1984 (eleberria)

Wikipedia, Entziklopedia askea
"1984"-ko fikziozko mundua

1984 fikzio-politikako eleberri distopikoa da, George Orwellek 1948an idatzia. Bertan, nonahi dagoen estatuak alderdi totalitarioko kideak lege eta arauak betetzera behartzen ditu doktrinamendua, propaganda, beldurra eta zigorraren bidez. Eleberriak Anaia Nagusia zelataria, 101. gela, pentsamendu-polizia eta hizketaberri (politikarien eta burokraten hizkuntza) bezalako kontzeptuak sortu zituen.

Eleberriak, Iona uharte bakartian idatziak, salmenta arrakasta handia izan zuen, eta XX. mendean eragin handiena izan duen liburuetako bat da. XX. mendeko hasierako trilogia distopikoko lan gorentzat jotzen da, Aldous Huxleyren Bai mundu berria eta Ray Bradburyren Fahrenheit 451ekin batera. 2007an Txalaparta argitaletxeak eman zuen argitara euskaraz lehendabizikoz, Oskar Aranaren itzulpena dela medio.

Askok paralelotasunak aurkitzen dituzte gaur egungo gizartearen eta 1984ko munduaren artean, gizarte orwelliar bezala ezaguna izaten hasi denean bizi garela iradokituz. Orwelliar terminoa portaera totalitario eta errepresiogileak dituen gizarte edota erakundeen sinonimo bihurtu da.



Zinemarako moldaketak

Orwellen eleberriaren bi moldaketa nagusi garatu ditu zinemagintzak:

Eleberriaren historia

George Orwellek The Last Man in Europe (Europako azken gizona) izenburua jarri zion eleberriari. Hala ere Erresuma Batuko eta AEBetako argitaldariek izenburu hori aldatu zioten merkataritza-arrazoiengatik. Izan ere, urte horretan kokatzen da liburuko istorioa. Halaber, eleberri gehiena 1948an idatzi zen. 1984, beraz, 1948 zenbakiaren aldaera ere bada.

Argumentua

Egiaren Ministerioan hainbat urtetan lan egin eta gero, Winston Smith konturatzen da historia berridazteko egiten ari den lana iruzur handi baten zati bat besterik ez dela, eta Alderditik datozen informazio guztiak nahita egindako gezurrak direla. Anaia Nagusiaren zainketari —etxeetan ere gertatzen denari— iskin egiteko, Juliaren maitasuna aurkitzen du. Julia ere sistemarekin desengainatuta dago.

Biok Anaidia izeneko erresistentziako taldearen kide egiten dira. Anaidia Emmanuel Goldsteinek gidatzen du. Hori Anai Nagusia bezalako nonahikoa da, eta liburua idatzi omen du. Hala ere, Anaidia Alderdiaren beste kontrol-tresna besterik ez da.

Pentsamendu-poliziak Winston eta Julia atxilotzen ditu, baita torturatu ere Maitasunaren Ministerioan. Winston 2+2=5 enuntziatua egia dela onartzera behartzen dute. Tortura luzeak jasanda, 101. gelan sartzen dute tortura gogorrena jasotzeko. Winstonek azkenean onartzen du egia dela Alderdiak esaten duena eta ez berak aditzen duena. Askatua izan eta gero Julia aurkitzen du kalean. Julia ere torturatu dute. Biak ezgai dira harreman hurbila mantzentzeko eta bi ezezagun gisa agurtzen dute bestea. Beraz, Alderdiaren helburua bete da: Winston eta Juliaren arteko maitasuna Anaia Nagusiarenganako maitasun bihurtu da. Hala ere, Winston badaki egunen batean hilko dutela, badaki nola hilko duten, baita aztarna txikirik ere utzi gabe dasagertuko dela ere.

Mundua 1984an

Banaketa geografikoa

Halaber, hiru potentzien mugen artean bada eremu bat (lauki baten forma du) inork ere jarraitasunez beretzat eduki izan ez duena. Tanger, Brazzaville, Darwin eta Hong Kong dira lauki horren lau erpinak. Horiek jabetzeko, etengabeko gerretan dago Ozeania Eurasia edo Ekialdeko Asiarekin. Istorio gehiena Londresen gertatzen da. Londres Lehenbiziko Aire-eremuko hiriburua da, Ozeaniako hirugarren probintziarik jendetsueneko hiriburua, hain zuzen.

Anaia Nagusia

Anaia Nagusiak pertsonaia politiko guztiak ordezkatzen ditu: bera da komandante-burua, gizartearen zaintzailea, jainko paganoa eta epaile gorena. Alderdiaren ideiak irudikatzen ditu, alderdi bakar, ahalguztidun eta nonahikoa. Beronek biztanle guztiak zelatatzen ditu etengabe, nonahi dauden telepantailen bidez. Inork ez du inoiz Anaia Nagusia ikusi. Aurpegi bat da posterretan eta ahots bat telepantailetan. Bere irudiak begiekin jarraitzen ditu biztanle guztiak. ANAIA NAGUSIAK ZAINDU EGITEN ZAITU diote poster guztiek. Zalantza dago Anaia Nagusia existitzen den.

Alderdia

Alderdia biztanle guztiek —proletarioak izan ezik— kide izan behar duten erakundea da. Bi zati ditu: Barne eta Kanpo Alderdia. Barne Alderdia Anaia Nagusiaren pean dago. Horren kideen kopurua mugatua du, biztanleriaren ehuneko bi baino gutxiago. Barne Alderdiaren pean Kanpo Alderdia dago. Barne Alderdia Estatuaren burmuina bada, Kanpo Alderdia eskuak dira. Horren pean ahotsik gabeko masak daude, proletarioak, gizartearen ehuneko laurogeita bost. Alderdiaren adar bateko edo besteko kidetzat onartua izateko, proba bat egin behar da hamasei urterekin. Ez da bereizkeriarik egiten arrazagatik. Alderdiaren esloganak hauexek dira: GERRA DA BAKEA, ASKATASUNA DA ESKLABOTZA eta EZJAKINTASUNA DA INDARRA.

Ministerioak

Gobernatzeko lau Ministerio eratu dira:

  • Maitasunaren Ministerioa (hizketaberriz, Maiteminis) zigorrak ezartzeaz eta torturaz arduratzen da.
  • Bakearen Ministerioa (Bakeminis) gerraz arduratzen da, baita gerra betierekoa izateaz ere. Etsaien kontrako gerra badago, herria bakean egongo da bere buruarekin. Iraultza gutxiago daude gorrotoa eta beldurra kanpora zuzendu ahal badira.
  • Oparotasunaren Ministerioa (Oparominis) ekonomiaz arduratzen da, baita jendea iraupenaren mugan bizitzeaz ere, errazionamendu gogor baten bidez.
  • Egiaren Ministerioa (Egiminis) dokumentu historikoak manipulatzeaz edo suntsitzeaz arduratzen da, argazkiak, liburuak eta egunkariak barne. Horrekin iraganaren ebidentziak eta historiaren bertsio ofiziala, Estatuak eutsia, bat etorriko dira.

Gizartea

1984an, gizartea pobrezian bizi da; gosea, gaixotasunak eta zikintasuna eguneroko gauzak dira. Hiriak aurriak besterik ez dira, jasandako gerrak eta maiz erortzen diren eta etsaienak omen diren misilak direla eta.

Jendearen bizi-maila baxua da. Kontsumo-ondasunen eskasia nabarmena da, eta daudenak oso kalitate txarrekoak dira. Alderdiak defendatzen du pobrezia beharrezkoa dela gerrari aurre egiteko. Hala ere, liburuak azaltzen du etengabeko gerraren helburua industria-ekoizpenaren soberakinak kontsumitzea dela.

Barne Alderdikoek bizi-mailarik altuena dute. O’Brien antagonista apartamentu garbi eta eroso batean bizi da; kalitate altuko kontsumo-ondasunak ditu (ardoa, kafea, azukrea, etab.), Kanpo Alderdikoei eta proletarioei ukatzen zaizkionak. Horiek elikagai sintetikoak jaten dituzte, kolore gabeko eta usain higuingarriko likorea edaten dute (garaipeneko gina) eta oso zigarreta txarrak (garaipeneko zigarretak) erretzen dituzte. Winston harritzen da ikustean O’Brienen eraikineko igogailuak dabiltzala eta bere telepantaila itzali ahal dela.

Nahiz eta Barne Alderdikoen bizi-maila altua izan, Iraultza baino lehenagokoa baino baxuagoa da. Proletarioei dagokienez, Alderdiak animaliatzat hartzen ditu. Pobrezia osoan baina lasai bizi dira, garagardo merke, pornografia eta loteria nazionalari esker. Proletarioak Alderdikoak baino libreago bizi dira. Liburuak azaltzen du egoera horren arrazoia dela betidanik erdiko klaseak egin dituela iraultzak, eta ez behekoak. Beraz, estu kontrolatu behar da klase hori (Kanpoko Alderdia). Balizko aurkariak indargabetzen dira, Barne Alderdira igotzen edo hiltzen, Maitasunaren Ministerioan aldarazi eta gero.

Bestalde, biztanleek, eta Alderdikideek bereziki, ez dute pribatutasunik. Asko bi noranzkoko telepantailak dauden apartamentuetan bizi dira. Telepantaila horien bidez biztanleak etengabe ikusita edo entzunda daude. Telepantaila berdinak daude lanpostuetan eta leku publikoetan, mikrofono ezkutuekin batera. Gobernuak posta irekitzen eta irakurtzen du eskuarki, hori banatu baino lehen. Pentsamendu-poliziak agente sekretuetaz baliatzen da joera subertsiboa dutenak atxilotzeko. Umeak susmagarriak salatzera bultzatzen dituzte; hortaz, batzuek euren gurasoak salatzen dituzte.

Zainketa mota honek biztanleen kontrol eraginkorra dakar. Matxinatzeko frogarik txikienek, baita aurpegiko keinuek ere, atxiloketa dakarte. Gauzak horrela, herritarrak, eta Alderdikideek bereziki, beti obeditzera behartuta daude

Gerra

1984an badago etengabeko gerra bat Ozeaniaren eta Eurasiaren artean, edo Ozeaniaren eta Ekialdeko Asiaren artean. Ozeaniaren aliantzak aldatzen dira maiz. Emmanuel Goldsteinen liburuak azaltzen du potentzia bakoitza hain indartsua da ezen ezin baita garaitua izan, nahiz eta bi potentziak bat egin bestearen aurka. Liburuak azaltzen duenez, gerraren helburu nagusia erabateko bizi-maila hobetu gabe makineria guztiaren produktuak erabiltzea dela.

Kontraesanak ezkutzateko, historia berreidazten da azaltzeko aliantza berria betikoa dela. Bikoizpentsatzera ohituta dauden biztanleek erraz onartzen dute. Istorioaren hasieran, Ozeania eta Ekialdeko Asia aliatuak dira Eurasiaren aurka. Aliantza hori bertan behera geratzen da, eta Ozeania Eurasiaren aliatu bihurtzen da, nahiz eta Ekialdeko Asia betiko etsaia eta Eurasia betiko aliatu izanari eutsi.

Pertsonaiak

Pertsonaia nagusiak

  • Winston Smith: protagonista. Egiaren Ministerioan lan egiten du.
  • Julia: Winstonen maitalea.
  • Anaia Nagusia: Biztanle guztiak zelatatzen ditu. Zalantza dago existitzen den.
  • O'Brien: antagonista. Barne Alderdiaren kidea. Winstoni eta Juliari ziria sartu zien, haiek sinistarazteko Anaidiaren kidea zela.
  • Emmanuel Goldstein: Alderdiaren aintzinako buruzagietako bat eta Anaidiaren gidaria. Estatuaren etsai nagusia. Liburua (Kolektibismo oligarkikoaren teoria eta praktika) idatzi omen zuen. Zalantza dago existitzen den.

Bigarren mailakoak

  • Aaronson, Jones eta Rutherford: Antzinako Barne Alderdiko kideak. Winstonek gogoratzen du Iraultzaren lehen gidarietakoen artean zeudela, Anaia Nagusia ezagutua izan baino lehenago. Atxilotu zituzten eta delitu batzuk egin zituztela aitorrarazi zituzten, hala nola, etsaien intelingentzia-zerbitzuetan lan egin zutela. Barkatu zituzten, Alderdian berriro onarti zituzten eta, urte batzuk igarota, fusilatu zituzten. Winstonek bere lanean erabiltzen zituzten egunkari zatietan haien errugabetasunaren ebidentzaik aurkitu zituen.
  • Ampleforth: Poeta eta Winstonen lankidea. Atxilotu zuten “God” (jainkoa) hitza uzteagatik Kiplingen olerki bat berridaztean. Winstonen ziegan sartu zuten.
  • Charrington: Antigoaleko gauzen dendako jabea, nahiz eta, benetan, Pentsamendu-poliziako kidea izan.
  • Katharine: Winstonen emaztea, nahiz eta bananduta egon. Nazka ematen zion larrua jotzeak, baina Winstonekin jarraitzen zuen Alderdiari zor zaion errespetuagatik.
  • Parsons: Winstonen auzokoa. Kanpo Alderdiko kide guztiz leiala. Parte hartzen du Alderdiak agindutako ekintza guztietan. Bere zazpi urteko alabak salatu zuen “Kanpora Anaia Nagusia” esateagatik lotan zeundela. Harro dago bere alabaren ekintzaz. Winstonen ziegan sartu zuten.
  • Syme: Winstonen lankidea. Lexikografoa da eta parte hartzen ari da hizketaberriaren hiztegiaren hamaikagarren argitalpenean. Hitzak suntsitzen gozatzen du. Hain azkarra da ezez Winstonek pentsatzen du egunen batean lurrunaraziko dutela. Izan ere, egun batean desagertzen da eta Winston haren izena xake klub baten kideen zerrendatik ezabatu dutela ohartzen da.

Bestelakoak

Hizketaberria

Hizketaberria Estatuak sustatutako eta nahita murriztutako hizkuntza da, 2050ean ingelesa (hizketazaharra) guztiz ordezkatuko zuena. Orwellek eranskin bat sartu zuen eleberrian, hizketaberriaren oinarriak azaltzeko. Hizketaberria ingelesetik dator, baina etengabe murrizten da, jendeak Alderdiaren aurkako ideiak adierazi ahal ez izateko. Hitzak hiru taldetan banatzen dira:

  • A taldeko hitzak eguneroko bizitzan behar direnak dira. Gehienak ingelesezko hitz aldatuak dira.
  • B taldeko hitzak ideia zailago adierazteko behar direnak dira. Hitz hauek helburu politiko batekin sortzen dira, Alderdiaren ideiak mintzatzailearengan ezartzeko.
  • C taldeko hitzak hitz teknikoak dira, arloz arlo bananduta. Alderdiak jendea arlo askotan aditua izatea nahi ez duenez, “zientzia” hitzaren kidea ez dago hizketaberrian.

Bikoizpentsatzea

Hizketaberriko hitz honen esanahia da elkarren aurkako bi iritzi aldeztea aldi berean, jakinik kontraesankorrak direla, eta bietan sinestea; edo gauza bat ahaztea, ahaztu behar bada, eta gero berehala berriro gogoratzea, gogoratu behar bada, eta gero berriro ahaztea. Bikoizpentsatu hitza bera ulertzeko, beharrezkoa da bikoizpentsatzen aritzea. Bikoizpentsatzea Ingsocen muinean dago.

Bi Minutuko Gorrotaldia

Eguneroko aldia da, non Alderdikideek film bat ikusi behar duten telepantailan. Film horretan etsaiak eta, bereziki, Emmanuel Goldstein agertzen dira, eta ikusleek beren gorrotoa adierazi behar diete. Gorrotaldia alderdikideei burua jateko era bat da. Ez da arraroa gorrotaldia zoramenera heltzea eta batzuek, Juliak egin zuen moduan, telepantailari gauzak jaurtitzea. Eguneroko Bi Minutuko Gorrotaldiaz gain, Gorrotoaren Astea ospatu behar da urtero.

101 gela

Maitasunaren Ministerioan dagoen gela bat da, non tortura berezi bat egiten da: gehien ikaratzen dituen horrekin torturatzen dira susmagarriak. Winston Smithen kasuan, arratoiek ikaratzen zutenez, bi arratoi zituen kaiola batez baliatu ziren. Kaiolak maskara antzeko bat zeukan, buruan egokitzeko. Hagatxo bati eragitean, kaiolaren atea altxatzen zen, arratoiek aurpegiari erasotzeko.

Pertsona bati Anaia Nagusia maitatzea eragozten ziona ezabatzeko erabiltzen zen 101 gela, baita Anaia Nagusiarenganakoa baino handiagoa zen maitasuna ezabatzeko ere. Torturatuari gehien ikaratzen diona aplikatzean, hori saihesteko aukera ematen zaio, gehien maite zuenari zuzenduz eta, beraz, sentimendu arriskutsua ezabatuz.

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: 1984 (eleberria) Aldatu lotura Wikidatan
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: 1984 (eleberria)