Santurbe baseliza

Koordenatuak: 42°55′18″N 1°39′55″W / 42.92165236°N 1.66522092°W / 42.92165236; -1.66522092
Wikipedia, Entziklopedia askea
Santurbe baseliza
San Urbano baseliza
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaGaskue
Koordenatuak42°55′18″N 1°39′55″W / 42.92165236°N 1.66522092°W / 42.92165236; -1.66522092
Map
Historia eta erabilera
Erlijioakatolizismoa

Santurbe baseliza[1] edo San Urbano baseliza[2][3] Nafarroa Garaiko baseliza da, Gaskuen dagoena, Odieta udalerrian.[4] 1903-1905 bitartean eraiki zuten, XVI. mendeko hondakinen gainean,[5] eta 2016an zaharberritua izan zen. Maiatzeko azken igandean erromeria ospatzen da,[oh 1] Odietako eta inguruko herrietako bizilagunen bilkura jendetsua.[6][7]

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Urbano baseliza Apezalabaki alderdian dago, 630 metroko garaieran, Gaskuetik bi kilometro hegoaldera, Txutxurru (805 m) eta Arranomendi (809 m) artean. Azken mendi horrek bereizten ditu Odieta eta Txulapain haranak, eta ermita, metro gutxigatik bada ere, Odietako dermioan dago. Gaskuetik igotzen dena da biderik ezagunena, baina Ziaurritzetik eta Usitik ere irits daiteke.[7]

Eraikina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egungo ermita 1903-1905 bitartean eraiki zen. Latindar gurutze formako oinplanoa dauka. Erdiko habeartea 28 metro luze eta 7 metro zabal da, eta bi albo-habearte txiki daude. Erretaula nagusian San Urbanoren irudia dago, nitxo baten barnean. Erromeria egunetan, santuaren erlikia-ontzia paratzen da kaperan.[7]

2010eko hamarkadaren hasieran, eraikina egoera txarrean zegoen, eta gangak erortzeko arriskuan. 2015ean, negoziazio luze baten ondoren, Iruñeko artxidiozesiak Odietako Udalari eman zion baseliza, eta jabari publikoko ondasun bihurtu zen. Udalak ermita zaharberritu eta moldatu zuen, erabilera kulturalak, erlijiosoak eta zibilak ahalbidetzeko. Obra horiek egitean, 1905eko maiatzaren 1eko bi egunkari agertu ziren, koroa eraiki zuten zurginek gordetakoak.[3]

Absideari atxikirik, beste hiru eraikin daude: sakristia, sukaldea eta ermitauaren egoitza. Horietako bat irekia eta bisitarientzako egokitua dago.[7]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ermitaren kanpoaldea

Ez da ezagutzen noiz eta nola iritsi zen Santurberen kultua Odietara. Izan ere, Urbano I.a aita santua 230ean hil zen Erroman, martiri, eta haren gurtzak zabalpen txikia du munduan. Ez da agertzen santuen izendegi hispanoromaniko eta bisigotikoan, ezta VII. eta XI. mendeen arteko nekaldi-liburu hispanikoetan ere. Euskal Herrian, Gaskuen eta Elorrioko Berrio auzoan besterik ez zen ospatzen bere jaieguna.[8]

Tradizioaren arabera, saindua artzaiko maingu bati agertu zitzaion Gaskuetik hurbil, elorri baten ondoan, eta hanka herbala sendatu zion. Hori eta gisa bereko beste mesede batzuk eskertzeko, gaskuetarrek San Urbanoren omenezko ermita bat eraiki zuten Apezalabaki eremuan, urtero maiatzaren 25ean bertara igotzeko botoa eginez.[7]

Ermitaren lehenbiziko berri idatzia 1813ko uztailekoa da, Soraurengo guduaren ondoren frantziar soldaduek arpilatu baitzituzten, bai San Urbano, bai Gaskueko parrokia. Ez Espainiako Historiaren Errege Akademiaren hiztegiak (1802) eta Pascual Madozenak (1847) baseliza aipatzen ez badute ere, erromeria egiten zen orduko.[8] Hona zer gertatu zen 1830ekoan, Florencio Idoatek Rincones de la historia de Navarra liburuan jaso zuenez:

« Iraizozko Marizenez etxeko morroiak, labaindarra berez, eta Larraintzarko Larrañegikoak ermita honetan elkarrekin topo egin, hizketan hasi eta batek iseka egin zion besteari, euskara xelebrea zuela eta. Hortik hasita, makilak jaso eta elkar berotzen hasi ziren. Han zen Martin Handi esaten zioten bat, iraizoztarra bera, makilkada batez Iruñeko bat hankaz gora bota berria zuena. Zergatik ote? Arraizko zapatariak errifa batean tranpa egina zuela esateagatik. Martin Handi beste bi horien borrokan sartu zen, bere herritarraren alde noski. Baina inguruko jendeak geldiarazi zuen makil dantza hori.

Arratsaldean, jendea Gaskuera jaitsi zen, hango festa ikustera. Hantxe zen Larrañegiko nagusia ere. Eta bere morroia jipoia hartu eta burua lotuta zegoela ikusita, Martin Handiri erritan hasi zitzaion. Hortan zirela, Martin Handiren iloba bat hurbildu zen. Larrañegiko morroiak desafiatu egin zuen bakarka borrokatzera. Ekin eta morroi horrek bigarren jipoia hartu zuen. Eta besteak, Gelbentzura alde egin. Larrañegiren aldeko hamabost bat lagunek atzetik jarraitu zioten, ordea, Martin Handi hiltzeko prest. Baina honen aldekorik ere bazen, eta Gelbentzuko bentan hantxe hasi ziren denak ere elkar joka.

Martin Handik etsai bat lurrera bota zuen giltzurrinetan jota. Iraizozko batek makila hautsi zuen. Besoekin burua estaliagatik, hura ere han gelditu zen lurrean. Bere taldea atzeraka zihoala-eta, Martin Handi bentan sartu zen, hango ohe baten azpian ezkutatuz. Baina etsaiak atzetik segi, ileetatik hartu, kanpora arrastaka atera eta bapo berotu zuten. Eromen hura gelditu nahirik, Larraintzarko zapataria tartean sartu zen; eta makilkadarik gogorrena berak jaso zuen.

Benteroak etxea itxi eta korrika joan zen alkatearen bila. Hau etorri zenean, borrokalari guziak ihes eginak ziren, lurrean zeuden Martin Handi, zapataria eta besteren bat izan ezik. Medikuak puska bateko lana izan zuen haien buruak sendatzen. Agintariek hiru hilabeteko kartzela eman zioten Martin Handiri. Eta beste guztiei, multa bana.[9]

»
Erretaula

1880ko hamarkadan, Leon XIII.ak barkamen osoa eman zien santua gurtzera bertaratzen zirenei. Garai hartan, erreumadunen zaindaritzat zeukaten. XIX. mendearen amaieratik, indar handia hartu zuen erromeriak.[oh 2] Odietatik ez ezik, Ultzama, Atetz, Txulapain, Basaburua eta baita Sakana eta Iruñerriatik ere joaten zen jende anitz. Ermita barnean elizkizunak egiten ziren bitartean, animazio handiko eskulangile azoka eratzen zen kanpoaldean; besteak beste, zurezko koilarak, eskularruak, joareak, uhalak, zorroztarriak edota kaikuak izaten ziren salgai. Gozoki saltzailerik ere ez zen falta izaten.[7]

Bazkal ordurako erromes batzuk Gaskuera edo inguruko bentetara jaisten ziren. Beste anitzek, ordea, ermitaren ondoko soroan egiten zuten otordua, gerrenean erretako bildoskia askotan. Erromeriarako espres ezarritako ostatuetan, ardoa, likoreak, kafea eta zigarroak saltzen ziren. Bazkalondoan soinua izaten zen; porrusaldak eta arin-arinak lehenik, eta dantza lotuak gero. Francoren diktadurako urte ilunetan, 1945etik aitzina, dantzaldia debekaturik egon zen. Etxerakoan bestak segitzen zuen, bai Gaskuen, bai Ziaurritzeko, Usiko edo Burutaingo bentetan.[7]

1981ean eta 1983an, ermitak zenbait eraso bandaliko pairatu zituen. Atzean zio politikoa zegoela uste da, Gaskueko apaiz euskaltzalearen aurkakoa. 1980ko hamarkadan, maiatzeko azken igandera aldatu zuten erromeria. Indarra galdu bazuen ere, 1987an 1600 lagun elkartu ziren, sei saltzaile-postu eta ostatu batekin.

XXI. mendeko erromerietan mezak (euskaraz eta erdaraz), kuadrillen bazkariak, salmenta postuak eta musika izaten dira. Bestalde, Odietako Udalak baseliza eskuratu eta zaharberritu zuenetik, erabilera kulturala ere ematen zaio, musika emanaldiak bereziki.[6]

Saindu ibiltaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garrantzi handikoa zen Sarturbeko ermitauaren lana, baseliza garbitzeko eta zaintzeko ardura zuena. Horretaz gain, abuztuaren 16tik aitzina eta Garizuma bitartean, Nafarroako iparraldeko herrietan barna ibiltzen zen, behor baten gainean, San Urbanoren irudia zeukan zurezko kapera txiki bat zakutoan zeramala; horregatik, “Santero” ere deitzen zitzaion.[4]

Ermitauak 300 herri baino gehiago bisitatzen zituen urtero, etxez etxe baselizarentzako erremusinak galdegiten. Erremusinen erdiak beretzat izaten ziren, eta herri gehienetan laguntzaileak zituen, ostatua eta mantenua ematen ziotenak. Azken ermitaua Mariano Ziganda izan zen, Gelbentzuko Gorrontxenekoa. Bost urtez ibili zen Nafarroako herriak korritzen, hasieran bizikletan, eta motozikletan geroago. Euskalerria irratiko Kike Diaz de Ultzurrun kazetariak egin zion elkarrizketa batean, hainbat pasadizo kontatu zituen:

« Ibiltzen nintzen herriz herri. Balle hau guztia, eta gero, Baztan, Bera, Lesaka, Etxalar... santuarekin. Hau bezalako katxarro bat hartu eta han barnean sartu; harekin, tira, ibili! Bortz urtez. Bi bizikletan eta hiru moto ttiki batean... ziklista joaten nintzen Etxarri Aranatzeraino, Lizarraga, Unanu... handik honata dena. Barranka, dena. Gero, Valdegoñi ere bai. Goñi, Azantza...

Nik horko imajina ematen nuen kristalean sartuik eta etxetan ematen zioten musu eta ematen zidaten limosna. Banituen etxeak herrietan. Apezak papera ematen zidan, zer etxetan gelditu, jateko eta lo egiteko. Etxeak onak, ongi zaudenak.[10]

»

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Erromeria maiatzaren 25ean izaten zen, baina azken igandera aldatu zuten 1980ko hamarkadan.
  2. 1896an 3000 pertsona bertaratu ziren, El Eco de Navarra egunkarian argitaratutako kronikaren arabera.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. santurbe. «historiak eta kondairak» Ermita de San Urbano | Santurbeko baseliza (Noiz kontsultatua: 2024-02-28).
  2. Ermita de San Urbano. Euskal Onomastikaren Datutegia - EODA, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-5).
  3. a b San Urbano. ermitasanurbano.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-5).
  4. a b Bisita gaitzazu. Odietako Udala, odieta.es (Noiz kontsultatua: 2023-12-5).
  5. Agirresarobe, Asier, Tellabide, Muskilda. Odietako xendetan barrena. Berria, 2010eko martxoak 19, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-8).
  6. a b Santurbe erromeria aire berrituekin. Pulunpe, 153. zenbakia, 2016ko ekaina, amezti.tok-md.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-5).
  7. a b c d e f g Egia Astibia, Víctor Manuel. La romería de San Urbano de Gaskue. Ondaregia, 2022ko abenduak 9, ondaregia.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-5).
  8. a b Homobono Martinez, Jose Ignacio. Romería de San Urbano de Gaskue. Expresiones de religiosidad, sociabilidad y reproducción de identidades colectivas. Nafarroako Gobernua. Vianako Printzea Erakundea, 1989, culturanavarra.es (Noiz kontsultatua: 2023-12-8).
  9. Zavala, Antonio. Oiñez eta jakin miñez: San Urbano, Odieta aranean. Auspoa Liburutegia, 249, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-8).
  10. Diez de Ultzurrun, Enrique. El último ermitaño de San Urbano. Ze Berri, 144, 2020ko iraila, zeberri.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-8).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]