Junkaleko Andre Mariaren eliza (Irun)

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Junkaleko Andre Maria
Junkaleko Andre Mariaren eliza Irun 2006.JPG
Junkaleko Andre Mariaren eliza Eskoletako karrikatik ikusia.
Herria Irun
Herrialdea  Euskal Herria
Lurraldea  Gipuzkoa
Koordenatuak 43°20′25.0794″N 01°47′13.1994″W / 43.340299833°N 1.786999833°W / 43.340299833; -1.786999833Koordenatuak: 43°20′25.0794″N 01°47′13.1994″W / 43.340299833°N 1.786999833°W / 43.340299833; -1.786999833
Junkaleko Andre Mariaren eliza (Irun) non dagoen adierazten duen Euskal Herriko mapa
Junkaleko Andre Mariaren eliza (Irun)

Junkaleko (edo Ihidiko) Andre Mariaren eliza Irungo eliza nagusia da (Gipuzkoa), gehien bat XVI-XVII. mendeetan eraikia eta Andre Mariari eskainia. Bolumen handiko eta sinple samarreko eraikina da, barneko oinplanoa eta espazio bateratua agerian jartzen baititu, alde batetik dorrearen berezitasuna nabarmenduz eta, bestetik, eranskinen bolumen txikiagoak; hauen artean dago sakristia. Eraikinaren gorputz guztiak, dorrea izan ezik, isurki hiruki inklinatuko estalkien bidez babesten dira, gailurra ardatz nagusiaren paralelo dutela eta oinplanora egokitutako hainbat isurkirekin.

2004ko azaroaren 30ean, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Espazio-antolakuntza eta mota[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Toralak sostengatzen dituzten pilastren kapitel txikiak eta hegaletako nabeen zutabe sakonduak ikusita, hasierako proiektuan hegaletako nabeetako gangak erdiko nabekoa baino beheratuagoak zirela pentsa daiteke; proiektu hori eraikuntza areto-motarantz aldatu zenean utzi zen.

Tenpluak ekialde-mendebalde ardatz liturgikoaren arabera orientatuta hartu zuen behin betiko antolakuntza. Garaiera bereko hiru nabe ditu, nabe nagusia hegalekoak baino zabalagoa. 45 metro luze da eta zabalera adinako garaiera du ia, 24 metroko zabalera baitu eta 22 metroko altuera. Erdiko nabea osatzen duten hiru ataletako bitan bakarrik daude hegaletako alboan, eta erdiko nabe hori bi petxinak alakatutako buruhorma lauko absidean jarraitzen da. Presbiterioa, hondo handiko oinplano angeluzuzenekoa, gangako poligonalera igarotzen da, kanpoalderako presentzia nabarmenarekin. Bi sarbideak hegoaldean kokatzen dira, fatxada nagusian, eta sakristiako gorputz txikia, bi solairurekin, ekialdean.

Formaren eta konposizioaren analisia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orokortasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eliza Pizkunde betean proiektatu eta eraiki zen arren, elizaren eraikuntza-sistemak eta formek Europako leku askotan oraindik indarrean jarraitzen zuten patroi gotikoei erantzuten diete, batez ere iparraldean, modu pizkundetarrei (zutabeak, korua, leihoak eta idi-begiak) eta barrokoei (portada) egindako erreferentziak baititu.

Fatxadak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Exentua den eliza honek oinarrizko eta eraikuntzako formetan, nabeetan, dorrean, hormetan eta hormabularretan erakusten du indar plastiko handiena, fatxaden konposizio-xehetasunean baino gehiago, fatxadok, tenplurako sarbideetan izan ezik, ez baitziren halakotzat pentsatu.

Eliza honek dituen apaindura gutxiko murruetan aurki daitezkeen konposizio eta formazko elementu urri bakarrak leihateen eta idi-begien irekigune urriak, XVII. mendekoak gehienak, mendebaldeko gorputzeko, dorre eta absideko inposta moduko moldura horizontal garaia eta itxiturak gargola zoomorforen batekin errematatzen dituzten erlaitzak dira.

Portada nagusia barroko hasierakoa da eta bi gorputz ditu. Behealdean mainel gabeko ate handi bat irekitzen da. Janban eta ateburuan, moldura finez egindako lana ikus daiteke. Alde banatan, zokalo garai baten gainean, zutabe klasikoen parea altxatzen da, harroin atikoa, fuste leuna eta kapitel doriarrak dituena. Taulamendua sostengatzen dute, zeinen frisoan triglifoak eta metopak lantzen baitira. Mentsula txikien gainean bigarren gorputza altxatzen da, friso leun zabalekoa eta erdi-puntuko horma-hobikoa. Pilastra apainduek betetzen dute zangoen eginkizuna. Alde banatan, zokalo garaien gainean, zutabe joniko batek gorputz hau mugatzen du, frontoi kurbatuan errematatzen dena. Eduardo Artamendiren iritziz, portada barrokoen Gipuzkoako lehen adibideetako bat izango litzateke, segur aski 1647koa.

Barnealdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barneko bermeak zutabe klasikoen bidez egin ziren: fuste zilindriko, harroin atiko (bozela, eskozia, bozela) eta kapitel doriko toskanarreko bi zutabe handi. Kapitelaren gainean antzinako gurutze-gangak sostengatzen zituzten nerbioak abiatzen dira. Gurutze-gangak konplikatuak ziren eta laster ahuldu ziren. Absidekoa eta korukoa baino ez dira kontserbatzen; nabeei zegozkienen ordez zementuzkoak ezarri ziren 1912an. Absidean, gurutze-gangak erdiko giltzarria poligonoaren erpinekin estekatzen duen lokailuak ditu eta arku konopialen koroa bat gunearen inguruan.

Koru garaiak, erdiko nabearen oinaldean kokaturik, areto-elizaren eskemaren espazio-batasunarekin koherentzia gordez, bere ganga kontserbatzen du, konkordura kurbatuetan aberatsa. Harrizko balaustrada bidez babesten da.

Tenplua hegaletako nabeetako leihateen bidez argiztatzen da; leihate bat dago atal bakoitzean. Absidera irekitzen diren leihate handiak nabarmentzen dira. Epistolakoa zorrotza da eta ebanjeliokoa erdi-puntukoa. XVII. mendean ireki ziren, baita idi-begiak ere. Absideko horman irekitako horma-hobi primitibo bat, Iribarren jaunak aurkitua, erretaulak ezkutatzen du.

Dorrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dorrea imafrontean atxikitzen zaio elizari, fatxada nagusiaren aldetik, portadaren aldamenean. Trinkoa da, lau angeluko oinarrikoa, eta zenbait leiho ditu. Hiru gorputzetatik goikoak kanpaiak eta erlojua ditu, eta harrizko kalatu batean errematatuta dago, erpinetan Amasako harrizko piramidea duela. Dorreari garitoi handi bat atxikitzen zaio, barnealderantz eskailera kiribila duela. Gotorleku militarraren izaera ematen dio, leiho txikiek gezileihoak dirudite-eta.

Eduardo Artamendi irakaslearen iritziz, Junkaleko elizaren dorreko kanpandorre bitxia Frai Miguel Aranburuk 1600ean diseinatu zuen obra da, eta dorre herreriarraren lehen adibidea da; bere eredua bolumen prismatiko kuadrifonteduna da, pilastraz enkoadratutako erdi-puntuko leihoz osatua, piramidez apaindutako balaustradak errematatua eta kupula beheratuak estalia, gainean pinakulu zorrotzean amaitzen den linterna irekia duela.

Eraikuntza-analisia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elizako espazioaren eraikuntza-sistema gotiko eran gangatua da. Zazpi gurutze-gangaren gehi absidekoaren bitartez estaltzen da —bi nabe nagusian eta beste bina hegaletan—. Gurutze-gangak erdiko bi pilare zilindrikotan, angeluetako zutabe erdietan eta kanpoko hormabularretako pilastretan bermatzen dira. Presbiteriokoa ere gurutze-ganga da, eta oinplano angeluzuzena tronpen bitartez egokitzen da absideko oinplano oktogonalera. Korua arku beheratu batez errematatutako gurutze-gangaren bitartez sostengatzen da.

Horma perimetralek sistemaren bereizgarri den funtzio hirukoitza dute: itxitura, txarrantxadura eta euskarria. Tenpluaren kanpoalderanzko hormabular angeluzuzenak XVI. mendeari dagozkionak dira. Nabeen jarraian ageri dira, izkinan.

Fabrika harri landuz egindako harlanduzkoa da gehienbat, "harri beltzezkoa" edo Amasako kareharrizkoa dorrean. Harlanduzko aparailua bistakoa da barnealdean, baina gangetako plementuak luzituta daude. Isurki hiruki inklinatuko teilatua sostengatzen duen egitura hormigoizko solairuen bidez berrituta dago, teila arabiarrez estaltzen da eta molduratutako harrizko erlaitz gargoladun batean pausatzen da.

Bestelako elementuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikin orok, elizek batik bat, hertsiki arkitektonikoak ez diren elementuak izan ditzake, izaera gutxi-asko higigarrikoak, baina arkitekturari lotuak; horien artean eskulturak, erretaulak, altzariak eta pinturak aurki daitezke.

Burdinazko erremateak eta haize-orratza 1606koak dira.

Erretaula nagusia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Junkaleko Andre Mariaren elizan nabarmentzekoa da erretaula nagusia, 1643an bururatutako obra, Bernabé Corderok, alderdi arkitektonikoan, eta Juan Bazkardok, alderdi eskultorikoan, egin zutena. Bi gorputz ditu banku gainean eta atiko kalbarioduna; fuste estuko zutabe handiek, ordena konposatu eta korintoarrekoek, horma-hobiak mugatzen dituzte eta erdiko hiru kaleak eta muturretako kalearteak bereizten dituzte. Bankuan Pasioaren eszenak irudikatzen dira eta gainerakoan Andre Mariaren bizitza. Andre Mariaren irudikapena da erretaulako bitxia, jatorriz XII. mendekoa.

Erretaulak predela, bi pisu eta atikoa dauzka. Bost kaletan antolatu da, muturrekoak estuagoak. Lehenengo gorputzean, kaleak bereizten dituzten zutabeak joniar ordenakoak eta ildaskatuak dira. Bigarren gorputzean, zutabeak ordena konposatukoak dira. Horiei eusteko taulamendua dute eta taulamenduaren frisoak landare-motiboez apaindu dituzte. Txabola gehienak laukizuzenak dira baina lehen gorputzeko erdiko kalean dagoen hormakonkak erdi puntuko arkua du. Predelan, lehenengo gorputzeko zutabeak bermatzen diren harroinen artean, badira erliebean egindako figurak. Erdian, lehenengo gorputzeko zati bat hartzen duela, sagrarioa dago. Sagrarioak tenplutxo baoburuduneko forma du eta zutabeen fusteak dekoratuak daude. Sagrarioaren gainean, erretaulari izena ematen dion ama birjina dago.

Muturretako kaleetan, lehen gorputzeko kale nagusian eta kolomarteetan mentsulen gainean, pisuek mukuluak dituzte. Erretaularen gainontzeko parteetan, erliebean egindako pasarte narratiboak daude. Bigarren gorputzean, predela moduko zokaloa du. Horretan, erezalandi formako erliebez egindako apaindurak ditu. Zutabeen harroinetan ere erliebeak ditu. Apaingarri figuratiboak eta txarroak dituzten frontoi kurbatuek errematatzen dituzte bigarren gorputzeko muturreko kaleak. Atikoan bi planotan jarritako pilastra dekoratuak ikus daitezke. Horien gainean frontoi kurbatua duen taulamendua dago. Egitura horren alboetan eskulturak daude, bai eta fruta-motiboak dituzten apaingarriak ere. Frontoiak ere burua du. Eskulturak eta bolak dira buruaren apaingarriak.

Erretaulako ikonoen artean hainbat santu eta ebanjelari agertzen da, bai eta pasioaren pasarteak ere. Lehenengo gorputzean, estilo erromanikoko Ihidiko gure amaren eskulturaren alboetan San Migel eta San Joan Bataiatzailea daude. Alboetako tronaduretan honako pasarteak ikus daitezke: "San Joakin eta Santa Anaren arteko besarkada" eta "Andre Mariaren jaiotza". Bigarren gorputzean, alboetan, "Deikundea" eta "Ikustaldia" daude, eta, erdian, "Andre Mariaren zeruratzea" erakusten duen erliebe bikaina dago. Alboetan, muturretan, erretaularen egitura osatzen duten zutabeen aurrean, apostoluen mukuluak daude. Atikoan Kalbarioa ikus daiteke eta horren alboetan mukulu-irudiak daude (zaila liteke irudiak zein diren jakitea). Atikoan ere, buruan, apostolu izan daitezkeen figura batzuk badira, jesarrita. Erretaularen polikromia, figurak egin ziren garai berekoa da. Urre kolorea, berriz, XVIII. mendekoa da.

Gertakariak eta kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikinak egitura-arazoak izan zituen egin eta handik gutxira, batez ere nabe nagusiko erdiko bi gangak ahuldu ziren eta 1661ean konpondu egin behar izan zituzten. Alabaina, XX. mendearen hasiera aldera bi gangak ordeztu beharra izan zuten, eta hormigoi armatuzkoak egin zituzten, estalkiaren egitura bezalaxe.

Gaur egun, begi-bistan, eraikina ongi samar kontserbatuta dago, barnealdean batik bat, apaindura-elementuren bat hondatuta badago ere.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Junkaleko Andre Mariaren eliza (Irun) Aldatu lotura Wikidatan
Portal.svg
Wikipedian atari bat dago honi buruz:
Euskal Herriko Wikiatlasa