William Burroughs
William Seward Burroughs (Saint Louis, Missouri, 1914ko otsailaren 5a – Kansas, 1997ko abuztuaren 2a) estatubatuar idazle eta gizarte-kritikaria izan zen. Beat belaunaldiari lotua, drogazale eta abenturazalea izan zen. Baina haren eragina mugimendu horretatik haratago joan zen, eta geroagoko kontrakulturaren adierazpen artistikoetan ere nabarmendu zen.
1953an idatziriko Junkie liburuan egiantza handiz deskribatzen du drogen inguruko giroa. 1959an bere esperientzietan oinarrituriko Naked Lunch ("Bazkari biluzia") eleberri bitxia, pornografikoa eta satirikoa eman zuen argitara. Haren unibertso gordina, fantasmagorikoa eta homosexuala The Soft Machine ("Makina biguna", 1961), Nova Express (1964) eta The Wild Boys ("Mutil basatiak", 1971) liburuetan islatzen da. 1984an Arte eta Letretako Estatubatuar Akademiako kide izendatu zuten.[1]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]William Seward Burroughs Saint Louisen sortu zen, Missourin, 1914ko otsailaren 5ean, hiriko auzorik aberatsenean. Izan ere, familia oneko semea zen; ama Estatu Batuetako hegoaldeko aristokraziakoa zen jatorriz, eta aita industria-gizon handia. Ikasketak ere goi mailakoak izan zituen, 1936an Harvard Unibertsitatean graduatu baitzen arte batxiler gisa. Handik Europara jo zuen: Vienan sei hilabetez medikuntza ikasketak egiten aritu ostean, kontinentean zehar ibili zen, alde batetik bestera. 1938an Estatu Batuetara itzulirik, hainbat lanbidetan jardun zuen: detektibe, kamarero, intsektu deuseztatzaile...[2]
1944an ezagutu zituen Beat belaunaldiko idazle nagusi bi: Allen Ginsberg eta Jack Kerouac. Burroughsen nortasunak liluraturik utzi zituen biak, eta 1945etik Kerouac eta belaunaldi bereko beste zenbait lagun New Yorken bizi izan ziren harekin. 1946an, bikote harremana hasi zuen Joan Vollmer idazlearekin. 1947an, seme bat izan zuten, William Burroughs Jr.[2]
Bai William Burroughs, bai Joan Vollmer, drogazaleak ziren. Williamek morfina eta haluzinogenoak hartzen zituen; Joanek anfetaminak.[2][3] 1949an, New Orleans bizi zirelarik, Burroughs atxilotua izan zen narkotikoak izateagatik. Kondenatua izanez gero, Louisianako Angola presondegi gorrorrean bete beharko zukeen zigorra. Kartzeleratzea saihesteko, familiak Mexiko Hirira egin zuen ihes.[4]
1951ko irailaren 6an, Burroughsak Joan Vollmer hil zuen buruan tiroa jota. Poliziari emandako lehen bertsioaren arabera, festa batean zeudela bikoteak Gilen Tellena egitea erabaki zuen. Sagarraren ordez edalontzi bete whisky jarri omen zuen emaztearen buru gainean. Baleztaren ordez, berriz, 38 kalibreko errebolberra erabili zuen, eta itua jo beharrean Joanen burua zulatu zuen. Familia aberatseko semea izanik, funtzionarioak, abokatuak, lekukoak eta balistika adituak erosi zituen eta, azkenean, ez zuen zigorrik bete behar izan.[3]
Emaztea hil ondoren hasi zen Burroughs idazten. Izan ere, hauxe jaso zuen Queer nobelaren hitzaurrean: “Joanen heriotzarengatik ez balitz sekula idazle ez nintzateekela izango ondorioztatu behar izan dut, tamalez (...) Joanen heriotzak inbaditzailearekin, Espiritu Zatarrarekin, harremanetan jarri ninduen, bizi osoko gatazka batean sartu ninduen, eta handik irteteko aukera bakarra idaztea nuen”.[3]
1953an argitaratu zuen lehenbiziko liburua, William Lee izenordearekin. Kazetaritza estiloa gordez, drogekin izan zituen esperientziak kontatu zituen liburuan, hortik nobelaren izenburua: Junkie. Baina bigarren liburuak izan zuen arrakasta handien. Naked lunch eleberriak ere drogekin zerikusi handia zuen, baina, idazleak berak adierazi zuen bezala, askoz ere poetikoagoa zen: “Junkie idatzi nuenean drogak hartzean zer sentitzen den gogoratu eta azaltzea nuen helburu, kazetari baten ikuspuntura gerturatuz. Baina Naked lunch idaztea askoz proiektu handizaleagoa izan zen“. Liburu horrek eman zion hasiera, neurri handi batean, underground literaturari.[2]
Idazlanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eleberriak eta fikziozko idazlan luzeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Junkie (1953, Bill Lee ezizenez).
- Queer (1951-53 bitartean idatzia; 1985ean argitaratua).
- Naked Lunch (1959).
- The Soft Machine (1961).
- The Ticket That Exploded (1962).
- Dead Fingers Talk (1963)
- Nova Express (1964).
- The Last Words of Dutch Schultz (1969).
- The Wild Boys: A Book Of The Dead (1971).
- Port of Saints (1973).
- Cities of the Red Night (1981).
- The Place of Dead Roads (1983).
- The Western Lands (1987).
- My Education: A Book of Dreams (1995).
Narrazio eta eleberriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Valentine's Day Reading (1965).
- Time (1965).
- APO-33 (1966).
- So Who Owns Death TV? (1967).
- The Dead Star (1969).
- Ali's Smile (1971).
- Mayfair Academy Series More or Less (1973).
- White Subway (1973).
- Exterminator! (1973).
- The Book of Breething ("Ah Pook Is Here" izenburuaz ere ezaguna) (1974).
- Snack... (1975).
- Cobble Stone Gardens (1976).
- Blade Runner (a movie) (1979).
- Dr. Benway (1979).
- Die Alten Filme (The Old Movies) (1979).
- Streets of Chance (1981).
- Early Routines (1981).
- Sinki's Sauna (1982).
- Ruski (1984).
- The Four Horsemen of the Apocalypse (1984)
- The Cat Inside (1986).
- The Whole Tamale (c.1987-88).
- Interzone (1987).
- Tornado Alley (1989).
- Ghost of Chance (1991).
- Seven Deadly Sins (1992).
- Paper Cloud; Thick Pages (1992).
Ez-fikzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- The Job (1969) (Daniel Odier-ekin elkarlanean).
- Jack Kerouac (1970) (Claude Pelieu-ekin elkarlanean).
- The Electronic Revolution (1971).
- The Retreat Diaries (1976).
- Letters to Allen Ginsberg 1953-1957 (1976).
- Last Words: The Final Journals of William S. Burroughs (2000).
- Evil River (2007).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Burroughs, William Seward. Lur hiztegi entziklopedikoa, euskadi.eus (kontsulta data: 2025-8-8).
- 1 2 3 4 W.S. Burroughsen heriotzarekin, ‘beat’ belaunaldiak azken ordezkaria galdu du. Euskaldunon Egunkaria, 1997eko abuztuak 5, CC BY-SA 4.0, berria.eus (kontsulta data: 2025-8-8).
- 1 2 3 Irazustabarrena Uranga, Nagore. Musa hiltzea merezi izan zuen?. Argia, 2016ko maiatzak 12, CC BY-SA 4.0, argia.eus (kontsulta data: 2025-8-8).
- ↑ Chronology William S. Burroughs. ZKM Karlsruhe, zkm.de (kontsulta data: 2025-8-9).