Johnny Cash

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Johnny Cash
Johnny Cash
Datu pertsonalak
Izen osoa John Ray Cash
Ezizena The Man in Black
Jaio 1932ko otsailaren 26a
Kingsland, Arkansas (AEB)
Hil 2003ko irailaren 12a (71 urte)
Nashville, Tennessee (AEB)


John Ray "Johnny" Cash (Kingsland, Arkansas, 1932ko otsailaren 26aNashville, Tennessee, 2003ko irailaren 12a) country, gospel, rock and roll eta rockabilly abeslari handienetakoa izan zen[1].

Ahots sakona, janzkera iluna, Cashek horrela hasi ohi zituen bere emanaldiak: Hello, I'm Johnny Cash (Kaixo, Johnny Cash naiz). Abesti asko eta askok (I Walk The Line, Folsom Prison Blues, Man in Black...) tristura islatzen dute, errua, moralitatearen kezka eta barkamena. Umorea ere erakusten du, ordea: One Piece At A Time, The One On The Right Is On The Left, A Boy Named Sue, eta beste gai ugari era bai. Johnnyren abesti ezagunenetakoak beste artista batzuen ahotsetatik iritsi zaizkigu: Nine Inch Nailsen Hurt[2][3] edo Joe Strummerrekin batera egin zuen Redemption Song, Bob Marleyk hil baino zertxobait aurrerago egin zuena.

90 milioi album salduko zituen bere 50 urteetako lanaldian. Country arloan izen esanguratsua da, baina ospea ez du arlo horretan bakarrik.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Johnny Cash
Johnny Cash eta sendia 1961ean
Johnny Cash eta June Carter 1969an

John Ray Cash Kingslanden (Arkansas) jaio zen. Aita Ray Cash izan zen eta ama, berriz, Rivera Carrie. Johnny 7 seme-alabetatik bigarrena izan zen eta Texaseko Dyessen hazi zen. Jack, Joanne, Louise, Reba, Roy eta Tommy ziren bere senide eta azken anaia gazteen honek ere ospea lortuko zuen.

JR izena eman zioten gurasoen izena ezin erabaki zebiltzatelako eta adostutako bakarra inizialak izan ziren[4]. Armadan sartu zenean, ez zioten hori onartu eta izen bat idatzi beharrean izan zen, baina 1955ean, Sun Recordsekin sinatu zuenean, izango zen Johnny Cash erabiliko zuena[5].

5 urte zituenean, JR kotoi soroetan zebilen lanean, bere familia osoa bezala. Sendiak gora-behera ekonomiko latzak jasan behar izan zituen eta haien etxaldea gutxienez bi alditan urak hartu zuen. Five Feet High and Rising handiak hor aurkituko du bere inspirazioa[6], bere ondorengo lan askok bezalaxe.

1944an, Jack anaia zaharrenak istripu larria jasan zuen eta handik gutxira hilko zen. Johnny errudun sentitu zen bizitza osoan. Hilzorian zegoenean, Jackek zerua ikusten zuela esan zuen eta aingeruak ere bai. Urteetara, Cashek anaia galdua aurkitzeko itxaropenaz hitz egiten zuen oraindik[6].

Ama eta lagun baten ondoan ikasi zuen Johnnyk gitarra jotzen eta berehala hasi zen abestiak egiten. Gerora gospel abestiak grabatuko zituen eta Jack Benny programan jartzen zuten irlandar musikak ere eragina egingo zion.

Armadan sartu zen eta Landsbergera joan zen, Alemaniara. Hantxe egingo zuen bere lehen banda: The Landsberg Barbarians[7]. 1954ko uztailaren 3an erretiratu zen eta Texasera itzuli.

1951ko uztailaren 18an, Vivian Liberto ezagutu zuen San Antonion. Hiru astetako harreman baten ondoren, Alemaniara joan beharrean izan zen eta, bananduta egon ziren hiru urteetan, amodiozko karta ugari idatzi zioten elkarri[8]. Itzuli eta hilabetera, 1954ko abuztuaren 7an, ezkondu ziren. Lau alaba izan zituzten: Rosanne, Kathy, Cindy eta Tara. Drogek eta alkoholak eta emakume ugariekin izandako abenturek bikotea banantzen joan ziren, batez ere, bigarren emaztea izango zuen June Carter ezagutu zuenean. 1966an, Vivianek dibortzioa eskatuko zion[9].

1968an, Johnnyk zuzenean eskatu zion Juneri ezkontzeko[10]. Askotan errepikatu behar izan zion eskaria eta ezezko borobilak jaso zituen, baina harreman gero eta estuagoa zen eta elkarrekin bukatu zuten. 1970eko martxoaren 3an, seme bat izan zuten John Carter Cash. Bikoteak lankidetzan jarraitu zuen beste 35 urtez, 2003an June hil zen arte. Lau hilabete gehiago iraungo zuen Johnnyk.

Muga errazak hautsi nahian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1950eko hamarkadaren bukaeran Cashek anfetaminak hartzen zituen, baina 1960ko hamarkadaren hasieran izan zen hori benetako arazo. Konpultsioz edaten zuen eta anfetak hartzen zituen erruz, adikto bihurtu zelarik. Johnnyk drogak ezkutatu ohi zituen, baina ez gutxitan ahaztu egiten zitzaion non eta pisukideari lapurreta esleitzen zion. Esna mantentzeko hartzen zituen eta aktibitatea ez jaisteko.

1965ko ekainean, bere kamioiak su hartu zuen eta izugarrizko sutea eragin zuen Kaliforniako baso batean. Suak 508 hektarea suntsitu zituen (2,06 km2), 3 mendi ukitu zituen larri eta 53 hegazti zeuden tokian, 49 akabatu zituen. Gobernuak demanda jarri zion eta 82.001 dolar behintzat ordaindu behar izan zituen egindako pikardiagatik[11][12].

Zazpi alditan egon zen kartzelan, baina gau bakarreko egonaldiak normalean. Arazo handiena 1965eko bira egiten ari zenean izan zuen, Texasen atxilo harut zutenean narkotikoak zeramatzalako. Gitarraren zorroan zeuden anfetaminez gain, Mexikotik heroina kontrabandoan ari ote zen susmoan atxilotu zuten, baina narkotikoak errezetaz lortzen zituen eta zigorra ez zen oso gauzatu.

1965eko maiatzaren 11n ere atxilotu zuten, Starkvillen, Mississippin, gau erdian etxe batean loreak lapurtzera sartu zelako.

1960ko hamarkadaren erdian ateratako lanek tristura eta arazoak islatzen dituzte. Adikzioa momentu okerrenetakoan zegoen eta bizitza gozoa eragozten zion. Vivienekin zuen harremana porrotera joan zen eta emanaldi batzuk bertan behera utzi beharrean izan zen.

Georgiako kartzela batera eraman zuten auto istripu baten ondoren. Errezetapeko drogak zeramatzan gainean berriro. Gaua kartzelan pasatu beharra izan zuen. Ralph Jones sheriffarekin elkarrizketa luzea izan zuen, hark bere jarreraren arriskuaz hitz egin ziolarik. Gerora, Johnny kartzela horretara itzuliko zen emanaldi itzela eskaintzeko. 9.000 mila pertsona besterik bizi ez ziren herri batean, 12.000 pertsona bildu zituen eta 75.000 dolar jaso zituzten eskola berria eraikitzeko[13].

1968an, utzi zituen drogak. Aurrez, bere buruaz beste egiteko saiakerak izan zituen, baina, nolabait, zulotik irtetea lortu zuen. Hori zen Junek jarritako baldintza berarekin ezkondu nahi bazuen eta bere burua garbitu zuen.

Folsom Prison Blues[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Swing Low Sweet Chariot
1976

1958ko urtarrilaren 1ean eman zuen lehen emanaldia presondegi batean, San Quentinen, eta horrela hasi zen kartzeletan eskainiko zituen kontzertu andana[14]. Binilo pare bat irten ziren handik: Johnny Cash in Folsom Prison (1968) eta Johnny Cash in San Quentin (1969).

AEBetan ezezik, 1972an, Suediako Österåkerreko kartzelan ere jo zuen. Suediarrez ere hitz batzuk esan zituen eta hango presoek asko eskertu zioten hori.

The Man in Black[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Johnny Cash eta Nixon

1969tik 1971ra bitartean, telebistako programa bat izan zuen, El Show de Johnny Cash. Neil Young, Louis Armstrong, Kenny Rogers edo James Taylor, Ray Charles, Eric Clapton eta Bob Dylan etorri zitzaizkion hara. Kris Kristofferson ere izan zuen eta, zuzendariek marihuanari egiten zizkion aipamenak leuntzeko agindua eman zutenean, Cash aurka agertu zen[15].

1970eko hamarkadan, abrigo beltzez jantzitako The Man in Black ezaguna zen erabat. Kasualitatez hasi ziren beltzez janzten, kolore horretako janzkerak bakarrik baitzituzten taldekide guztiek. Hasieran, beste itxura batzuk ere agertu zituen, baina gero eta gehiago joan zen beltzerantz. 1975ean argitaratutako autobiografiaren 1,3 milioi kopia saldu zituen eta bigarren bat ere atera zuen 1997an.

Gaixotasuna eta azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Johnny Cash eta June Carterren hilobiak

1997an, Cashek diagnostiko itsusia jaso zuen: Shy-Drager Sindromea zuen, gaixotasun neurodegeneratiboa, alegia. Diagnostiko hori aldatu egingo zioten gerora, diabetesari lotutako neuropatia autonomikoa ezarriz. Dena den, Cash birak moztu beharrean izan zen eta 1998an ospitalizatuta egon zen neumonia larri batek hartu zuenean. Ondorengo abestiak (American IIIko Solitary Man (2000) edo American IVko The Man Comes Around (2002)) dezente ilunduta jaio ziren eta American IVan egindako Nine Inch Nailsen Hurt abestiaren bertsioak zirrara berezia sortu zuen. Askoren ustez, abestiaren egilea tarteko- egin zaion bertsiorik hoberena da[16].

2003ko maiatzean, June Carter Cash hil zen 71 urte zituenean. Bihotza geratu baino lehen, lanean jarraitzeko eskatu zion Johnnyri, abestiak egiteko. Ondorengo emanaldi batean, Ring of Fire abestu baino lehen, Johnnyk Juneri zuzendutako hitzak irakurri zituen. Bihotzeko arazoak zituen berak ere, baina berak berriro oinez ibiltzea desiratzen zuen gurpilduk aulkia etxe ondoko lakura bota ahal izateko.

Irailaren 12an, Johnny Cash hil zen, 71 urte zituenean hau ere. 4 hilabete besterik ez zuen iraun June hil eta gero. Senar-emazteak Hendersonville Memory Gardens hilerrian daude Tennesseeko Hendersonvilleko etxetik gertu.

2004ko azaroaren 25ean, 5 CDz osatutako kofrea atera zen. Haietako 4 editatu gabeko musikaz egin zen eta 5.a, berriz, Americanen emandako urte haien bilduma zen. Albuma Cash beraren ideia izan zen.

2006ko uztailaren 4an, American V: A Hundred Highways atera zen. Ahotsak Cash hil aurretik grabatutakoak ziren, baina instrumentuak 2005era arte ez zituzten grabatu.

2005an jarri zuten saltzen Hendersonvilleko etxea eta 2006ko urtarrilean gauzatu zen. Bee Gees bandako Barry Gibben korporazio batek erosi zuen 2,5 milioi dolar ordainduz. Urtebete baino lehen, sute ikaragarri batek suntsitu zuen erabat[17].

50. hamarkadako rockabilly eta rock and rollaren ordezkari eta countryaren ikono 90. hamarkadan, artista ugarik izan du haren ukitua. 1999an egin zitzaion omenaldian Bob Dylan, Chris Isaak, Wyclef Jean, Norah Jones, Kris Kristofferson, Willie Nelson edo U2k hartu zuten parte.

2003ko irailaren 12an, Gasteizko Azkena Rockean jotzen ari ziren Iggy Pop edo The Cramps taldeek, beste batzuen artean, gogoan izan zuten haren heriotza.

Abestiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Eugene Register-Guard(2003-09-13). The Man in Black: Legendary Johnny Cash dead at 71
  2. D'Angelo J (2003-08-26). "Johnny Cash says unlike most videos, 'Hurt' wasn't too painful". MTV
  3. Dowling S (2003). "How Johnny Cash got hip". BBC News
  4.   Streissguth, Michael (2006), Johnny Cash: the biography, Cambridge, Massachusetts: Da Capo Press, 6. orrialdea, ISBN 978-0-30681368-9 .
  5.   Cash, Johnny, Oxford Music Online, 2010-05-18 .
  6. a b Cash, Johnny. Cash: The Autobiography.
  7. Malone, Bill, and Judith McCulloh. Stars of Country Music. Chicago: 1975.
  8. Turner, Steve. (2004) The Man Called Cash: The Life, Love, and Faith of an American Legend. W Publishing Group, 43–44. orr.
  9. Turner, Steve. (2004) The Man Called Cash: The Life, Love, and Faith of an American Legend. W Publishing Group, 116–117. orr.
  10. Sweeting, Adam (2003-09-12). Obituary: Johnny Cash. The Guardian
  11. "Major brush fire." Los Angeles Times, 1965-6-28, 1. orr.
  12. "Control of Brush Fire Near; 700 Acres Burned." Los Angeles Times, 1965-6-29, 27. orr.
  13. Rome News Tribune, 1970 -8-14
  14. "Inmate Merle Haggard hears Johnny Cash play San Quentin State Prison",
  15. The Best of the Johnny Cash TV Show 1969–1971, Disc 1 (of 2), Reverse Angle Production, 2007.
  16. Rolling Stone Magazine, The Rolling Stone Encyclopedia of Rock & Roll, 2004
  17.   Fire destroys Johnny Cash house, BBC News, http://news.bbc.co.uk/1/hi/entertainment/6543503.stm .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Johnny Cash