Konposatu organiko lurrunkor

Wikipedia, Entziklopedia askea

Konposatu organiko lurrunkorrak[1] (KOL) giro-tenperaturan erraz lurruntzen diren konposatu organikoak dira, hau da, 20°C tenperaturan gas (edo aerosol) egoeran dauden karbono konposatu kimikoak. Aire kutsatzaile atmosferiko nagusien artean daude, ingurumenean eta giza osasunean izan ditzaketen aurkako eraginak direla-eta[2].

KOLek aromen eta lurrinen usaina eragiten dute, baita kutsatzaileena ere. KOLek zeregin garrantzitsua dute animalien eta landareen arteko komunikazioan, adibidez polinizatzaileak erakartzeko edo harraparien aurka babesteko, eta landareen arteko interakzioetan. KOL antropogenikoak legez araututa daude, bereziki barnealdeetan, non kontzentrazioak handiagoak izan daitezkeen. KOL gehienak ez dira oso toxikoak, baina epe luzean eragin kronikoak izan ditzakete osasunean.

KOL siglan konposatu kimiko mota asko sartzen dira; horien artean, hidrokarburo alifatikoak eta aromatikoak, aldehidoak, zetonak, eterrak, azidoak eta alkoholak[3]. Jatorri natural edo artifiziala (antropogenikoa) izan dezake. Hona hemen konposatu organiko lurrunkorren adibide batzuk:

Beste adibide batzuk dira formaldehidoa, klorobentzenoa, xilenoa, azetona eta tetrakloroetilenoa (edo perkloroetilenoa), azken hau lehorrean garbitzeko industrian erabiltzen den disolbatzaile nagusia.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

KOLek propietate bereizgarriak dituzte, gizakien osasunean eta ingurumenean eragina izan dezaketeenak. Oso disolbatzaile onak dira, eta oso eraginkorrak pinturak disolbatzeko eta materialak koipegabetzeko.

Propietate bereizgarrienak hauek dira:

  • Lurrunkortasuna: azkar lurruntzen diren konposatu organikoak dira. Propietate horrek kutsadura atmosferikoa eta osasunerako arrisku handiak eragiten ditzake, erraz arnastu daitekeelako.
  • Liposolubilitatea: disolbatzaile organiko apolarretan disolba daitezkeen molekula organikoak dira, eta giza gorputzeko gantz-ehunean metatzen dira.
  • Sukoitasuna: Normalean konposatu sukoiak izaten dira, hau da, erraz gartzen dira airearekin kontaktuan.
  • Toxikotasuna: Propietate toxikoak konposatu bakoitzaren eta esposizio-baldintzen araberakoak dira. Epe laburrean erreakzio alergikoak edo zorabioak eragin ditzakete, eta esposizio luzeagoetan lesio neurologikoekin eta beste efektu psikiatriko batzuekin lot daitezke, hala nola suminkortasunarekin, memoria galerekin, kontzentratzeko zailtasunarekin...

Iturriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

KOLen iturria naturala (biogenikoa) edo artifiziala (antropogenikoa) izan daiteke. Iturri natural ohikoena metanoa da, berotegi efektuko gas bat, materia organikoaren deskonposizioak, biomasa erretzeak edo behiak bezalako animalia hausnarkariek sortua. Jatorri naturaleko beste KOL batzuk terpenoz osatutako esentzia olioak dira.

Konposatu organiko lurrunkorren iturri artifizialek industria-jardueretan dute jatorria nagusiki, hala nola pinturen, oinetakoen edo siderurgiaren industrian, lehorreko garbiketa-industriako disolbatzaileetan, disolbatzaile organikoen lurrunketan, automobiletan eta baita tabako-kean ere.

Etxe barruan, KOL ugari aurki daitezke, iturri askotakoak, hala nola garbiketa-produktuak, higiene pertsonaleko produktuak, kosmetikoak, pinturak, plastikoak, altzarien bernizak etab.

Biogenikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurraren atmosferako KOL gehienak biogenikoak dira, batez ere landareek isuritakoak.

KOL biogeniko nagusiak[4]
konposatua ekarpen erlatiboa kopuru isuria (Tg/y)
isoprenoa %62,2 594±34
terpenoak %10,9 95±3
pineno isomeroak %5,6 48.7±0.8
seskiterpenoak %2,4 20±1
metanola %6,4 130±4

Konposatu organiko lurrunkor biogenikoek (KOLB) landareek, animaliek edo mikroorganismoek isuritako KOLak dira, eta oso desberdinak badira ere, terpenoideak, alkoholak eta karboniloak izan ohi dira (oro har, ez dira metanoa eta karbono monoxidoa kontuan hartzen)[5]. Metanoa kontuan hartu gabe, iturri biologikoek 760 teragramo karbono inguru isurtzen dituzte urtean KOL forman[4]. KOL gehienak landareek sortzen dituzte, eta konposatu nagusia isoprenoa da. Animaliek eta mikrobioek KOL kopuru txikiak sortzen dituzte. KOL asko metabolito sekundariotzat jotzen dira, eta askotan organismoei babesten laguntzen die, adibidez landareak belarjaleen aurka.

Antropogenikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erregai fosilen erabilera KOL iturri nagusi bat da.

Iturri antropogenikoek 142 teragramo (1,42 × 1011 kg) karbono isurtzen dute urteko KOL forman[6].

KOL artifizialen iturri nagusiak hauek dira[7]:

  • Erregai fosilak erabiltzea eta ekoiztea; adibidez, erregai fosil erreak, osorik gabe edo erregaien nahi gabeko lurrunketa. KOL ohikoena etanoa da, nahiko konposatu geldoa.
  • Pinturan eta tintan erabiltzen diren disolbatzaileak. Urtero, gutxi gorabehera, 12 mila milioi litro pintura ekoizten dira. Disolbatzaile ohikoenek hidrokarburo alifatikoak, etil azetatoa, glikol eterrak eta azetona dituzte.
  • Aerosol konprimatuen produktuek, batez ere butanoak eta propanoak, 1300 milioi tona KOL isurtzen dituzte urtean mundu osoan.
  • Bioerregaien erabilera, adibidez, sukaldeko olioak Asian eta bioetanola Brasilen.
  • Biomasaren errekuntza, bereziki oihan tropikalena. Errekuntzak batez ere karbono dioxidoa eta ura askatzen baditu ere, konbustio osatugabeak KOL ugari sortzen du.

Eragina osasunean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Osasun ondorioak askotarikoak dira, konposatuaren eta eraginaldiaren araberakoak. Konposatu organiko lurrunkorrak lipodisolbagarriak dira, eta gantzekiko hurbiltasuna dela-eta, giza gorputzaren hainbat ataletan metatzen dira.

Epe laburrean honako hauek eragin ditzakete:

Eta, epe luzera, gibela, giltzurrunak edo [nerbio-sistema zentral]]a kaltetu ditzakete. Kartzinogenoak ere izan daitezke, bentzenoa adibidez, heste meharra ere kaltetzen duena, heriotza eragiten duten zuloak sortuz.

KOLak, arriskugarritasunaren arabera, 3 taldetan sailka daitezke:

Barrualdean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barruko airean (etxebizitza, bulego eta abarrotan) KOLen kontzentrazioak kanpoko airean baino 2-5 aldiz handiagoak izan daitezke, batzuetan askoz handiagoak[8]. Jarduera batzuetan, barneko KOLen mailak kanpoko airekoak baino 1000 aldiz handiagoak izan daitezke.

Eraikin berriek KOL gasen emisio-maila bereziki handiak dituzte barnealdean, bertan material berri ugari daudelako (eraikuntza-materialak, osagarriak, gainazalen estaldurak eta tratamenduak, hala nola kolak, pinturak eta bernizak), eta hauek KOL gas ugari isurtzen dituztelako[9].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ingurumen Hiztegi Entziklopedikoa (2009)
  2. Maite de Blas. (27-102013). Konposatu Organiko Lurrunkorren bidezko kutsadura Bilboko atmosferan. .
  3. Hainbat jardueretan disolbatzaileak erabiltzeak sortzen dituen konposatu organiko lurrunkorren emisioak. Eusko Jaurlaritza 2018.
  4. a b (Ingelesez) Sindelarova. (2014). «Global data set of biogenic VOC emissions calculated by the MEGAN model over the last 30 years» Atmospheric Chemistry and Physics: 9317–9341.  doi:10.5194/acp-14-9317-2014. Bibcode2014ACP....14.9317S..
  5. (Ingelesez) J. Kesselmeier; M. Staudt. (1999). «Biogenic Volatile Organic Compounds (VOC): An Overview on Emission, Physiology and Ecology» Journal of Atmospheric Chemistry: 23–88.  doi:10.1023/A:1006127516791. Bibcode1999JAtC...33...23K..
  6. (Ingelesez) Goldstein; Galbally, Ian E.. (2007). «Known and Unexplored Organic Constituents in the Earth's Atmosphere» Environmental Science & Technology: 1514–21.  doi:10.1021/es072476p. PMID 17396635. Bibcode2007EnST...41.1514G..
  7. (Ingelesez) Stefan Reimann; Alastair C. Lewis. (2007). Volatile Organic Compounds in the Atmosphere.  doi:10.1002/9780470988657. ISBN 9780470988657..
  8. (Ingelesez) Volatile Organic Compounds' Impact on Indoor Air Quality. EPA 2016-09-07.
  9. (Ingelesez) «Volatile organic compounds in indoor environment and photocatalytic oxidation: State of the art» Environment International: 694–705. 2007  doi:10.1016/j.envint.2007.02.011. PMID 17376530..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]