Txekia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Txekia (Txekiar Errepublika)
Česko (Česká republika)
Txekiar Errepublikako bandera
Bandera

Txekiar Errepublikako armarria
Armarria

Goiburua: Pravda vítězí
( Egia Gailentzen da )
Nazio ereserkia:
Kde domov můj
Txekia (Txekiar Errepublika)ren kokapena
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Praga
50°05′N 14°28′E / 50.083°N 14.467°E / 50.083; 14.467Koordenatuak: 50°05′N 14°28′E / 50.083°N 14.467°E / 50.083; 14.467
Hizkuntza ofiziala(k) Txekiera
Gobernua
Presidentea
Lehen Ministroa
Errepublika
Miloš Zeman
Petr Nečas
Eraketa
Independentzia
Banaketa
9. mendea
1918 urriaren 28
1993 urtarrilaren 1
Eremua
• Guztira
• Ura

78.866 km² (114)
% 2,0 %
Biztanleria
• Zenbatespena (2005)
• Errolda (2001)
• Dentsitatea

Herritarra

10.241.138 (79.)
10,230,060
130 biztanle/km² (77.)

txekiar
Dirua Txekiar Koroa(Kč) (CZK)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
UTC (UTC +1)
Bai (UTC +2)
Interneteko domeinua .cz
Telefono aurrezenbakia +4201
11997 arte +42, Eslovakiarekin banatua

Txekia edo Txekiar Errepublika Europa erdialdeko estatu itsasgabea da. Bi eskualdetan banatuta egon da historikoki: Bohemia eta Moravia. Gainera Txekiar Silesia ere barnean hartzen du. Mugakide hauexek ditu: ipar-mendebaldean Alemania, ipar-ekialdean Polonia, hego-ekialdean Eslovakia eta hego-mendebaldean Austria.

Hiriburua Praga da, hiri nagusia ere badena. Pragaz gainera, aipagarriak dira Moraviako hiru hiri nagusiak: Brno (392.600 biztanle), Ostrava (326.500 biztanle) eta Olomouc (224.800 biztanle).

Lehen Mundu Gerra bukatutakoan Txekoslovakia izeneko herrialdea osatu zen nazio burujabe gisa. 1939an galdu zuen independentzia, alemaniarrak sartu zirenean. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Sobietar Batasunaren eragin eremuaren barruan geratu zen. 1968an, Txekoslovakian egiten ari ziren erreformek herrialde sozialisten batasuna arriskuan jar zezaketelakoan, sobietar gudarostea herrialdean sartu zen. 1991n, Sobietar Batasuna desegin zenean, Txekoslovakia aske geratu zen ostera. 1993ko urtarrilaren 1ean, Txekoslovakia osatzen zuten bi herri nagusitan banandu zen, bakean: Txekia eta Eslovakia.

Eduki-taula

Geografia[aldatu]

Txekiar Errepublika satelite irudian

Txekiar Errepublikako geografia askotarikoa da. Bohemiako mendiguneak lurraldearen mendebaldea hartzen du, Labe eta Vltava ibaien arroak osatzen du, mendi ez oso garaiek inguratua. Bertan kokatua dago herrialdeko tontor handiena, Sněžka mendia (1.602 m). Hego-ekialdean Moraviako lautadak mugatzen du. Morava ibaia da bertako garrantzitsuena, eskualdeari izena ematen diona, eta Odra ibaiaren sorlekua. Estatu itsasgabe honetako ibaiak hiru itsaso desberdinetan isurtzen dira: Ipar Itsasoa, Itsaso Baltikoa eta Itsaso Beltza.

Energia sortzeko indarretxeek sufre bioxido asko kanporatzen dute, eta euri azidoa eragiten dute. Airearen kutsadurak baso eremu handiak hondatu ditu. Lurraldeko zuhaitzen % 75 inguruk defoliazio arazoak ditu. Ura ere oso kutsatua dago leku askotan, batez ere nekazaritza inguruneetan. Industriak, meatzaritzak eta nekazaritzak sortzen dituzten hondakinek arriskuan jartzen dute lurrazalako eta lur azpiko uraren garbitasuna.

Txekiar Errepublikak Moldauhafen izeneko lurraldea du aldi baterako exklabe modura, Hamburgoko portuko 30.000m², Versaillesko Itunak Txekoslovakiari emandakoa itsasora irteera izan zezan. Lurralde hau Alemaniari itzuliko zaio 2028an.

Biztanleak[aldatu]

Txekiarrak dira gizatalde nagusia, biztanleen % 81. Moraviarrak % 13 dira eta eslovakiarrak %3. Horiez gainera, poloniarrak, alemaniarrak, ijitoak, hungariarrak eta ukrainiarrak daude. XX. mendearen azkeneko bi hamarraldietan biztanle kopurua ez da handitu, alderantziz baizik. 1992an, 1.000 biztanleko 12 jaioberri zeuden. XX. mendearen bukaeran, bizi itxaropena 73 urtekoa zen. Txekiarren eta egun Txekiako Errepublikan bizi diren eslovakiarren arteko harremanak onak dira. Herritartasun eskubidea lortzeko bete beharreko baldintza gogorrak direla-eta, belaunalditan herrialdean bizi izan diren errumaniar batzuek ezin izan dute eskubide hori edota lan baimenik lortu. Immigrazio ilegala eta iheslariak arazo handia dira Txekian, Sobietar Batasuna desegin zenetik. XX. mendearen azkeneko urteetan, urtero 25.000 errefuxiatu sartzen ziren Txekiara Europa Ekialdetik eta Balkanetatik. Biztanleriaren banaketa ez da berdina alde guztietan: Moraviako iparraldeko industria guneetan jende asko bizi da, eta beste leku batzuetan, berriz, Bohemiako hegoaldean, adibidez, oso jende gutxi. Biztanleen hiru laurdenak hirietan bizi dira.

Erlijioen banaketa hau da: ateoak % 39, katolikoak % 39, protestanteak % 5, ortodoxoak % 3, eta beste.

Historia[aldatu]

Sakontzeko, irakurri: Txekiar Errepublikako historia
Pragako gaztelua
Tábor

Antzinatean, K. a. III. mendetik aurrera boii izeneko zeltak igaro ziren egungo Txekian. Geroago marcomanni eta quadi tribu germaniarrak finkatu ziren bertan. Emigrazioen Garaian, Erdialdeko Europatik hegoaldera eta mendebaldera jo zuten germaniar askok. Maila bereko migrazio batean, eslaviarrak zonalde horretan kokatu ziren Itsaso Beltzatik eta ekialdetik abiatuta.

IV. mendean eslaviarrak iritsi ziren, eta haiekin batera txekiarrak Bohemia erdialdean finkatu ziren. IX. mendearen amaieran Premysl dinastiak Bohemiako lehenengo erreinua sortu zuen, eta XI. mendean Moraviako lurraldeak hartu zituen. Erdialdeko Europako Erdi Aroko erresuma garrantzitsu samarra izan zen, eta Germaniako Erromatar Inperio Sainduan egon zen beti. 1310. urtean Luxenburgo dinastiak hartu zuen aginpidea. 1355ean, Bohemiako errege zen Karlos I.a Inperio Santuaren enperadore izendatu zuten, eta Pragan ezarri zuen Inperioaren hiriburua. Garai hartan kulturak gorakada handia izan zuen. Erlijio-gatazkak gertatu ziren Hustar Gerretan.

XV. mendean Jan Husek erreforma bultzatu zuen erlijioan. Haren jarraitzaileak, hustarrak, gogor borrokatu ziren katolikoen aurka, baina 1526. urtean Bohemia Habsburgotarren esku geratu zen. Hala ere, hustarrek borrokak jarraitu zituzten, eta 1627an, Hogeita hamar urteko gerraren ondoren, lurraldea Fernando II.a enperadorearen mendean geratu zen. Habsburgotarrak, XVI. mendetik aurrera, Bohemiako agintari bihurtu ziren. Napoleon Gerretan Inperioa desegindakoan, Bohemia Austriako Inperio, eta geroago, Austria-Hungariako Inperioko zatia bilakatu zen.

Lehen Mundu Gerraren amaieran, Austria-Hungariako inperioa bukatuta, Txekoslovakiako Errepublika independentea eratu zen 1918an. Bohemia, Moravia, Silesia, Eslovakia eta Karpetako Rutenia zeuden bilduta. Honela, alemaniar, hungariar, poloniar eta ruteniar gutxiengoak zituen estatu berriak. Hainbat eskubide eman bazitzaizkien ere, lurralde-autonomia izan gabe, nahigabea eta Txekoslovakiatik alde egiteko gogoa hedatu ziren zenbaiten artean. Estatu berriak Polonia eta Hungariako zatiak eta Sudeteak hiru milioi alemaniarren bizilekua hartzen zituen barruan, gerra irabazi zutenek hala erabakita (1919). Txekiar eta eslovakiar buruzagiek konstituzioa prestatzeko agindu zioten Nazio Biltzar bati. Biltzarrak sistema parlamentario zorrotza hautatu zuen presidentea, bere ministro kabinetea, eta legegintzarako bi ganbera, eta emakumeari botoa emateko zein hartzeko eskubidea ezagutu zitzaion, aurreneko aldiz. Biltzarrak Jan Masaryk izendatu zuen errepublikako lehendakari, eta erabaki horrek Txekoslovakiako alemaniarren eta eslovakiarren arteko tirabirak sorrarazi zituen. 1929tik aurrera mundu osoa erasan zuen depresio ekonomikoak eragin handiagoa izan zuen Sudeteetan, eskualde industrializatuena zelako, eta alemaniar nazionalismoa piztu zuen. Hitlerrek agintea lortu zuenean, 1933an, nazionalismoa areagotu egin zen. Sudeteetako alemaniarrek Txekoslovakiatik bereiztea eskatu zuten, eta Masarykek kargua utzi zuen. Haren ordez, Edvard Benes izendatu zuten.

1938an, Ingalaterrak, Frantziak, Italiak eta Alemaniak Txekoslovakiaren egonkortasuna lortzeko Sudeteak Alemaniaren eskuetan uztea erabaki zuten, 1938ko Municheko Itunaren bidez, eta ia aurreikus zitekeen bezala, hurrengo urtean Alemaniako gudarosteak Txekoslovakia osoa hartu zuen. 1939ko martxoan Eslovakia independizatu zen, Hitlerrekin aliatuta. Txekoslovakiak 1919ko mugak berreskuratu zituen atzera. Okupazioa 1945eko maiatzaren 9an amaitu zen, sobietarrak iritsita. Hurrengo urteetan, 2.7 milioi alemaniarrak Alemaniara edo Austriara kanporatu zituzten. 1946ko hauteskundeetan, Txekoslovakiako Alderdi Komunistak botoen % 38 eskuratu zituen, eta 1948an, botoen % 51. Azkeneko urte horretan, ekainean, gobernu komunistak hala aginduta, herrialdeak Herri Errepublika izena eta sobietarrena bezalatsuko eredu ekonomikoa hartu zituen. Halaber, Txekoslovakia Sobietar Batasunaren mendeko itun sistemako kide bihurtu zen, alegia, COMECONeko eta Varsoviako hitzarmeneko kide. 1960an, Txekoslovakiako Herri Errepublikak Sozialista deitura hartu zuen. Hamarraldi hura aldaketa politiko baten hasiera izan zen. Aurreko hamarraldian Alderdi Komunistatik kanporatutako buruzagi eslovakiarrak atzera onartu zituzten, eta eslovakiarrak sutsuago aritu ziren beren autonomiaren alde borrokan, konstituzio sozialista berriak murriztu egin baitzuen. 1967an, ikasleen manifestazioek alderdi komunistako burua, Antonin Novotny, bere karguaren dimisioa ematera behartu zuten. 1968ko hasieran, Alexander Dubckek hautatu zuten Alderdi Komunistako idazkari, eta Ludwik Svoboda lehendakari. Bi buruzagi berriek ekonomiaren deszentralizazio programa bat abiarazi eta nazioaren burujabetasuna berretsi zuten, herriaren gehiengoaren babesaz. Sobietar Batasunak eta Varsoviako hitzarmeneko gainerako kideek erreforma haiek herrialde sozialisten batasuna arriskuan jartzen zutela iritzi zioten, eta abuztuan, sobietar gudarostea herrialdean sartu zen. Pragako Udaberria deitzen zaioneko buruzagiak alderdi komunistatik kanporatu zituzten, eta herrialdeko politika Sobietar Batasunaren esanetara jarri zen ostera.

1946ko hauteskundeetan, komunistek botoen %38 eskuratu zuten, alderdi handiena bilakatuz. Koalizioa osatu ondoren, ordea, 1948ko otsailean komunista hutsezko gobernua eratu zen. Hurrengo 41 urtetan, estatu komunista izan zen Txekoslovakia. Errepresioa 1950eko hamarkadan handia izanda ere, 1960ko hamarkadan Alexander Dubcek buru zuen gobernuak "aurpegi gizatardun sozialismoa" sortu nahian, tolerantzia nagusitu zen. Nolanahi ere, 1968ko abuztuaren 21ean Varsoviako Ituneko tropek eraso egin zuten.

Mikhail Gorbatxovek Sobietar Batasunean bultzatu zuen erreformak aldaketa handiak eragin zituen Txekoslovakian. 1989an, errepresioa gorabehera, gobernuaren kontrako protestak handitu egin ziren, eta erregimena kinka larrian geratu zen. Gobernuak oposizioko taldeak ordezkatzen zituen Foro Zibikoarekin negoziaziatzen hasi behar izan zuen. Urtearen bukaeran, behin-behineko gobernu bat eratu zen, gehiengo ez komunistarekin. Horrela, 1946 urteaz gerotztik agintean zegoen errejimen komunistari amaiera eman zitzaion. Abenduan, Foro Zibikoak alderdi komunista salatu zuen alderdikideak postu nagusietan jartzeaz. Pragan berrehun mila pertsona inguru elkartu ziren, kabinetean oposizioko kide gehiago egon behar zuela eskatzeko. Gustav Husák lehendakariak dimisioa aurkeztu zuen, eta Vaclav Havel idazleak hartu zuen haren lekua. Havelek preso politikoentzat amnistia dekretatu zuen, eta hauteskundeak deitu zituen 1990eko ekainerako. 1989tik aurrera, sobietar eta txekoslovakiar gobernuek gudaroste gorriko 70 mila soldadu handik ateratzeko egin beharreko urratsak hitzartu zituzten. Lehendakariak kontinentea erdibanatzen zuten bi bloke militarren desagerpena aldarrikatu zuen lehenago, baina Varsoviako hitzarmena indargabetu zenez gero, eta Jugoslaviakoa bezalako gerra nazionalistak pizteko arriskuaren aurrean, 1991n NATOrekin nolabait elkartzeko eskaria egin zuen, Hungaria eta Poloniarekin batera. 1990eko ekaineko hauteskundeetan Havel atera zen garaile, eta Txekia eta Eslovakiako Errepublika aldarrikatu zen. Hauteskundeen ondoren, Foro Zibikoa bitan banandu zen: Alderdi Zibiko Demokratikoa, eskuinekoa, eta Mugimendu Zibikoa. Eslovakian, Eslovakia Demokratikoaren aldeko Higikundeak herrialdea hartzen ari zen eskuin joerari aurre egitea deitu zuen. Gobernu berriaren erreformek ez zituzten berehala emaitza onak eman. 1991ko martxoan, 185.000 pertsona lanik gabe zegoen, eta urteak aurrera egin ahala askoz gehiago izango zirela kalkulatzen zen. 1992ko hauteskundeetan, Txekiako Alderdi Zibiko Demokratikoa eta Eslovakia Demokratiko baten aldeko Higikundea atera ziren garaile, zein bere errepublikan. Federazio berriaren estatutuari buruzko negoziazioek ez zutenez aurrera egiten, txekiar eta eslovakiar buruzagiek elkarrengandik banatzea erabaki zuten, alegia, Txekoslovakia mapatik desagerraraztea eta haren ordez bi errepublika burujabe sortzea: Txekiako Errepublika eta Eslovakiako Errepublika. Txekoslovakiako lehendakari federalak, Vaclav Havel-ek, bere karguaren dimisioa eman zuen 1992ko uztailean, Eslovakiako Biltzar Nazionalak errepublika honen burujabetsauna aldarrikatu ondoren. Eslovakiaren nahi nazionalak areagotuta, 1993ko urtarrilaren 1ean Txekiar Errepublika eta Eslovakia jaio ziren. 1993an, Vaclav Havel bera izan zen Txekiako Errepublikako lehen lehendakaria, eta Vaclav Klaus, lehen ministroa. 1994an, Txekiako Errepublika Bakerako Elkartean sartu zen, bloke sozialistako herrialdeak pixkana sartzeko NATOk sortutako erakundean, hain zuzen. Herrialdearen zorra inguruko herrialde komunista ohiena baino txikiagoa zen, eta atzerritarren inbertsioa, berriz, handienetako bat. Klaus lehen ministroak gidatu zuen erreforma ekonomikoa, pribatizazio kanpaina azkar batean oinarritua. 1995ean, Txekiako Errepublika OCDEko (Ekonomia Lankidetzarako eta Garapenerako Erakundea) kide egiten zen lehen herrialde komunista ohia bihurtu zen. 1996ko hauteskundeetan, sozialdemokratek aurrera egin zuten, eta Klausek Legebiltzarreko gehiengoa galdu zuen. Abenduan, Txekiako Errepublikak eta Alemaniak adiskidantza agiri bat izenpetu zuten. Agirian, Alemaniak barkamena eskatzen zuen naziek Bigarren Mundu Gerran egin zituzten gehiegikeriengatik; Txekiar Errepublikak ere barkamena eskatzen zuen, gerraren ondoren hiru milioi alemaniar Sudeteetatik egozteagatik. 1997an zehar, diruaren debaluazioak kaos politikoa ekarri zuen. Alderdi Zibiko eskuindarra eta haren burua, Klaus, finantza talde jakin batzuei ezkutuko sariz laguntzeaz akusatu zituzten. Havelek Klausi kargua uzteko eskatu zion jendaurrean. Klausek azaroan aurkeztu zuen dimisioa eta Josef Tosovsky-k hartu zuen haren lekua. Krisi ekonomikoaren batera, xenofobiak gora egin zuen, eta arrazismo ekintza bortitzak gertatu ziren ijitoak bezalako gutxiengoen aurka. Itxura denez, ekintza horiek biztanleriaren parte handi baten babesa dute. 1998ko apirilean, Txekiar Errepublika NATOko kide bihurtu zen. 2004an Europako Batasunean eta NATOn sartu zen. Vaclav Klaus politikari kontserbadorea da lehendakaria 2003az geroztik, eta nahiz ez den Europako Batasunaren zalea, Txekiar Errepublikari egokitu zaio 2009ko lehenengo sei hilabeteetan Europako Batasunaren lehendakaritza.

Ekonomia[aldatu]

Txekia Europako herri industrializatuenetako bat izan da XIX. mendearen erdialdez geroztik. Bloke komunistaren baitan ere, Txekoslovakia COMECON (estatu sozialisten arteko ekonomia harremanak sendotzeko eta elkarren laguntza sustatzeko sortu zen erakundea, Europar Ekonomia Erkidegoaren parekoa) erakundeko potentzia industrial handienetakoa zen, eta Alemaniako Errepublika Demokratikoarekin lehiatzen zen teknologia handiko produkzioetan. Komunismoa erori zenean, Txekiak merkatu kapitalistaren beharrizanetara egokitu behar izan zuen bere produkzio azpiegitura. Horrek sektore guztien birmoldaketa eta modernizazioa eragin zuen, eta aldaketa traumatikoa izan zen askotan. Hala ere, Txekiak Europa ekialdeko beste herrialdeek baino baldintza hobeagotan aurre egin dio prozesuari, bere teknika eta zientzia maila handiari esker. Nekazaritzari dagokionez, Moraviako eta Bohemiako lur behereetan, laboreak eta azukre erremolatxa egiten dira batez ere, eta behi eta txerri hazkuntzak garrantzi handia du. Bohemiako ibarretan, berriz, zekalea eta patata egiten dira. Oloa pentsutarako erabiltzen da, eta garagarra garagardoa egiteko batez ere. Izan ere, Txekia munduko garagardo ekoizle handienetakoa da. Laboreez gainera, azukre erremolatxa, patata, tabakoa, kalamua eta lihoa egiten dira, eta baita mahatsa eta fruta ere, baina lekurik beroenetan bakarrik. Abere hazkuntzak ere garrantzia handia du, lurraldeko larre eremu eta pentsu produkzio handiei esker. Basoek lurraldearen laurdena hartzen dute, eta paper eta altzari fabrikak hornitzen dituzte. Baina Txekiaren aberastasun handienetako bat bere mea baliabideak dira: harrikatza, lignitoa, grafitoa eta uranioa Bohemian, eta ikatza Moravian. Meatoki nagusiak Bohemiako iparraldean eta batez ere Ostravako ikatz arroan daude, Silesian. Gai horiez gainera, gas naturala, burdina, urrea, zilarra eta mea erradioaktiboak ustiatzen dira. Industriak nazio errentaren % 60 sortzen du. Bi sektore nabarmentzen dira guztien gainetik: ehungintza, iparraldean, eta siderurgia, Silesian eta Bohemian. Eraikuntza mekanikoen sektorea ere oso aurreratua dago: zentral nuklearretako osagaiak egiten dira Pilsenen, motorrak Brnon, gerrarako makinak eta tresnak Vitkovicen. Industria kimikoa ere oso aurreratua dago, Ostravako eskualdean batez ere, eta garrantzi handikoa da, baita ere, nekazaritzako produktuen eraldatze industria, batez ere azukregintza eta garagardogintza (Pragan eta Pilsenen batez ere). Azkenik, oinetako eta larruzko produktuen fabrikak eta Bohemiako beira industria ospetsua aipatu behar dira. Turismoa herrialdearen diru iturri nagusietako bat bihurtu da. Europako ekialdeko beste herrialde batzuetan ez bezala Errumanian edo Jugoslavian, esate baterako, Txekian bakean gauzatu dira erreforma demokratikoa eta herrialdearen zatiketa, eta horri esker turismoak ez du batere indarrik galdu, alderantziz baizik. Praga da, bertako kultura tradizioagatik eta hiriaren bikaintasunarengatik, turista gehien erakartzen duen lekua.

Banaketa administratiboa[aldatu]

Sakontzeko, irakurri: Txekiar Errepublikaren banaketa administratiboa

2000tik, Txekia 13 eskualdetan (kraje, singularra kraj) eta hiriburuan banatua dago. Eskualde bakoitzak Eskualde Batzar bat du (krajské zastupitelstvo) eta hejtman edo lehendakari bat. Pragan, botere hauek udalbatzak eta alkateak dituzte.

Lehenagoko banaketa administratiboa, 76 barrutikoa (okresy, sing. okres), 1999an aldatu zen.

CZ-cleneni.svg
(Matrikula) Eskualde Hiriburua Biztanleria (2004) Biztanleria (2007)
A Praga hiriburua (Hlavní město Praha) 1,170,571 1,212,097
S Bohemia Erdialdeko eskualdea (Středočeský kraj) bulegoak Pragan kokatuak 1,144,071 1,201,827
C Bohemia Hegoaldeko eskualdea (Jihočeský kraj) České Budějovice 625,712 633,264
P Plzeň eskualdea (Plzeňský kraj) Pilsen (Plzeň) 549,618 561,074
K Karlovy Vary eskualdea (Karlovarský kraj) Karlovy Vary 304,588 307,449
U Ústí nad Labem eskualdea (Ústecký kraj) Ústí nad Labem 822,133 831,180
L Liberec eskualdea (Liberecký kraj) Liberec 427,563 433,948
H Hradec Králové eskualdea (Královéhradecký kraj) Hradec Králové 547,296 552,212
E Pardubice eskualdea (Pardubický kraj) Pardubice 505,285 511,400
M Olomouc eskualdea (Olomoucký kraj) Olomouc 635,126 641,791
T Moraviar-Silesiar eskualdea (Moravskoslezský kraj) Ostrava 1,257,554 1,249,897
B Hego Moraviar eskualdea (Jihomoravský kraj) Brno 1,123,201 1,140,534
Z Zlín eskualdea (Zlínský kraj) Zlín 590,706 590,780
J Vysočina eskualdea (Vysočina) Jihlava 517,153 513,677



Kultura[aldatu]

Literatura[aldatu]

Sakontzeko, irakurri: Txekierazko literatura

Idazle txekiarren artean, azpimarragarriak dira Franz Kafka, alemanez lan egin zuena, eta Milan Kundera, txekieraz eta frantsesez idatzi zuena.

Musika[aldatu]

Txekiako Orkestra Filarmonikoa munduko hoberenen artean ditugu. Bestela, Antonin Dvorak (1841-1904) musikagile klasikorik ezagunena da.

Zinema[aldatu]

Kirolak[aldatu]

Erreferentziak[aldatu]

Kanpo loturak[aldatu]

Commons-logo.svg
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak:
Txekia