen 1852tik 1855era.
Lur-eremu handietako jabeen familia aberats batean jaio zen. Europan zehar bidaiatu zuen eta interes handia hartu zuen zibilizazio klasikoekiko eta arkeologiarekiko. 1812tik aurrera diplomatiko bihurtu zen eta Vienako enbaxadara bidali zuten. Han antolatu eta finantzatu zuen Napoleon garaitu zuen Seigarren koalizioa.
1828an Lord Wellingtonek Atzerriko Idazkari izendatu zuen. Berriz ere Atzerriko Idazkari izan zen 1841etik 1846ra Robert Peelen gobernuan. Frantziarekiko harremanak normalizatu zituen, Kanada eta Estatu Batuen arteko mugako gatazka konpondu zuen eta Txinaren aurkako Lehe Opioaren Gerrari amaiera eman zion. Azken horretan Hong Kong Erresuma Batuari lagatzea lortu zuen.
Politikoki, hurrenez hurren Tory, kontserbadorea eta Peelen aldekoa izan zen. 1852 eta 1855 artean koalizio gobernu bateko lehen ministro izan zen, baina ez zen bere ministroak kontrolatzeko gai izan. Kontrako ahaleginak egin zituen arren, Erresuma Batua Krimeako Gerran sartzea erabaki behar izan zuen. Gerraren martxak eragindako nahigabeak bere gobernuaren erorketa eragin zuen.