Sobietar Batasuneko historia (1927-1953)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

1927-1953 bitarteko Sobietar Batasuneko historiak Iosif Stalinen agintaldia hartzen du, estalinismoa ezarri zuenetik bera hil zen arte. Sobietar Batasuneko historiaren une nagusia da, hiru hamarkada horietan zehar taxutu baitzen, bai alor politikoan bai ekonomikoan, sobietar sistema. Stalinen aroko elementu adierazgarrienetako batzuk, baina (masa terrorea, esaterako), 1953 ondoren desagertu ziren.

Urteak behar izan zituen Stalinek aginpidean lehiakiderik ez izateko; 1930 ondoko urteak arte ez zuen lortu. 1930eko hamarkadan formula ekonomiko berriak eta gogorrak bultzatu ziren (industrializazioa, nekazaritzaren kolektibizazioa) eta, bestalde, gogor zapaldu zen politika jarduera oro. 1941etik aurerra, Alemaniaren erasoak, uste izatekoa den bezala, bestelako premia larriago batzuk eta zenbait aldaketa ideologiko eragin zituen, errusiar nazionalismo ordurako sendoaren mesederako. Gerra bukatutakoan, baina, 1941 baino lehen indarrean zeuden arauetako batzuetara itzuli zen.

Ez dago ukatzerik herrialdea Stalinen gidaritza hertsiaren pean egon zen hiru hamarkada horietan SESBk hazkunde ekonomiko handia izan zuela. Hori bai, biztanleriaren egundoko pairamenaren lepotik egin zen hazkunde hori, eta ondoko belaunaldiei zama ekonomiko ikaragarria utzirik: baliabideak agorturik, ingurugiroa hondaturik. Bigarren Mundu Gerrak, bestalde, munduko herrialde ahaltsuenen artean kokatu zuen SESB.

Agintera iristeko borroka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lenin 1924 hil zen. Berehala borroka gogor bat hasi zen boltxebikeen bi buruzagi nagusien artean: Trotski eta Stalin. Hasieran, Stalinek beste buruzagi batzuen babesa izan zuen, Zinoviev eta Kamenevena, esate baterako. Lehia horretan bi eztabaidagai nagusi izan ziren: batetik, sozialismoa herrialde batean bakarrik eraikitzea, Stalinek nahi zuen bezala, eta, bestetik, Politika Ekonomiko Berria (PEB), zeina, Trotskiren aburuz, bertan behera utzi behar baitzen, estatalizatze eta industrializatze orokorraren mesederako.

Borroka horretan Stalin atera zen garaile. Trotski Alderdi Komunistatik bota zuten 1927an. Nolanahi ere, Stalinek, aurrerago, bere egin zituen aurkarien proiektu ekonomikoak eta, beraz, baztertzen joan zen, pixkana-pixkana, PEB delakoa, lehenagoko gerrako komunismoa gogorarazten zuten formulen mesedetan.

Stalin aginpidean gero eta sendoago zegoen bitartean, eztabaida asko sortu zen, hark boltxebikeen hasierako egitasmoekin zuen harremana zela-eta. Gutxienez bi azalpen eman ziren horri buruz. Lehenengoaren arabera, artean bizi-biziak eta arrazionalak ziruditen harreman asko, nabarmen, bat-batean eta ustekabean endekatzea eragin zuen Stalin agertu izanak. Bigarren azalpenaren arabera, berriz, nekez egongo zen Stalin aginpidean Leninek 1917-1922 bitartean hartu zituen neurri autoritario, hierarkiazale eta zapaltzaileetako asko hartu izan ez balitu.

Alde batera, estatu sobietarraren historiaren lehehengo urteetan gertatuak kontuan izan gabe, Stalin aginpidean sendo egotea ulertezina den bezala, ez litzateke zuzena esatea ere Stalin zela Leninek bilbatu zuen politika moldearen emaitza posible bakarra. Eta, ororen gainetik, ez da ahaztu behar zer nolako arrastoa utzi zuten gertaera haietan porrot ekonomikoek (PEB plangintza ez baitzen aurreikusitako emaitzak ematen ari) eta SESBri kanpotik egiten zitzaion setio galgarria.

Industrializazioa, kolektibizazioa eta zapalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sobietar horma irudia: Tximinietako kea da sobietar Errusiaren hatsa.

Stalinen politikek aldaketa ekonomiko handiak eragin zituzten; handiena, plangintza zentralizatua izan zen, zeinak, hasi eta denbora gutxira, izugarri kontzentratu baitzuen erabakiak hartzeko agintea. Sistema horrek, aldaketak aldaketa, 1980 arte iraun zuen. Plangintza zentralizatuak, orohar, berehala eman zituen fruituak: hazkunde ekonomiko handia. Eta hazkunde horren babesean neurri zorrotz gehiago hartu zen, lanaren etekina handitzearen alde. Industria astuna aurreratzeko ere ahalegin handia egin zen, 1928 eta 1940 bitartean produkzioa laukoizteraino, baina biztanleen bizi baldintzak batere hobetu gabe.

Baserritarrek sufritu zuten gehien: PEBk utzitako ekonomia pribatuaren azken hondakinak ezeztatu ondoren, produkzio bitartekoak kolektibizatzera behartu zituzten, bortxaz. Ondorio horiek gorabehera, plangintza zentralizatuak eta kolektibizazioak baliabideak xahutu zituzten, eta sekulako hondamen ekologikoa eragin zuten.

Stalin boterean sendotu zenean, ez zen gehiago barne eztabaidarako aukerarik izan Alderdi Komunistaren barruan. Bien bitartean zapalkuntza neurri gogorrak hartu ziren, buruzagi boltxebikeak berak ere hilez. Baina ez buruzagiak bakarrik; errepresioa alde guztietara zabaldu zen. Batzuen ustez, 1936-1950 bitarteko zapalketa politikoak hamar milioi inguru hildako utzi zituen. Biktima horietako asko arazo nazionalak zeuden tokietan gertatu ziren.

Bigarren Mundu Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1939an, eta Hitlerren Alemaniaren aldera hurbiltzeko zenbait saio egin ondoren, Alemaniak eta Sobietar Batasunak itun bat izenpetu zuten, Molotov-Ribbentrop Ituna deitua. Itun hori baliaturik, hiru Herrialde Baltikoak hartu zituen Sobietar Batasunak. Bien bitartean, Stalinek garbiketa gogorra egin zuen goi karguko militarren artean, eta asko murriztu zuen horrela armadaren erresistentzia ahalmena.

1941eko ekaineko Bizargorri Operazioaren bitartez, alemaniarrak Sobietar Batasunean sartu baitziren, argi geratu zen alemaniarrek eta sobietarrek 1939an izenpetu zuten itun hura gezurrezkoa zela. Gerra hasi eta lehenengo hilabeteetan Alemaniak aise menderatu zituen errusiarrak; baina hauek beren gudarostea berrantolatzean, batetik, eta negua iristean, bestetik, erabat aldatu ziren gauzak. Stalinek diskurtsu guztiz nazionalista zerabilen ordurako: arriskuan zegoena ez zen jada herri sozialista handia, errusiar ama herria baizik.

Handik hara, beraz, gerrak beste norabide bat hartu zuen: Stalingrad eta Kurskeko guduetan, adibidez, sobietarrak atera ziren garaile. Garaipen horietan SESBren industria militarraren indarberritzeak bezainbesteko garrantzia izan zuen kanpoko laguntzak, Estatu Batuen laguntzak bereziki. 1944an Leningrad inguruan ezarririk zegoen setioa haustea lortu zuten, eta hurrengo urtean Alemaniako hiriburua, Berlin, hartu zuten. Hala bada, SESB garaile atera zen Bigarren Mundu Gerran, baina garesti ordaindu zuen garaipena: 15 milioi herrikide galdu zituen, eta guztiz hondaturik geratu ziren ekonomia egiturak.

Stalinen azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sobietar blokeko herrialdeak Bigarren Mundu Gerraren ostean.

Nazioarteko gainerako herrialdeei buruz, SESB indarturik atera zen mundu gerratik. Jalta eta Potsdamgo Potsdamgo hitzarmenak zirela-eta, SESBren itzalpean geratu ziren Erdialdeko Europako eta Balkanetako herrialdeak. Hala, Alemaniako Errepublika Demokratikoa, Polonia, Txekoslovakia, Hungaria, Errumania eta Bulgaria sobietar blokearen barruan geratu ziren; SESB, beraz, herrialde horien sartaldeko mugaren zaintzaile bihurtu zen. Garrantzi handiko beste gertaera bat Txinan iraultza nagusitzea izan zen, Ekialde Urruneraino hedatu baitzen Sobietar Batasunaren eragina.

Alde on horiek guztiek, baina, alde txarrik ere ekarri zuten, handik hara SESBk aurrez aurre izan baitzuen munduan zen beste herrialde ahaltsuena: Estatu Batuak, alegia. Hori zela eta, izugarri handitu zen sobietarren gastu militarra, ekonomiaren aurreramenduaren kaltean. Ekonomia suspertzea izan zen, hain zuzen, 1945etik aurrera egin ziren politiketako askoren helburua, gerran hondaturiko azpiegiturak osatze aldera. Hartara, bost urteko plan handizale bat prestatu zen, diziplina neurri gogorrekin batera. Industria astuna berehala bizkortu bazen ere, nekazaritza produkzioak eta kontsumorako ondasunen produkzioak ez zuten aurrerabiderik egiterik izan.

Stalinen heriotza arteko urteetan ez zen politika askatzeko zantzurik txikiena sumatu. Errusiar nazionalismoa indartuz joan zen, gerraren ondorioz SESBren mende geratu ziren lurraldeak sobietartzeko prozesua gauzatu bitartean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sobietar Batasuneko historia (1927-1953)