Telegram (aplikazioa)
Telegram Messenger edo Telegram aplikazioa software librez egindako aplikazioa da, telefonoen bidez mezuak elkarri bidaltzeko. Ziurtasun handiagoa[3] lortzeko zifratze sistemak erabiltzen ditu. Mezuetan, testuez gain, beste fitxategi batzuk ere elkar trukatu daitezke: argazkiak, bideoak, etab.
Hainbat sistema eragiletan erabiltzeko dago sortuta, esaterako, Android, Mac OSX eta iOS sistema eragileetan dabil, baita tabletetan eta WIFIrik gabeko zenbait gailutan ere.[4]
Telegram 2013. urtean sortu zuten Errusiako VK gizarte sarearen sortzaile Nikolai eta Pavel Durov anaiek[5], beste mezularitza zerbitzu batzuekin lehiatzeko, hala nola, WhatsApp, LINE, KakaoTalk, Signal eta WeChat.
Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Telefonoetan / ordenagailuetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Telegram aplikazioak hasiera-hasieratik eskaini zuen telefonoz erabiltzeko aukeraz gain, ordenagailuetan erabiltzeko aukera ere. Honenbestez, Telegram telefonoko aplikazioa izateaz gain, mahaigaineko aplikazioa ere bada.
Telefono zenbakirik gabe ere bai[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Telegram aplikazioak onartzen du harremanetan jartzea erabiltzaile batekin bere telefono zenbakia jakin gabe ere. Beste erabiltzaile baten erabiltzaile-izena jakitearekin nahikoa izan daiteke. Erabiltzaile-izen horiek Twitter aplikazioan erabiltzen diren antzeko itxura izaten dute, @ ikurraren atzean zenbait letra; horrelako zerbait: @nire_erabiltzaile_izen
Kontua[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Telefono zenbaki bakoitzeko Telegram kontu bat eduki daiteke. Kontuak SMS edo telefono dei baten bitartez egiaztatzen dira. Erabiltzaileek kontu bera hainbat gailutan irekita eduki dezakete eta, beraz, mezuak gailu horietara guztietara helduko dira. Sartutako telefono zenbakia edozein momentutan alda daiteke eta, hau eginda, erabiltzailearen kontaktu guztiek telefono zenbaki berria gordeta edukiko dute. Gainera, erabiltzaileek erabiltzaile-izen bat jar dezakete eta beste erabiltzaileek izen horren bitartez aurki dezakete, haren telefono zenbakia ez jakin arren.
Nahi izanez gero, Telegram kontua edozein momentutan ezaba daiteke. Gainera, denbora-tarte jakin batean aplikazioa erabili ezean, kontua automatikoki ezabatu egingo da, baita hango mezu eta kontaktuak ere. Lehenetsitako denbora-tartea 6 hilabetekoa da, baina erabiltzaileak muga alda dezake (hilabete batetik, urte batera).
Hodeian oinarritutako mezuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Beste mezularitza zerbitzuek ez bezala, Telegramek mezu guztiak bere zerbitzarian gordetzen ditu. Era horretan, erabiltzailearen mezu guztiak edozein gailutatik atzi daitezke, elkarrizketaren mezu guztiak deskargatzeko beharrik gabe.
Argazkiak, bideoak, audioak edo edozein motatako fitxategiak bidal daitezke, 1.5 gigabyteko langa igaro barik. Erabiltzaileek mezuak kontaktu bakar bati bidal diiezazkiokete edo taldeei (5000 partaide izan ditzakete).
Stickerrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Stickerrak kalitate altuko irudiak dira, hodeian gordetzen direnak, emojiak ordezkatzeko, edo horiek baino adierazgarriagoak izateko. Sticker bakoitza emoji batekin lotuta dago; beraz, emoji bat sakatuz gero, horrekin zerikusia duten stickerrak agertuko dira. Stickerrak taldeetan multzokatzen dira (normalean gai berekoak) eta sticker bat baino gehiago emoji berarekin egon daiteke lotuta. Telegramek sticker multzo batzuk ditu dagoeneko instalatuta, baina nahi duenak bere sticker multzo propioa sor dezake, eta horiek, beste erabiltzaile guztiekin partekatu.
Bot-ak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bot-ak programa batek kontrolatzen dituen kontuak dira. Horiek mezuak bidali edo erantzun ditzakete edo taldeetan egon. Telegramek API bat kaleratu zuen, nahi duenak bere Bot-a sortzeko.
Lokalizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Software librearen filosofiatik dagoen gertutasunagatik, hasieratik egon zen aukera Telegram euskarara ekartzeko. 2016. urtetik aurrera, Librezale.eus taldeko kide batzuek[2] bere gain hartu dute euskal lokalizazioaren mantentze lana, software libretzat ez jo arren.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ (Ingelesez)Telegram Transifex plataforma
- ↑ a b Librezale: Telegram euskaraz
- ↑ Gorka Julio: "Telegramaren itzulera". Berria.info. 2014-01-30.
- ↑ (Ingelesez) List of Telegram applications, official website. 2014-02-06
- ↑ (Ingelesez) Meet Telegram, A Secure Messaging App From The Founders Of VK, Russia’s Largest Social Network. 2013-10-27