Karlos Zubia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Karlosen Zubia
Prague - Charles Bridge.jpg
Karlosen Zubia Petřínská rozhlednatik (behaketa dorrea) ikusia.
Herria Praga
Herrialdea  Txekia
Lurraldea Bohemia
Koordenatuak 50°05′11.21″N 14°24′42.68″E / 50.0864472°N 14.4118556°E / 50.0864472; 14.4118556Koordenatuak: 50°05′11.21″N 14°24′42.68″E / 50.0864472°N 14.4118556°E / 50.0864472; 14.4118556
Garaia 1357an hasi zen eraikitzen, Karlos IV.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoaren oniritziarekin, eta XV. mendearen hasieran amaitu zen.
Helbidea Hiri Zaharra
Karlos Zubia non dagoen adierazten duen Praga-ko/-go/-eko mapa
Karlos Zubia
Karlosen Zubia eta Pragako Hiri Zaharra.

Karlosen Zubia (txekieraz: Karlův most) Txekiako hiriburu den Praga hiriko zubirik antzinakoena da, eta Moldava ibaia zeharkatzen du Hiri Zaharretik Hiri Txikira. Txekiako bigarren zubirik antzinakoena da.

1357an hasi zen eraikitzen, Karlos IV.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoaren oniritziarekin, eta XV. mendearen hasieran amaitu zen. Garai hartan, ibaia zeharkatzeko modu bakarra zenez, Karlosen Zubia, Hiri Zaharra, Pragako Gaztelua eta inguruko tokien arteko komunikabiderik garrantzitsuena bihurtu zen 1841 arte. Zubia, Europa ekialdea eta mendebaldearen arteko merkataritzarentzako ere lotura garrantzitsua izan zen.

Jatorrian, komunikabide hau, Harrizko Zubia (txekieraz: Kamenný most) eta Pragako Zubia (txekieraz: Pražský most) deitua izan zen, baina bere oraingo izena, 1870etik darama.

Zubiak, 516 metroko luzera eta 10 metroko zabalera du, 16 arkuk eusten duten bitartean. Bi muturren artean banatutako hiru dorrez babestua dago, horietako bi Malá Stranan, eta, bestea, Hiri Zaharrean daudelarik. Hiri Zaharrean dagoen dorrea, askok, arkitektura gotikoko munduko eraikinik ikusgarrienetakotzat jotzen dute. Zubia, bi alboen artean banatutako santuen 30 estatuaz apaindua dago, horietako gehienak barroko estilokoak direlarik eta 1700 inguruan eraikiak izan zirelarik.

Gauetan, Karlosen Zubia, Erdi Aroko garaien lekuko isila da. Baina, egunean zehar, erabat aldatzen da, eta jendeak asko erabiltzen duen tokia bihurtzen da. Artistak eta merkatariak, egunero tokia bisitatzen duten turista ugarien kontura aberasten saiatzen dira.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zubiaren eraikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zubi berri baten beharra, antzinako Judithen Zubia, 1342an uholde baten ondorioz suntsitua izan ondoren sortu zen. Erromaniko estiloko zubi hau, Ladislao I.a Hungariakoa erregearen emaztearen omenez izendatua izan zen.

Astrologo eta numerologoek, Karlos IV.ak, hasierako harriaren ezarpenera, 1357ko uztailak 9ko goizeko 5:31etan joan behar zuela ezarri zuten. Une zehatz hau, 135797531 bezala aipa daiteke, eta goranzko eta beheranzko zenbaki bakoitien zerrenda palindromo bat eratzen du, Hiri Zaharreko dorrean grabatua dagoena. Eraikuntza, Peter Parlerrek gainbegiratu zuen, eta Jan Ottl izeneko magister pontis izan zen eraikuntzaren buruzagia.

Zubia, Bohemiako hareharriz eraiki zen. Badago elezahar bat, blokeak jartzerako unean, morteroa aberasteko arrautzak erabili zirela dioena, morteroa bera gogorragoa egiteko. Hau, zuzenean egiaztatzerik ez dagoen arren, berriki egineko azterketek, morteroaren osagaien artean, osagai organikoak eta inorganikoak daudela adierazi dute. Karlosen Zubiaren eraikuntza, XV. mendearen hasiera arte luzatu zen. Lana ekonomikoki eutsi ahal izateko, bidesariak kobratzen ziren, lan hau, hasieran, Izar Gorridun Gurutzearen Zaldunen ordenak eta, ondoren, Hiri Zaharraren udalerriak egin zutelarik (1815 arte).

Historia XX. mendera arte[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karlosen Zubia goizean goiz, atzean, Pragako Gaztelua agertzen delarik

Bere historian zehar, Karlosen Zubia, gertaera ugariren lekuko izan zen, zenbait alditan kalteak jasan zituen aldi berean. 1432an, uholde batek, bere zutabeetako hiru suntsitu zituen. 1496an, Hiri Zaharretik zenbatzen hasita hirugarren arkua dena behera erori zen, zutabeetako batek, bere azpialdean jasandako higaduraren ondorioz behera egin ondoren. Oraingo honetan, konponketa lanek 1506 arte iraun zuten.

Mendi Zuriko gudua gertatu eta urte betera, 1621eko ekainak 21ean habsburgotarren aurkako matxinadaren 27 buruzagiak exekutatu ondoren, matxinatuen buruak zubian erakutsi ziren, txekiarrei, matxinada berriak sortzeko gogoa kentzeko. Hogeita Hamar Urteko Gerraren amaiera aldera, 1648an, suediarrek hartu zuten Moldava ibaiaren mendebaldeko ibarra, eta Hiri Zaharrera aurrera egiteko euren saiakeran, gudurik garrantzitsuena zubi gainean gertatu zen. Guduan zehar, Hiri Zaharreko dorreak kalte larriak jasan zituen bere aldeetako batean (ibaira begira dagoenean), eta apaindura gotiko gehienak, kendu egin behar izan ziren.

XVII. mendean eta XVIII. mendean zehar, zubiak, gaur duen itxura bera hartu zuen, zubia eusten duten zutabeen gainean estatua barroko batzuk jarri zirenean. 1784an gertatu ziren uholde batzuetan, zubiaren bost zutabe, larriki kaltetu ziren, eta, arkuak hautsi ez ziren arren, zubitik ibiltzea, denbora batez mugatu egin behar izan zen.

Zubitik Kampa uhartera jaisten zen jatorrizko eskailera, 1844an eskailera berri batengatik ordeztu behar izan zen. Hurrengo urtean, uholde berri batek, zubiaren osotasuna mehatxatu zuen, azkenean, kalte larririk jasan ez zuen arren. 1848an, iraultzaren egunetan zehar, zubia, ozta-ozta libratu zen kanoikaden kalteetatik, estatuetako batzuk kaltetuak izan ziren arren. 1866an, estilo sasi gotikoko argiak jarri ziren (hasiera batean gasezkoak, beranduago, elektrikoengatik aldatuz) zubiaren balaustrean. 1870eko hamarkadan, garraio publikoko lehen zerbitzua (autobusa) funtzionatzen hasi zen zubiaren gainean, beranduago, zaldiek tiratutako tranbia bategatik aldatua izango zena. 1870ean ere, zubiak bere egungo izena, Karlosen Zubia, jaso zuen. 1874 eta 1883 bitartean, dorreak, kontu eta xehetasun handiz konponduak izan ziren.

1890eko irailak 2 eta 5 artean, hondamendi mailako beste uholde batek Praga kaltetu zuen, eta Karlosen Zubiari kalte handiak eragin zizkion. Errekan gora zetozen ehunka ontzi, enbor eta beste material flotagarri batzuk, hesi bat eratzen hasi ziren zubiaren aurka metatzen zihoazen heinean. Horiek egiten zuten presioaren ondorioz, zubiaren arkuetako hiru behera boteak izan ziren, eta bere zutabeetako bik kolapsatu egin zuten urak eginiko presioaren ondorioz. Bostgarren zutabearekin batera, Ferdinand Brokoffek eginiko estatuetako bi (Inazio Loiolakoa eta Frantzisko Xabier santu euskaldunenak) ere ibaira erori ziren. Berreskuratze lanek, bi urte iraun zuten (zubia, 1892ko azaroak 19an berrirekia izan zen) eta 665.000 koroako kostua izan zuten.

XX. mendetik egundaino[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karlosen Zubia neguko egun batean, Hiri Zaharreko muturreko dorretik ikusia

XX. mendearen hasieran, Karlosen Zubitik, trafikoa asko areagotu zen. 1905eko maiatzak 15 izan zen zaldiz tiratutako tranbia bat ibili zen azken eguna, ordutik aurrera, eta 1908 arte, tranbia elektriko bategatik ordeztu zelarik, 1908tik aurrera, autobusengatik ordeztuz. Bigarren Mundu Gerra amaitzean, zubirako sarreran, Hiri Zaharreko dorrepean zegoen barrikada bat eraiki zen.

1965 eta 1978 bitartean, zubian, mantenu lan garrantzitsuak egin ziren, zenbait erakunde zientifiko eta kulturalen laguntzari esker. Zutabeen segurtasuna berziurtatu zen, kaltetuta zeuden harrizko bloke guztiak ordezkatu ziren, zubia estaltzen zuen asfaltozko geruza kendu zen, eta, oinez izan ezik, trafiko oro debekatu zen. Lan hauek amaitu zirenetik, 50 milioi koroako kostua izan zutenak, zubira, soilik oinez sar daiteke.

1990eko hamarkadan, egin ziren mantenu eta berreraikuntza lanei buruzko kritikak sortu ziren, konpontze lanak berriz egitea dioten proposamenekin batera. XXI. mendearen hasieran, aditu gehienak, eginiko azken lanak, hutsegiterik gabekoak ez zirela izan ados zeuden, baina zubian berriz lanak egiteko beharra zalantzan jartzen zuten. Baina, 2002ko hondamendizko uholdeen ondoren (eurek bakarrik, zubian, garrantzi handirik gabeko kalteak eragin zituztenak), zutabeetako bitan, Malà Stranan kokatutakoak, (zortzigarrenean eta bederatzigarrenean), konpontze eta egonkortze lanak egitea erabaki zen. 1890eko uholdeen ondoren, konpondu ez ziren zutabe bakarrak izan ziren. Aipaturiko 2002ko uholdeek, konpontze xehatuago baten beharra dagoela adierazten duten pertsonen kopurua igo du, eta, 2005 inguruan, bi zutabe haien konponketak, lan plan hedatu baten lehen etapatzat hartzen zen, lan plan horren barnean, beste gauza batzuen artean, hidroisolatze sistema babesle baten erabilera egongo litzatekeelarik. Lan guztiak, pixkana-pixkana egingo dira, zubia jendearentzat itxi gabe, eta 2007an amaitzea espero zen, baina, gaur egun, oraindik lanek jarraitzen dute.

Estatuak zubian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joan Nepomuzeno santuaren estatua Karlosen Zubian

Karlosen Zubian zehar aurkitzen diren 30 estatuak, gehienbat, barroko estilokoak dira, eta estilo konbinaketa bakar bat eratzen dute, zubian bertan nagusi den gotikoarekin batera. Eskultura gehienak, 1683 eta 1714 bitartean egin ziren, eta garai horretan gurtutako santu eta santu patroien irudiak dira. Zubia euren lanekin apaindu zuten artisten artean, Bohemiako garrantzitsuenak zeuden: Matthias Braun, Jan Brokoff eta azken honen semeak, Michael Brokoff eta Ferdinand Brokoff, beste batzuen artean.

Eskultura azpimarragarrienen artean, San Luthgard, Gurutzea eta Golgota eta San Joan Nepomuzenorena daude. Bruncvik zaldunaren estatua ere ezaguna da, zubiaren bi alboetako bi ilara nagusietako bakar baten ere ez dagoen arren.

1965etik aurrera, estatua guztiak, erreplikengatik ordezkatuak izan ziren, jatorrizkoak, Museo Nazionalean erakutsiak izan zirelarik.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Karlos Zubia Aldatu lotura Wikidatan