François-René de Chateaubriand

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
François René Chateaubriand
François René Chateaubriand
Chateaubrianden erretratua.
Datu pertsonalak
Jatorrizko izena François-René de Chateaubriand
Jaio 1768ko irailaren 4a
Saint-Malo, Bretainia (Frantzia)
Hil 1848ko uztailaren 4a
Paris (Frantzia)

François René Chateaubriand (Saint-Malo, Bretainia, 1768ko irailaren 4a - Paris, 1848ko uztailaren 4a) frantziar politikari, diplomazialari eta idazlea izan zen. Frantsesezko lituratura erromantikoaren aitzindaria izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztaroko urteak eta lehen bidaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Chateaubriand Bretainiako familia noble batean jaio zen. Aita oso pertsona berezia zen, eta nobleziako kide zen arren, familiak ez zeukan diru askorik. Haurtzaroko oroitzapen aipagarrienak, Chateaubriandek bere liburuetako pasarte autobiografikoetan agertu zuenez, familiak Cambourgen zuen gazteluko paraje malenkoniatsu eta erromantikoetan arrebarekin igarotako egonaldietakoak dira. Lehenengo ikasketak amaitu ondoren zaldun izateko karrera militarra hasi zuen.

Frantziako Iraultzaren hasierako gertakariak Parisen bizi izan zituen, oso hurbiletik, baina iraultzaren hasieran ez zuen erregezaleekin bat egin nahi izan eta, horrela, 1791. urtean Ameriketara bidaiatu zen. Ipar Amerikara joatea zen bere asmoa, eta itsasgizon izan nahi zuen. Ipar Amerikan egon ondoren, ordea, Hego Amerikara jo zuen, eta hango lurraldeetan kokatu zituen, gerora, indiarrei buruzko kontakizun exotikoak. 1791. urteko ekainean Luis XVI.ak kargua utzi eta ihes egin behar izan zuela jakin zuelarik, sorterrira itzuli zen Frantziako monarkiari hainbesteko konpromisoa zor ziolakoan.

Frantziara itzuli zenean arazo ekonomiko larriak izan zituen. Arazo haiei aurre egiteko eta gudarostearekin bat egin ahal izateko, familia aberats bateko hamazazpi urteko neskatxa batekin ezkondu zen. Senar-emazteak Parisa aldatu ziren bizitzera, baina Chateaubriandek emaztea utzi eta erregezaleen gudarostearekin bat egin zuen, azkenik.

1793ko maiatzean Ingalaterrara erbesteratu zen, eta han bizi izan zen 1800. urtea arte. Urte haietan irakasle eta itzultzaile gisa atera zuen bizibidea. Londresen argitaratu zuen, hain zuzen ere, Essai historique sur les revolutions (1797, Iraultzei buruzko saiakera historikoa), bere obra aipagarrienetako bat. Munduko historiaren azterketa orokorra egin zuen lan horretan.

XVIII. mendeko izpiritu filosofikoaren eta "Argien Mendea"ren eragina erakutsi zuen, baina bestalde, erlijioarekiko kezka ere nabarmendu zuen eta kristautasunaren erakargarritasun poetikoa eta izpirituala azpimarratu zituen. Erlijioarekiko, eta batez ere, kristau fedearekiko kezka hori areagotu egin zitzaion, gainera, ama eta arreba hil zitzaizkiolarik; orduan berreskuratu zuen gaztetan galduriko kristau fedea, garai bateko arrazionalismoaren eta erlijioaren arteko gatazka alde batera utzirik, eta eragin handia izan zuen jarrera aldaketa horrek bere literatura lanetan, gero ikusiko denez.

Sorterrira itzuli ondoko urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Chateaubrianden etxea, Vallée-aux-Loupsen (Frantzia)

1800. urtean itzuli zen Parisa eta kazetari eta idazle gisa jardun zuen lanean. Orduan idatzi zuen Atala eleberriaren lehen partea. Berebiziko arrakasta izan zuen lan horrekin. Idilio klasikoaren soiltasuna eta erromantizismoaren edertasun oparoa bateratu izana du ezaugarri nagusia.

1803an Frantziako enbaxadako idazkari izendatu zuten Erroman, baina bere kargua utzi zuen 1804. urtean, Napoleonek Enghiengo dukearen aferan izan zuen jokaeraren kontrako protesta gisa. Urteetan Napoleonen miresle izan zen Chateaubriand (1868an jaioa zela esan ordez 1869koa zela ere esan izan zuen, 1869an jaioa zelako bere idoloa), baina harreman hura eten egin zen 1804an Napoleonek Enghiengo dukea hiltzeko agindua eman zuela-eta. Dena dela, Chateaubriandek Napoleonen babesa izan zuen aurrerantzean ere.

Hurrengo urteetan literaturan murgildu zen Chateaubriand buru-belarri, harik eta 1814. urtean Borboiek aginpidea berreskuratu zutenean berriro politikara itzuli zen arte. Errestaurazio-garaian Frantziako bizitza politikoan parte hartu zuen, beraz, eta garrantzi handiko kargu diplomatikoak eta gobernukoak izan zituen: zenbait herrialdeetako enbaxadore izan zen, kanpo-arazoetako ministro izendatu zuten (berak bidali zituen San Luisen Ehun Mila Semeak Espainiara 1823an), etab.

1830. urtean, ordea, une hartan bere esku zuen kargu diplomatikoa, Erromako enbaxadore-kargua, bertan behera utzi zuen, eta bizitza publikoa alde batera utzita bizi izan zen aurrerantzean. Urte haietan Memories doutre-tombe (1848-1850, Hilobiko memoriak) oroitzapen liburua idazteari ekin zion, garai historiko nahasi haietan bizi izandako gorabeheren oroitzapenak biltzen dituen obra.

Azkenik, Chateaubrianden bizitza pribatuko azken urteetan aipatzekoa da Recamier andrearen adiskidetasuna. Chateaubriandek maitale ugari izan zituen, baina bere buruaz kezkatu zen nagusiki, eta ez zituen ingurukoak samurtasun handiz tratatu, Juliette Recamier izan ezik.

Literatura lan nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atala hilobiratzen, Anne-Louis Girodet-Triosonek egina (1808, Louvreko Museoa)
Chateaubrianden erretratua, Anne-Louis Girodet-Triosonek egina

1800. urte inguruan kristau fedearen garrantzia azpimarratzen hasi zen Chateaubriand. Ideia horren eraginpean. idatzi zituen bere lan nagusiak. Lehen aipatu den Iraultzei buruzko saiakera historikoaz gainera, kontuan hartzekoa da Le genie du christianisme (1802, Kristautasunaren jeinua). Izan ere, hartan iragarri zuen Chateaubriandek bere dohain literario apartak kristau fedearen zerbitzura jartzeko asmoa. Voltairek kristautasunari egindako erasoei aurre egin zien eta kristautasunaren gorentasun moral eta poetikoa azpimarratu zuen.

Liburu hark harrera ona izan zuen bai erregezaleen aldetik eta baita Napoleonen aldetik ere, une hartantxe ari baitzen kristautasuna estatu-erlijio gisa berriro ezartzeko ahaleginetan.

Urte haietako obretan ikusten denez, beraz, asmo filosofikoak nagusitu ziren Chateaubrianden karreran, asmo literarioen gainetik. Garai eta joera horretakoak ditu, hain zuzen ere, bi eleberri labur, Atala izenburupean bilduak. Atala eleberrian Louisianako bi indiarren arteko maitasunaren kontakizuna egiten du. Atala neskatxa indiar bat da, eta Chactas indiarrarekin maiteminduta dago. Atala jaio zenean Jainkoari eskaini zion amak, ordea, eta horrenbestez, ez luke birjintasuna galdu behar. Azkenean, tentalditik ihes egitearren bere buruaz beste egiten du, basamortuko eremutar batek barkamena eman ondoren. Giza bihotzaren grinekin eta paraje naturalekin erlijioak duen armonia agerian uzteko asmoarekin idatzi zuen obra hura, egileak zioenez.

Liburu horretako bigarren kontakizuna Rene da. Kontakizun autobiografikoa da: Chateaubriandek bere gazte denboretako pasarteak ekarri zituen gogora, "grina zehaztugabeak" kondenatuz eta Rene protagonista bakardadezko eta etsipenezko bizitzara daramaten lilura hutsalak salatuz. "Kristautasunaren jeinuaren" lorpen nagusia garai hartan, eta Iraultzaren ondoren, fede tradizionala berreskuratzeko bidean zihoan gizartearen nahia biltzea izan zen, eta horregatik izan zuen hain harrera ona. Rene obraren lorpena, berriz, eleberri horretako protagonista melankolikoa lehenengo belaunaldi erromantikoen ereduzko pertsonaia bihurtu izana da.

1808an Les martyrs (Martiriak) prosaz idatzitako epopeia eman zuen argitara. Kristautasunaren miragarriek paganismoaren miragarrien gainean duen nagusitasuna azpimarratu nahi izan zuen Chateaubriandek obra horretan. Lurralde Santuak eta Grezia bisitatu ondoren idatzi zuen Martiriak; lurralde haietan kokatua da, Dioklezianoren agintaldiko jazarpenaren garaian. Eta Martiriak idazteko gaia eman zion bidaia hartu zuen oinarri, orobat, Itineraire de Paris a Jerusalem (1811, Paristik Jerusalema) obrarako, baina aurrekoan ez bezala, alde batera utzi zituen lotura epikoak eta apologetikoak eta alde horretatik, dokumentu aske eta biziagoa da.

1826-1827 urteetan hiru obra aipagarri idatzi zituen: Les aventures du dernier Ahencerage (Azken Abentzerrajearen abenturak), Granadan kokatua, eta Les Natchez (Natcheztarrak), indiar-amerikarrei buruzko kontakizuna, 1826. urtekoak biak, eta Voyage en Amerique (Amerikara Bidaia), 1827koa. Hiniretan agertzen dira iradokizun exotikoa eta primitibismorako joera, Amerikako eta ekialdeko herrialdeetarako bidaietako bizipenetatik eratorria.

1844an Vie de Runce (Ranceren bizitza) idatzi zuen. XVII. mendeko erlijioso baten bizitza kontatzen du, baina bere irudia, itxaropenak eta atsekabeak hil zituen egileak. Oso obra bitxia eta sailkatzen zaila da hau, ez baita ez eleberri, ez dokumentu, ez erlijio-liburu. Egilearen lan garrantzizkoena da, askoren ustez, Memoriak liburuarekin batera.

Azken urteetako lanetan bereziki aipatzekoak dira bere Hilobiko memoriak (1848-1850). Bestalde, obra historiko txiki ugari ere idatzi zituen, Mme. Recamierren adiskidetasunak lagundurik.

Chateaubriandek berebiziko eragina izan zuen XIX. mendeko literaturan. Liluratzailea deitua izan zen bere garaian, hitza erabiltzeko zuen modu liluragarriagatik. Bizitasun liriko bikainaz hornitu ohi zuen hitza, eta hitzaren zentzua zabaldu eta efektua areagotzen zuen horrela. Bere obraren ezaugarri nagusietako bat irudimena eta edertasunaren gorazarrea dira, eta haien bidez arte gotikoarekiko, izadi ikusgarri edo malenkoniatsuarekiko lilura iragarri zituen; erromantikoen garaian indar handiz agertu ziren gai eta joeren iragarle izan zen, beraz.

Dena dela, eta bere garaiko belaunaldi gazteengan eragina izan zuen arren, bere burua izan zuen kezka nagusia eta bere Memoriak ditu horren erakusgarri. Obra horretan, eta baita Rene eleberrian ere, nahiago du, sarritan, errealitatea ezkutatu, bere bizitza arte lan baten modura aurkeztearren, eta bertan kontatzen diren gauza liluragarriak benetan gertatu ote ziren edo ametsetakoak ote diren zalantza gelditzen zaio irakurleari. Stendhalek zioenez: "ez du idatziko, seguru asko, ez arrazoietan eta ez sentimenduetan gezurrik esaten ez duen esaldi bakar bat ere". Baina halako idazkera ederra eta adierazpen indarra zuen, ezen barkatu egiten baitzitzaion gaitzesgarri litekeen jarrera hori, Proustek zioen bezala bizpahiru orrialdez behin halako doinu bikainak entzun ahal izatearren.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: François-René de Chateaubriand Aldatu lotura Wikidatan