Aleksandr Kerenski

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Aleksandr Kerenski

Aleksandr Fiodorovitx Kerenski, errusieraz Алекса́ндр Фёдорович Ке́ренский, (Simbirsk, 1881eko apirilaren 22a[1] - New York, 1970eko ekainaren 11) politikari sozialdemokrata, abokatu eta errusiar iraultzaile nagusietako bat izan zen, tsarrari boterea kendu zitzaion garaian.

Otsaileko Iraultzaren ondoren, lehen ministro izan zen (bigarrena) eta Korniloven estatu kolpea eragotzi zuen. Ez, ordea, Urriko Iraultza eta agintea boltxebiken esku geratu zen.

Lehenengo urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kerenski, Lenin bezalaxe, gaur Uljanovsk izeneko hirian jaio zen. Aita, Fiodor, eskolako zuzendaria zen eta Vladimir Uljanoven irakasle izan zen Kazan unibertsitatean.

Kerenskik zuzendaritza ikasi zuen San Petersburgoko unibertsitatean. Hizlari aparta, berehala izan zen Nikolas II.aren aurkako oposizio sozialistaren lider.

Otsaileko Iraultza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1917an, Otsaileko Iraultza hasi zenean, Kerenski Petrogradoko sobietaren zuzendaritzan zegoen. Behin-behineko gobernua eratu zenean, Justizia ministroa izan zen eta Gerra Ministerioa hartu zuen geroago, uztailean lehen ministro izatera iritsiz.

Nikolas II.a eta bere familia ezagutu zituen. Abdikatu eta gero, preso zeuden eta, badirudi, Kerenskik estimu handian hartu zituela, atzerriratzeko tramite sekretuak eginez; Siberiara bidali zituen, horrela erailketaren aukera ekidin nahian, baina sobietak honen guztiaren berri izan zuenean, tsarrarekiko harremana zaindu beharra izan zuen.

Korniloven udako estatu kolpearen ondoren, Errusia neka-neka eginda zegoen eta bakearen premia erabatekoa zen. Horixe zen Lenin eta bere alderdi boltxebikeak agintzen zutena: "bakea, lurra eta ogia" zioten komunistek. Errusiar Zurien buru, Kerenski boltxebikeen aurka zegoen eta monarkia berrezarri nahi zutenaren aurka ere bai.

Desertzioak zirela-eta, armada desegiten ari bazen ere, Kerenski aurrez hartutako konpromisoak bete beharrean izan zen. Gerra uzteak galera handiak ekarriko zizkiolako jarraitu zuen borrokan, baina honek eragin zuen Kerenskiren ospe txarra.

Urriko Iraultza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Korniloven estatu kolpea gertatu zenean, Kerenskik armak banatu zituen Petrogradoko langileen artean eta langile hauek boltxebikeen alderdira pasatu ziren gerora. Urriaren 25ean (azaroaren 7a Gregoriar Egutegian) boltxebikeak agintearen jabe egin ziren.

Kerenskik Pskovera alde egitea lortu zuen eta saiatu zen berriro boterera itzultzen, baina ez zuen lortu. Berriro lortu zuen alde egitea eta Frantziara iritsi zen.

Erbestea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kerenski Parisen bizi zen 1940 arte eta, alemanak Frantzian sartu zirenean, AEBetara alde egin zuen betiko. Hitlerrek SESB inbaditu zuenean, badirudi bere laguntza eskaini ziola Stalini, baina ez zuen erantzunik jaso.

New Yorken instalatu zen eta Stanfordeko unibertsitatean eman zituen eskolak. Erruz idatzi zuen eta irratian ere aritu zen Errusiako historia eta politikaren inguruan.

1970an hil zen New Yorken. Bertako Errusiar Eliza Ortodoxoak ez zion hileta berezirik egin nahi izan, Errusia komunismoaren eskuetan erortzearen errudun nagusietako bat izan zela uste baitzuen. Serbiako beste eliza ortodoxo batek ere ukatu egin zion eta Kerenskiren hilotza Londreseraino eraman beharrean izan ziren, hango hilerri akonfesional batean ehortziz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Aleksandr Kerenski