Gasteizko martxoaren 3ko sarraskia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Gasteizko martxoaren 3ko sarraskia oroimen kolektiboan atxiki den gertakizun lazgarria da. Urteak pasa arren, ez da ahazten Manuel Fraga Iribarne izan zela arduradun nagusi, sarraskia egin zuten polizien eta garai hartako Espainiako gainerako polizia indarren buru politikoa zenez. Irudian, gertakariak gogora ekartzen dituen 2012. urteko salaketa-kartela, Manuel Fragaren ardura aldarrikatzen duena.[1]

Gasteizko martxoaren 3ko sarraskia 1976ko martxoaren 3an Gasteizen greba orokor batean Espainiako Polizia Armatuak egindako sarraskia izan zen. Zaramagako Asisko San Frantzisko elizaren barruan biltzarra egiten ari ziren milaka langileei gas negar-eragileak jaurti zizkieten poliziek, indarrez aterarazteko; eta, elizaren ate bakarretik irteten ziren eran, bi mila tiro baino gehiago egin zizkieten poliziek. Bost lagun hil zituzten, eta 150 zauritu. Polizia haien eta Espainiako gainerako polizia indar guztien burua Manuel Fraga Iribarne ministroa zen, eta sarraskiaren erantzukizuna egun haietako protestak egiteko deialdia egin zutenei egotzi zien.[2][3] 2014ko urriaren 31n, Argentina epaile batek Rodolfo Martín Villaren eta frankismoaren beste hemeretzi karguren aurkako atxiloketa agindua eman zuen, gertakari horien inguruan galdekatu ahal izateko.[4]

« Hemen gauden guztiok, eta askoz jende gehiagok, badakigu hura Estatuaren terrore ekintza bat izan zela. Estatuaren «ordena indarrak» deritzen horiek gauzatu zuten, Estatuaren agintariekin, Estatuko ministerioetako arduradunekin (batzuk, oraindik bizirik). Guztiok dakigu, ondotxo jakin ere.

Imajinatu ezin nezakeena da, ordea, [...] hogeita hamar urte geroago geuk ordezkatuko genuela Estatu horrek izan duen ahanztura. Hogeita hamar urtean [edonork gobernatuta ere] ez dute barkamenik eskatu, ez dituzte gertaerak aitortu. Eta Gasteizko sarraskia izan zenez Trantsizioko lehenengo fiasko handia, lehenengo porrot handia, gutako askorentzat sekula ere ez da Trantsizioa bukatutzat eman ahal izango, harik eta biktimei, adiskideei eta abarrei barkamena eskatzen zaien arte.

 »
Lluís Llach, sarraskiaren 30. urteurreneko ekitaldian[2]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asisko San Frantzisko elizaren barnealdea. Eraikina Luis Peña Gantxegi arkitektoak diseinatu zuen.

1976ko urtarrilean 6.000 langile inguruk soldatak mugatzen zituen dekretua salatzeko eta haien lan-egoera hobetzeko greba hasi zuten. Gasteizen langile mugimendu indartsua antolatzen ari zen, herritarren eskubideak zapaltzen zituzten diktaduraren eta enpresaburu diruzaleen aurka. Bi hilabete geroago, martxoaren 3an, hirugarren greba orokorrera deitu zuten, langileen aldetik erabateko jarraipenarekin, hainbestekoa ezen hedabide ofizialek ere lantegietako grebaren jarraipena %80koa izan zela onartu zuten. Goizeko lehen orduetatik poliziak manifestazio guztiak gogotik erreprimitu zituen. Arratsaldeko bostetan, Zaramaga auzuneko San Frantzisko Asiskoa elizan langileen batzar bat egin behar zenean, gertakari ilunak jazo ziren. Polizia Armatuak —grisak— elizan sartu ziren apaizaren oharrak mespretxatuz, eta langileak irtenarazi zituzten gas negar-eragilea erabiliz, esparrua itxia izan arren. Elizaren hustean langile ugari jipoitu zuten. Hala ere, gertakizun lazgarriena izan zen poliziak pistolaz eta metrailetaz tiro eginda 150 pertsona zauritu zituela, eta, larriena dena, 5 langile hil zituela. Haietako bi, tokian bertan hil zituzten; beste hirurak, berriz, zauri larrien ondorioz ondorengo egunetan hil ziren ospitalean.

Hainbaten ustez, Gasteizen eta beste hainbat tokitan hain indartsu antolatzen ari zen langile mugimendua geraraztearren, Espainiako Gobernutik etorri zitzaien agindua poliziei, protestalariei hiltzeko asmoz tiro egin ziezaieten.[2]

Hilak honako hauek izan ziren:

  • Pedro Maria Martinez Ocio, 27 urtekoa, Forjas Alavesas lantegiko langilea.
  • Francisco Aznar Clemente, 17 urtekoa, okindegi-langilea eta ikaslea.
  • Romualdo Barroso Chaparro, 19 urtekoa, Agrator enpresako langilea.
  • Jose Castillo, 32 urtekoa, Grupo Arregui taldeko enpresa bateko langilea.
  • Bienvenido Pereda, 30 urtekoa, Grupos Diferenciales enpresako langilea.

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biktimen omenezko oroitarria, Bernal Diaz de Luko kalean, Asisko San Frantzisko parrokiaren aurrean.

Manuel Fraga Iribarne —garai hartan Gobernazioko ministroa— eta Rodolfo Martin Villa —Sindikatuekiko Erlazioetako ministroa— jotzen dira sarraskiaren erruduntzat. Biok, Guardia Zibilaren zuzendariarekin batera —Campano jenerala—, Gasteiza joan ziren zaurituak bisitatzera, beren aurpegia garbitze aldera. Ez dituzte oraindik epaitu.

Gertakariok Espainiako gobernuaren gaineko presioa nabarmen areagotu zuten, eta horri esker lortu zen amnistia, sindikatuen askatasuna eta demokrazia-aldarrikapen batzuk onartzea.

2005ean Martxoak 3 Elkarteari Arabako Domina eman zioten Arabako Batzar Nagusiek, «gertaeren biktimei ordain morala eta erakundeen aintzatespena emateko asmoz».[5] Hala ere, elkarteak ohorezko saria jasotzeari uko egin zion, PPko Ramon Rabanerak eman behar baitzuen —orduko Arabako ahaldun nagusiak—, Alderdi Popularraren ohorezko presidentea Manuel Fraga Iribarne izanik.

Sarraskiaren biktimei ez zaie aplikatu, oraingoz, Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko Legea.[6]

Omenaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lluis Llach, Parisko kontzertu batean

Lluis Llach kantautore kataluniarrak biktimen omenez kanta hunkigarri bat konposatu zuen istiluen gau bertsuan. Abestia Campanades a morts deritzo, eta 1977an Mendizorrotzeko kiroldegian eman zuen lehen aldiz, Mikel Laboak lagunduta. Halaber, Gasteizko Araba Pabiloian berriz jo zuen hilketen 30. urteurrenean, Donostiako Orfeoiarekin batera. 2006an, halaber, Lluis Danes kataluniarrak zuzendutako Llach, la revolta permanent izeneko filma aurkeztu zuten, 1976ko gertakariak eta Llachen abestiaren historia kontatzen dituena.[7]

Bestalde, Betagarri musika-talde gasteiztarrak ere gertakarien gorazarre-abesti bat txertatu zuten 2006 urte bereko Hamaika Gara izeneko lanean.

2006ko istiluak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2009ko martxoaren 3ko manifestazioa, Frantzia kalean, Bilboko plazatik gertu.

2006an, urtero legez, manifestazio jendetsu bat egin zen Gasteizen, martxoaren 3an. Ertzaintzak, manifestarien aurka egindako kargan, hainbat zauritu zituen, eta hiru atxilotu: Josu Ormaetxea, Andoni Txasko —1976ko gertakarietan eskuineko begia galdu zuena— eta Aitor Fernández de Ortega. Ormaetxeari eta Txaskori terrorismoaren goratzea egotzi zieten, egun batzuk lehenago kartzeletan hildako ETAko bi kideren argazkiak erakusteagatik dolu-xingola beltzarekiko Euskal Herriko ikurrin batean. Espainiako Auzitegi Gorenak, aldiz, auzia artxibatu zuen, haren ustez epaituek ez zutelako terrorismoaren goraipamenik egin.[8] Gasteizko epaitegian, berriz, hiru atxiloturen aurkako epaiketa izan zen 2009an, «atentatua» eta «desordena publikoak» egotzita.[9] Azken auzi horretan ere, Ormaetxea eta Txasko errugabe gelditu ziren, baina Fernández de Ortegari 14 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten.[10]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gasteizko martxoaren 3ko sarraskia Aldatu lotura Wikidatan