Pio XI.a

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Pio XI.a

Pio XI.a[1] (latinez Pius PP.XI), jaiotzez Achille Damiano Ambrogio Ratti (Desio, Italia, 1857ko maiatzaren 31 - Erroma, 1939ko otsailaren 10a) Eliza Katolikoko Aita Santu izan zen 1922ko otsailaren 6tik bere heriotza egunera arte.

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oihal industriako enpresari baten semea zen. Sevesoko seminario txikian ikasten hasi zen, geroago Monza eta Milango handietara igaro zen eta, azkenik, Erromako Lombardo ikastetxean ibili zen. 1879an apaiztu zen. Hortik aurrera, Liburutegi Anbrosiarrean lan egin zuen eta teologian, filosofian eta zuzenbide kanonikoan doktoratu zen.

Seminarioetako irakasle izan zen (teologia eta hebreera irakasle), eta 1912an Vatikanoko liburutegian hasi zen lanean. Geroago bertako buru izatera iritsi zen. 1918an Benedikto XV.ak Polonia eta Lituaniara bidali zuen, bertako berri Vatikanora eraman zezan.

Gotzain[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Naupactuseko artzapezpiku eta Poloniako nuntzio izendatu zuten. 1921ean Italiako elizbarruti nagusienetako baten buru jarri zuen Benedikto XV.ak, Milango artzapezpiku izendatu baitzuen.

Aita Santu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aita Santu izendatu zutenean, Ratti kultura handiko gizona zen, ikasketa maila oso altuak lortu zituena, eta, gainera, Vatikanoko eta Elizaren administrazioko kontuetan aditua zen. Hala ere, pastoraltza kontuetan ez zeukan hilabete gutxi batzuetako esperientzia laburra besterik.

Bere koroatzea publikoa izan zen, San Petri basilikaren kanpoaldean. Italiako batasuna burutu zenetik jendeari irekita egin zen lehen koroatzea izan zen, aurrekoak jende kopuru mugatu batek jarraitu ahal izan zituen eta.

Pio XI.ak Italia onartu zuen, 1871tik zetorren gatazkari amaiera emanez. 1929ko otsailean Mussoliniren gobernuarekin Letrango akordioak sinatu zituen. Horien ondorioz, Elizak Italiako estatu modernoa onartzen zuen, katolikoei bere zilegitasuna onartzeko eskatzen zitzaien eta Vatikano Hiria deituriko estatu berria sortu zen, Aita Santuaren menpe. Garai hartan Vatikanoak bere interesak defendatzeko faxismoaren aurrean jarrera malgua agertu zuen.

Alemaniarekin ere konkordatua izenpetu zuen, nahiz eta 1937an Mit brennender Sorge (euskaraz Ardura biziz) deituriko entziklika kaleratu zuen. Bertan nazismoa gaitzetsi zuen, arraza, herria, estatua edo gizarteko bestelako elementuren bat jainko bihurtzea Jainkoak berak ezarritako ordenaren aurka joatea litzateke erabat.

Pio XI.a beste entziklika bat prestatzen ari zen, kasu horretan nazien antisemitismoa gaitzesteko. Baina garai horretan gaixorik eta azkenetan zegoenez gero, ez zen kaleratu.

Pio XI.aren garaia azaltzeko beste dokumentu garrantzitsua Quadraggesimo anno da, gizarte gaiei buruzko entziklika. Leon XIII.aren Rerum Novarum entziklikaren 40. urteurrenean kaleratu zuen (1931) eta bertan langile mugimenduaren aurrean Elizak zuen jarrera azaldu zuen. 1929ko krisialdi ekonomikoari erantzunez, ekonomia justizian eta karitatean oinarritu behar zela defendatu zuen, gizarte batasuna lortzeko. Merkatu askea ona zela zioen, baina ezin dela gizakien duintasuna merkatuen gorabeheren arabera aldarazi ere aipatu zuen.

Pio XI.aren hilobia San Petri basilikan

Beste idatzi batzuetan komunismoa (Divini Redemptoris), jaiotza erregulazio artifiziala (Casti Donnubii) eta Espainiako errepublikazaleek Elizaren kontra zuten jarrera (Dilectissima Nobis) gaitzetsi zituen.

Bere agintaldian Eliza katolikoa mundu mailako eragile garrantzitsu bihurtu zen, baita alor diplomatiko eta politikoan ere. Komunikabideetan ere aurrerapausoa eman zuen Giuliano Marconiri Vatikano Irratia sortzeko agindu zionean (1931).

1939ko otsailaren 10ean hil zen, Europarentzat eta mundu osoarentzat garai latz baten atarian. Urte bereko irailean II. Mundu Gerra hasi zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pio XI.a Aldatu lotura Wikidatan