Edukira joan

Nafarroa Oinez

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nafarroa Oinez
Prau taldea zuzenean 2007ko Vianako Nafarroa Oinezen.
Tokia Nafarroa Garaia, Euskal Herria
AntolatzaileaOspatzen den lekuko ikastola
Nafarroako Ikastolen Elkartea
MotaIbilbide txangoa
EsanahiaEuskararazko hezkuntzaren aldekoa
Hasiera1981eko ekainaren 21a, Altsasu
Data
DataUrriaren erdialdera
BetetzeaUrtero
Webguneahttp://www.nafarroaoinez.eus/

Nafarroa Oinez, Nafarroa Garaiko ikastolen jaia da. Urtero ospatzen da, euskara bultzatzeko eta horrelako ikastetxeak sortu edo mantentzeko asmoarekin. Nafarroako Ikastolen Elkartea da antolatzailea. Nafarroa Garaiko D ereduko ikastetxe publikoek (Euskararen Foru Legean zehaztutako zonalde euskaldunean eta mistoan baizik ezin dira ezarri) urtero beste jai bat antolatzen dute, Sortzen izenekoa.

Ekimena 1981ean agertu zen, Nafarroa Garaiko ikastolen alegalitateak eta haien jarduera arautua aurrera eramateko diru laguntzarik ezak eraginda, Kilometroak ospakizunean egiten zena imitatuz. Denborarekin euskararen aldeko ekimen jendetsua bilakatu da; beste hainbat jarduera egiteaz gainera, urtero 100.000 pertsona inguru biltzen ditu aurretik finkatutako ibilbide batean, zeinetan hainbat jarduera eta ikuskizun gauzatzen diren.

Nafarroa Oinez lehenengoz 1981eko ekainaren 21ean egin zen, Altsasun. Itxaropenak gainditu egin zituen, izan ere 30.000 pertsona baino gehiago joan ziren ekitaldiri hartara. Altsasun egina zenez Nafarroa Garaian euskaraz irakasten zen lehenbiziko ikastetxea, ekitaldia hantxe egitea erabaki zuten. 18.000 euro (hiru milioi pezeta) irabazi ziren. Diru hura ikastetxea eraikitzearen gastuak estaltzeko erabili izan zen. Lehenengo edizioetan, bisitariei fitxa bat egiten zitzaien sarreran, zeinetan ibilitako kilometro bakoitzeko oroitzapenezko zigilu bat jartzen zitzaien.

Nafarroako ikastolen «alegalizazio» egoerak ekarri zuen gurasoek ordaindu behar izatea ikastola martxan izateko gastuak; izan ere, Nafarroa Garaiko beste ikastetxeek ez bezala, ikastolek ez zuten foru erkidegoko erakunde publikoen diru laguntzarik lortzen DBHa irakasteko. Egoera hura 10 urtez luzatu zen, eta Nafarroa Oinezko festa laguntza handia zen, gastu horiek estali ahal izateko.

1983an udazkenera aldatu zen jaia.

1993an aurreikusita zegoen jende kopurua bikoiztu zen, 100.000 lagun etorri baitziren. Hurrengo urteetan kopuru horri eutsi zaio gutxi gorabehera, klimaren gorabeheran. Euskararen aldeko ekitaldiak garai hartan Nafarroako Foru Erkidegoko erakunde publikoen sostengua piztu zuen, Juan Cruz Alli (Foru Gobernuko burua) Nafarroa Oineza etorri baitzen. Urte hartan baizik ez dira etorri foru erkidegoko gobernuburua edo UPNko agintariak, eskuarki ez baitute zuzenean jaian parte hartzen, nahiz eta gainerako indar politikoek etortzeko ohitura duten.

2003an, lehen aldiz jaia bertan behera utzi behar izan zen, euria zela kausa. Irunberriko ikastolaren diru gastuen zuloa, urte hartan estali asmo zutena, emaitza pribatuei esker txikiagotu ahal izan zen.

Nafarroa Oinezen ikurrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroa Oinezek urtero hainbat ikur identifikatzaile izaten ditu, hala nola, ereserki moduko abestia (bideoklip batean jasoa), goiburua eta ekitaldia iragartzeko afixa.

Horiek sortzen, kulturan eta gizartean ospetsu diren pertsonek parte hartzen dute. Hartara, abestia sortzeko, zenbait urtetan Miguel Indurain, Aurora Beltran, Kuko Ziganda, Turrillas maisua eta Barricada rock taldea izan dira laguntzaile, beste askoren artean.

2004an Kepa Junkera Pasazazu abestiaren sortzailea izan zen. 2005ean abestia Ataka Kolorez sortu zuten Leihotikan, Skalariak eta Los Hurakanes taldeek elkarrekin, Castillo Suarez altsasuarraren olerki bat oinarri hartuta. 2006an Skalariak nafar taldeak errepikatu zuen, eta 2008an abestiak Atera ezazu mihia izena izan zuen.

Beste elementu bereizgarri bat urte bakoitzeko goiburua da, abestiaren izenburuarekin bat egiten duena. Goiburuetako batzuk hauek izan dira:

  • 1990: Ekina ekinez egina
  • 1991: Oinez euskaraz bizi
  • 1992: Euskarari bidea eginez
  • 1993: Har hitza
  • 1994: Bideosoan
  • 1995: Inoiz baino gehiago
  • 1996: Herri kolore
  • 1997: Lan ta lan, auzolan
  • 1998: Ametsa Eraikiz
  • 1999: Jaso dezagun euskara
  • 2000: Buru belarri
  • 2001: Herria de gorputza, Hizkuntza, bihotza
  • 2002: Muga guztien gainetik
  • 2003: Harritz Herri, Irunberri
  • 2004: lizarran@euskaraz.bai
  • 2005: Oinknez!
  • 2006: Baietz oraingoan!
  • 2007: Giltza daukagu
  • 2008: Atera ezazu mihia
  • 2009: Txikiak Handi
  • 2010: Munduz mundu
  • 2011: Hamaika 11n
  • 2012: kolore&hitz
  • 2013: Taupadaz bat egin!
  • 2014: Esan izan gozan
  • 2015: Hamabortz: Ama bat

Nafarroa Oinez egin izan den herriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]