Manuel Fraga
| Manuel Fraga | |
|
|
|
|---|---|
| 1990 – 2005 | |
| Aurrekoa | Fernando González Laxe |
| Ondorengoa | Emilio Pérez Touriño |
|
|
|
| 1975 – 1976 | |
| Presidentea | Carlos Arias Navarro |
| Aurrekoa | Rafael Caballero de Alba |
| Ondorengoa | Alfonso Osorio |
|
|
|
| 1975 – 1976 | |
| Presidentea | Carlos Arias Navarro |
| Aurrekoa | José García Hernández |
| Ondorengoa | Rodolfo Martín Villa |
|
|
|
| 1962 – 1969 | |
| Aurrekoa | Gabriel Arias-Salgado |
| Ondorengoa | Alfredo Sánchez Bella |
| Estatuburua | Francisco Franco |
|
|
|
| Jaiotza | 1922ko azaroaren 23a Vilalba, Galizia |
| Alderdi Politikoa | FET y de las JONS AP PP |
Manuel Fraga Iribarne (Vilalba, Lugo, 1922ko azaroaren 23a - Madril, Espainia, 2012ko urtarrilaren 15a) politikaria, diplomatikoa, gaztelaniazko idazlea eta agintaria izan zen. Espainiako eskuinaren XX. mendeko politikari garrantzitsuenetarikoa izan zen. Uste osoko frankista, bere ibilbide politiko osoan 1936ko Espainiako estatu kolpearen apologista izan zen,[1][2] eta frankismoaren azken urteetan diktadura hori iraunarazteko asmoz errepresio gogorra bultzatu zuen. Francisco Franco diktadorearen gobernu faxistako kideetatik, XXI. mendean oraindik politikagintzan ziharduen bakarra izan zen.[3]
Eduki-taula |
Bizitza [aldatu]
Frankismoan hasi zuen bere ibilbide politiko luzea, hainbat kargu hartuta: Turismo eta Informazioko ministroa (1962-1969), enbaxadorea Londresen, presidenteordea, eta Gobernazioko ministroa. Ministro zela, hainbat eskubide zanpatzeko aginduak eman zituen: 1965ean, Loiola irratia ixteko agindu zuen, urtebetez; 1969an, Jakin aldizkaria itxiarazi zuen; eta hainbat fusilamendu eta hilketaren ardura politiko zuzena izatea leporatu diote, hala nola Julian Grimau militante komunistaren fusilamenduarena, 1961an, Gasteizko martxoaren 3ko sarraskiarena, 1976an, eta Francisco Granado, Joaquin Delgado eta Salvador Puig Antich anarkistak garrotez hiltzearena.[4][5][6]
Turismoko eta Informazioko ministrotzat, turismoa bultzatu zuen, eta nazioartean ezaguna egin zen hark bultzatutako Spain is different! kanpaina. Ingeles hizkuntzako herrialdeetan esaldi hori, gaur egun, Espainiak bere ekonomia arazoak menderatzeko dituen zailtasunak adierazteko txantxa ironikotzat erabiltzen da. Frankismoaren zentsura pixka bat lasaitu zuen sexuari zegokionez; ez, ordea, gai politikoetan.[3] Ospetsua izan zen, orobat, Fragak 1966an Palomares herrixkan (Cuevas del Almanzora udalerria, Almería, Andaluzia) hartutako bainua, Ameriketako Estatu Batuetako armadako hegazkin batetik han bi bonba nuklear erori eta gero; bainu horrekin, osasunerako inolako arriskurik ez zela adierazi nahi zuen.[7]
1976an Erreforma Demokratikoa alderdia sortu zuen, geroago Alianza Popular izango zena. Urte berean Gasteizko martxoaren 3ko sarraskia jazo zen: poliziak tiroka 5 herritar hil eta 150 zauritu zituen, Fraga orduko ordena indarren burua zela. Eta urte hartan bertan Montejurran bi karlista ezkertiar hil zituzten paramilitar faxistek, han ziren poliziek ezertxo ere egin gabe.[4]
1977an eta 1978an Espainiako konstituzioaren idazketan parte hartu zuen. Konstituzioaren zazpi txostengileetako bat izan zen arren, ez zuen haren alde bozkatu, ez zetorrelako bat Espainiari emango zitzaion autonomia erkidegoen egitura deszentralizatuarekin.[4] 1982an oposizioaren burua bilakatu zen, eta 1989an Jose Maria Aznarrrek kargua hartu arte mantendu zuen eserlekua. Europar Legebiltzarrean ere izan zen, bi urtez, baina berehala Galiziako autonomia erkidegoko presidentea bihurtu zen 1990ean, hauteskundeak irabazi ondoren. Erkidegoaren presidente izan zen 2005eraino. Urte hartan, hauteskundeak irabazi arren, gehiengo osoa galdu zuen eta PSOE eta BNG sartu ziren gobernuan.
Alderdi Popularraren ohorezko presidentea izan zen hil arte. 2012ko urtarrilaren 15ean hil zen, bere ardurapean egindako krimenez auzitegietan erantzun gabe.[4][6]
Fraga eta euskara [aldatu]
Fragak hainbatetan hitz egin zuen euskarari buruz. Fragak 2006an eta 2010 inguruan esan zuenez, euskara «oso maitagarria» da, «prehistorikoa», «museoko hizkuntza», «hizkuntza hila», «ezingo da eguneroko erabilerarako egokitu, oinarrizko sustraitzat "haitz" hitza duen hizkuntza prehistoriko batekin gaur egungo terminologia ezin delako eraiki». Bere ama euskaldunari eskertzen zion euskara irakatsi beharrean frantsesa irakatsi izana, Fragaren iritziz «euskara hizkuntza hila delako».[8][9]
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ (Gaztelaniaz) Manuel Fraga, Espainiako hedabide publikoetan Francoren gobernatzeko era azaltzen eta goraipatzen. RTVEren artxibo historikoa, 1975.
- ↑ «Fraga: "El franquismo ha sentado las bases para una España con más orden"», El País, 2007-12-30.
- ↑ a b «Manuel Fraga: Manuel Fraga, who has died aged 89, was the only member of the fascist government of the dictator General Francisco Franco still in active politics in the 21st century», The Telegraph, 2012-01-16.
- ↑ a b c d Iñaki Petxarroman: «Kalea beretzat zuen frankista», Berria, 2012-01-17.
- ↑ Lluís Llach: «Manuel Fraga va ser un feixista», VilaWeb, 2012-01-16.
- ↑ a b Miren Ibáñez: «Adiós con demasiadas cuentas pendientes: Fraga muere sin responder por sucesos como la matanza del 3 de marzo», Diario de Noticias de Álava, 2012-01-17.
- ↑ Paul Geitner, «Spanish Town Struggles to Forget Its Moment on the Brink of a Nuclear Cataclysm», The New York Times, September 12, 2008-09-12.
- ↑ (Gaztelaniaz) Fraga, euskarari buruz, 2006an. Youtube webguneko bideoa. Iraupena: 31''.
- ↑ (Gaztelaniaz) Fraga, euskarari buruz, 2010 inguruan. Youtube webguneko bideoa. Iraupena: 35''.