Azido
Wikipedia(e)tik
Azidoek (sarritan HA [H+A-] formula generikoaren bidez adierazten dira) hainbat definizio izan dituzte denboran zehar. Gehien onartutako definizioaren arabera, azido deitzen diren konposatuak base deritzen konposatuei hidrogeno-ioi bat (H+) ematen dietenak dira. Eguneroko bizimoduan azido ugari erabiltzen dira, esaterako azido azetikoa (ozpinean dagoena) eta azido sulfurikoa (autoen baterietan erabiltzen dena). Azido/base sistemak ez dute zerikusirik erredox sistemekin, lehenetan ez baitago aldaketarik oxidazio-egoeran.
[aldatu] Definizioak
"Azido" hitza latinezko acidus (garratz) hitzetik dator. Haatik, kimikan azido terminoak esanahi espezifikoagoa dauka. Azidoak definitzeko lau modu daude:
- Arrhenius: Svante Arrhenius kimikari suediarrak garatutako definizio honen arabera, azido bat hidrogeno-ioien kontzentrazioa handitzen duen substantzia bat da, hau da, uretan disolbatzen denean oxonio-ioiak (H3O+) sortzen dituena. Baseak, berriz, hidroxido-ioien (OH-) kontzentrazioa handitzen dutenak dira. Definizio honek muga argi bat dauka: azidoak eta baseak uretan disolba daitezkeen substantziak soilik izan daitezke.
- Brønsted-Lowry: definizio honen arabera, azidoa protoiak (hidrogeno-nukleoak) ematen dituena da eta basea protoi-hartzailea da. Protoia eman ondoren, azidoa disoziatu egin dela esan ohi da. Azido batek eta bere pareko baseak azido-base bikote konjokatua eratzen dute. Arrhenius-en definizioan ez bezala, hemen uretan disolbaezinak diren substantziak ere kontuan hartzen dira. Brønsted-ek eta Lowry-k bakoitzak bere aldetik formulatu zuten definizio hau.
- disolbatzaile-sistemaren definizioa: honen arabera, azido batek, disolbatzaile autodisoziatzaile batean disolbatzen denean, disolbatzaileak berak eratutako katioien kontzentrazioa handitzen du (esaterako, H3O+ uretan, NH4+ amoniakoan, etab.). Basea, berriz, anioien kontzentrazioa handitzen duena da (hurrenez hurren, OH-, NH2-, etab.). Definizio hau ez da absolutua, konposatu bat azidoa izan baiteke disolbatzaile batean eta basea beste batean.
- Lewis: Definizio honen arabera, azidoa elektroi-bikoteak har ditzakeena da eta basea elektroi-bikoteen emailea da. Hortaz, multzo honetan protoiak transferitu ezin ditzaketen substantziak sartzen dira, esaterako burdina(III) kloruroa, eta beraz Brønsted-Lowry definizioa baina zabalagoa da. Izatez, definizio horretan sartzen ez diren azidoei sarritan Lewis-en azido deitzen zaie.
Nahiz eta teoriarik orokorrena ez izan, gehien erabiltzen dena Brønsted-Lowry definizioa da.
[aldatu] Propietateak
Brønsted-Lowry azidoek:
- Zapore garratza daukate
- Adierazleen kolorea aldatzen dute: tintaroi-papera urdindu eta metil laranja gorritu egiten dute, eta ez dute fenolftaleinaren kolorea aldatzen
- Metalekin erreakzionatzen dute, gatza eta hidrogenoa sortuz
- Metal karbonatoekin erreakzionatzen dute, ura, CO2 eta gatza sortuz
- Baseekin erreakzionatzen dute, gatza eta ura sortuz
- Oxido metaliko batekin erreakzionatzen dute, ura eta gatza sortuz
- Elektrizitatea eroaten dute, disozioazio-mailaren funtzioan
- Katioiak sortzen dituzte, hala nola (H3O+) ioiak uretan
- Proteinak desnaturalizatzen dituzte

