Xabier Antoñana

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Xabier Antoñana
Xabier de Antoñana (2009).JPG
zinegotzi

Bizitza
Jaiotza Viana1933ko abuztuaren  11 (85 urte)
Herrialdea  Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
Heziketa Madrilgo Complutense Unibertsitatea
Hizkuntzak gaztelania
Jarduerak
Jarduerak politikaria

Xabier Antoñana Txasko (Viana, Nafarroa Garaia, 1933ko abuztuaren 11) Frantseseko katedraduna, kazetaria, idazlea eta politikaria da, euskal ideologia abertzale eta ezkertiarrekoa. Euskal Herriko hainbat kazetatan idatzi du, Nafarroako Parlamentuko kidea izan da (1979-1983), eta bere jaioterriko udaleko zinegotzia (1983-1987, 1987-1991 eta 1999-2003). Ezkonduta dago, eta lau seme-alaba ditu.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vianan, Nafarroa Garaian, 1933ko abuztuaren 11an jaio zen, senide tradizionalisten artean. Bere aita, Pablo Antoñana Angulo, Vianako maisua izan zen, eta, Bigarren Errepublikaren aldian, CEDAtik gertu kokatzen zen. Bere amak, uste karlista sendoetakoak, ideologia hori transmititu zion; geroago, euskal nazionalismorantz bilakatu zen. Aitak eman zion lehenengo eskola, harik eta Logroñoko Sagasta institutuan batxilergoaren ikasketak hasi arte, non hainbat urte geroago Frantseseko katedra hartuko zuen.

Frantses hizkuntzaren ikasketak hastea erabaki baino lehen, Zuzenbidea ikasi zuen bi urte, eta Nafarroako Toki-administrazioko idazkariaren titulua lortu zuen; hala ere ez zen inoiz idazkari aritu. 1959an frantseseko ikasketak hasi zituen Sorbona unibertsitatean, Parisen. 1967an, Madrilgo Complutense Unibertsitatean, Filosofia eta Letretako lizentzia erdietsi zuen, Frantses Filologiaren espezialitatea hain zuzen ere. 1967tik 1969ra, gaztelaniako laguntzaile egin zuen lan, Montpellierreko Unibertsitatean (Frantzia). 1970ean, Informazio-zientzietako (Kazetaritza saila) lizentzia lortu zuen, Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Sagasta institutuan urtebete bitarteko irakasle aritu ondoren, 1972an Erresuma Batura joateko beharra izan zuen, zeren eta institutuan kontrataturik jarraitzeko eskatzen zioten Mugimendu Nazionalarekiko [1] atxikimenduaren portaera oneko agiria eman ez baitzioten.

1973ko urtarrilean, Sagasta institutura berriro itzuli zen, irakasle ez numerario gisa. 1978an katedra-agregatuaren behin betiko postua lortu zuen, eta 1990an frantses katedra erdietsi zuen. Bere erretiratze arte, 2003ko abuztuaren 11an, 70 urte zituela, bere irakaskuntza-jarduera institutu horretan gertatu zen.

Beste alde batetik, 1977tik 2011ra arte, Logroñoko Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean (UNED) ere irakasle jardun zuen, frantses eskola ematen.

Jarduera politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

70ko hamarkadaren hasieran, 10 urte inguruko egonaldiaren ostean Madrilen eta Frantzian, behin betiko itzuli zen bere jaioterrira, Viana, Udalaren ustelkeria administratiboaren aurkako jarduera politikari hasiera emanez. Urte horietan, administrazio frankistaren kontrako oposizioa nabaria zen Vianan, eta nahiko ohikoa zen jendea udal batzarretara igotzea, jakinaraztera Udalak hartzen zituen erabakien aurkako haren iritzia. 1970ko Aste Santuko osoko batzarrean, jendarteko norbaitek alkateari iraindu zion; horregatik, auzokide bat erruztatua izan zen. Batzar aretoan une horretan zeudenetako dozena bat auzokidek, tartean Xabier Antoñanak, beraien burua erruduntzat ere jo zuten, arrazoi berberagatik. Ondorioz, Orden Publikorako Auzitegira (TOP) [2] bidaliak izan ziren, nahiz eta auzirik inoiz ez zuten egin.

Trantsizioko lehenengo hauteskundeetan, 1979ko apirilaren 3an, Nafarroako Parlamentuko kidea hautatua izan zen, Agrupación Electoral Tierra Estella-tik (AETE), Merindadeetako Hautes Elkarteen artean kokatuta zegoena. Elkarteen bozeramaile izendatu zuten[3]. Legislatura horretan, Xabierren emazteak, Maria Luz Abalos Goikoetxeak, ere herriko bizitza politikoan parte hartu zuen, zinegotzi[4] gisa Vianako Udalean.

1980an, Antoñanak, beste legebiltzarkide batzuekin batera, gose-greba batean hartu zuen parte[5], Foru Parlamentuko presidenteordea José Antonio Urbiolaren atxiloketaren aurka protesta egiteko. Greba hasi zenetik egun gutxira, irailaren 11an, Nafarroako ospitalera eraman zuten anbulantzian, medikuaren aginduz: aurreko egunetan zorabioak eta okak pairatu zituen, bere gorpuzkera ahulagatik[6][7].

Urte horretako uztailean ospitalera eraman zuten, bere jarduera politikoaren aurkako herriko batzuek jipoi basatia eman ziotelako[8][9]. Erasotzaileei etxean egoteko 8 eguneko zigorra ezarri zieten, baita kalte-ordainketa txiki bat ere; hala ere, ez zioten inoiz ordaindu, kaudimengabe agertu zirelako.

1983an eta 1987an, Vianako Udal zinegotzi hautatu zuten, Unidad Popularretik. 1999 udal hauteskundetara berriro aurkeztu zen, Euskal Herritarroken zerrendan; horretan ere hautatua gertatu zen[4].

Manuel Irujo eta Telesforo Monzonen adiskide pertsonala izan da, eta biei eskaintzen die bere kazeta-lanik hoberenak . Halaber, beraien doktrina eta ideia politikoen jarraitzailea dela aldarrikatzen du.

Jarduera literarioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xabier Antoñanak kazetaritza-ibilbidea hasi zuen 1958an, noizean behin El Pensamiento Navarro egunkarian iritzi-artikuluak argitaratuz; kazeta horrekin kolaboratu zuen 1967ra arte. 1978tik aurrera Egin egunkariko ohiko zutabegilea izan zen. Aldi berean Punto y Hora de Euskal Herria aldizkarian ere artikuluak idazten zituen; hainbat urtetan (1984-1986) behin-behineko zuzendaria izan zen. Egin kazeta itxi zutenean, Gara egunkarian jarraitu zuen idazten. Azken urteetan, Deian eta Nafarroako Diario de Noticiasen ere argitaratzen zituen iritzi-artikuluak.

1963an Donostia Hiria lehiaketan finalista geratu zen, Los nuevos lázaros (Lazaro berriak) lanarekin[10].

Bidegaina, relatos de un pueblo (Bidegaina, herri baten kontakizunak )[11] liburua plazaratu zuen 1981an. 14 kontakizunez osatuta dago, Bidegaina goitizeneko herri batekoak (idazlearen jaioterria, hain zuzen ere). Espainako Gerra Zibilean oinarritzen dira kontaketak, baita beste gertakari politikoetan ere. Betiere, Nafarroako Erriberan gertatzen ziren injustiziak eta jauntxokeria salatzen zituen, bereziki antzinako alkate, guardia zibilak, udal idazkariak eta beste batzuenak, horiek guztiek auzokideen bizitzak kontrolatu nahi zituztelako[12].

1983an, El Legaña y otros relatos (Makar eta beste kontakizun batzuk ) idazlana aurkeztu zuen I Nafarroa Sarira, gaztelaniazko eleberri laburren lehiaketara. Lehengo saria esleitu gabe geratu zen, eta bigarrena Miguel Santxez Ortizi eman zioten. Hala ere, epaimahaiak ohorezko aipamena eman zion Xabier Antoñanari idazlan horregatik. Kalitate gehienekoa bazen ere, ezin zioten saririk eman, lehiaketaren baldintzak betetzen ez zituelako[13].

1983an, Bilboko Udalak antolatutako Bilbao Hiria Ipuinak kontakizun-lehiaketa irabazi zuen, La esquela (Eskela) kontakizun laburrarekin[14]. Handik gutxira, Gabriel Aresti[15]. izena jarri zioten lehiaketa horri.

Xabier de Antoñanak gaztelaniaz idatzen du.

Kultur eta giza jarduera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trantsizioko urteetan eta hurrengoetan, mota guztietako kultur ekitaldi asko bultzatzeko ahaleginean jardun zuen Xabier Antoñanak jaioterrian, baita euskararen hedapena eta irakaskuntza suspertzen ere. Hizkuntza hori ikasi du hainbat urtetan, nahiz eta ez du inoiz menperatzera iritsi.

70. urteetako hasieran, Ultreya lagunartearen presidentea izan zen. Garai horretan elkarteak bere jarduera ludikoa bideratu zuen, harik eta Sociedad Recreativa, Cultural y Deportiva Ultreya-Berri bihurtu arte. Elkarteak Vianako kultur eta kirol bizitza dinamizatu zuen urte askoan. Denbora gutxian, 60 bazkide izatetik 800 bazkide izatera iragan zen. 1975ko uztailaren 20an, elkarteak erainkin berria inauguratu[16] zuen. Lau solairuko egoitza horrek diskoteka, kafetegia eta gimnasioa zituen, baita ospakizun-aretoa ere; bertan kultur ekitaldi ugari gauzatu ziren Trantsizioan.

1978an, herriko hainbat auzokidekin batera, Erentzun ikastola sortu zuen. Gaur egun Vianako haur askok bertan ikasten dute, euskara ikasteko hizkuntza izanik. 2007an, Nafarroa Oinez herrian ospatu zela eta, ikastetxearen ibilbidearen hastapena erraztu zuten pertsona guztiei eta sortzaileei omenaldia egin zien Erentzun ikastolak .

1989an, Antoñana kultur zinegotzia zela, Vianako Udalak Teodosio Goñikoa Saria [17] izeneko literatura-lehiaketa antolatu zuen. Sariketa hori bertan behera utzi zuten, udalbatza aldatu zenean, hurrengo hauteskundeetan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Movimiento Nacional
  2. (Gaztelaniaz) Tribunal de Orden Público (TOP)
  3. (Gaztelaniaz) El País, 1979ko apirilaren 28
  4. a b Auñamendi Eusko Entziklopedia
  5. (Gaztelaniaz) ABC, 1980ko irailaren 10.
  6. (Gaztelaniaz) El Periódico, 1980ko irailaren 11.
  7. (Gaztelaniaz) ABC, 1980ko irailaren 11
  8. (Gaztelaniaz) Diario de Navarra, 1980ko uztailaren 22
  9. (Gaztelaniaz) Diario de Navarra, 1980ko uztailaren 23 eta 24, 13. orria
  10. Antología de cuentos ganadores y finalistas de las VI y VII ediciones del concurso Ciudad de San Sebastián, 1965, Editorial Veteres
  11. Bidegaina, relatos de un pueblo, 1981, I.S.B.N.:84-3000-4969-X
  12. MATA (1999). Auñamendi Eusko Entziklopedia
  13. (Gaztelaniaz) El País, 1983ko otsailaren 27
  14. Cuentos Villa de Bilbao 1980-1989 Bilbao Hiria Ipuinak, 1990, Área de Cultura y Turismo del ayuntamiento de Bilbao, I.S.B.N.: 84-330-0836-6
  15. Auñamendi Eusko Entziklopedia. Gabriel Aresti kontakizun-lehiaketaren irabazleen zerrenda
  16. (Gaztelaniaz) Diario de Navarra,1975eko uztailaren 24, 23. orria
  17. Auñamendi Eusko Entziklopedia

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]