Selinonteko gudua (K. a. 409)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Selinonteko gudua
II. Siziliar gerrak
Guerre greco-puniche Greek-punic wars 1.0.jpg
Greziar-puniko maskaren nahasketa.
Data K.a. 409
Lekua Selinonte, Sizilian
Emaitza Selinonte, doriar hiria, suntsiturik
Gudulariak
Sirakusako
Selinonte
Kartago.
Buruzagiak
Ezezaguna Hanibal Magon
Indarra
25.000 oinezko 40.000 oinezko
Galerak
16.000 hildako
6.000 atxilotu
Ezezaguna

Selinonteko gudua (K.a. 409) Izan zen II. Siziliar gerren lehen gudua. Hamar eguneko sitioa eta borroka izan zuten Hanibal Magonek (Magonida familiakoa) zuzendutako kartagotar armada eta Selinonte doriar hiriaren artean. Selinontek Segesta hiri elimoa garaitu zuen K.a. 415ean. Gertaera horrek urte bereko Siziliako atenastar inbasioa ahalbideratu zuen, baina atenastar armada K.a. 413an hondatu zen. Selinontek, Segesta irabazi zuenean K.a. 411n, Kartagok erabaki zuen segestarrak laguntzea. Honela, haren armadak Selinonte setiatu eta arpilatu zuen, hiri horrek negoziazioak errefuxatu zituelako. Hau izan zen Hanibalen kanpaina honetako lehenengo urratsa, baina gero, kartagotarrek Himerako guduan pairatu zuten porrotaz mendekua hartu nahi zuen. Selinonte hiria berreraiki zen baina ez zuen inoiz aurreko garrantzia hartu.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Feniziarrak K.a. 800ean Siziliara etorri baino lehen, irlak bazituen beste komunitate batzuk, hala nola, elimoak, sikanoak eta sikuloak. Hasieran, feniziarrek merkataritza-postuak ezarri zituzten kostaren luzeran, baina ez ziren inoiz barrualdera sartu. Azkenean, irlaren mendebaldeko erdira baztertu ziren erresistentziarik gabe (gehienbat Motia, Panornus eta Soluntum hirietan) greziar kolonoak heldu zirenean K.a. 750ean. Joniar grekoak lehenak izan ziren irlan Naxos kolonia sortzean K.a. 750ean. Geroago, iparraldetik eta mendebaldetik hedatu ziren Himera hiria K.a. 648aren inguruan fundatuz, Soluntum feniziar lurraldearen ondoan. Doriar grekoek Sirakusa fundatu zuten K.a. 734an, hegoaldetik eta gero mendebaldetik zabaldu ziren Selinus fundatu arte, K.a. 654an, Motia feniziar lurraldearekin mugakidea zena. Joniar grekoek, orokorrean, harreman onak zituzten bertako siziliarrekin eta feniziarrekin. Doriarrak, berriz, oldarkorragoak ziren greziar eremuak natiboen bizkar hedatzen zituztelako. Greziar kolonien eta natiboen arteko gatazkak agertu ziren baina erabakigarriak izan gabe, beharbada kanpoko beste indar batzuk esku hartu ez zutelako. Feniziarrek eta kartagotarrek guztiekin egiten zuten merkataritza eta honela, orokorrean, koloniak aurrera joan ziren. Oparotasun horrek bultzatuta, greziar hiriak lurralde berriez jabetu ziren eta horrek, azkenean, Siziliar gerrak sortarazi zituen.

Kartagotar nagusitasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieran, Siziliako feniziarrek ez zioten armekin aurre egin greziar inbasioari, baina hau aldatu zen greziarrek punikoen eremuak, mendebaldeko Sizilian, indarrez inbaditu zituztenean. Feniziarrak elimoen alde kokatu ziren Selinonteko doriar kolonoak menperatzeko, hauek Lilibeo izango zen hiriaren ondoan kolonia bat ezarri nahi zutenean, hots, Motia feniziar koloniaren aurrean. Ezezaguna da kartagotarren partaidetza gertakizun honetan, baina litekeena da fenizioek Sizilian hegemonikoak ez izatea[1]. Dirudienez, Malko kartagotar erregeak, ustezko Siziliako konkistatzaileak, Tirora bidali zuen arpilatutakoa. Horrek suposatzen du Kartagok Motia, Panorno eta Solus koloniez jabetu zela. Kartago hegemonia punikoaren burua bilakatu zen greziarren kontrako lehian Mediterraneoren mendebaldean K.a. 600 urtearen ondoren. Malkoren garaiko Selinonte eta Himeraren goraldiek adierazten dute kartagotarrek Sizilian ez zituztela greziarrekin gatazkarik. Hala ere, Kartagok kontraeraso egin zuen Dorieoren espedizioa K.a. 510ean, grezoak Erixen menperatuz. Horrek azaltzen zuen Kartagok orain feniziarren interesak Sizilian kontrolatzen zituztela. Gertaera honen ondorengo gerran, Kartagok Heraklea Minoa birrindu zuen[2]. Data hau ezezaguna zaigu baina Kartagok ez zuen berriro Sizilian parte hartu K.a. 480 arte. Kartagok Sizilian seguratzen zuen fenizioen autonomia haien kanpo politikaz arduratuz eta laguntzaren truke, zenbait zerga ezarriz. Elimoei, Selinontetik babestekotan, aliatu estatusa eman zieten. Azkenean, hiri hau Kartagorekin aliatu zen ere Agrigentoren beldur.

Greziar tiranoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gelako bi greziarrek, Kleandrok eta Gelonek, parte harte zuten Heraklea Minoa suntsitu zuen gerran. Zenbait hamarkada beranduago, Dorieo printzeak Espartako tronua galdu ondoren, Libiara abiatu zen jarraitzaileekin, baina handik kartagotarrek egotzi zuten K.a. 511n. Ondoren, Sizilian lehorreratu zen eta Erix kolonia fundatu zuen, hiru urtez borroka izan bazuen ere. Kartagok Segesta lagundu zuen K.a. 510ean Dorieoren espedizioa menperatzeko. Horren ondoren, bizirik irten ziren greziarrek Heraklea Minoa fundatu zuten[3]. Siziliako greziarrek (agian, Akragas, Gela eta Selinus), zehaztugabeko datan, mendeku hartu zuten kartagotarrengandik eta Minoa suntsitu zuten. Ondoren, sinatutako itunak onura ekonomikoak ekarri zizkien greziarrei[4]. Dorieoren heriotza mendekatzeko deiari ez zioten kasurik egin Grezian, ezta Leonidas Espartakoak [5]ere, nahiz eta bere anaia izan . Beharbada, jarrera horrek adierazten zuen greziar hiriek ezin zutela banan-banan Kartagori aurre egin edo Greziatik laguntza lortzeko segurtasun falta zutela. Egoera hori aldatuko zen Siziliako tiranoak agertzean. Gelako Kleandro eta Gelon, gerra honetan esku hartu zuten bi greziarrak, hurrengo gertaeren katalizatzaileak izan ziren. Siziliaren mendebaldean gatazkak bukatu zirenean eta Kartago Sardinian arduratuta zegoenean, Siziliako kolonia gehienak tiranoen azpian erori ziren. K.a. 505-480 artean, Gelako, Akragasko eta Reggioko tiranoek haien jabegoak zabaldu zituzten bertako siziliarren eta beste greziar hirien lepotik. Horietako arrakastasuena Gela, doriar hiria, izan zen. Kleandro Gelakoak (K.a. 505-498) eta horren anaiak Hipokratesek (K.a. 498-491) gai izan ziren joniar eta doriar lurraldeak eskuratzeko eta K.a. 490erako, Zankle, Lentini, Catania, Naxos, sikuloen eskualdeak eta Camarina, Gelaren menpean erori ziren. Gelonek, Hipokratesen ondorengoak, Sirakusa menperatu ondoren K.a. 485ean, bere hiriburua bihurtu zuen. Garbiketa etnikoa, erbesteratze eta esklabotasuna erabiliz[6], Gelonek joniar hiriak doriarrak eraldatu zituen eta Sirakusa izan zen Siziliako botere nagusia. Bitartean, Teron Agrigentoko tiranoak sikuluen eta sikanoen lurrak inbaditu zituen K.a. 488-472 bitartean. Haien arteko edozein gatazka ekiditzeko, Gelon eta Teron ezkondu ziren beste familiaren emakumeekin, honela fronte bat eratu zuten Siziliako sikuloen eta joniarren aurrean. Greziar Siziliako baliabideak eta eskulana tirano horien esku zeudenez, Siziliako beste botereri beldurra ematen zien. Joniar greziarrek, Naxos eta Catania galdu zituztenez Gelaren aurrean, Himerako eta Reggioko tiranoek aliantza bat egin zuten. Anaxilao Reggiokoa, K.a . 490ean Geloni Zankle kendu ziona, Terrilo Himerakoa tiranoarekin aliatu zen honen alabarekin ezkondu eta gero[7]. Hurrengo urratsa izan zen bi hiri hauek Kartagorekin aliatzea. Selinonte, Teron lurraldeen ondoko hiri doriarra, Kartagorekin aliatu zen ere. Erabaki honetan zerikusia izango zuen Teroni zion beldurra eta Gelonek Megara Hiblearen suntsiketa (Selinonteren ama hiria), K.a. 483an. Ondorioz, ezegonkortasunezko orekan hiru botere zeuden Sizilian: joniarrak, iparraldea kontrolatzen zutenak (Himera eta Reggio); kartagotarrak mendebaldea eta doriarrak ekialdean eta hegoaldean (Sirakusa eta Agrigento). Sikuloak eta sikanoak erdian ogitartekaturik, pasiboak zeuden, baina elimoak kartagotarrekin aliatu ziren. Egoera aldutu zen Teronek, Himerako biztanleen laguntzarekin, Terilo boteretik kendu eta hiria kontrolatu zuenean K.a. 483an. Kartagok parte izan zuen Anaxilaok eskatu ziolako. Siziliako greziarrek Gelonek eta Teronek zuzenduta, kartagotar espedizioa zapaldu zuten K.a. 480an Himerako guduan. Kartagotar eremuak Siziliako mendebaldean ez zuen murrizketarik izan, baina Kartagok 70 urtez ez zuen parte hartu Siziliako arazoetan, baina Afrikan, Sardinian eta Hispanian zabaldu zen. Kanpoko indar baten porrotak oparotasuna ekarri zuen Siziliara, baina bakea ez. Egoera politikoa aldatu zen demokraziak eta oligarkiek zenbait tirano ordezkatzean. Sirakusako eragina behera joatean greziar hirien arteko borroka sarritan gertatzen zen. Atenasek flotak bidali zituen Siziliara K.a. 427, 425 eta 424 urteetan gatazketan parte izateko. Azkenean, Hermokrates Sirakusakoak Gelako Kongresuan, K a. 424an, eskatu zien Siziliako greziar hiriei bakean egoteko. Greziar eta natiboen arteko bakea ez zen itunaren atal bat. Paradoxikoki, irabazitako kartagotarrek eta haien aliatuek, elimoek, bake gehiagoz gozatu zuten Himerako guduaren geroztik K.a. 415 arte.

Selinonte Segestaren aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Selinontek eta Segestak (elimoen hiria) merkataritzan eta gatazketan historia luzea partekatzen zuten. Hirien arteko erlazioak hain estuak ziren, non baikoitzeko legeek hiritarren arteko ezkontzak onartzen baitzituzten[8]. Halabaina, bazeuden gatazkak ere: feniziarrek elimoak lagundu zituzten K.a. 580an Lilibeoko eta 510ean Erixko greziar inbasioak egozteko. Ezezaguna da Segestaren zeregina Kartagok Minoa suntsitu zuen gerran. Segesta neutrala zen[9] Himerako lehen guduan (ironikoki Selinonte Kartagorekin aliatuta zegoen). Himerako guduaren ondoko garaiak oparotasuna ekarri zion bi hiriri. K.a. 454 urtearen inguruan, gatazka bat sortu zen Motia, Selinonte eta Agrigentoren artean, nahiz eta arrazoiak ilunak izan[10], Kartago ez zegoen arazoan sartuta. Selinontek irabazi zuen eta elimoek laguntza eskatu behar zuten Atenasen, baina ez dago argi erantzuna baiezkoa izan zen. Bakea eta gero, hiru hamarkadaz luzatu zena, Segestaren boterea ahultzean,[11] Selinontek borrori ekin zion K.a. 416an.

Atenastarren espedizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Selinonteko greziarrek Mazaros[12] ibaiaren goi arroa zeharkatu zuten, Segestarekin eztabaidan zeuden eremuez jabetuz eta Segestako lurraldea arpilatuz. Segestaren geratzeko eskaerari muzin egin ziotenez, lurrak armen bidez berreskuratu nahi zituzten, baina ondoria kontrakoa izan zen: greziarrek menperatu zituzten gudu batean[13]. Segestak, orduan, Agrigentori eta Sirakusari alperrik eskatu zien bitartekaritza. Are gehiago, Sirakusa Selinonterekin kokatu zen eta flota bat bidali zuen elimoen kosta blokeatzeko[14]. Etsita, Segestak Kartagora mezulariak bidali zituen, baina hauek arbuiatu zuten laguntzea. Horren ondoren, Segesta Atenasen aliatua zenez K.a. 426tik -joniar hiriak lehenbiziz Sizilian parte hartu zuenetik-[15], hiri horretara beste mezulari batzuk bidali zituen laguntza eske. Ondoriozko atenastarren Siziliako inbasioak porrot egin zuen siziliar hirietako konbinatu baten aurrean, non Selinonte eta Sirakusa partaideak baitziren. Segestaren egoera, Atenasen aliatua zen aldetik, larria bihurtu zen.

Selinontek erasoa jo zuen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atenastar porrotaren ostean, Selinontek haren jabaria zabaldu nahi zuen, horretarako aukeran zuen: mendebaldean Motiaren lurrak; ekialdean Agrigentorenak edo iparraldean Segestarenak. Motiarekin ustezko gatazkak suposatzen zuen Kartagori aurre egitea. Agrigento, berriz, Segesta baino indartsuago zen. Gainera, Segesta etsai baten aliatua izatean, hauek menperatu ondoren, Selinontek eskualdea kontrolatuko zuen. Honela, Sirakusaren bezain boteretsua izango zen eta Tirreniar itsasora irteera bat lortuko zuen, itsas-bide zuzena emango ziona Etruria eta Massaliako merkatuekin. Selinonte borroka hasi zen K.a. 410ean Segestaren lurrak okupatzen. Segesta mugitu ez zenez Sirakusaren beldur[16], Solinontek jarraitu zuen elimoen eremuetan sartzen. Orduan, Segestak erabaki zuen Kartagora enbaxada bat bidaltzea laguntza eske.

Kartagoren erantzuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kartagok, Himerako guduaren ostean, ez zuen 70 urtez Siziliako arazoetan esku hartu eta greziarrak saiatu ziren hura ez probokatzen. Izan ere, urte horietan Kartago indartu zen Atlantikoko afrikar eta europar kostak aurkitzean eta Sardinia Magonida leinuaren agintaldian baretzean. Merkataritzari esker, K.a. 430 inguruan, urre eta zilar kantitate handiak metatuta zituen[17]. Greziarrak Kartagoren botereaz jakinaren gainean zeuden, beraz, Sirakusak atenastarren inbasioaren kontra laguntza eskatu zion[18]. Kartagok ez zuen inori laguntza eman, ezta Segestari ere, K.a. 416an laguntza eskatu zionean. Alabaina, egoera bestelakoa izan zen K.a. 411n Segestak berriro laguntza eskatu zionean.

Siziliako kulturak (K. a. 431)


Esku-hartzeko arrazoiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo urratsa eman zen Segestak erabaki zuenean Kartagoren menpekoa eta aliatua izatea[19]. Horrek adierazten du Segestak barruko autonomiaren eta merkataritzaren kontrolei eusten ziela, baina kanpo politika ez, elimoen lurraldean garnizio punikoak eta, agian, zergak ordaindu behar zituelako kartagotarren babesaren truke. Bigarren arrazoia izan zen Hanibal Magonen, Kartagoko sufete baten, parte-hartzea. Kartagotarren ikuspuntutik bi faktore aintzakotzat hartzen ziren: lehena zen Selinontek irabaztekotan greziarrek indar handiago izango zutela kartagotarren kalterako; bigarrena, Segestarekin sinatutako aliantza kartagotarren domeinua zabalduko zuen, baina edozein parte-hartzek gerra piztuko zuen Sirakusarekin. Kartagotar senatuak luze eta zabal arazoa eztabaidatu ondoren, Hanibalek aldeko epaia lortu zuen Segestaren menpekotasuna eta parte-hartzea onartu zuelako. Azkenean, senatuak onartu zuen Segestari baldintzarik gabeko laguntza ematea.

Bidaia diplomatikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hanibalek ez zituen bere sentimenduak kontuan hartu arloaz arduratzen zenean. Hark Selinontera bidalitako mezulariek proposatu zuten, Segestarekin su-etenaren ordez, Kartagok eztabaidaturiko eremuak kontrolatuko zituztela. Alde batetik, ekimen horrek astia emango zion Kartagori tropak mobilizatzeko eta bestetik, proposamenak arrakastasua izanez gero, Segestak bakea izangozuen eta kartagotar domeinua zabalduko zen (jadanik, Segesta menpekoa zelako). Kartagotar eskaintza kontseiluan eztabaidatu zen, eta Enpidionek, Kartagorekin harreman estuak zituen hiritarrak, etengabe eskatu zuen proposamena onartzea Kartagorekin gatazka ekidetzeko[20]. Hala ere, selinontarrek ezetza eman zuten. Hurrengoan, Hanibalek Segestako eta Kartagoko mezulariak bidali zituen Sirakusara, Selinonte eta Segestaren arteko gatazkan bitartekaritza egin zezaten. Kartagotarren ustez, Selinontek bitartekaritzari muzin egingo zion eta ondorioz, Sirakusak ez zuen parte hartuko prestatuko zen guduan[21]. Izan ere, Selinonteko mezulariek Sirakusan esan zuten beraiek konponduko zutela arazoa, orduan sirakusarrek erantzun zieten ez zutela nahi Selinonterekin aliantza apurtu ezta Kartagorekin bakea amaitu ere. Hori zela eta, Kartago aske zegoen Selinonterekin jarduteko Sirakusaren interferentzien beldurrik gabe. Honela, kartagotar diplomaziak lortu zuen hurrengo urteetarako Selinonte isolatzea.

K.a. 410ko espedizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kartagok Sizilian ez zuenez armada iraunkorrik, Afrikatik 5.000 soldadu eta 800 mertzenario (aurretiaz, atenastarren espedizioan parte hartu zutenak) bidali zituen[22]. Kartagok zaldiak italiarrentzat ekarri zituen eta armada Segestan kokatu zuen. Bitartean, Selinonteko armadak, talde txikietan banaturik, Segestaren eskualdeak arpilatzen zituen. Orduan, greziarren berriki indartutako armada Segestatik irten zen eta Selinonteko sakabanaturiko soldaduak ustekabean hartu zituen, 1.000 hildako eraginez eta selinontarrek lortutako ospila berreskuratuz[23]. Oraingoz, Segesta seguru zegoen greziarren arpilaketez hauek, jipoiaren ostean, Selinontera itzuli zirelako. Honen ostean, Selinontek alperrik eskatu zuen laguntza Sirakusan. Segestak, bere aldetik, Sirakusako errepresalien beldur, laguntza gehiago eskatu zion Kartagori[24].

Espedizio nagusia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hanibalek baiezko erantzuna eman zion Segestako deiari. Izan ere, 120.000 infante eta 4.000 zaldunen armada antolatu zuen, Afrikatik, Sardiniatik, Hispaniatik eta Siziliako greziar eremuetako biztanleekin. Armadak bazituen kartagotar boluntarioak ere[25]. Gaur egun, pentsatzen da datuak puztuta zeudela eta armadak 30.000-40.000 soldaduren artean izango zituela. Armada K.a. 410ean hasi zen antolatzen, baina ez zen abian jarri K.a. 409ko udaberria arte.

Kartagotar kohorteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kartagotar armada hainbat naziotako mertzenarioak zituen. Libiarrak, infanteria astuna eta arina osatzen zutenak, armadaren unitate disziplinatuenak ziren. Infanteria astunak formazio itxian borroka egiten zuen, ezpata luzeak eta ezkutu biribilak zituen eta lihozko korazak jantziz. Libiar infanteria arinak xabalinak eta ezkutu txikiak zeramatzan, iberiar infanteria bezala. Iberiar soldaduen jantziak tunika zuriak ziren, purpurazko ertzekin eta bururako larruzko kaskoak zituzten. Iberiar infanteria astunak falange trinkoan borroka egiten zuen. haien armak jaurtitzeko lantzak ziren, gorputza babesten zuten ezkutu luzeekin eta ziztatzeko ezpata laburrak zituen[26]. Campania, Sardinia eta Galietako infanteriek berezko armak zituzten[27] Kartagok zenbaitetan hornitzen bazituen ere. Libiarrek, kartagotar hiritarrek eta libiaren aldeko feniziarrek zalditeria disziplinatua eta ondo prestatuta zuten, jaurtitzeko lantzekin eta ezkutu biribilekin horniturik. Numidiar zalditeria arinak xabalina sorta bat zituen eta zaldunak bridarik edo zelarik gabe zaldien gainean zeuden. Iberiarrek eta galiarrek ere zalditeria zekarten. Kartagotarren aliatuek armadan esku hartzen zuten. Kartagotar ofizialek gudaroste guztien agindua zuten nahiz eta zenbait unitatetan jatorrizko buruzagien esanetara egon. Greziar hoplitak Italian eta Grezian kontratatzen ziren.

Selinonte: kokapena eta defentsa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Selinonte Siziliako hiri aberatsenetako bat izan zen, Megara Hiblako doriar greziarrek fundatu zutena K.a. 628an. Sirakusako edo Agrigentoko maila berea ez bazuen ere, haien kokapenaz eta hiritarren jarreraz, hiriko defentsa gogorra egingo zuten. Sirakusarrek, behintzat, hori pentsatzen zuten laguntzeko armada prestatzen zuten bitartean.

Hiriaren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Selinonte 47 metro altuerako mendixka baten gainean kokatuta dago (hiriak hiru tokitan aldapak ditu, itsasoaren aldeko hegoaldeko partean izan ezik[28], Selinus eta Hipsas ibaien artean. Antzinako hiria hegoaldean zegoen, harresiz inguratutako akropolian, eta beranduago iparraldera hedatu zen muino osoan zehar. Akropoliaren iparraldean agora zegoen. Selinontek bi portu zituen, muinaren mendebaldean eta ekialdean, ibaien bokaletan. Hiriaren ekialdean eta mendebaldean, ibaien harantzago bi muino daude hiriko tenpluekin. Ez dago ziur zein izan zen hiriko harresien trazadura, baina ziurrena horrek akropolia eta hiria inguratuko zuen[29].

Defendatzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Siziliako hiri handiek, Sirakusak eta Agrigentok adibidez, 10.000-20.000 soldadu errekrutatu zitzaketen[30], txikienek, berriz, hala nola, Himerak eta Messinak, 3.000[31] eta 6.000 artean[32]. Selinontek, beharbada, 3.000-5.000 soldadu izango zituen, baina mertzenariorik ez. Selinonteko soldaduak hoplitak ziren eta hiriak ez zuen zalditeriarik. Ezer gutxi dakigu Selinonteko itsas-armadaz. Selinontek hiritik kanpo gerra gehienetan borroka egin zuenez, litekeena da haren harresiak zaindu gabe egotea[33]. Setioa bitartean, hiritar guztiak mobilizatu ziren, emakumezkoak barne, eta hauetariko asko oldarkor-tropa gisa erabili ziren. Etsaiei teiak, adreiluak eta beste objektu batzuk jaurtiz bat-bateko peldasta hauek hildako asko eragin litzakete kale borrokan (honela gertatu zitzaion Pirro Epirokoari, Argosen hil zela, emakume batek buruan teila batekin jo ondoren).

Kartagotar espedizioa Sizilian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirurogei trirremek eskolta eman zien kartagotar armadari. K.a. 409ko udaberrian, Afrikatik soldaduak, hornidurak eta setiatzeko ekipamendua 1.500 itsasontzietan garraiatu zen eta Motian lehorreratu. Motiako tropak handitzeko, Siziliako kartagotar hirietan errekrutatzeari ekin zioten. Hanibalek soldaduei egun bateko baimena eman zien Selinonterantz abiatu baino lehenago. Bidean, Mazara eta Selinonteko kanpo garnizio bat atzeman zituzten. Harrez geroztik, Mazarak hornituko zuen armada punikoa gerrak irauten zuen bitartean[34]. Lehorreko armadak setiatzeko ekipamendua Selinontera eramaten zuen bitartean, itsas-armada Motian porturatuta zegoen[35]. Selinontek bazekien Hanibalen armada urreratzen ari zela, behatzaileek itsas armadaren lehorreratzeaz ohartarazi ziotelako. Selinontarrek defentsak prestatu zituzten eta kanpoan zeudenak deitu zituzten harresien barruan egoteko. Honela, setiorako hornidurak bildu zituzten Gelari eta Sirakusari laguntza eskaten zieten bitartean.

Setioa ezarriz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kartagotar armada Selinontera heldu zen honek laguntza jaso baino lehenago, mendebaldeko muinoan kanpatuz, hau da, akropoliaren ondoan, gero setioko lanekin hasteko. Hanibalek ez zituen egin Selinonte inguratzeko kanpoko harresiak,[36] lan hauek denbora emango zielako Sirakusari eta beste Siziliako greziar hiriei armada sendo bat antolatzeko eta Kartagoko setioa pikutara bidaltzeko. Errendizioa gosez bilatu beharrean, Hanibalek erabaki zuen Selinonte setio-makinekin erasotzea, baina Himeraren antzeko porrota ekiditzeko, Hanibalek ez zuen berehala Selinonte eraso baizik eta denbora hartu zuen setioko lanak eta makinak prestatzeko.

Lehen erasoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kartagotarrek destakamentu bat utzi zuten hiriaren ekialdean etor zitekeen greziar armadaren erasoak ekiditzeko[37]. Beharbada, kartagotarrek iparraldetik eraso zuten sei setio-dorre erabiliz eta ahari-buruekin. Lehengo eguneko oldarra italiar mertzenarioen ardura izan zen[38]. Ahari-buruak burdinezko plakekin estali ziren harresietatik zetorren suaren kaltea ekiditzeko. Selinontek ez zuen azken urteetan setiorik jasan; beraz, ezer gutxi zekien setio-armeei buruz. Setio-dorreetan, hiriko harresiak baino handiagoak zirenak, habailariak eta erasoko tropak zeuden. Hauek harresien defendatzaileak eraso zituzten eta azkenean, botarikoaren zaparrada hain handia izan zen non selinontarrek ihes egin baitzuten. Orduan, arieteak erabili zituzten ateak apurtu arte. Hala ere, egun osoko gudu baten ondoren, Campainiako infanteriaren erasoa errefusatu zen. Arrazoia izan zen harresiaren hondakinak ez zirela kendu eta hori eragozpen handia zen kartagotarrak aurreratzeko. Selinonteko gizonezkoek borroka egiten zutenean, emakumezkoek eta zaharrek hornidura ekartzen zuten harresiei, hauek konpontzen saiatzen ziren bitartean. Gaua heltzean, kartagotarrek erasoari utzi zioten haien kanpalekura erretiratuz. Iluntasunez baliaturik, selinontarrek berriro mezuak bidali zituzten Agrigentora, Gelara eta Sirakusara, baina harresien zaharberritze lanak ahaztu gabe. Zaldiz eramandako mezuek bi egun behar zuten Sirakusara heltzeko eta hiri horrek beste bost egun behar zituen armadarekin Selinontera ailegatzeko[39]. Agrigentok eta Gelak erabaki zuten itxarotea Sirakusaren erantzuna jakin arte. Garai hartan, Sirakusak, Lentini eta Naxosen kontrako gerran zegoela[40], su etena egin zuen armada handi bat antolatzeko, baina ez zuen oso azkar ibili pentsatzen zuelako Selinonte gai izango zela luzaro kartagotarrei aurre egitea[41]. Usteak ustel, kartagotarrak setio-armekin nagusiak zirelako.

Azken erasoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hurrengo egunean, Hanibalek indar handiagoz borroka egin zuen. Arkulariak eta habailariak sei setio-dorreen gainean kokatu zituen eta hauek lortu zuten harresiak defendatzailerik gabe uztea[42]. Sei ahari-buru erabili zituen harresien kontra eta azkenean, egindako zuloetatik infanteria punikoa sartu zen. Zuloetako hondakinak kendu orduko, soldadu taldeak txandaka sartu ziren[43]. Orduan, greziarrek harresiak defendatu beharrean, kale estuetan barrikadak antolatu zituzten erasotzaileei aurre egiteko. Gudua bederatzi gau eta egunez luzatu zen, erasotzaileen aurrean iberiar mertzenarioak zihoazelarik. Greziarrek kaleetan adorez borrokatu zuten bitartean, emakumeek teilatuetaik teilak eta adreiluak botatzen zizkieten erasotzaileei. Nahiz eta hildako asko eragin, kartagotar armada oso handia izatean, poliki-poliki aurrera joan zen hirian barrena. Bederatzigarren egunean, greziar emakumeek ez zuten ezer jaurtitzeko eta horrek erraztu zuen kartagotarren lana. Greziarren hildakoen kopurua gero eta handiagoa zenez, borrokalariak agorara erretiratu ziren. Selinonteko azken erresistentzia bukatu zenean, 6.000 greziar preso hartu ziren, 3.000 soldaduk Agrigentora ihes egin zuten eta 16.000 hil ziren guduan eta ondoriozko sarraskian[44]. Kartagotarrak bakarrik hiriko tenpluetan babesa bilatu zirenetaz errukitu ziren.

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sirakusarren 3.000 soldadutako abangoardia Agrigentora heldu zenerako kartagotarrak Selinontez jabetu ziren. Ezinezkoa zenez hiria laguntzea, Dioklesek elkarrizketak hasi zituen Hanibalekin. Lehenengo greziar ordezkariak erantzun txarrekin itzuli ziren, baina bigarrenek (Enpedionesek, kartagotar aldeko selinontar batek zuzendurik), baimena lortu zuen hiria berreraikitzeko eta presoak erreskatatzeko[45]. Kartagotarrek zoruaren altueran birrindu zuten hiria, tenpluak izan ezik, hauen altxorra ospil moduan eraman bazuten ere. Espedizioaren helburua bete egin zen Selinonteko suntsiketarekin, baina Hanibalek greziarrekin negoziazioak hasi beharrean, Himerara abiatu zen, non K.a. 480an kartagotarrek porrot handia jasan baitzuten. Sirakusarrak, egoeraz oharturik, seriozki hasi ziren Himerako laguntza prestatzen. Ez dago argi Himerak Selinonteko guduan parte hartu zuenentz. Geroago, Hermokratesek Selinonte erabili zuen base moduan K. a. 407an eskualde punikoak erasotzeko. Honek Selinonteko harresiak berreraiki omen zituen. K.a. 405eko bakeak erraztu zuen Selinonte birpopulatzea, nahiz eta aurreko ospea lortu ezinik ezta Segestarentzat ez zen berriro mehatxu bat izan. Azkenean, Lehen Gerra Punikoan guztiz birrindu zen eta biztanleak Lilibeon kokatu ziren.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • BAKER, G. P. (1999): Hannibal. Cooper Square Press. ISBN 0-8154-1005-0
  • WARRY, John (1993): Warfare in The Classical World. Salamander Books Ltd. ISBN 1-56619-463-6
  • LANCEL, Serge (1997): Carthage A History. Blackwell Publishers. ISBN 1-57718-103-4
  • BATH, Tony (1992): Hannibal's Campaigns. Barns & Noble. ISBN 0-88029-817-0
  • KERN, Paul B. (1999): Ancient Siege Warfare. Indiana University Press. ISBN 0-253-33546-9
  • FREEMAN, Edward A. (1892): Sicily Phoenician, Greek & Roman, Third Edition. T. Fisher Unwin. 
  • CHURCH, Alfred J. (1886): Carthage, 4th Edition. T. Fisher Unwin. 

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. FREEMAN, Edward A.: Sicily, 55 orr.
  2. FREEMAN, Edward A.: Sicily, 67 orria.
  3. Diodoro Sikulo: IV. 23.
  4. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily, 2. bolumena, 97-100 orriak.
  5. K. a. 480ean, Termopiletako guduan ospea hartu zuena.
  6. FREEMAN, Edward A., History of Sicily, 2. bolumena, 130-131 orriak – jabari publikoko liburua.
  7. Herodoto: VII. 163.
  8. Tuzidides: 6. 6. 2.
  9. Herodoto: 7. 165. - ez dira aipatzen elimoak kartagotar armadan.
  10. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily, II. bolumena, 551-557 orriak. Jabari publikoko liburua.
  11. Diodoro Sikulo: 12. 82. 4-7, Tuzidides: 6. 20. 4 eta 6. 22
  12. FREEMAN, Edward A., History of Sicily, III. bolumena, 81-82 orriak. Jabari publikoko liburua.
  13. Diodoro Sikulo: XII. 82
  14. Tuzidides: VI. 6. 2
  15. Tuzidides: 6. 2.
  16. Diodoro Sikulo: XIII. 43.
  17. Tuzidides: VI. 34. 2.
  18. Tuzidides: VI. 34. 2.
  19. Diodoro Sikulo: XIII. 43.
  20. Diodoro Sikulo: XIII. 59.
  21. Diodoro Sikulo: XIII. 59.
  22. KERN, Paul B,: Ancient Siege Warfare, 165 orria.
  23. CHURCH, Alfred J.: Carthage, 29 orria.
  24. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily, III. Liburukia, 453 orrialdea, jabari publikoko liburua.
  25. FREEMAN, Edward A.: Sicily, 142 orria.
  26. GOLDSWORTHY, Adrian, The fall of Carthage, 32 orria, ISBN 0-253-33546-9
  27. MAKROE, Glenn E., Phoenicians, 84-86 orriak, ISBN 0-520-22614-3.
  28. RIVELA, Antonio, The Dead Cities of Sicily, jabari publikoko liburua.
  29. KERN, Paul B., Ancient Siege Warfare, 164 orria. ISBN 0-253-33546-9.
  30. Diodoro Sikulo: X. III. 84.
  31. Diodoro Sikulo: X. IV. 40.
  32. Diodoro Sikulo: XIII. 60.
  33. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 164 orria.
  34. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 164 orria.
  35. FREEMAN Edward A.: Sicily, 142 orria.
  36. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 164 orria.
  37. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 163 orria.
  38. Diodoro Sikulo: 13. 55. 6-7.
  39. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily, III. bolumena, 464 orria. Jabari publikoko liburua.
  40. Diodoro Sikulo: 13. 56.
  41. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 166 orria.
  42. Diodoro Sikulo: 13. 55. 6-7.
  43. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 165-166 orriak.
  44. CHURCH, Alfred J.: Carthage, 30 orria.
  45. FREEMAN, Sicily, 143 orria.