Edukira joan

Nikolas Koperniko

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Nikolas Koperniko

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakNiklas Koppernigk
JaiotzaToruń1473ko otsailaren 19a
HerrialdeaPoloniako Erresuma (1385-1569)
baliorik ez
Royal Prussia
BizilekuaToruń
Frombork (en) Itzuli
Krakovia
Padua
Bolonia
Lehen hizkuntzaMiddle Low German (en) Itzuli
HeriotzaFrombork (en) Itzuli1543ko maiatzaren 24a (70 urte)
Hobiratze lekuaArchcathedral Basilica of the Assumption of the Blessed Virgin Mary and Saint Andrew in Frombork (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: istripu zerebrobaskularra
Familia
AitaMikolaj Kopernik the Elder
AmaBarbara Koppernigk
Hezkuntza
HeziketaJagellondar Unibertsitatea
(1491 (egutegi gregorianoa) - 1495 (egutegi gregorianoa))
Boloniako Unibertsitatea
(1496 (egutegi gregorianoa) - 1500 (egutegi gregorianoa))
Paduako Unibertsitatea
(1501 (egutegi gregorianoa) - 1503 (egutegi gregorianoa))
University of Ferrara (en) Itzuli
(1503 (egutegi gregorianoa) - 1503 (egutegi gregorianoa)) Doctor of Canon Law (en) Itzuli
Tesi zuzendariaDomenico Maria Novara da Ferrara (en) Itzuli
Leonhard von Dobschütz (en) Itzuli
Doktorego ikaslea(k)Georg Joachim Rheticus
HizkuntzakBerpizkundeko latina
Middle Polish (en) Itzuli
Middle Low German (en) Itzuli
greziera
latina
poloniera
Irakaslea(k)Antonio Urceo (en) Itzuli
Albert Brudzewski (en) Itzuli
Domenico Maria Novara da Ferrara (en) Itzuli
Leonhard von Dobschütz (en) Itzuli
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakastronomoa, legelaria, ekonomialaria, matematikaria, lege-aditua, fisikaria, filosofoa, itzultzailea, medikua, diplomazialaria, idazlea, Kalonjea eta canon (en) Itzuli
Lantokia(k)Frombork (en) Itzuli
Enplegatzailea(k)Paduako Unibertsitatea
Jagellondar Unibertsitatea
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
InfluentziakAristarko Samosekoa, Martianus Capella (en) Itzuli, Domenico Maria Novara da Ferrara (en) Itzuli, Klaudio Ptolomeo, Aristoteles, Al-Battani eta Nasir al-Din al-Tusi
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa
Erromatar Eliza Katolikoa

Find a Grave: 10340 Edit the value on Wikidata

Nikolas Koperniko (alemanieraz: Nikolaus Kopernikus, Niklas Koppernigk, polonieraz: Mikołaj Kopernik, latinez: Nicolaus Copernicus; Toruń lehengo Prusia eta gaurko Polonia, 1473ko otsailaren 19a-Frombork 1543ko maiatzaren 24a) errenazimenduko monje astronomoa izan zen, astronomia modernoaren aita. Berak formulatu zuen lehenengoz Eguzki Sistemaren heliozentrismoa, lehen aldiz Aristarko Samoskoak ulertua. Bere De revolutionibus orbium coelestium liburua (zeruko esferen iraultzen ingurukoa) astronomía modernoaren hasierako puntu gisa kontsideratu ohi da, Pizkundeko iraultza zientifikoaren ezinbesteko elementua izateaz gain. Oso zaila zen garai hartako zientzialariek hura onartzea benetako iraultza bat suposatu baitzuen.

Koperniko matematikari, astronomo, legegizon, fisikari, kalonje katoliko, gobernadore, administratzaile, buruzagi militar, diplomatiko eta ekonomista izan zela esan dezakegu. Bere erantzukizun askorekin batera, astronomia bere afizioetako bat baino besterik ez zen izan. Astronomiaren alorrean egindako ekarpen handia dela eta, 1935ean, Copernicus izena eman zitzaion binokularren laguntzaz ikus daitekeen Mare Insularumen kokatzen den ilargiko krater bati.

Heliozentrismoa mendebaldeko zientziaren historiaren teoria garrantzitsuenetako gisa kontsideratua da.

Nikolas Kopernikoren irudia Olsztyneko gazteluan, Allensteinen

Bere sendiaren izena Koppernigk zen. 1473. urtean Zaldun Teutonikoen ordenaren Prusiako Torun hirian jaio zen (gero Poloniara pasatu zena). Krakovian (14911494) eta Italian (14961499) ikasi zuen. Nikolasek hamar urte zituelarik, bere aita hil zen eta osaba, Lukas Watzenrode, izan zen bere hezkuntzaz arduratu zen bakarra. 1491n Krakoviara joan zen Wojciech Brudzewski matematikariaren ildoak jarraitzen zituelarik; beranduago, Italiara bideratu eta bertan egin zituen medikuntza, grekera, filosofia eta zuzenbideko ikasketak, Domenico da Novararen asistente bezala lan egiten zuen bitartean.

Koperniko ezizenaren (hainbat gisetara idazten da: Kopernik, Copernik, Koppernigk) lehen aztarna Krakovian agertu zen 1350 inguruan. Nysako dukerrian eta Nysatik hamar kilometrora zegoen Koperniki herriko herritarrei ematen zitzaien izena zen. Nikolas Koperinkoren birraitoinak Krakoviako hiritartasuna eskuratu zuen 1386an.

Kopernikoren aitaren familia Silesiako herrixka batekoa zen, Nysatik (Neiße) gertu. Herriaren izena hainbat aldiz izan da letreiatua; Kopernik, Copernik, Copernic, Kopernic, Coprirnik, eta gaur Koperniki. XIV. mendean familiakideek Silesiako beste hainbat hirietara bizitzera joan ziren, Poloniako hiriburura, Krakovia (1367) eta Torunera (1400). Bere aita, Mikolaj the Elder, ziurrenik Janen semea, Krakoviako multzoan zegoen.

Bere haurtzaroan, bere aitaren izena Niclas Koppernigk gisa idatzi zen Torun herrian[1]. Krakovian, Nikolas Koperinkok berak bere izena Nicolaus Nicolai de Torunia (Nikolas, Nikolasen semea, Torunekoa) gisa aurkeztu zuen. Bolonian, 1496an, Nicolaus Kopperlingk de Thorn - IX grosseti gisa eman zuen izena[1][2]. Eta Paduan, aldiz, “Nicolaus Copernik” gisa, eta aurrerago “Coppernicus”[3] gisa.

Nikolasen ama, Barbara Watzenrode, Toruneko patrizio aberats baten alaba zen, hala nola Lucas Watzenrode Zaharra (1462an hildakoa) Toruneko udal aholkulariarena. Barbararen ama Katarzyna Rüdiger Modlibógena zen (Jan Peckauren alarguna, 1476an hildakoa). Moldibogseak 1271tik Poloniako historian oso ezaguna izandako familia polakoa zen. Watzenrode familia, Kopernik familia bezala, Silesiatik etorritakoa zen, 1360tik aurrera Torunen bizi izandakoa. Laster familia patrizio aberatsak bilakatu ziren, eragin handia zutenak jendearengan. Ezkontza bitartez ematen ziren Watzenrode familiaren arteko harremanen bidez, Kopernikok Toruneko (Thorn), Gdanskeko (Danzing) eta Elblageko (Elbing) familia aberatsekin harremantzea lortu zuen, baita ere Prusiako familia nobleekin ere; Czapskis, Działyńskis, Konopackis eta Kościeleckis. Lucas eta Katherinek hiru seme-alaba izan zituzten: Lucas Watzenrode Gaztea (14471512), Warmiako apezpiku bihurtuko zena eta Kopernikoren patroia, Bárbara, astronomoaren ama (1495 ondoren hildakoa); eta Christina (1502an baino lehenago hildakoa),1459an Toruneko merkatari eta alkate zenarekin ezkondu zena, Tiedeman von Allen.

Aita hil ondoren, Lucas Watzenrode Gaztea (1447-1512) osaba izan zen haren ikasketen arduradun[4]. Watzenrodek harreman estua zeukan Poloniako hainbat intelektualekin, eta Filippo Buonaccorsi italiar humanistaren laguna zen[5]]. Watzenrodek Koperniku haurra Toruneko St. John eskolara bidali zuen, bera maisu egondako lekura[4]. Geroago, Wloclawekeko Eskola katedratikora joan zen, eta han prestatu zen Krakoviako Unibertsitatean sartzeko.

1491-1492ko ikasturtean, Kopernikok ikasketak hasi zituen Krakoviako Unibertsiteateko Arteen sailean, Krakoviako astronomia eta matematika eskola bere gorenean zen garaian. Ikasketak han egiteak eragin handia izan zuen gerora matematiketan egin zituen lorpenei dagokienez[4]. Koperniko Albert Brudzewski aristotelismo irakaslearen ikaslea izan zen. Baina Brudzweskik astronomia irakasten zuen unibertsitatetik kanpo. Koperniko arlo horretan trebatu zen, eta hainbat astronomoren liburuak irakurri zituen: Georg von Peuerbachen Theoricæ novæ planetarum, Bernard of Biskupie, Wojciech Krypa, Jan of Glogow eta beste hainbaten lanak[4].

Krakoviako ikasketek jakintza eman zioten astronomia matematikoetan (aritmetikan, geometrian, optika geometrikoetan, kosmografian…) eta filosofian zein natur zientzietan. Aristoteles eta Averroes irakurri zituen, eta kultura humanistikorako interesa piztu zitzaion[4].

Krakovian iragan zituen lau urteek garrantzia handia izan zuten bere gaitasun kritikoaren garapenean. Astronomian ofizialak ziren bi sistemen (Aristotelesen teoria esfera homozentrikoez eta mekanismo eszentrikoez eta Ptomlemeoren epizikloak) kontraesanak aurkitu zituen. Hori izan zen Kopernikoren teoriaren sorreraren lehen urratsa[4].

1496an, Koperniko Boloniara iritsi zen, eta geroago izena eman zuen hango unibertsitatean. Hiru urtez egon zen han, lege kanonikoa ikasten. Lege kanoninoko doktoretza lortu zuen 1503an. Baina humanitateak ere ikasi zituen (hain segur, Filippo Beroaldo, Antonio Urceo, Giovanni Garzoni eta Alessandro Achilliniren klaseak jarraitu zituen), eta, bereziki, astronomia. Han ezagutu zuen Domanico Maria Novara da Ferrara ordu hartan ospetsua zen astronomoa, eta haren laguntzaile bihurtu zen[4].

Kopernikok ideia berriak garatu zituen, George von Peuerbach eta Johannes Regiomantanusen lanetan oinarrituta. Ptolemeok Ilargiaren mugimenduari buruz zeuzkan teoria batzuk kontrastatu zituen. 1497ko martxoaren 9an, Bolonian, Aldebaran izarraren begiratze gogoangarria egin zuen. Izar hori da Taurus konstelazioko izar distiragarriena, eta Ilargiak ezkutatzen zuen. Halaber, asko irakurri zuen lehengo sistema astronomikoei eta kosmologikoei eta egutegi sistemei buruz[4].

1501ean Paduako Unibertsitatean hasi zen medikuntza ikasten. Medikuntza ikasketa haietako zati garrantzitsua izan zen astrologia[6]. Haatik, ez zuen inoiz erakutsi astrologiarekiko interes handirik[7][7][7]. Paduan garatu bide duzuen Greziako hizkuntza eta kulturarekiko interesa. Zuzenbidea ere ikasi zuen. Paduako ikasketak 1507an amaitu zituen.

Paduako egotaldian findu zuen Lurraren mugimenduarekiko teoria[4].

Bitartean, geldialdi txiki bat egin zuen Ferraran (1503), eta zuzenbide kanonikoan doktore gradua lortu zuen.

Planeten behaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kopernikok Merkurio, Artizarra, Marte, Jupiter eta Saturno planetak begiratu zituen, bakoitza hiruzpalau aldiz (Artizarra behin). Horrez gain, Ilargiak ezkutatutako Aldebaran izarra ikusi zuen, eta baita ere Saturnoren eta Ilargiaren juntatze bat, 1500eko martxoaren 3an. Ilargi eklipse bat ere begiratu zuen, 1500eko azaroaren 6an[8][9].

1501ean bere aberrira itzuli zen eta Frauenburgoko katedraleko kalonje izendatu zuten, osaba Lukasen laguntzaz, beti ere.

Bere osaba, Emerlandgo apezpikua, zendu zenean mota askotako lanak egin zituen: gobernadore militar, mediku, epaile eta abar... Diruaren birbaloraketaren alde jo eta ke egin zuen lan, Zaldun Teutonikoen kudeaketa txarra zela-eta. Prusia erreinu osorako etxe moneta zentral bat sortzea iradoki zuen. Hala, 1517an Emerlandgo kudeatzaile orokorra izendatu zuten eta Allesteinera joan zen bizitzera. Bere herrialdean definitiboki instalaturik zegoenean (1523), Warmiako elizbarrutiko administrazioan egin zuen lan, medikuntzan jardun zuen eta bere astronomiaren inguruko lan sakon eta garrantzitsua amaitu zuen.

1543ko maiatzaren 24an hil zen Fromborken, gaurko Polonian. 2005ean arkeologo talde batek bere gorpuzkiak herriko elizan aurkitu zituztela adierazi zuten eta 2008an teoria frogatu egin zen. Bere hortz baten eta garezur zati baten DNA alderatu zituzten eskuizkribu batean aurkitutako ile batekin eta bat zetozela ikusi zuten. Garezurretik abiatuz polizia adituek bere aurpegia berreraiki zuten. Aurpegi horrek bat egiten zuen haren erretratuarekin.

2010eko maiatzaren 22an Jozef Kowalcyzkek (Poloniako Aita Santuaren nuntzioa eta Poloniako primatu izendatu berria) zuzendutako meza baten bitartez bigarren hileta bat jaso zuen. Bere gorpuzkiak leku berean izan ziren lurperatuak, Fromborko katedralean. Granito beltzezko hilarri batek identifikatzen du orain teoria heliozentrikoaren fundatzaile gisa. Hilarriak Kopernikoren eguzki sistemaren errepresentazioa dauka, eta sei planetaz inguratutako urre koloreko eguzki bat.

Kopernikoren ikasketen artean, uste da latina eta alemaniera erraztasun berarekin hitz egitea lortu zuela. Horretaz gain polakera, grekoa eta italieraz hitz egiten zuen. Biziraun duten Kopernikoren lan gehienak latineraz daude idatziak, hau izan baitzen bere bizitzan zehar Europako akademiako hizkuntza. Latina ere bazen Eliza Katoliko Erromatarra eta Poloniako gorte errealaren hizkuntza ofiziala, arrazoi honengatik, Kopernikok buruzagi polakoekin zuen oinordekotza guztia latineraz dago idatzia.

Eredu Heliozentrikoa

Modelo Heliozentrikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1533an, Johann Albrecht Widmannstetter-ek gutun sail bat bidali zuen Erromara, Kopernikoren teoriak labur eta garbi azalduz. Interes handiz entzun zituzten Klemente VII.a aita santuak eta hainbat kardinal katolikoek. 1536rako Kopernikoren teoria forma definitiboa hartzeko gertu zegoen eta zurrumurruak Europa osoan zabaldu ziren, Kopernikok kontinentearen leku ezberdinetatik publikatu behar izan zuen.

1536ko gutun batean, Nikolaus Cardinal von Schönberg, Capuako artzapezpikuak bere ideiak era zabalago batean komunikatzea eskatu zion Kopernikori eta beretzako kopia bat bidaltzeko. Batzuen esanetan gutun honek susmagarri egin zuen, beste batzuek ordea honek elizak haren ideiak publikatuak izatearen nahiaren desioari erreferentzia egiten ziola diotelarik.

Talde ezberdinengandik presioa jaso izan arren Nikolasek asko atzeratu zuen liburuaren argitalpena, baliteke kritikaren beldur izanagatik. Historialari batzuen esanetan, horrela izan bazen, mundu zientifikoan eragin zezakeen inpaktoak mundu erlijiosoan eragin zezakeenak baino gehiago kezkatzen

Ptolomeo vs. Koperniko

zuen.

Ideia nagusiak hurrengoak izan ziren:

  • Mugimendu zerutiarrak uniformeak dira guztiz, betikorrak eta zirkularrak edo ziklo ezberdinez osatuak.
  • Unibertsoaren zentrua, eguzkitik gertu dago.
  • Eguzkia mugitzen denean edo orbitatzen duenean, Merkurio, Artizarra, Lurra eta Ilargia, Marte, Jupiter eta Saturno aurkitzen dira ordenean (oraindik Urano eta Neptuno ez zirelarik ezagutzen).
  • Izarrak urrun eta finko dauden objektuak dira eta, beraz, ez dute Eguzkiaren inguruan orbitatzen.
  • Lurrak, hiru mugimendu ditu: eguneroko errotazioa, urteroko erreboluzioa eta urteroko bere ardatzaren inklinazioa.
  • Planeten mugimendu atzerakoia, Lurrak egiten duen mugimenduaren ondorio da.
  • Lurra eta Eguzkiaren artean dagoen distantzia oso txikia da, izarrenarekin alderatuz.

De revolutionibus orbium coelestium

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
De Revolutionibus eskuizkribua

Kopernikoren maisu lana De revolutionibus orbium coelestium («Esfera zerutiarren erreboluzioei buruz») izan zen. 25 urte pasa zituen lan honetan (15071532) eta hil eta gero argitaratu zuen Andreas Osianderrek 1543an. Hala ere, liburu honetako ideia eta behaketa oinarrizkoenak The hypothesibus motuum coelestium a se constitutis commentariolus opuskuluan (1878 arte ez zen argitaratuko) idatzi zituen, motza izan arren oso argia delarik.

Kopernikok antzinako Greziako filosofoen idatziak ikertu zituen lurraren mugimenduarekiko erreferentziak bilatuz, bereziki pitagorikoak eta Heráclides Pónticorenak, zeinek teoria horretan sinisten zuten. Teoria heliozentrikoari dagokionez, gaur egun jakina da Aristarko Samoskoak asmatu zuela lehenengo aldiz (k. a. 310-230) nahiz eta hau ez duen liburuan aipatzen. Beharrezkoa da haren ikasketen balio erreala "zentzu komunak" deuseztatutako ideiak mahaigaineratu eta egitura koherente eta zientifiko bat ematean zentratzea, haren helburua lurraren mugimenduaren arazoari irtenbidea bilatzea baitzen.

Erdi Aroko ideologia erlijiosoarekiko suposa zezakeen hausturak (kosmos itxi eta hierarkizatu baten ordezkapena, gizakia zentro gisa, unibertso homogeneo eta indeterminatu eta azken finean infinitu batean, eguzkiaren inguruan zebilena) zalantzak sortu zizkion Kopernikori bere lana publikatzeko garaian, konturatzen baitzen Erromatar Eliza Katolikoarekin izan zitzakeen arazoez. Heriotza ekarri zion gaixotasun batek, eta ez zuen bere lana argitaratua ikusi.

Publikatuko zuen argi ez izan arren, De revolutionibus orbium coelestium delakoan lanean ari zen, 1539an Georg Joachim Rheticus, Wittenbergeko matematikaria Fromborkera iritsi zenean. Philipp Melanchthonek beste astronomo batzuekin prestatu zion bisita, eta Rheticusek hauekin batera ikasi zuen. Kopernikoren ikasle bihurtu zen berarekin elkar biziz urte pare batez. Rheticusek Kopernikoren eskuizkribua irakurri zuen eta berehala oinarrizko teorien inguruko laburpen ez tekniko bat egin zuen Nurembergen bere irakaslea izan zenari, Schönerri, zuzendutako gutun formatuan. Beranduago Narratio Prima (lehen deskribapena) izenburuko liburuan argitaratu zuen honakoa Dánzigen 1540an. Rheticusen laguna eta aholkularia, Gasser Aquilesek, Narratio-ren bigarren edizio bat argitaratu zuen Basilean, 1541ean. 1542an, Rheticusek Kopernikok idatzitako trigonometria tratatu bat (gerora De revolutionibus-eko bigarren liburuan sartua) argitaratu zuen. Lehenaren presiopean eta publikoak lanarekiko izan zuen erantzun ona ikustean, Kopernikok azkenean bere laguna zen Tiedemann Giese-ri (Chełmno-ko apezpikuari) eman zion, Rethicusek eskuratu ahal izateko eta Johannes Petreiusek inprimatzeko Núrembergen. De Revolutionibus-en lehenengo edizioa 1543an agertzen da (autorearen heriotzaren urte bera), Paulo III.ari dedikatutako sarrera luze batekin; idazteko arrazoi nabarmena egotziz aurreko astronomoek planeten teoria egoki baten inguruan adostasun bat lortzeko ezgaitasunari, eta azpimarratuz bere sistemak aurresan astronomikoen zehaztasuna areagotuz gero, honek Elizak egutegi zehatzago bat garatzea ahalbidetuko lukeela (garai horretan interes handiko gaia, eta elizak astronomia finantzatzeko zuen arrazoietako bat). Argitalpenaren lehenengo alea bere heriotzaren egunean iritsiko zitzaion Nikolas Kopernikori, 1543ko maiatzaren 24an.

Lana sei liburuz osatua zegoen:

  1. Heliozentrismoaren ikuspegi orokor bat eta munduaren kontzeptuaren esplikazio laburra.
  2. Oinarri teorikoa, astronomia esferikoaren printzipioak eta izarren zerrenda bat aurkezten ditu (hurrengo liburuetan garatutako argudioen oinarri gisa).
  3. Eguzkiaren balizko mugimenduak eta horrekin erlazionatutako fenomenoei dedikatutakoa.
  4. Ilargiaren deskripzioa eta mugimendu orbitalak.
  5. Sistema berriaren azalpen zehatza.
  6. Sistema berriaren azalpen zehatza (jarraipena).

Bere obraren esanahia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Fronborkeko katedralean dagoen epitafioa

Kopernikoren lanaren garrantzia hain zuzen ere bere izaera iraultzailean datza, aldaketa zientifiko askoren aitzindaria delarik. Izaera hau ez da bakarrik haren idatzietan aurkitzen, honetaz gain pentsamenduaren mugak apurtuko dituzten bide batzuk martxan jartzen baititu. Ezin dugu ahaztu Kopernikoren lanak Antzinako Munduari lotuta jarraitzen duela, premisa platoniko askok indarrean jarraitzen baitute bere pentsamenduan, uniformitate eta zirkularitatearen printzipio handiek bezala. Hala ere, bere obran modernitateko beste ideia garrantzitsu bat finkatzen da: naturak bere izaera teologikoa galtzen du, gizakia jada ez da unibertsoaren zentroa, baizik eta Kopernikok mugikortasun posizio batean kokatzen du, edozein planetakoarena bezalakoa.

Kopernikotik aurrera arrazoiak gizakia gobernatzen duen ideia agertuko da, hau haren gaitasuna izango delarik, unibertsoaren ordenamenduan parte hartzea ahalbidetzen diona. Horrela, gizakia autonomoa bilakatuko da, bere autonomia arrazoitzeko gaitasunean datzala. Giza arrazoia orain Naturaren jabe egin daiteke, dominatu eta kontrolatuz. Gizakiak unibertsoaren zentro fisikoa izateari utziko dio, honen zentro arrazionala bilakatzeko. Hemendik aurrera munduari aurre egiten diogu, ez behatuz, baizik eta gizakiaren gaitasunen bitartez hipotesiak eraikitzen, naturarekin kontrastatuz ontzat emango direnak ala ez.

Kasu honetan, Kopernikok antzinako munduko presuposizio aristotelikoak bere egiten zituen garaiko kristautasunaren aurka egin zuen. Aristotelesek teoria literarioa, politiko, etiko, metafisiko, logiko, meteorologiko, fisiko, biologiko, astronomiko guztia koherenteki integratu zuen, beste guztia erasotu gabe zati bat kritikatzea zailtzen zuelarik. Aldi berean, arrazoi beragatik, aspektu parzialetan agertu zitezkeen zailtasun txikiak albo batera uztea ahalbidetzen zuen. Hau bere munduaren ikuspegiak bi mila urtetan zehar iraun izanaren funtsezko arrazoia da. Honetaz gain bere aurkikuntza eta gero, Erdi Aroan sistema hau Akinoko Tomasen lanaren bitartez kristautzen joan zela eta horrela eliza katolikoak onartu zuela kontuan hartzen badugu, hobe ulertuko dugu bere ganditzeari aurka egin zion erresistentziak zein punturaino determinatu zuen ez soilik astronomiaren historia, baizik eta zientzia eta kulturarena ere.

1512an, osaba Lucas hil zenean, oraindik Elizaren babespean, koadrantea, astrolabioa eta "tresna paralaktikoa" erabiliz, Eguzkiari egin zion so, Ilargiari eta izarrei. Azken behaketa 1529ko martxoaren 12an jaso zuen, Artizarra planeta. 56 urte zituen orduan.

Kopernikoren biografian Elizaren eragina ikusten dugu uneoro. Umezurtz geratu eta osaba kanonigoak hartu zuen, gero apezpiku egingo zelarik. Osaba Lucas arduratu zen bere heziketa akademikoaz ospe handiko unibertsitateetara bidaliz eta bere jakinduria zabalduz. Elizak Kopernikoren obra kondenatu zuen, baina Eliza Katolikoa izan zen bidea zabaldu ziona.

Teoria kopernikarraren difusioa testuinguru politiko eta historiko batean ematen da, zeinetan 1517tik aurrera luteranismoaren ezusteko sartzearekin arazo erlijiosoak funtsezko garrantzia duen. 1545ean Trentoko Kontzilioari hasiera eman zitzaion, hiru saio ondoren, bere amaiera 1563an izan zuelarik, elizaren erreforma erradikala utzita emaitza gisa, eta mundu erreformistaren aurrean dogmaren berreskurapen eta defentsa programa bat inposatuz.

Espezialista gehienen ustetan, Kopernikok De Revolutionibus bukatuta zuen 1530 aldera, baina ez zuen argitaratu nahi izan. Zergatik ote? 20 urtez egindako lana eta zalantzatan argitaratzeko orduan? Liburua 1543ko udaberrian atera zen eta Osianderrek idatzitako abisua, Schönberg kardinalak 1536an Kopernikori idatzitako gutuna eta Kopernikok Paulo III.aaita santuari eginiko eskaintza bat ere bere barnebildu zituen. Eskaintza honetan, autoreak badaki Lurraren mugimenduak kondenatuko duela. Matematikariak ez direla ados jartzen esaten dio aita santuari, ez daudela ziur Eguzkiaren eta Ilargiaren mugimenduaz. Gainera, ez dira munduaren forma aurkitzeko gai izan.

Pío V-ak eta Gregorio XIII-ak 1566a eta 1585 tartean, XVI mendearen bigarren erdian, eliza katolikoaren errekuperazio prozesua burutuko dute, Kopernikoren ideia nagusia, barne haustura eta hierarkia arazoak konponduz. Ezagutza eklesiastikoa zabaltzen dute eta sinesmen protestanteak indarra hartu zuen herrialdeetan garrantzia eta eragina berreskuratzen dute. Baina zeruetan egondako gertakariek XVI. mendeko amaieran eta Kopernikok hauen inguruan egin zituen behaketek astronomia ptolemaikoak sostengatzen zuen filosofiaren sinesgarritasuna eta autoritatea hondatu zituen. Eliza katolikoak egoeraren aurrean amore eman zuen pixkanaka eta haren heliozentrismoarekiko oposizioa desagertzen da. Hala ere, beranduago, egoerari buelta emanez, mendearen amaieratik aurrera eliza katolikoa izango da inkisizioaren bidezko boterea erabili zuena heliozentrismoa etsaia bihurtuz.

Kopernikoren ideia nagusia, Antzinako ideia eta printzipioak mantentzea izan zen, baina beste hipotesi batekin: Lurraren mugimendua. Unibertso finitu eta itxia aurkezten digu, baina infinituki urruntzen diren izarrez osatua ere. Argitalpenaren lehenengo alea bere heriotzaren egunean iritsiko zitzaion Nikolas Kopernikori, 1543ko maiatzaren 24an.

Kopernikoren lana eta honek proposatzen dituen aldaketak astronomiaren aurreko egoerarekiko eta bere inguruko egitura zientifiko eta filosofikoarengan proiektatzen dira. Kopernikoren oinarrizko ideiak, aurrekoen aurka agertzen direnak, esate baterako, mugimenduen unitatearen ideia mantentzearena eta arrazionalagoa izango den zirkulu sistema bat sortzea izango lirateke. Helioestatismoa eta heliozentrismoa ez dira premisa hutsak, baizik eta ondorioa. Gainera, astronomiaren "ekuanteak" ezabatzen ditu, ez dituztelako Platonen oinarrizko printzipioak errespetatzen. Hipotesi aldaketa egiten du baita ere: eguzkia geldirik mantentzen dela eta Lurra mugitzen dela (mugimendu ezberdineko segida batekin: errotazio, traslazio eta deklinazio mugimendua, ekinozioak azaltzeko balio duena) dioen hipotesia hartuz. Honetarako, Kopernikok bere hipotesi propioak planteatzen ditu: zeruko esferen zentro bakarra ez dela existitzen, eta gainera, Lurraren zentroa ez dela unibertsoaren zentroa, baizik eta ilargiaren eta grabitatearen zentroa.

Izar guztiak eguzkiaren inguruan daude bueltaka, honakoa haien biraketa zentroa delarik, eta eguzkia munduaren zentrotik gertu dago; paralaxiaren auzia gainditzen du, izarrak lehen uste zena baino distantzia askoz handiago batean daudela pentsatzen badugu. Gainera, izarren esferan gertatu dela iruditzen den edozein mugimendua ez da horrelakoa izan, baizik eta Lurra da mugitzen dena (egunero biraketa egiten duena buelta oso bat emanez, izarren esfera mugitu gabe dagoelarik). Modu honetan, eguzkiaren mugimendua ez da eguzkiaren baitan ematen, baizik eta Lurran datza, honek bere inguruan egiten duelarik biraketa, gainontzeko planetek bezala; eta planeten mugimendu atzerakoi eta zuzenak ez dira haiengatik gertatzen, baizik eta Lurraren mugimenduagatik. Hortaz, ikus dezakegu Lurra mugitzen dela dioen hipotesia planteatzeak unibertsoaren mugimenduen irregularitate asko azaltzeko balio duela: auzi zaharrak eta ekuanteak bezalako herraminta konplexuak ezabatzen ditu, baita zeruko esferak ere, etab.

Koperniko astronomia modernoaren aitzindaria kontsideratzen da, honek egindako ekarpenek hurrengo astronomoei ahalbidetu baitzien iraultza astronomikoari amaiera ematea.

Hasieran Erromako elizak eta Eliza Protestanteak ere deitoratu zuten, Martin Luther eta Joan Kalbin tartean.

Geroago Kepler astronomo, astrologo eta matematikoak Kopernikoren teoria birmoldatu zuen eta Galileok 1610an, Artizarrak Eguzkiaren inguruan egiten zuela bira ohartu zenean, teoria egiaztatu zuen.

Newton horren guztiaren bukatzailea zen, unibertso geozentriko batetik kosmos heliozentriko batera pasatzean eta aurretik zegoen kosmosarekiko ikuspegia goitik behera aldatzean.

Hortaz, Iraultza Kopernikarra-tzat ezagutzen dena, haren teoria heliozentrikoaren formulazioa da, honen arabera Lurra eta bestelako astroek eguzkiaren inguruan biraka dabiltzalarik.

  • Bere izena Santos Luteranoren egutegian azaltzen da.
  • Copernicus ilargi kraterrari bere omenez jarri zioten izen hau.
  • Coppernicus asteroideak (1322) ere bai hartu zuen bere izena arrazoi beragatik.
  • ESAko Copernicus Programa Espazialak (ingeleraz, Copernicus Programme) ere bai hartu zuen bere izena arrazoi beragatik.
  • New Yorkeko estatuan Kopernik Behatokia eta Zientziaren Zentroa (ingeleraz, Kopernik Observatory & Science Center) existitzen da, hau ere bere omenez.
  • Nikolas Kopernikoren oroimenean, 2010eko otsailaren 19an IUPACek 112. elementu kimikoari Kopernizio izena eman zion

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Biskup, Marian (1973). Regesta Copernicana: (calendar of Copernicus' papers) (polonieraz). Ossolineum.
  2. Malagola, Carlo (1878). Della vita e delle opere di Antonio Urceo detto Codro: studi e ricerch. Fava e Garagnani.
  3. Gingerich, Owen. (2016). Copernicus : a very short introduction. ISBN 978-0-19-933096-6. PMC 937367950. (Noiz kontsultatua: 2021-05-12).
  4. a b c d e f g h i Dobrzycki, Jerzy, and Leszek Hajdukiewicz, "Kopernik, Mikołaj", Polski słownik biograficzny (Polish Biographical Dictionary), vol. XIV, Wrocław, Polish Academy of Sciences, 1969, pp. 3–16.
  5. Miłosz, Czesław. (1983). The history of Polish literature. (2nd ed. argitaraldia) University of California Press ISBN 0-520-04465-7. PMC 8928503. (Noiz kontsultatua: 2021-05-12).
  6. «Nicolaus Copernicus (Stanford Encyclopedia of Philosophy/Summer 2005 Edition)» plato.stanford.edu (Noiz kontsultatua: 2021-05-12).
  7. a b c (Ingelesez) Nicolaus Copernicus. 2021-05-11 (Noiz kontsultatua: 2021-05-12).
  8. https://hal.archives-ouvertes.fr/hal-01435500/document
  9. https://mathshistory.st-andrews.ac.uk/Biographies/Copernicus/

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]