Eskoto

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Eskoto[1] (latinez: scoti) IV. mendetik aurrera zelta kulturako gael herriari erromatar idazleek emandako izena da. Ez dago batere garbi hitz honen esanahia, baina dirudienez "lapurrak" edo "legez kanpokoak" esan nahi du. Erromatar Britania erasotzen zuten gerlari gaelikoei deitzeko erabiltzen zuten, baina pixkanaka-pixkanaka latinez idazten zuten idazleak hitz hau herri gaeliko osoa izendatzeko erabiltzen hasi ziren. Gaelak jatorriz Irlandakoak zirenez, uharte hari Scotia deitzen hasi ziren (lehenago erromatarrek Hibernia izena erabiltzen zuten).

Gaelak V. mendean Fergus Mòr Mac Earca erregea buru zutelarik Eskozian kokatzen hasi ziren (orduan Kaledonia deitua). Eskotoek Hebrida uharteak eta Eskoziako mendebaldea erasotu zituzten eta gaur egun Argyll-go eskualdea den lurraldean erresuma bat ezarri zuten, Dál Riata izenez ezagutu zena.

Hala, pixkanaka pixkanaka antzinako Caledonia hura ere Scotia izenez ezaguna izaten hasiko da, batzuetan nahasketa haundia sortuz: Isidoro Sevillakoak (560 - 636) gaur egungo Irlanda eta Eskozia herrialde bera zirela idatzi zuen. Aurrerago, bere jaioterriaren inguruan zalantzarik egon ez zedin, Karlomagnoren gorteko filosofo garrantzitsuenetako batek bere izena Johannes Scotus Eriugena zela idatzi zuen, hots, "Irlandan jaiotako Joan irlandarra" (815-877). Beranduago, gaelen berezko sorlekua Scotia Major izenez ezaguna izaten hasi zen eta gaur egungo Eskozia berriz Scotia Minor. Are gehiago, 978 eta 1014 urteen bitartean Brian Boru Irlandako Errege Nagusia izan zela adierazteko, Armagh-eko Liburuak "Imperator Scottorum" esaldia erabili zuen. Irlanda izena soilik anglo-normandar inbasioa eta gero (1169) hasiko zitzaion gailentzen Scotia Major izendapenari, handik aurrerantzean izen osoarekin gaur egungo Eskozia geratu zelarik. Hortik aurrera, beste gaizki ulertze bat sortuko zen: Izatez irlandarra zena eskoziartzat jotzea.[2] Bestalde, Eskoziako gaeleraz lurralde honen izena orduan zein orain Alba izan da, gainerako hizkuntza zeltiarretan bretoieraz salbu antzeko hitza erabili delarik.

844. urtean, Dál Riata-ko errege zen Kenneth MacAlpin piktoen tribuarekin aliatu zen Norvegiako vikingoen erasoengandik defendatzeko eta hala eskoziar lurraldearen batasuna eraikitzen hasi zen. XI. mende amaierarako piktoak jada erabat gaelizatuak zeuden eta honek gaur egungo herrialdeari apurka apurka bere izena ematea ekarriko zuen Beste tribu irlandar batzuk lurralde haietatik kanporatu egin zituzten, errebeldeak eta gerlariak ziren aitzakiarekin.

Garai batean Eskotoak Irlanda, Eskozia eta Man uhartean kokatutako talde etno-linguistikoa izendatzeko erabili bazen ere, gaur egun gaeliko edo gael hitza erabiltzen da. Kaledonia inbaditu zutenean, beren hizkuntza aitzinirlandera zen. Ondoren, handik irlandera zaharra eratorriko zelarik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]