Christopher Mitchell
Christopher Mitchell | |
---|---|
(2015) | |
Bizitza | |
Jaiotza | 1934 (89/90 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Londresko University College |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | antropologoa |
Enplegatzailea(k) | George Mason University (en) |
Christopher Mitchell[1] (1934) munduko gatazken azterketan eta konponbideen bilaketan esperientzia luzeenetakoa duen irakasle estatubatuarra da. Arlingtonen (Virginia) dagoen George Mason Unibertsitateak bultzatutako Institute for Conflict Analysis and Resolution (ICAR, "Gatazken Azterketa eta Konponketarako Institutua") erakundean irakasle emeritua da.
Euskal Herriko gatazkaren konponbide proposamenetan aspalditik inplikatuta, 2010eko martxoan publiko egin zen Bruselako Adierazpena sinatu zutenen artean dago.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Londresko Unibertsitatean Ekonomia eta Nazioarteko Harremanak tituluak eskuratu zituen. Lan akademikoa Londresko Unibertsitatean, hiri bereko City Universityn, Southamptoneko, Hegoaldeko Kaliforniako, Marylandeko eta Brigham Young unibertsitateetan garatu du. ICAR Gatazken Azterketa eta Konponketarako Institutuan hamazazpi urtez irakasle ibili da eta lau urtez zuzendari.
Gatazken konponbideaz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1960ko hamarkadan Londresko University Collegen John Burtonen lidergoarekin munduko gatazken konponbideen oinarrizko ideiak eta teknikak garatu zituen talde aitzindarian ibili zen. Harrezkero hainbat gatazkatan elkarren etsai diren alde bien arteko zuzeneko topaketa askotan inplikatuta egon da: greziar eta turkiar zipretarrak, Israel eta Palestina, Somalia eta Etiopia Ogadenez, Moldavia eta Transnistria, nazionalista eta unionistak Irlandan, Erresuma Batua eta Argentina Falkland Uharteetako Gerraz, Liberiako talde desberdinak...baita Euskal Herriko egoera politikoaz antolatutakoak ere. Geroago ICARreko Wallace Warfield eta Kevin Avruch lankideekin eta ikasle aurreratu batzuekin Filipinak, Kolonbia edo El Salvador bezalako lekuetan "Tokiko Bake Eremuak" deitu zen proiektua garatzen ibili da.
Euskal Herriaz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Azterketa teorikoaz gain, Euskal Herrian bizi den gatazkari konponbidea emateko saiakera batzuetan zuzenean inplikatuta egon da. 1991ko irailean ICAR eta Gernika Gogoratuzek isilpeko topaketa batzuk antolatu zituen Virginian; publikoki Herri Batasunaren kontrako isolamendu garaiak ziren horietan HBkoez gain EAJ, EE, EA, PSOE eta PPren ordezkariak bildu zituen topaketaren babesle nagusia izan zen[2].
ETAren 1998ko su-etena erraztu zuten kontaktu eta elkarrizketa-sortan ere esku hartu zuela argitaratu da[3]; orduan Carter Fundazioaren izenean ere aritzen zen. 2007an Juan José Ibarretxeren gobernuak bultzatutako "Konpondu" ekimenaren ebaluatzaileetakoa izan zen[4] eta 2010ean beste behin ere Euskal Herriko egoera politikoan inplikatu da, Bruselako Adierazpenaren sinatzaileetakoa delako.
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berak egin dituen idazkien artean liburu hauek nabarmendu daitezke:
- The Structure of International Conflict: gatazken konponbidean "klasikotzat" jotzen dena. Bere berrikuspena egiten ari da, gaur egun gatazken azterketa eta konponbideez egin diren ikerketen laburbilpen erreferentziala litzatekeena.
- Handbook of Conflict Resolution: The Analytical Problem-Solving Approach, Pinter Pub Ltd., 1996.
- Gestures of Conciliation : Factors Contributing to Successful Olive Branches, Palgrave Macmillan, 2000[5].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Chris izen informalaz ere topa daiteke (ikus ICARren webgunea); ez konfunditu bere homonimo batzuekin.
- ↑ Juan Mari Ollora topaketa honetaz.
- ↑ Mitchellen aipamena dakarren web orria muturreko espainiazale batzuen hizkeran.
- ↑ Mitchellen aipamena blog pertsonal honetan.
- ↑ ICARren webgunea.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Mitchell Adierazpenaren sinatzaileen artean.
- (Ingelesez) Mitchellen curriculum osoa ICARren webgunean.
- (Ingelesez) Mitchellen erreferentzia ICARren webgunean.
- (Ingelesez) Mediation and the Ending of Conflicts lanean Euskal Herria aztergaietakoa.
- (Ingelesez) AEBetako unibertsitateen esku-hartzea Euskal Herriko gatazkaren konponbidean.