Terence MacSwiney
Terence Joseph MacSwiney (1879ko martxoaren 28a, Cork, Irlanda – 1920ko urriaren 25a, Brixtongo expetxea, Londres) irlandar nazionalista, idazle eta politikari bat izan zen.
1920ean Irlandar Independentzia Gerran zehar Sinn Féin alderdiko ordezkaria zelarik Cork hiriko alkate hautatu zuten. Britainiar indarrek atxilotu eta Londres hiriko Brixton espetxean gartzelaratu zuten. Urte hartako urrian 79 egunetako gose greba baten ondoren bertan hil zen. Gertakari honek anglo-irlandar gaztazkari nazioarteko sekulako oihartzuna eman zion.
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]MacSwiney zortzi anaiez osatutako familia bateko senidea zen. Bere aita, John MacSwiney, jaiotzez Cork hirikoa, 1868an Aita Santuaren goardiako gudaria izanik Garibaldiren aurka borrokatu zen. Itzultzean Londres hirian maisu gisa lan egin eta Cork hirian tabako fabrika bat ireki zuen, halere honek porrot egin zuen. Fabrika itxi ostean, 1885an Australiara emigratu zuen, Irlandan emazteari bere semeen eta alaba nagusiaren ardura utziz.[1] Terencen ama, Mary Wilkinson, irlandar nazionalismoan sustraitutako ingeles katoliko bat izen zen. Terence MacSwiney Cork hiriako North Monastery monasterioan Anai Kristauek zuten ikastetxera ikastera joan zen, baina hamabost urte zituela bere familia laguntzeko ikastetxea utzi zuen.[2] Kontulari gisa lana topatu zuen, baina bere hezkuntzan aurrera jarraitzea erabaki, eta lana eta ikasketak uztartu zituen, 1907an Cork hiriko Royal University unibertsitatean Zientzia Mental eta Moralean lizentziatuz.[3]
1901an Celtic Literary Society (Zelta Literatura Elkartea) liburutegiaren sorkuntzan parte hartu eta 1908an Daniel Corkery-ekin batera Cork hiriko Drama Elkartea sortu zuen, honentzat hainbat antzerkilan idatzi zituelarik.
Ibilbide politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Irish Freedom aldizkarian MacSwineyk argitaratutako artikuluek Irlandar Anaitasun Errepublikarra erakundearen harreta piztu zuten.[4] 1913an MacSwiney Irlandar Boluntarioak erakundeko Cork Brigadaren sortzaileetako bat izan eta Sinn Féin alderdiko Cork hiriko ordezkaritaren presidentea bilakatu zen. 1914an Fianna Fáil izeneko egunkaria sortu zuen, baina hamaikagarren argitalpenean debekatu egin zuten. 1916an MacSwiney Pazko matxinadan Cork konderriko bigarren buruzagia izatea aurreikusi zuten baina Eoin MacNeillen aginduei men eginez, MacSwineyk bere gizonei geldirik eutsiarazi zien. Matxinadaren ondoren MacSwiney Ingalaterrako Reading eta Wakefield Gaols kontzentrazio esparruetan sartu zuten, han 1916ko abendurarte preso egon zelarik. 1917ko otsailean atzerriratu eta Shrewsbury eta Bromyard barnetegietan sartu zuten eta azkenik ekainean aske utzi zuten. Bromyard barnetegian zegoela Cork hiriko destilategi ospetsu batzuen jabe zen sendi bateko kide zen Muriel Murphy-rekin ezkondu zen. Urte hartako azaroan Cork hirian Irlandako Armada Errepublikarraren uniformea jazteagatik atxilotu zuten, eta Thomas Ashe oinarri hartuz hiru eguneko gose greba bat burutu ondoren libre laga zuten.[5]
1918ko hauteskunde orokorretan MacSwiney Dáil Éireann legebiltzarrean Sinn Féin alderdia ordezkatzeko inongo aurkaririk gabe hautatu zuten, honela kargu hartan Irlandako Alderdi Parlamentarioko D. D. Sheehan biltzarkidea ordezkatuz. Cork hiriko alkatea eta bere adiskidea zen Tomás Mac Curtain erail zutenean, martxoaren 20ean MacSweney hiri hartako alkate berri hautatu zuten. 1920ko abuztuaren 12an MacSwiney sediziozko nahiz zifratutako agiriak berekin batera izateagatik Dublin hiriburuan atxilotu zuten. Abuztuaren 16an epaitegi militar batek epaitu ostean Brixtongo espetxean 2 urtez preso egotera zigortu zuten.
Gose greba
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Behin espetxean sartu ostean, bere espetxeratzea eta epaitegi militar batek epaitu izanaren aurkako protesta modura MacSwineyk gose greba bati ekion zion. Une berberan, Corkeko espetxeko beste hamaika preso errepublikarrek ere gose greba bati ekin zioten. Abuztuaren 26an Britainiar Agintaritzak zioenez, "Alkatearen askapenak Irlandan ondorio latzak ekarri eta ziurrenik Hego Irlandako polizia eta gudarostearen matxinada bat eragingo lituzke". MacSwineyren gose grebak nazioarteko harreta eta jakinmina piztu zituen. Estatu Batuek britainiar produktuen aurkako boikot bat hasteko mehatxua jaurtiki zuen, bienbitartean Hego Amerikako hainbat herrialdeek Aita Santuaren bitartekaritza ere eskatu zutelarik. Frantzia eta Alemaniak ere protesta luzatu zituzten.
Gose grebaren azken egunetan espetxeko zaindariek MacSwineyk jan zezan saiatu ziren, baina inongo arrakastarik gabe. 1920ko urriaren 20an koman sartu eta handik bost egunetara hil zen, 74 egunetako gose greba egin eta gero.
Hil-kapera Londresko Southwark katedralan ipini zuten, bere aurrean 30.000 pertsona iragan zirelarik. Britainiar Agintariek gorpua Dublin hirira eraman ezkero jendetza handia eta hil berriaren atxikimendu jendetsua izango zelako beldurrez, hilkutza zuzen-zuzenean Cork hirira bidaltzea agindu zuten. Urriaren 31an Cork hirian hileta jendetsu bat burutu zen. Terence MacSwiney hiri hartako Saint Finbarr hilerrian lurperaturik dago. Arthur Griffith politikaria hiletara joan eta ekitaldian zehar hildakoaren omenezko hitz batzuk aipatu zituen.
Eragina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1921an Irish Freedom aldizkarian argitaratutako bere artikuluetan oinarritutako Principles of Freedom idazlana bera hil ostean argitaratua izan zen. Bere idazlanen irakurle eta miresleen artean Jawaharlal Nehru politikaria[6] edota Bhagat Singh indiar independentista daude, azken honek britainiar agintariek Indiari emandako tratuaren aurkako protesta gisa ere gose greba bat burutu zuelarik.
Terence MacSwineyren arreba zen Maryk Dáil legebiltzarrean bere anaiaren eserlekuan ezarri zen, han zegoelarik 1922an Anglo-Irlandar Itunaren aurkako hitzaldi bat burutu zuen. Terencen anaia zen Seán 1921ko hauteskundeetan diputatu hautatu zuten, hau ere Anglo-Irlandar Itunaren aurkako alderdiari atxikitu zitzaiolarik.
Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herrian nagusiki Eli Gallastegi politikari abertzalearengan eragin handia izan zuen, honek MacSwineyren gose greban oinarrituz Eusko Abertzaletasunaren historiako lehenbiziko gose greba antolatu zuelarik[7].
Aipuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]« | Ez dira min gehien egin dezaketenak gailenduko, min gehiena jasan dezaketenak baizik. | » |
Terence MacSwiney |
« | Britainiar Inperioari nire heriotzak baino, nire askatasunak min gehiago egingo diola ziur nago. (Gose greban zegon bitartean) | » |
Terence MacSwiney |
« | Irlandako Errepublikaren Gudari gisa hiltzera noanaren lekukotasuna eman dezazuela nahi dut. (Bera bisitatu zuen apaiz bati aipatutako bere azken hitzak) | » |
Terence MacSwiney |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Sam Davies, ‘MacSwiney, Terence James (1879–1920)’, Oxford Dictionary of National Biography, Oxford University Press, 2004, accessed 17 Feb 2009
- ↑ History's Daughter: A Memoir from the Only Child of Terence MacSwiney Máire MacSwiney Brugha. The O'Brien Press. Dublin, 2006. 9780862789862
- ↑ [1]
- ↑ [2]
- ↑ https://web.archive.org/web/20080520094634/http://www.historycooperative.org/journals/nyh/88.3/perlman.html
- ↑ http://www.sciencedirect.com/science?_ob=ArticleURL&_udi=B6VBD-45W35CS-2&_user=1495569&_rdoc=1&_fmt=&_orig=search&_sort=d&view=c&_acct=C000053194&_version=1&_urlVersion=0&_userid=1495569&md5=e645613a79d6a46b50d7822e05f09088[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Cullen, Niali. (2020). Matxinada baten adar guztiak. Berria 2020-10-25.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Francis J Costello, Enduring the Most: The Biography of Terence McSwiney. Dingle: Brandon Books, 1996.
- Robert Welch (ed), The Oxford Companion to Irish Literature. Oxford: Clarendon Press, 1996.
- Máire MacSwiney Brugha History's Daughter: a Memoir from the Only Child of Terence MacSwiney. Dublin: O'Brien Press, 2006.