Alberto Handia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
San Alberto Handia; freskoa, 1352

Alberto Handialatinez: Albertus Magnus— (Lauingen, Bavaria, 1193/1206 - Kolonia, 1280) santu katoliko bat da. Apaiza, apezpikua eta Elizako doktore izan zen. Teologian, geografian eta filosofian aditua izan zen; kimikaren arloan ere izen handia izan zuen, eta, oro har, Erdi Aroko zientzietan oso trebatua zen. Haren apaltasuna eta pobrezia nabarmentzekoak ziren.

Paduan ikasi zuen, eta hantxe hartu zuen Domingo de Guzmanen abitua. Parisen ere ikasi zuen, eta une horretan Europan existitzen ziren unibertsitate batzuetan irakatsi zuen. Alemanian zeuden komentuetan ere lan egin zuen.

Parisko Unibertsitatean antzinako testuak, bereziki Aristotelesenak, itzuli eta sailkatu zituen; testuei bere oharrak ere erantsi zizkien.

Lan entziklopediko handi honek bere dizipulu zen Tomas Akinokoaren lanerako oinarriak ezarri zituen. Botanikan eta alkimian ere lan egin zuen, eta aipatzekoa da artsenikoaren aurkikuntza 1250ean. Geografiaren eta astronomiaren arloan, oso argudio sendoak erabilita, Lurra biribila dela esan zuen.

1259an edo 1260an Ratisbonako egoitzako apezpiku izendatu zuten, baina berehalakoan utzi zuen, diozesiak zituen arazo batzuk zirela medio. Urbano IV.a aita santuak onartu egin zuen haren ukoa, eta Würzburgeko komentura itzuli zen, eta Kolonian irakatsi zuen.

Kolonian hil zen, 87 (edo 74) urte zituela, eta Koloniako San Andres elizaren kriptan hobiratua dago.

1622an beatifikatu zuten, eta 1931an, Pio XI.a aita santuak Elizako doktore izendatu zuen; kanonizatzearen parekoa da.

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alberto Handia Aldatu lotura Wikidatan