Julen Madariaga

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Julen Kerman Madariaga Agirre (Bilbo, 1932) euskal politikaria eta abokatua da. ETAren sortzaileetakoa, Herri Batasunan ere paper garrantzitsua jokatu zuen. Hala ere, borroka armatua zela-eta alderdi hori utzi zuen, eta geroago Elkarri elkarte bakezalean eta Aralar alderdi politikoan sartu zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euzko Alderdi Jeltzalearen kide baten semea, Espainiako Gerra Zibila amaitutakoan aitarekin Txilera joan zen herbesteraturik. Bilbora 1942an itzuli zen. Bigarren hezkuntza amaiturik, zuzenbidea Erresuma Batuan ikasi zuen, eta Cambridgeko unibertsitean lortu zuen doktoretza. Euskal Herrira itzuli ondoren, jardun politikoari ekin zion euskal abertzaletasunaren barruan.

EAJren gazteriatik bereizi zen Ekin taldearen sortzaileetakoa izan zen, ETAren hazia izanen zena. Hau 1959ko uztailaren 31n sortu zuten, honako hauek zuzendaritza batzordean zeudela: Eneko Irigarai, Lopez Dorronsoro, Álvarez Enparantza "Txillardegi", Benito del Valle, J. Manuel Agirre, Julen Madariaga eta Patxi Iturriotz. Hiru urte geroago, Madariagak taldearen I. Asanbladan hartu zuen parte, Baionan. Burgosko prozesuan epaitu zuten.

Ipar Euskal Herrian finkaturik, frantziar nazionalitatea 1986an eskuratu zuen. ETAri laguntzeagatik 4 urteko espetxealdi zigorra jaso zuen 1989an Frantzian, baita Iparraldean 10 urtez bizi ezin izateko debekua ere. 1991n kartzelatik aterata, Bilbora joan zen Txema Monterorekin abokatua izatera. Hurrengo urteetan adierazi zuen Euskal Herriaren autodeterminazioaren aldeko borroka galdua zeukala ETAk. Hortaz, 1995ean Herri Batasuna utzi zuen Gregorio Ordóñez Gipuzkoako Alderdi Popularreko politikaria ETAk hil ondoren.

2001ean Euskal Herritarrok alderdiaren barruan zegoen Aralar adarrarekin bat egin zuen, bortizkeria amaitzearen alde baitzegoen. 2002an, alderdi politiko bereizi gisa, Madariaga Bermeen Batzordeko kide izendatu zuten. Geroago, Bizkaiko Aldundirako hauteskundeetarako (2003ko maiatzean), Espainiako Senaturako eta Europako Parlamenturako (2004an) zerrendetan aurkeztu zen Madariaga.

2006ko uztailean Espainiako Auzitegi Nazionaleko Grande-Marlaska epaileak Madariaga atxilotzeko agindu zuen, baina fidantzapean atera zen.