Spica

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Spica
Virgo constellation map.png
Aurkikuntza eta kokapena
Konstelazioa Virgo
Partaidetza Udaberriko Hirukia
Behaketa ezaugarriak
Garaia: J2000.0
Igoera zuzena 201,298247362 gradu sexagesimal
Deklinazioa -11,161319485 gradu sexagesimal
Itxurazko magnitudea 0,97, -0,2, 0,74, 1,06, 1,3, 1,5, 1,54 eta 1,64
Espektro mota B 2 V +B2V
Ezaugarri fisikoak
Masa 117 Lur masa
Erradioa 7,4 Eguzki erradio
Errotazioa 130 kilometro segunduko
Tenperatura eraginkorra 3 Kelvin
Astrometria
Abiadura erradiala 0 kilometro segunduko
Berezko higidura -42,35 mas/u
Paralaxia 13,06 mas
Distantzia Lurretik 93 Parsec

Spica (α Virginis bezala izendatua, latinizatuta Alpha Virginis eta laburtuta Alpha Vir edo α Vir) Virgo konstelazioko izarrik distiratsuena da eta gaueko hogei izar distiratsuenetako bat ere bada. Paralaxiaren analisiek erakutsi dute Eguzkitik 250 ± 10 argi-urtera kokatzen dela. Izar bitar bat da eta izar aldakor elipsoidal birakari gisa sailkatzen da. Azken sailkapen horren arabera, Spica sistema osatzen dute bi izarrak oso hurbil daude elkarrengandik, hain hurbil ezen itxura esferikoko bi izarren tankera izan beharrean, arrautza-itxurako izar bakar baten tankera dute eta soilik beraien espektroarengatik jakin daiteke independenteak direla. Sistemako izar nagusia Beta Cephei motako izar aldakorra da eta tamainari dagokionean, erraldoi urdina.

Zenbait iturriren arabera, Spica, Arturo eta Denebola izarrekin batera, Udaberriko Triangelua asterismoaren kide da, eta Diamante Handia ere osatzen du, Cor Caroli izarrarekin batera.

Nomenklatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izarraren Bayerren izendapena α Virginis (Alpha Virginis latinizatuta) da. Alabaina, askoz ezagunagoa da izen tradizionalarekin, Spica, latinezko spīca virginis hitzetatik datorrena, "[garizko] alearen birjinaren galburua" esan nahi duena. Johann Bayerrek Arista izena ere aipatu zuen.

Arabiarrek hainbat izen tradizional ere eman dizkiote: Azimech /ˈæzɪmɛk/ arabieraz "armatu gabeko simāk' " (esanahi ezezaguna), Alarph, "mahats biltzailea" esan nahi duena eta Sumbalet (Sombalet, Sembalet eta hainbat aldaera ere badira), "gariaren galburua" adierazten duena.[1]

Txinatar kulturetan Spica eta ζ Virginis izarrek osatzen duten asterismoari 角宿 (Jiǎo Xiù) izena ematen zaio, "Adarra" esan nahi duena.[2] Txineraz Spicari 角宿一 (Jiǎo Xiù yī, euskaraz: Adarraren Lehen Izarra) izena ematen zaio.[3] Astronomia hinduan, Spica Chitrā Nakshatra-ri dagokio.

Behaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behaketen historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Spica Eguzkitik hurbilen dauden izar bitar masiboetako bat da eta horregatik, hainbat behaketa egin zaizkio historian zehar.[4]

Ustez, Hiparkori ekinozioen prezesioa aurkitzeko beharrezko datuak eman zizkion izarra Spica izan zen. Menat (lehenago Hathor) jainko egiptoarrarentzako Tebasen egin zen tenplua Spicarantz zuzenduta eraiki zen K. a. 3200. urtean.[5] Denbora igaro ahala, poliki-poliki Spicaren kokapena aldatzen joan zen zeruan eta horrek eragin zuen gaur egun tenplua ez egotea zehatz zuzenduta izarrerantz.[6] Hainbat mende beranduago, Nikolas Koperniko astronomo poloniarrak hainbat behaketa egin zizkion Spica izarrari berak egindako triquetrum-aren bidez, prezesioari buruzko ikerketak egiten zebilela.[7][8]

Gaur egungo behaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Spica ekliptikatik 2.06 gradura kokatzen da eta Ilargiak estali dezake, baita planeta batzuk ere kasu jakin batzuetan. Artizarrak estali zuen azken aldiz izarra (Lurretik ikusita) 1783ko azaroaren 10ean eta planeta bera izango da hurrengo estaltzea egingo diona izarrari, 2197ko irailaren 2an.[9] Urtero Eguzkia Spicatik bi gradu baino apur bat gehiago iparraldera pasatzen da, urriaren 16an hain zuzen. Izarraren eguzki-irteera aipatutakoa gertatu eta handik bi aste ingurura jazotzen da. Zortzi urtetan behin Artizarra Spicatik hurbil igarotzen da izar hura eguzki-irteera heliakala burutzen dabilela, 2009ko azaroaren 3an izarretik 3.5º iparraldera igaro zen.[10]

Spica zeruan kokatzeko modu bat Zartaginaren Asterismoa kokatu eta horren heldulekuaren arkua jarraitzea da Arturo izarrera iritsi arte eta ondoren distantzia angeluar berdina egitea harik eta Spica aurkitu arte.[11][12]

Ezaugarri fisikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izar-sistemari dagozkionak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Spica elkarrengandik hurbil dauden bi izar bitarrek osatzen duten izar-sistema bat da, bakoitzak bestea orbitatzen du lau egunetan behin. Bi izarrak oso hurbil kokatzen dira elkarrekiko, horregatik, teleskopio sendoenek ere ezin dituzte banatuta erakutsi. Orbita-higiduran dituzten aldaketak direla eta, Doppler efektua gertatzen da euren espektro-lerroetan eta horregatik lerro bikoitzeko izar bitar espektroskopiko gisa sailkatzen dira.[13] Hasieran, izar-sistemaren parametro orbitalak neurketa espektroskopikoak egiten deduzitu ziren. 1966 eta 1970. urteen artean, Narrabri Izarren Intentsitate Interferometroa izar bitarra behatzeko erabili zen eta hala, zuzenean neurtzeko izarraren orbita-ezaugarriak eta izar nagusiaren diametro angeluarra. Diametro angeluar hori (0.90 ± 0.04) × 10−3 arkusegundokoa zela jakin zen eta orbitaren ardatzerdi handia (1.54 ± 0.05) × 10−3 arkusegundokoa.[14]

Spica izar aldakor elipsoidal birakaria da, hau da, elkar eklipsatzen ez duten bi izar hurbilek osatzen duten sistema bat da, zeinetan osagai-izarrek elkar distortsionatzen duten euren elkarrekintza grabitazionala dela eta. Efektu horrengatik, izarraren magnitudea 0.03 puntutan aldatzen da periodikoki eta periodo hori orbita-periodoarekin bat dator. Magnitudearen gorabehera hori nabaritzea zaila da.[15] Bi izarrek beraien orbita-periodo komuna baino bizkorrago errotatzen dute. Sinkronizazio falta horrek eta izarren orbiten eliptikotasun altuak, agian, izar-sistema gaztea dela esan nahi du. Denbora igaro ahala, baliteke bi izarren itsasaldien indarrek bi izarren sinkronizazioa areagotzea, hala, orbita biribilagoa bihurtuz.[16]

2016an jakin zen Spica izar aldakor polarimetriko bat dela.[17] Igorpen polarimetrikoaren iturri nagusia izar batek bestearengan islatzen duen argia da (eta alderantziz). Spica izar-sistemako izarrei islakortasuna (edo albedo geometrikoa) neurtu zitzaien eta neurketa hori jaso zuten lehenak izan ziren historian. Spica A eta Spica B-ren albedo geometrikoak, hurrenez hurren, ehuneko 3,61 eta ehuneko 1,31 dira.[18] Planeten albedo geometrikoekin alderatuta, balio baxuak.

Izarren sailkapenaren baitan, Spica B mota goiztiarreko sekuentzia nagusiko izartzat hartzen da.[19] Spica izar-sistemako izar kide bakoitzari espektro mota bat zehaztea zaila da, batez ere bigarrenarentzat. Izar Distiratsuen Katalogoak izar-sistemako izar nagusia B1 III-IV espektro-motakoa dela dio eta B2V motakoa bigarren izarra,[20] baina beranduago egin ziren ikerketek sailkapen desberdinak egin dituzte.[21][22]

Spica A[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Spica A, izar-sistemako izar nagusia, B1 III-IV motako izarra da.[23] Izar baten argitasun mota bat dator bere espektroarekin, baldin eta izar hori izar hori azpierraldoi eta erraldoi moten artekoa bada. Hala bada, ez da sekuentzia nagusiko izarra izango inoiz. Izar honen eboluzio-faseari dagokionean, uste da sekuentzia nagusiko fasea igaro duela.[22] Izar honen masa Eguzkiarena halako hamar da eta bere erradioa Eguzkiarena halako zazpi. Izar nagusiaren argitasun bolumetrikoa Eguzkiarena baino 20.500 aldiz indartsuagoa da, eta bere bizilagun Spica B-rena baino bederatzi aldiz indartsuagoa.[24] Izar nagusi hau Eguzkitik hurbilen dauden izarren artean II Motako supernoba bat eragiteko gaitasuna duenetako bat da, hartarako nahikoa masa baitu.[25][22]

Spica A Beta Cephei motako izar aldakorra da, bere distira 0.1738 eguneko periodo batean behin aldatzen duena. Espektroak abiadura erradiala ere aldatzen duela erakusten du, periodo berdinean, horrenbestez, izarraren gainazala aldiro pultsatzen dabil, gero berriz ere uzkurtzeko. Izar hau bizkor biratzen dabil bere ardatzarekiko, 199 km/s-ko errotazio-abiadurarekin bere ekuatorean.[13]

Spica B[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Spica B izarra, sistemako izar sekundarioa, ezagutzen diren izarren artean Struve-Sahade efektua pairatzen duten apurretako bat da. Efektu horrek espektro-lerroetan ezohiko aldaketak eragiten ditu orbitak aurrera egin ahala, izan ere, lerroak ahulago bihurtzen dira izarra behatzailearengandik urrundu ahala.[4] Efektu horren arrazoia, agian, izar nagusiaren eguzki haize indartsuak dira, zeintzuek izar sekundarioaren argia sakabanatuko luketen izar horrek atzera egin ahala.[26] Bigarren izar hau nagusia baino txikiagoa da zentzu guztietan, bai masa aldetik (Eguzkiarenak halako zazpi ditu) eta baita erradio aldetik (Eguzkiarena halako 3,6koa du).[13] Bere izar-sailkapena B2 V da, beraz, sekuentzia nagusiko izarra da.[23]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «LacusCurtius • Allen's Star Names — Virgo» penelope.uchicago.edu . Noiz kontsultatua: 2020-07-12.
  2. (Txineraz) 陳久金. (2005). 中國星座神話. 五南圖書出版股份有限公司 ISBN 978-986-7332-25-7 . Noiz kontsultatua: 2020-07-12.
  3. AEEA 天文教育資訊網, Activities of Exhibition and Education in Astronomy. Taiwango Natura Zientzien Museo Nazionala.
  4. a b Riddle, R. L.; Bagnuolo, W. G.; Gies, D. R. (2001eko abendua). "Spectroscopy of the temporal variations of α Vir". Bulletin of the American Astronomical Society. 33: 1312. Bibcode:2001AAS...199.0613R.
  5. Evans, James, 1948-. (1998). The history and practice of ancient astronomy. Oxford University Press ISBN 978-0-19-987445-3 PMC 729872798 . Noiz kontsultatua: 2020-07-12.
  6. Allen, Richard Hinckley, 1838-1908.. ([2003]). Star-names and their meanings. Kessinger ISBN 0-7661-4028-8 PMC 123908095 . Noiz kontsultatua: 2020-07-12.
  7. Rufus, W. Carl (1943ko apirila). "Copernicus, Polish Astronomer, 1473–1543". Journal of the Royal Astronomical Society of Canada. 37 (4): 134. Bibcode:1943JRASC..37..129R.
  8. Moesgaard, Kristian P. (1973). "Copernican influence on Tycho Brahe". In Jerzy Dobrzycki (ed.). The reception of Copernicus' heliocentric theory: proceedings of a symposium organized by the Nicolas Copernicus Committee of the International Union of the History and Philosophy of Science. Toruń, Poland: Studia Copernicana, Springer. ISBN 90-277-0311-6.
  9. «Earthsky Tonight — March, 26, 2010: Moon swings close to Regulus | Recorder Online» web.archive.org 2011-07-07 . Noiz kontsultatua: 2020-07-12.
  10. «Astronomical Events» www.poyntsource.com . Noiz kontsultatua: 2020-07-12.
  11. (Ingelesez) June 2007, Joe Rao 15. «Arc to Arcturus, Speed on to Spica» Space.com . Noiz kontsultatua: 2020-07-12.
  12. (Ingelesez) «Follow the arc to Arcturus, drive a spike to Spica | EarthSky.org» earthsky.org . Noiz kontsultatua: 2020-07-12.
  13. a b c Harrington, David; Koenigsberger, Gloria; Moreno, Edmundo; Kuhn, Jeffrey. (2009-10-10). «LINE-PROFILE VARIABILITY FROM TIDAL FLOWS IN ALPHA VIRGINIS (SPICA)» The Astrophysical Journal (1): 813–830 doi:10.1088/0004-637X/704/1/813 ISSN 0004-637X . Noiz kontsultatua: 2020-07-12.
  14. (Ingelesez) Herbison-Evans, D.; Hanbury Brown, R.; Davis, J.; Allen, L. R.. (1971-01-01). «A Study of α Virginis with an Intensity Interferometer» Monthly Notices of the Royal Astronomical Society (2): 161–176 doi:10.1093/mnras/151.2.161 ISSN 0035-8711 . Noiz kontsultatua: 2020-07-12.
  15. (Ingelesez) Morris, S. L.. (1985-08). «The ellipsoidal variable stars» The Astrophysical Journal (295): 143 doi:10.1086/163359 ISSN 0004-637X . Noiz kontsultatua: 2020-07-12.
  16. (Ingelesez) Beech, Martin. (1986). «The ellipsoidal variables: III. Circularization and synchronization» Astrophysics and Space Science (1): 69–75 doi:10.1007/BF00643972 ISSN 0004-640X . Noiz kontsultatua: 2020-07-12.
  17. (Ingelesez) Cotton, Daniel V.; Bailey, Jeremy; Kedziora-Chudczer, Lucyna; Bott, Kimberly; Lucas, P. W.; Hough, J. H.; Marshall, Jonathan P.. (2016-01-11). «The linear polarization of Southern bright stars measured at the parts-per-million level» Monthly Notices of the Royal Astronomical Society (2): 1607–1628 doi:10.1093/mnras/stv2185 ISSN 0035-8711 . Noiz kontsultatua: 2020-07-12.
  18. (Ingelesez) Bailey, Jeremy; Cotton, Daniel V.; Kedziora-Chudczer, Lucyna; De Horta, Ain; Maybour, Darren. (2019-07). «Polarized reflected light from the Spica binary system» Nature Astronomy (7): 636–641 doi:10.1038/s41550-019-0738-7 ISSN 2397-3366 . Noiz kontsultatua: 2020-07-12.
  19. (Ingelesez) Johnson, H. L.; Morgan, W. W.. (1953-05). «Fundamental stellar photometry for standards of spectral type on the revised system of the Yerkes spectral atlas» The Astrophysical Journal (117): 313 doi:10.1086/145697 ISSN 0004-637X . Noiz kontsultatua: 2020-07-12.
  20. (Ingelesez) Bright Star Catalogue. Yale University Observatory 1982 . Noiz kontsultatua: 2020-07-12.
  21. (Ingelesez) Popper, Daniel M.. (1980-09). «Stellar Masses» Annual Review of Astronomy and Astrophysics (1): 115–164 doi:10.1146/annurev.aa.18.090180.000555 ISSN 0066-4146 . Noiz kontsultatua: 2020-07-12.
  22. a b c (Ingelesez) Firestone, R. B.. (2014). Observation of 23 Supernovae That Exploded <300 pc from Earth during the past 300 kyr. The Astrophysical Journal.
  23. a b Schnerr, R. S.; Henrichs, H. F.; Neiner, C.; Verdugo, E.; de Jong, J.; Geers, V. C.; Wiersema, K.; van Dalen, B. et al.. (2008-06). «Magnetic field measurements and wind-line variability of OB-type stars» Astronomy & Astrophysics (3): 857–867 doi:10.1051/0004-6361:20077740 ISSN 0004-6361 . Noiz kontsultatua: 2020-07-12.
  24. (Ingelesez) Tkachenko, A.; Matthews, J. M.; Aerts, C.; Pavlovski, K.; Pápics, P. I.; Zwintz, K.; Cameron, C.; Walker, G. A. H. et al.. (2016-05-11). «Stellar modelling of Spica, a high-mass spectroscopic binary with a β Cep variable primary component» Monthly Notices of the Royal Astronomical Society (2): 1964–1976 doi:10.1093/mnras/stw255 ISSN 0035-8711 . Noiz kontsultatua: 2020-07-12.
  25. «Spica» stars.astro.illinois.edu . Noiz kontsultatua: 2020-07-12.
  26. (Ingelesez) Gies, Douglas R.; William G. Bagnuolo, Jr; Penny, Laura R.. (1997 April 10). «Photospheric Heating in Colliding-Wind Binaries» The Astrophysical Journal (1): 408 doi:10.1086/303848 ISSN 0004-637X . Noiz kontsultatua: 2020-07-12.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]